EIRE ETA EUSKAL ELEBITASUNA
Bigarren aldiz debekaturik ere, Gipuzkoako 700 kultur-elkarteon baiezkoa eta ondoko hamarna-milakako sinadurak ez dira ahantzi. Hizkuntzen lege-paretasunaren alde egiten ari den borrokaldi honetan gauza bat agertu da garbiki: Euskal Herria lehenengo aldiz bere kondairan euskararen balioaz eta beharraz jabetzen hasia dela.
Nola edo halako lege-paretasuna, hortaz, laister lortuko dugula dirudi. Zalantzarik gabe, elebitasunaren urrats gehienetan hala izan da. Denetan, egia esateko, eta irakurleak dakikeenez, bakar batetan ezik: Eiren. Lege-paretasun horrek, are lehentasunak ere, ez du Irlandan ezer ekarri: gaelikoa, folklorekeria betean, suntsitu egin da.
Behin eta berriz eta mila aldiz izkiriatua dut gauza bera; eta gaurko honetan berriro ere gogoraziko dut: herrien eta pertsonen kondaira ez dela ofizialki eta liturji antzera oihukatzen diren ideien arabera gertatzen, egiazki eta eguneroko «praxi»an, askotan aipatu ere gabe, ERABILTZEN eta OBRATZEN diren ideien arabera baizik. Fruituetan ezagutzen da zuhaitza. Eta politikaren mailan, era berean, aipatu ere gabe eta eguneroko bizieran GIDARI HARTZEN diren ideiek dute axola. Predikuak bost axola: ekintzak eta etsenpluak dute munta. Hau gauza ezaguna da aspaldidanik.
Hots, Eiren, Irlandan alegia, eta hizkuntzari dagokionez, eiretar abertzaleek berek inglesa hartu zuten egiazko mintzabidetzat. «Conrad na Gaeilge» delakoan bertan ere (Hyde eta Williams-ek sortu zuten «Gaelic League» hartan) gaelikeraren alde argitaratzen ziren Agiriak, baina inglesez bizi ziren izkiriatzen zituztenak; eta «Liga»ren Buruzagitzak berak inglesez egiten zituen bere biltzarrak. «League»an bertan inglesa zen beharrrezkoa, eta ez gaelikera. «Gaelikera beti zen AT, beti BESTEENTZAKO, beti GERORAKO, beti beste irlandar giza-multzo baten zai. Beti zen gaelikotasuna, hitz batez, ALIENABIDE NABARMEN BAT. IRLANDAR OPIOA ZEN. Egiazko bizia inglesez, alegiazkoa gaelikeraz. Eta Pearsek eta 1916-ko abertzaleek nahi zuten Eire gaelikodun hura, erraz soma zitekeenaz, hantxe gelditu zen: AT, GERORAKO, ametsen herrialde urrunean.
Kondaira ez da, gogoan atxik dezagun hau otoi, handikiro goraipatzen diren helburuen arabera gertatzen, «DE FACTO» eguneroko ekintzaren oinarritzat hautatuak eta obratuak diren helburuen arabera baizik.
Intelektualkeria zait besterik pentsatzea; alegia, eguneroko munduari eta kondairari baino, ideia abstraktoei, gizartean sustraitzen ez diren horiei, garrantzi handiagoa ematea. Hitzari orain hemen marxistek eman ohi dioten funtsa nik ere emanez, «idealismo» iruditzen zait ustekeria hori. Eta, noski, eskuindarren artean zabaldu ohi da aise (baita marxologo batzuengan ere). Eskuindarrek, anitz aldiz esana denez, Estadua nahiago du nazioa edo herria baino; itxura maiteago, sustraia baino; hiztegiaz arduratuago, fonologiaz baino; folklorea gogozkoago, arte bizia baino; letrari lotuago, izpirituari baino; proosino hanpurusen zaleago, gizarte mailako jokabide isilena baino. Eskuindarrak nahiago du, hitz batez, KANPORAKO LITURJIA BARNERAKO BERTUTEA BAINO.
Irlandako gertakaria horren bitartez konpreni daiteke, ene ustez, eta ez bestela. Gaelikera paperean «lehenengo lege-hizkuntza» deklaratu zuten eskuindarrek; baina «por razones prácticas» eta «por razones operativas» ezin da aipatu ere egin inon. Dublingo Parlamentoan batek edo bestek (banaka batzuek urtean, ez pentsa!) gaelikeraz zerbait esaten baldin badu, bertako deputatuak berak hasten zaizkio oihuka: «Seamos serios! Seamos operativos!»... Eta, bide horretatik, Dublingo gobernuak (eskuindar eta itxuren aldekoa) jendearen % 28,3-ek gaelikeraz ba dakiela esaten duelarik, «Irish Times»-ek egindako inkesta batek erakutsi duenez (1975/VIII/15) % 6-ek baizik ez dakite (ez dira gaelikeraz «hitzegiteko gauza», hobeki esateko). Fishmann soziologilariak orain dela urte batzu, Dublingo gobernuak galdeginik, prestatu zuen Txosten gaitz eta xehea... ez da sekula argitara! Fishmannek, noski, argi-eta-garbi esan bide zuen Txostenean Dublingo gobernuak daraman politika-bide horrek ezin dezakeela gaelikeraren suntsierara baizik eraman. Eta hori, jakina, herriak ez jakitea hobe.
Ez da harritzekoa, bidenabar esateko, Irlandako joera hori euskaldun eskuindarren bitartez gurera etortzea.
Nolabaiteko elebitasuna lortzeko zorian omen gauden aste hauetan, horregatik, oso gogoan hartu behar dira gauza horik.
Euskararen arazoa ez da borondatekeriaren bitartez konponduko. Ba dakigu. Euskararen arazoa, instituzioen mailakoa delako, POLITIKOA DA osoki.
Baina politikoa izanik ere, politika hori GAUR eta PRATIKAN zein helbururen arabera mamitzen ARI DEN aztertu behar da hozki, agerian oihukatzen diren hitzez zeharo ahaztuz. Gure artean hitzezko «abertzale» askorengan dago sukurtsalista irlandakoi bana.
Zehazkiago mintzatzen hasi beharra dago. Euskaraz ez dakien abertzaleak, abertzalea delako eta zinezko abertzalea den heinean, laguntzaile jokatzeko eta gelditzeko egon behar du gertu, posturik gorenetatik bere erruaz diglosia azkartzeko, erdaraz mintzarazteko eta Euskal Herria irlandartzeko bere NAHI OBJETIBO ETA EGIAZKO GUZTIAK alde batera uzteko.
Elebitasuna gugandik, abertzaleongandik, eta burutik beretik, hasi behar da. Ala, Eiren bezala, ez da hasiko. Hots, orain IRA-ofizialak berak aitortzen duenez, «the sole basis for Irish nationhood, the only reason for wanting an in dependant state was... the revive of Irish».
Gure atsotitz-ak dioen bezala: «arraina burutik kirasten da»...
Agian hartuko dugu gogoan!
(1977)
© Txillardegi