KOSMOARI BURUZKO AMEN BERRIAK
(1971-X-14)
Irakurlea aisa uler dezakean bezala, jakintsuek ez bestek ezagu ditzakete gaur xehetasunetan (eta berek ere dakiten neurrian eta sailean bakarrik) Zientziaren azken pausuak. Artikulu honetan, beraz (gainerakoetan, bestalde) irakurle amorratu batek zenbait kaseta eta liburu irakurriz, ikusi edo somatu uste dituen problemak azalduko ditu gaingiroki. Ene asmoa ez bait da astean behin soluzio berezi bana ematea, problema bana irakurleei apalki presentatzea baizik. Egiari buruz, hitz batez, gehiegitan argitzaile ezin izanik, eragile eta akuilatzaile nahi nuke izan bederen.
Hau helburu, azkeneko asteotan irakurri ditudan berri batzuek hunkiturik, azaldu egingo ditut.
Joan den Irailaren 20-an, lehendabizikorik, berri jakingarri hau eman zuten kasetek: NASA-ko jakintsuek sei azido aminatu desberdin aurkitu dituztela meteoritoetan. Meteorito hauek, argitu dute, asteroideetako puskak dira; alegia, Marte-ren eta Jupiter-en jirabide edo orbiten artean higitzen diren planeta-hondakinen harri-puskak. Eguzkiaren sisteman, hortaz, geronen sisteman alegia, baina Lurbiratik at zeharo (gugandik gertuenik 270 miloi kilometro) azido aminatuak ba daude. Hots, jakina denez, azido aminatu hauek dira proteinen osagai nagusia; eta proteinak, berebat, «biziaren oihala», bizigai nagusia.
Ez da idorokunde hau bakarrik etorri. 1960-z geroztik, zitosina aurkitu izan da ikatzezko «xondrinetan» (alegia, «xondrita» deritzan meteorito mota batetan); eta zitosina hori, ADN-azidoaren parte izanik, guztiz dago biziari lotuta.
Eguzki-ondoko gure sisteman, beraz, gero eta seguruago da Zientziaren aldetik, kimikari dagokionez, Biziaren «oihala» edo oinarria diren gaiak nun-nahi sortzen direla.
Artizarra-ren eta Marte-ren misilozko ikustamen ukakorra egina izan ondoren, ba dirudi bizidunik gaur Lurbiran ez bestetan dagoena. Baina besteetan kimika-oinarria ez da falta; eta giro-oinarria Lurrean gertatu den bezala gertatuz gero, bizidunen sorrerak normala dirudi. Aspaldiko denboretan Marte-n bizia izan zela defenditzen dutenak ez dira gaur urri; eta Phobos-en bitxikeriak... antzina jaurtitako teknika-satelite bat delakoan azaldu nahi luketenak ere ez...
Nolanahi ere, gauza bat da segurua: Eguzki-ondoko sisteman, bizia sor dedin behar diren kimika-oinarriak ez direla falta. Beste modu batetara esateko: Lurbiratik at ere, Bizia sor daiteke: giroaren eta ingurumarien arabera, atzo, gaur eta bihar ager daiteke; eta beroien arabera ere, suntsi.
Gure sistematik irtenez gero, berriz (hau da: Eguzki ondoko planeta-sistematik urruntzean), baina beti ere gure Galaxiaren barruan, bide beretik datoz idorokundeak. 1968-z geroztik, molekula desberdin asko aurkitu da izar-arteko hodeietan. Amoniakoa aurkitu da, esate baterako (lau atomo), formaldehidoa, ziano-azetilenoa, eta beste. Aurten siliziozko oxido bat aurkitu da. Eta, hitz batez, baita zazpi atomo dituzten molekulak atxeman dira dagoeneko izar-arteko hodei eskerga horietan.
Gure Galaxiaren barruan, beraz, baina Eguzkiaren sistematik kanpo, aurrera doaz Zientziaren ekarriak Biziaren oinarri diren molekulak agertzearen aldetik, eta Stanley Miller-ek laboratorioko frogabidez erakatsi zuenaren arabera.
Beste galaxietan, hirugarrenekorik, joera berberetik doaz idorokundeak. Aurtengo Uztailean kasetetan irakurri dugunez, Welliachev astronomilariak OH molekula aurkitu du bi galaxiatan: N 82 delakoan eta NGC-253 delakoan. Gugandik hamar miloi argi-urtetara, beraz, frogatuta dago gaur gure arteko molekula ezagun hori ba dagoena (ehun triloi kilometrotara!). Ba zegoena, beraz, hobeki esateko, orain dela hamar miloi urtez geroztik, argia handik irten zenean, Lurrean oraindik ez gizona ez gizonaurrekoak zirelarik.
Kosmoa, hortaz, bat da izaeraz kimikaren aldetik. Eta, hau dela bide, Bizia nun-nahi agertua dela ukatzeko arrazoin sendorik ez da agiri. Lehenago ere esandakoa berrituz: «ez gaude Kosmoan bakarrik». Kosmoaren batasun funtsezkoa gero eta zindoago agertzen bait da.
Gero eta seguruago da, beraz, era berean, Lurraren gainaldean obratu den eboluzioa, beste lekutan eta mendetan gertatu datekeala. Gero eta seguruago eboluzio hau bai atzeratuago bai aurreratuago dagoen munduak ba diratekela.
Ez gaude bakarrik.
Ez gara beraz Kosmoaren erdia ez ardatza. Antropo-zentrismoak erauzteko garaia da, gure Lurbira eta gure mendea baita denen giltzarri diren uste harroputza baztertzekoa. Freud-en hitzez esateko, gizadian luzaz nagusi izan den erlijioak «une déformation délirante de la réalité» izan du zimentarri. Izan gaitezen apal eta egiati batera. Gizona ez da Kosmoaren zilborra; eta gure gizadiari dagozkion urteak edo mendeak ez dira ezer berezirik Kosmo eskergaren kondaira luzean. Utz ditzagun alde batera ptolomeismoak oro.
Astronomilari famatu batek ematen duen irudia, neure egingo dut. Eman dezagun billarretako bola bat dela Eguzkia: 7 cm. diametrokoa. Gure Lurbira jostorratz edo iskilinba buru bat izango litzake (0,5 mm.), eta 7,60 metrotara jiratuko litzake billarreko bolaren ingurutik! Zentauro-ko Alpha, izarrik gertuena, beste billar-bola bat izango litzake... 2.000 kilometrotara jarri beharrekoa: Kopenhaguen-en eman dezagun! Tartean hutsa. Beste bola bat (beste izar bat) hamar kilometrotara jarri beharko litzake, eta abar; eta horrela ehun mila miloi bola «plater» bat osatuz. Plater honen diametroak 600.000 kilometro izango lituzke! Horra hor gure Galaxiaren mini-maketa txiki-txiki bat. Honetatik miloika kilometrotara, ehunka miloika kilometrotara, beste galaxiak, billarreko bola-mordo espiralak edo borobilak aldizka, ehunka, milaka, hutsunean sakabanaturik eta galdurik...
Are gehiago. Asma dezagun orain hori guziak, aski huts ez balitz bezala, areago hustutzen ari, dena nun-nahi hedatzen eta hustutzen ari, galaxiak galaxietatik urruntzen ari (ihes-nahiak harrapaturik itxuraz), dena aspaldian lehertu izan balitz bezala zabaltzen ari, mundu osoa lurrintzeko eta espazioan gesaltzeko eta funditzeko abiadan abiaturik bait legoan... Eta hori genuke gu segundu batez betesten dugun zeru isilaren irudia.
Hor ginake gu, jostorratz-buru batetan burrukan eta, Epiktekok bezala esateko, «geure gorpua aztuna arima ahulak ezin arrastaturik» («Tu n'est qu'une âme chétive qui soulève un cadavre» zion jopu argitsu gogor harek). Nork ez du sendituko Ezerezaren zorabioa? Nork ukatuko du, bestalde, zorabio horren ikutua, funtsa eta egia? Ukatzen dute halere horiek; eta kezka hauei farre egin uste diete!
Baina etsipen betean gautzalarik, Freud-en esakuntza garratza iltzatuta zaigularik, eta Ezerezaren zorabioak arras harturik gauzkalarik, beste burutazio bat datorkigu burura. Bizia ez da izan batere «probablea». Alegia, gaurko Biologiak erakasten duenez, molekula organikoek «informazio» haundia dutela; eta gertatu behar ez ziren izakiak gertatu direla hain zuzen. Guk gogotik saiaturik ere ez dugu deus haundirik sortzen; baina Zoriak eta Halabehar hutsak izakirik zailenak sortzen dituzte. Mirari hutsa da molekula erraldoiak agertzea; eta mirakuilu hutsa ere bizidunik batere sortzea.
Hots, aipatutako berridk erakusten dutenez, probable eta gertagarri edo gertakizun ez zen HURAXE da... normala eta gertatua! Eta hau nun-nahi gainera.
Ez dezagun ahantz, bestalde, Carbono-atomoaren lau elektroi famatu horiek direla materia organikoaren kakoa: Carbono-rik gabe ez da garbi ulertzen Bizia nola sor zitekean. Hots, Carbonoa ez da-izan ezer apartarik Mendeleiev-en lauki ezagunean: hamabigarrena soilki. Berriz ere: «beste bat».
Bitartean galaxiak elkargandik eta gugandik urruntzen ari eginaletan. 3 C 147 delakoa, gaur gaurkoz txapelduna, 165.000 kilometro/segundu-tako habaila darama. Zeraman, hobe, orain dela bost mila miloi urte jaurti bait zuen guk gaur lkusten dugun argi-errainu hori. Urrunsko!
Txiripa-ilara oso eta ezin luzeago batez dakigu hau guzia. Kosmoa itsua izan bait zitekean osoki, eta kontzientzia-gabetasun guzizkoan leher, eta gero ilunbeetan gesal eta hil bait zitekean. Aski zitekean, eman dezagun, Carbono atomoak dituen gaitasunak ez izatea...
Zer da hau guzia? Zein da zorakeria haundiagoa? Gizonaren beraren arazoa eta patua zeharo alde batetara utzirik ere, zein da eroago: gertatu den guzia Zori hutsaren ondorio dela sinesten duena, ala Zori huts hori sinesten ez duena?
© Txillardegi