ILLARGIRAKOAN

 

(1968-XII-4)

 

        Kaseta askok ezagutarazi digu fotoa: ezker aldean Illargia; eskubi aldean, Lurra. Orain arte misilotatik lortu dan ederrena bide da. Baietz esango nuke nik.

        Illargirako bidea idekia izan da, berriz, bi aldiz segidan joan-da-etorria ongi gertatu baita. Laister, beraz, Illargiko zorua zapalduko du gizonak.

        Ba dirudi une ona dala gure buruaz harrotzeko: Lurretik aldegiteko gauza da gizona lehenengo aldiz. Ba dago arrakasta hortan zertaz pozturik, zalantzarik ez. Laister asiko da eskierki gizadiaren Aro berri bat. Astronomiaren aldetik, batez ere (astronomoek ongi dakite) Illargirako urratsak orain arteko iritzi asko iñarros dezake.

        Hori izango ote da, ordea, pausuaren kakoa? Ez, nik uste. Illargirako joairak beste aldetatik astinduko gaitu sakonkienik.

        Alde batetik, gizadiaren umiltasuna azkartuko du. Eman dezagun Illargira heldu gerala; eta egun bakar batean Illargiraño joan gaitezkella (ez gera oraingoz hortan). Habailla hori hamazazpi milla kilometrotako orduan izango litzake.

        Habailla hortan mogiturik, zortzi hillabete beharko genituzke Artizarrera joateko irakurleak dakikean bezela, Artizarra dugu planetetan hurbillena); zortzi hillabete, beraz, misiloan geldirik, grabitaziorik gabe, iñora aldatzeko modurik gabe, egurasteko erarik gabe, irradiazi mota guzien agerrian egon beharra, eta abar, eta abar. Beste planetetara joatea ez da berealako kontu bat!

        Are umillago jarriko gera, nere ustez, Eguzkiaren inguruko sistematik jalgitzerakoan. Zentauro-ko Alfa da izarretan hurbillena: Zentauro-ko Alfa'ra irixteko 228.000 urte pasa beharko genituzke (guk geuk eta gure ondorengoak) «hauzo»ko sistemara aldatzeko.

        Jakiña danez, Eguzkia ez dago iñundik ere ez Munduaren erdi (Ptolomeo gizajoa!), ez gure Galaxiaren erdian ere. Geure Galaxi'ko erdiraiño joateko, 1950 milloi urte beharko genituzke...

        Eman dezagun orain gure Galaxia'tik jaregin nahi dugula, beste batera aldatzeko. Eman dezagun Andromeda'ra joan nahi dugula (Andromeda gure «galaxia bizkia» dan ezkero). Misiloaren habaillan joanda, 130 milla milloi urte beharko genituzke... Eta Quasar'etara joatekotan, ehunka kondatu beharko genituzke urte-billoiak!...

        Umiltasuna, beraz, azkartu egingo da gugan.

        Baiña, karkulutara jo gabe ere, zer nabaituko ote dute garrazkienik Illargian pausatuko diran gizonak? Txorabioa, nere ustez, Kosmo-Ikara; astronomoek betidanik ezagutu duten barne ikara ixilla, Paskal'ek hitz egokiz azaldu diguna, Babilonia zaharreko artzaiak azpaldidanik izarrez arduratzera eraman zituen Hutsune-Txorabioa.

        Neri bederen gogoeta hauek idaroki dizkit kasetek argitara duten foto eder horrek. Gure mundu hau izar hotz eta kaxkar gisa erreparatzean, fotoan Illargiko geografia xehe-xehe eta Lurrekoa larri-larri baizik ez ikusita, ni txorabioak hartu nau. Ez iñolaz ere harrokeriak.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia