BETIKOAZ AGIAN

 

(1958-II-24)

 

        Zerua egunez zoragarria ba da ere, are zoragarriagoa da gauez eskierki. Gizonagan gertatzen dan bezela, illunbean nabarmentzen da bereziki aren sakontasun zirraragarria. Argirik ezak sakonago biurtzen du dena. Argitasunak, berriz, lilluratu egiten du eta azkenik arrotu.

        Leen, gure asabak mendi-mendian lurra goldatzen eta ardiak larratzen ari zirelarik, maiz ikusten zuten zerua. Berau beren eguneroko munduan zegoen.

        Gaur, ordea, noizean bein bakarrik so-egin dezakegu goruntz, ezerk gu galerazi gabe beintzat. Onegatik, gure erri zatar auek gu illunik gabe uztean (ezpaitago kalean egiazko gaurik) illunbetik alde eragin digute, eta gauez bakarrik senti ditekean sakontasun lazgarri ori kendu.

        Gure antziñekoak Naturalezarekin bizi izan ziranak, adiskidetzat zeukaten ixiltasun osoa. Gau izartsua zan askotan beren bide-laguna, eta goietako leizea etzitzaien arrotz.

        Guri, berriz, kaletar gizajooi, arrigarriegi zaigu gauaren izkuntza soñugabea. Eta antziñan oiko bezin izkutu-gordea, eta gizonaren erraietan finkaturik zegoena, senik gabeko lelo gexa dugu gaur, sasi-maitasun-kanta guzietan matrikula eskaxa biurturik...

        Aaztu egin zaigu, bai, aurrak antzo zerura begiratzen. Orain berrogei ta amar urte dirala ere, astronomi-zaletasun au obetoxe gordetzen zan; eta gaur baño askoz ere etxe geiagotan ziran «Bailly-Ballière» almanaka famatuak. Eta auetan milla azalpen ematen ziran zeruaz. Gizonak bazekien oraño goruntz begiratzen.

        Guk, ostera, Sirio edo Arcturo ikusi bearrean, farolak ikusten ditugu. Eta truke txarra egin dugula deritzat...

        Astronomian ez naiz ni nor, noski. Baña, zer nai duzu, irakurle: atsegin zait oso zeruari so egotea. Naiago dut oraindik ikuskari au ardandegitikoa baño. Geiago kezkatzen nau. Baña, zer?

        Zoratu egiten nau beti gau izartsuak, eta maizago ezin ikusteak nazkatzen nau. Uritik beretik, gañera, ez da ezer ikusten zerukorik sasi-argien artetik ezpada... Onetxek galerazten nau batipat. Gañera, zer da gizonaren begi utsak ikus dezakeana? Gutxiegi, zoritxarrez. Nik ez dut ortarako tramankulurik batere; eta, ain zuzen ere, interesanteena ezin ikus dezake gizonak teleskopioaren laguntzarik gabe.

        Argatik, aal dezakedanean, astronomiari buruzko liburuak irakurri oi ditut, edo zeruko fotoak poliki ausnartu. Eta aste berean itzaltzen zaizkit nere katramillak edo kezkak; ezpaitago zerua bezelakorik gizonaren arima lasaitzeko.

        Etsipenezko pakea da, nunbait, pake etsia, alegia, federik ez duan orrekiko: ain da mundua eskerga, larria, baztergabea eta asma-eziña. Siñistunarekiko, ordea, eusle eta pozgarri.

        Biontzako deuseztatzalle.

        Zer ari gera ba emen, gizajook, kako-makoetan? Zer da munduan gure biziera? Zer ajola, irakurle, zu ta ni biok gure Galaxiari? Galaxia delakoan dago gure Eguzkia, eta beste izar guziak bezela jiraka ari da ere. Ba al dakizu apika zenbat urte bear dituen gure eguzkiak bere «urte-nagusi» ori egiteko? Berreun ta ogeitamar milloi unte!!! Zer dira, ortaz, eun urte? Zuri erantzuna.

        Eta, izan ere, zer da gure Galaxia ori? Eguzkia bezelako izarrak millaka ditu, milloika; eta auek ere, seguru asko, izarbelak lagun mugitzen dira. Zer ote da, beraz, gure Lurra? Puntuxka bat Galaxian. Multzutasun kontagaitz ortan puntuxka batean ari gera gu, nora eldu ez dakigula. Eta, alaz ere, gure Galaxia ori ez da asko. Dozenaka daude gurea bezelako galaxiak, millaka obe, multzo, ikaragarritan alkarturik; eta galaxia-multzo auetxek ere, berebat, multzoen multzotan...

        Zer tarte dago, esate baterako, gugandik Hydra-multzo bateraño? Argitan 1.100 milloi urte!!! Ots, 10.000.000.000.000.000.000.000 kilometro... Gaur jaso dugun iduri orrek milla milloi urte ditu.

        Besteko, Hubble'ren legea dakienak badaki galaxia orrek, eta alaber beren multzo edo galaxia-mordoak, ikaragarri azkar ari zaizkigula urruntzen; eta berdin ere beren artean. Hydra'ko orrek berak, konparazio batera (pizkorrena, urrutiena baitago), 61.000 kilometro betetzen ditu segundu batean!!

        Zer ari gera gu? Zer gera? Auts-pits bat? Demagun. Bistan da arrokeriak ez bestek ezin arro gaitzakeala.

        Eta, zer da, irakurle ori, gure illarkume edo «illargi-ume» ospatsu ori? Illargiraño edo Zentauroraño ba ginjoaz ere, zer? Galaxian bertan geldituko giñake alarik ere. Eta argiaren laisterrean abia al ba gintez ere, zer? Gure Galaxiatik ateratzen millaka pasako genituzke urteak. Alabaña gure Galaxia au orren neurtu-eziña ba zaigu ere, zer da munduan puntutxo bat besterik?

        Ontan guzian ez dago ipui alegiazkorik. Gutxi gora-beera ba da ere, progatu egin da au guzia. Oneraño, ortaz, mundua bera mintzo.

        Baña astronomoak ere mintza ditezke, noski. Eta mintzatzea naiko nuke. Astronomoak berak ezin dezake filosofiarik egin, ikasbidez aldatu gabe beñipein; aztertu egin bear dira astronomoaren hipotesiak eta baldintzak. Eta ontarako astronomiaren antzera ez-baña filosofiaren antzera egin bear. Jakiña.

        Esan nai dut astronomiaren bidez jakin ditzakegula gauza arrigarri oiek guziak, eta beste asko ere bai. Baña kontuz eta neurriz ibilli bear dala ortik ondoreak ateratzerakoan.

        Baña, alderantziz, berdin jokatu bear dute filosofoak ere filosofia egiterakoan. James Jeans astronomoa geiegi sartu zan nunbait, eta ariñegi, erabakiak eta ondoreak ateratze ontan; eta matematikuegia izan zan askotan. Alegia gutxiegi aztertu zituen, agiri denez, bere jakinduriaren oñarriak. Baña egoki zion onetzaz munduaren asieraz ari delarik: «Filosofiaren jardukitzetik datorke bakarrik arloaren kakoa. Baña filosofoak itzegiteko eskubide izan dezaten, galdetu egin bear diote Zientziari aurrena: dudarik gabeko gauzez bateko, eta anarteko hipotesiez besteko.»

        Ala da. Astronomiaren jakintza guzia erabat zalantzan ipintzea astakeri bat egitea izango litzake.

        Astronomia, gañerantzean, metagarri da, kopuragarri, eta beñere ez da dena erortzen. Osatu egiten da, bañan ez desegiten, ez erauzten.

        Filosofia, ostera, diferente da. Aitzurtzean datza, eta izatez beraz oñarriz aldatzean.

        Aatik aurrera dijoa Astronomia, bañan ez Filosofia. Einstein'ek ez du Koperniko desegin, osatu baizik. Sartre'k ordea ez dauka zer ikusirik San Tomas Akino'koarekin.

        Astronomiaren teoriak, ortaz, bilakagarriak dira, noski. Bañan ezin ditezke zearo aaztu.

        Astronomiaren datoak dato dira; teoriak, berriz, aztergarri.

        Eta, dirudienez, ezpainaiteke neure burutik mintza, iru puntutara bil ditezke Astronomiaren joerak:

        a) Einstein'ek Relatibidade-Teoria agertu zuenetik (eta oraingoz beintzat, erabat artuta eta 40 urte pasa ta ere, egiazkotzat ar ditekealakoan daude jakintsuak), espazioa edo lekunea ez da guk asma dezakegun asmakari bat, baña kanpoan dagoen sorkari konkreto bat. Gure izaeran dago, zion Kant'ek. Baña, ikusten danez, lekunea ez da EZER gaiarekin batera kontsideratzen ez ba da. Ez gurekin, baña gaiarekin ez ba da. Auzia ez da onekin akabatzen, noski. Baña zillegiago bide da gaur onela pentsatzea.

        Geiago ere esan bide biteke: gaiak, materiak alegia, eta lekune edo espazioak, artu-eman estuak dituztela. Itxia omen da ortzea segur-aski; eta Lemaitre kalonjeak azaldu duen bezela asieratik zabaltzen ari da Unibersoa, geroz eta geiago zabaltzen eta puztutzen.

        b) Denbora ere ez da guk nai duguna, edo gerekixa pentsa dezakegun gauza; baña bera dena. Denbora zer den fisikoak ez ba daki ere (fisikaren baldintzak dirala-ta), are gutxiago filosofoak bere gelan sarturik. Denborak, ikusten danez, asko du zerikusirik gaiarekin. Laisterrak eta grabitazioak eragiten ba diote, ez dago gela batean sartzerik, denbora «berez» edo «bere berean» zer ote den asmatzeko.

        Fisikoak eta astronomoak kanpoan «berez» ez dagoen taju eta antolamendu bat ipintzen dutela? Agian. Baña jakin egin naiko nuke nola jartzen duten; edo nola jakin ditekean jarri dutena.

        c) Munduak asiera bat izan du, dirudienez. Lemaitre'ren teorian (orain arte geienak ontzat ematen dutena) une batean sortu zan mundu au. Eta astronomoak, ia ao-batez neurtu dute: ordutik gaurdañoko epeak 6.000 milloi urte ditu. Orain dela 6.000 milloi urte asi bide-zan mundua; eta adin ontako baño sorkari zaarragorik beintzat ezin aurki iñun, omen.

        Eta onatx korapilloa: munduan bertan edo bere ortan ezpada, espazioa eta denbora ez dira ezer. Beren ortatik atera ditezkeala pentsatzea, gure seta bat da, arrazoiaren seta bat ain zuzen. Bestalde, munduak asiera bat izan bide-du. Ots: orain dela 6.000 milloi urte etzegoen EZER. Ezta denbora edo espazioa berak ere! Jainkoa gabe sentidurik aal luke onek?

        Astiroago aztertu naiko nituzke beste batean puntu auek guziak; eta egin dezadan esperantza badut.

        Alde guzietatik abiaturik ere, gauza berera iristen da beti: ez dagoela absoluturik. Ez dagoela siñistunaren aitortzetiik libratzerik. Ezagutzen ditugun sorkari guzi-guziak, baita denbora eta lekunea ere, ez dirala deus. Itxura utsa dira; izana badute, bañan ez Izana. Obeto esan, ez dira Jainko. Mundu guziak, larria eta ikaragarri aundia ba da ere, utsean dardaratzen den xalboin-ponpoilla dirudi; eta gu bere biztanle ñimiño.

        Einstein'en hiperesfera ori ez daukagu entenditzerik; eta agian ezin diteke konpreni. Bañan ulertzen ez dugun zerbait azaldu bearrean gera. Eta zergatik ulertu bearko genuke? Erantzun arrazoñalistak.

        Atomoarenean, berriz, berdintsu gertatzen da. Heisenberg'en hipotesiak dionez leenago egiten da mundua ezin-ulertzeko, desegiten baño.

        Gizonak ez dauka entenditzerik, xalboin-ponpoil ortatik at baitago kakoa. Nola ez? Eta ikus eziñean gabiltza; eta ibilliko ere gera, ene gardiz, aztamuka, beaztopaka...

        Zeren Jesukristo'k berak ala nai izan zuen, begietan lausotzat daukagun mintz segail au urra ez dakigun; eta ixildu baitzan askotan, bere ikasleen galderak geiegi ez argitzekotan.

        Beti ixildu da Jainkoa.

        Orrengatik ere, alperrik saiatuko gera egiaren oñarria progatu naiean. Bistan da au, irakurle. Jauzi egin bear, ikusi ez arren siñistu egin bear, irakurle.

        Eta dudarik ba duzu oraindik, uztazu au; eta irakurtzazu astronomiaz zerbait. Eta gero, illunabarraren ondoren, altxa itzazu begiak, eta erantzuidazu geroenean.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia