NORK EGIA?

 

(1969)

 

        URSS'eko misiloen zuzendaria dan Sedov'ek hau esan du joan dan astean: «Gure sistemako planetetan ez dago bizirik Lurretik at». Ilargitik garraiatutako harri puskek iritzi hortaraxe bultzatu dute ilargiari berari dagokionez: bizi aztarnarik ez dago han. Gero eta garbiago beraz: gure sisteman ez dago bizirik. Beste bizidunekin inoiz gizadiak hartu-emanak lortzea, beraz, gero eta zailago agertzen da; gure «ondoko» izarrik bertakoenak ulertu ere ezin ditezkean distantzietan baitaude:

        33.000.000.000.000 km. Zentauro'ko Alpha!! Ez gera aisa joango turista gisa!

        Joan dan udaran, Armstrong'en bidaia ahaztu-ezina zala bide, erruz idatzi zan huni buruz. Eta Lwoff Nobel-Sariaren deklarazioa ez zait ahaztu: «Nere sendimendua hau da: Lurretik at ez dagoela bizirik». Iritzi hau ausarta iruditzen zait, benetan. Gau argi garden batek ez du hori idarokitzen, zalantza oso bat baizik. Iritzi hori egia izotekotan, bestalde, kezkagarria izango litzake oso: Ptolomeo-tasun berri horrek dardarazi egingo litzake oso modan dauden errelatibismo guziak.

        Lwoff'en azterbidea oso erabilia izan da (ikus Lecomte de Nouy, esate baterako): karbonozko molekula haundiak sortzea harrigarria da probabilidadeen aldetik. Tenperatura berezi bat behar da mende askotan barrena (beroaldi zakar bat litzake mila menderen lan gaitza hondatzeko; horrelako gertakariren batek suntsiarazi bide zituen Sekundarioko saurio guziak, eboluzioan ordurako aski bestelakatuak); ura behar da erruz, tenperatura egoki batean; eguzkiaren irradiazioak beren hortan egon behar dira hain zuzen (distantziaz, espektroaz, eta abar). Enzymak, proteinak, nukleo-garrazkinak, behar dira; danak berez sortzeko probabilidade oso urriko sorkariak. Hauek gabe, ordea, eta ADNrik gabe batez ere, ez dago eboluzioa hasterik.

        Bakterietatik aurrera joateko, era berean, txiripa batetik bestera joan behar da: bai inguramenduetatik bati zelulen aldetik. Hitz batez, eta Lwoff'en iritziz, «bizi dan organismo bat, bere barne-egitamu edo estruktura nolanahikoa izanik ere, probabilidade urriko gertaera-segida oso baten ondorio izango da beti». Lurrean gertatu dana oso gutxitan gerta diteke Kosmoan: kasualidade gehiegi batera. Beraz, bizidunak Lurrean sortu dira; baina Lurretik at bat ere ez.

        Irizkera hunek, jakina, balio berezia ematen die berriz gure Lur eskas huntako kondairari eta patuari: berriro ere, Izartegiko «erdian» ginake, «berezkuntza» bitxi gisa, Gizona Kosmoaren giltzarri modura agertuz, antzina bezelaxe.

        Esan beharrik ez dago: jakintsu guziak ez dira hortan. Urrutirago gabe: Jacques Monod bera, Lwoff'ekin batera Nobel-Sari berberaren hartzaile, ez dator bat Lwoff'ekin. Sistema «idekietan» (alegia, energia kanpotik jasotzen dutenetan; eta bai Lurra eta bai planetak mota hortakoak dira, Izartegi guzitik iristen baitzaizkie irradiazioak eta energia hitz batez) ez bide dago, jakintsu batzuen ustez, «probabilidade» kontua soilik; beste lege batzuk ere bultzatzen bide dute materia bizikaia eta bizidunak derrior ematera. Hauen ustez, beraz, bizia halabeharrezkoa da: txiripa hutsa eta behar hutsa batera. Zenbait meteoritotan, esate baterako, karbonozko molekula haundiak aurkitu bide dira (biziaren oinarria, alegia); eta meteorito horiek ez dira ez gure Lurreko arrasto eta ez gure sistemako harri puska eskierki, beste izar-sistematako hondakinak baizik.

        Nola erabakiko? Nork arrazoin? Nun egia? Ezin esan. «Zailtasun apartako problema dugu hau», dio Monod'ek berak P. H. Simon'i erantzutean.

        Egiazki: biziaren iturburuaren arazo zail hau bi lerrotan «garbi» utzi uste dutenak bederen, egiatik urrun daude.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia