EZTABAIDA ZAHAR BAT
(1969-III-15)
—Heriotza, gauza guzien suntsitzea, naturalezaren harrigarria, galaxia eskergatasun kupidagabea, eta abar, azaldu eziñezko problemak izanik, betidanik gizona azalpide bat billatzen saiatu da. Bide hau erlijioa izan da. Erlijioa, beraz, gizonak sortu du. Denbora joan ala, ordea, bere buruz berezi bide da erlijioa, urrutira joan bide da; urruti hortan nortasun eta gauzatasun gotor bat hartu du. Eta piskanaka, horrela, sorkaria sortzaille bihurtu da; eta erlijioa gizonaren zerbitzari izan beharrean, gizona jarri da erlijioaren zerbitzuko.
Horrela mintzo zitzaidan berriki adiskide bat. Ez, beraz, harrigarriro: erlijio-alienazioaren teoria ezaguna nabarmen agertzen da hor. Baiña nere adiskide horrek ez zidan hau itxura egitearren esaten. Nere adiskidea hortaz siñistuta dago: ez du Jainkoa'rengan siñisten, jainkogabea da osotara:
—Bildurrak sortu ditu jainkoak. Bildurrak, ezintasunak eta ezjakintasunak. Jakintza eta teknikak zabaldu ala, erlijioa berez iraungiko da, itzaldu egingo da. Hauxe ari da gertatzen.
—Eta heriotzaz zer? —nik galde.
—Hor ez dago larritasunik batere: noizpait hil beharra dugu. Mundua hala da. Zergatik tristatuko? Nik ez dut neuk tristurarik batere senditzen. Hil-beharrak ez nau mendrenik ere hunkitzen.
Hoztasun hunek Bertrand Russell'ena eta Jean Rostand'ena gogoratzen zizkidan. Ez da egia, esan nahi dut, Unamuno'ren beti-bizi-nahia, esate baterako, gaur gizon askorengan eragille danik. Etsistentzialisten problema-giro hura, oso itzalduta dago jende askoren artean; marxisten artean bereziki:
—Etsistentzialismoa behera doan klase baten karrasia besterik ez da —zion hotzean nere adiskideak—. Etsistentzialismoa ez da, eta ezin izan zitekean, langilleriaren ideologia. Etsistentzialismoa, eta heriotzaren kezka bizia esate baterako, burges txikien arazoak dira.
—Eta Buda zer? —erantzun nion nik—. Buda da etsistentzialistarik haundiena. Orain dala 2.500 urtetako India'n, ordea, burges-txikirik ez zegoen. Ez dago klasezko azalpenik fenomenu hortarako, nere ustez.
Nere lagunak ez bide zekien zer erantzun. Baiña siñistuta zegoen jakintzak eta zientziak hilko dutela erlijioa.
Egia ote da, ordea, erlijioa gizonak sortu duela, eta sasiproblema bat besterik ez dagoela hortan? Egia ote da jakinduria sakondu ala, erlijioaren beharra erauzi egingo duela?
Ez dirudi, nik uste, XIX-gn. mendeko positibista tentela izan behar da, nere ustez, Izadiaren misterioa arras erauz eta ezaba ditekeala siñisteko. Matematiketan beretan gaur, matematikalariek diotenez, dana koloka dago: matematiketan beretan umiltasuna nagusitu da, eta ez bide dago absoluturik. Fisikan gauza bera, noski.
Erlijio gisa siñiskeria-mordo zahar bat aurkeztutzen baldin bazaigu, sasi-erlijio hori, noski, gainbehera joango dala, eta ahaztu ere egingo dala, gauza nabarmena zaigu. Erlijiozko instituziorik gehienek eta Jainkoa alkarrekin deusik ere ikustekorik ez dutela gauza agiria da. Gure haurtzaroan bertan ziurtzat jotzen ziran gauzarik gehienak ere, gaur baita eliza-gizonek berek ukatzen dituzte. Eta fenomenua hasi besterik ez da egin: Holanda'ko gorabeherak jarraitzea besterik ez dago. Mundu oso bat ari da gure begien aurrean zaharrakatzen eta funditzen. «Ikazkin» famatu haren «fedea» pikutara doa.
Egia ote da, ordea, hori dala bide, deusik zutik geldituko ez danik? Iñolaz ere ez, nere ustez. Aitzitik, astia ugaldu ala, gizonak pentsatzeko aukera izango du; eta gauza nabarmena bide da metafisikazko hutsunea txikitu ez-baiña haunditu eta azkartu egingo dala. Batez ere politikazko mitologia baten gezurra agertu ala. Izpiritutasun berria etsitako ezkertarren artetik hozituko da. Munduaren misterioa izkutuagoa da gaur iñoiz baiño. Joan dan Maiatzeko mogimenduaren aintzindarietan, absolutu-egarria izan da butzatzaille nagusia; neronek hemen, lerro hauetantxe bestetan esan izan dudan bezela.
Produzioaren aurrerapenek eta jakinduriaren hedaerak hilko omen dute erlijiozko kezka. Eta hau ez zait bidezkoa iruditzen.
«Zer sentidu du munduak» galderak, errugabeen oiñazeek, Gaitza'ren arazoak, iñoiz baiño funts sakonagoa dute gaur. Illunpeak ez dira zipitzik ere arindu.
Adibide batez argi dezagun.
Pentsamena, eman dezagun, gizonak ekarri du; eta gizona, abereen eta tximuen eboluzioak prestatu du. Bizia, era berean, materiaren eboluzioak prestatu du anitz urteren buruan. Ez edozein materia-motak: karbonoaren inguruan sortu dira bizidunak, karbonoak oso oso gaitasun bereziak baititu (Kimika apur bat dakitenek ongi konprenitzen naute). Ba dakigu, ordea, karbonoa eta gaiñerako elemento guziak (burdiña, zufrea, nitrogenoa, eta Mendeleiev'en laukian agertzen diran guziak) izarren barruan sortzen dirala, «nova» eta «supernova» deritzaten izarretan batez ere. Ez ahal da eboluzio-kate hori, izaki errazetatik izate zailletara hain zuzen, funtsetik beretik guztiz harrigarria?
Areago. Karbonoaren beraren izatea (guztiz txiripazko itxuraz) ez ahal da kezka-iturri bat? Karbonorik gabe, edo karbonoa bestelakoa izan ezkero, Izadi osoa (ez gure mundu hau, gaur, soilki) guztiz itsu izango zitzakean betirako: bizirik gabea, guztiz bere buruan bildua, guztiz gorra, guztiz bere buruarentzako mutua, gutziz hetsia barrurako eta kanporako. Zergatik bestelakoa gertatu? Mentura hutsez?
Asma ditezkean leizazulorik sakonenak sortzen dira nun-nahi.
Erlijioa (gaiñerako guzia bezelaxe) gizona zanpatzeko erabilli dute zapaltzailleek betidanik. Zalantzarik ez. Gaurtxe ere gauza bera da. Hori ote da dana, ordea?
Ez nik uste. Misterioaren illunpeak trinkoegi zaizkit.
© Txillardegi