BEHARREZKO AZALPENA
GERTAKARIEN LEKUKO bi sail hauek, ikus daitekeenez, mamiz eta hizkuntzaz, zein bere garaiko fruitu dira. Frankismoaren garaian argitaratuak, halako auto-zentsura ageri da askotan; eta artikulurik gehienak Kaputxinoen «Zeruko Argia»n agertzen zirela ez da ahantzi behar. Katakunben garai hartan, bai giroan bertan, bai agerkarietan ere, mugak zeuden (JAKIN-ekoek berriki garbiki eta zehazki azaldu duten bezala); eta muga horien jopu agertzen zaizkigu artikulu batzu.
Hots, iruditzen zait, joputza hori agertzea da egia esatea, eta lekukotasun-balioari atxekitzea. Artikulu bakoitzaren haseran, data dauka irakurleak.
Hizkerari buruz ere ohar bera egin daiteke: gure 'standard' edo Batua ere urte hauetantxe mamituz joan den sorkaria da: batasun-lan nagusia 1963tik 1978ra burutu da, hain zuzen. Eta artikulu hauek urte horietantxe idatzi ziren. Baturako bide horretako lekuko ere badira beren horretan.
Ni neu ere, azkenik, nola ez, aldatuz joan naiz, idazkeraz eta pentsakeraz; eta zenbait puntutan gaur ez nuke gauza bera idatziko, ez mamiaz eta ez idazkeraz.
Lan hauetako batzu, gutxitxo baina ez laburrenak, sekula argitara gabeak dira.
Hitz batez, lekukotasunari eusteko, beren hartan eman behar nituen; eta beren hartan argitara ditut.
Agian interesgarri gertatuko!
Txillardegi
Donostian, 1985-I-31an
© Txillardegi