ZIENTZIA ETA HIPOTESI

 

(1970-X-13)

 

        Poincaré matematikalariak horrelaxe bataiatu zuen bere liburu ospatsu bat. Eta oso famatua da ere Bertrand Russell-ek Zientzia eta Filosofia bereztekotan eman ohi zuen azalpena: «Dakigunari zientzia deritzagu; ez dakigunari filosofia». Eta, umore estalpe batez emana izanagatik ere, Russellen obran beste askotan bezala, oker legoke definizio hori lasterregi baztertuko lukeana.

        Gure artean oso modan dago «zientzia» hitza, baita «zientifiko» hitza ere; erabili ohi dutenen jakintza, hitz horiei dagokien mamitik urrun badaude ere, ondikotz, sarritan...

        Eta nahiz errotik Zientzia zer den berezten oso gauza zaila eta lantsua izan, zer ez den bederen esatea errazago iruditzen zait; eta lerro gutxitan zientzia-alorretako zedarri eta mugarri horiek ipintzen saiatuko naiz.

        Zientziari objetibotasuna dagokio: hala da. Baloreak agertuz gero, ordea, sujetotasunean abiatu gara: hobe da.

        Esate baterako: energiari dagokionez hitxia den sistema batetan, entropia gora doa. Termodinamikaren hastapen hau zientifikoa da: alegia, orain arteko foroga-bideetan hori aurkitu dute ikertzaile guziek; eta, alderantziz, hastapen horren kontrako esperimentaziorik kausitu duenik ez dago.

        Zientziazko ideietan, beraz, ideiaren kontrola da kakoa: pratikak, praxiak, onhar-arazten (edo-ta bazter-arazten) du zientzia-gizonaren hipotesia. Hildo beretik, hortaz, pratikak edo esperimentazioak zientifikotzat hartzen den ideia bat ukatu duelarik, ideia hori baztertu egiten da. Oso etsenplu famatu bat emateko: ether, higigabe eta aldagabea, uhin elektromagnetikoen eramale eta giltzarri, Michelson-en forogaketak ukatu zuen. Lehenengo urratsa, beraz, teoria hari zientzia-tasuna kentzea izan zen: teoria hura praxiak ukatu zuenez geroztik, zientziatik at gelditu zen, lau elementoen teoria bezalaxe. Eta, bigarren urratsa (bigarrena, bai) hamabost urte geroago Michelson-Morley-ren «bitxikeriak» Einstein-en Errelatibitate-Teoriak azaldu zituelarik, orduantxe eta fenomenoak azaltzen zituelako, hain zuzen, hipotesi hura zientzia-mailara pasa zen.

        Hauxe da, hain zuzen, zientzia-ideien abiada etengabea: hipotesiari praxi-ikerketa darraiko; honen baiespenari, zientziatasunezko maila. Eta gero, azaldu ezinezko fenomenoen ondorio, bazterketa eta hipotesi eta teoria berriaren aldia.

        Definizioz, beraz, esperimentazio edo praxiaren bidez kontrola ezin daitezkean 'teoriak', ez dira zientifikoak. Eginen eta praxiaren kontra atxikitzen direnak, are gutxiago. Lehenengoen adibide bat emateko, mundua entropiaren emendioaz ala bestela bukatuko denetz jardutea, ez da eztabaida zientifiko bat egitea. Eta bigarrenen bat aipatzekotan: gizonaren hezurretan eboluziorik ez dagoela esatea.

        Esperimentazio eta forogabideetatik at jarriz gero, beraz, filosofiaren alorrean gaude. Russell-ek esaten zuena idurituz, kontrola eta azter daitezkean fenomenoetatik, ezin kontrola eta azter daitezkeenetara pasatzean, Zientziatik Filosofiara aldatzen gara.

        Ez dut, dena dela, filosofia jazartu edo maiseatu nahi. Ez. Ez da hori gaurko ene helburua; Zientzia zer den eta zer ez den azaltzea baizik. Ideia-sistema batek zientziaren mailakotzat hartzeko, praxiaren forogaketa egin eta gainditu egin behar du, aurreko teoriak baino fenomeno gehiago azalduz.

        Hori eginik ere, zientziak dituen mugak dagoeneko aipaturik daude: zientzia hipotesi-kate etengabe bat denez gero, azkeneko (edo azken-hurreneko!) hipotesia urrezko letra nagusitan, eta betirako omen, presentatzea, ez da inundik ere zientifikoa. Are gutxiago ideia berrien ezespen edo kondenazio: funtsez, definizioz, zientzia zalantzakorra da, elkarrizketa-koia, eta hipotesi eta teoria berriekiko kopeta-zabal eta etorkor. Izpiritu zientifikoak ez ditu puntu ilunak izkutatzen edo ukatzen, ager-arazten baizik; puntu ilunek berek, hain zuzen, egiaren agertzea bait dakarte.

        Hain zuzen ere, fanatismo deritza beste joerari. Alegia: praxiaren ondorioen kontra, eta ikerketa ezina den alorretan beretan, atsegin edo gogoko zaigun ideia-sistemari nola edo hala eutsi nahi izateari. Azaldu ezinezko gertaerak txikitu edo ukatu egiten dituenak ez du zientzia-gizonaren ezpala, komisario politikoarena baizik.

        Hots, gaurko soziologilari zientifikoek uste dutenez, mundua gero eta okerrago doala frogatzea ezina den bezalaxe, ezina da ere, esate baterako, mundua gero eta hobeki doala frogatzea. Giroak kutsatzen digun ideia-mordoan jorraketa bat egiten ez bide gara gauza. Eta gaur, mundua «hobetuz doala» zalantzan jartzea hutsik, anti-zientifiko, atzerakoi, eskuindar eta abar zaio edonori! Zer dakigu, ordea, funtsean? Jakin ez dakigu hori, uste baizik.

        Ezen puntu bakar batzuk aipatuko ditut hemen zalantzak sortzeko. Ez da ziur soziedadea, oro har, gero eta razionalago denik. Ez da ziur, beraz, soziedadearen teoria bakar eta osozale bakar batek gero eta osokiago dena azalduko duenik. Ez da ziur, era berean, jakinduriak gizona hobetu duenik (Dachau, Auxchwitz!). Ez da ziur gaurko kaletarra atzoko baserritarra baino zoriontsuago denik; eta ez da ziur ere mendebaltarra polinesiarra baino prestuago ez alaiago denik. Eta horrela beste anitz ideia. Zientzia eta modako leloak berezten jakin behar genuke, zientziaren ohoretan hain zuzen.

        Egun hauetan agertu diren estadistikek diotenez, Bretaña Nagusiko neska gazteen artean (13 urtetatik 17 urtetara), %-eko 63-k izan dituzte mutilekin sexo-saioak; eta ehuneko bertsutan ere Alemanian, Suezian, eta abar. Tabu batzuk pikutara joan direla esateko, beraz, biharko igarle izan beharrik ez dago. Aski da gaurko ikusle izatea!

        Besterik ezer erakusten ahal dute, ordea, estadistikek? Bai. Tabu-rik gabeko soziedade honetako belaun berria ez dela aurrekoak baino zoriontsuago edo beteago: osagileek dakikete hau nik baino zehazkiago. Drogaren emendioa eta hedaketa, esate baterako, atsekabe-metaren eta ihes-egin-beharraren neurri bat dira. Hots, arauz, tabu-en erorketak, arima-leizeak eta hutsuneak sakonago eta beltzago egin bide ditu. Gazte jendeak ez du soziedade hau ikusi ere nahi: osoki zaio gaitzi. Belaun berriaren politika-ukaera ez da aurpegi axal bat baizik, ene ustez.

        Denok dugu baserriaren, mendi-bakardadeen eta aspaldiko bizimoduaren mina. Dena ez da horretan «erromantizismo» kaxkarra. Soziologilariak ez dira negar-multzo zozo bat.

        Noski. Antzinako mendeak eta gizarte-motak urdintzea ez da zientifikoa. Bai. Baina gure zibiliazioak (ez sistema honek edo harek, kasu, 1968-an garbi agertu zen bezala) ekarriko digun, eta jadanik ekarri digun, mundua urdintzea eta idealizatzea ez da zientifikoago; itsu koskorra izan behar da zalantza izpirik ez izateko...

        Baina geure burua harropuzturik daukagu; eta ez dugu entzun ere nahi beharbada zibilizazio zalapartatsu eta handigurako honek irteerarik ez dukeala; eta gure ondorengoek, beharbada, alaiki baztertuko dituztela gure baloreak eta teoria asko, guztiz beste bidetik beren biziak antolatzeko.

        Zerbait somatu dute batzuk. Ez da dudarik.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia