CONNOLLY ETA EUSKAL EZKERRA

 

        Maila guztietan dugu gaur burruka gaitza Euskal Herrian.

        Bortxaren maila gertatzen da, jakina, gailen-gailenik: hau hila, hura hila, Urlia zauritua, Berendia torturatua, harrapatua, desherritua, mehatxatua. Baina beste mailetan ere bai: ekonomiaren mailan, esate baterako, klase-burruka berberaz gain ere, Euskal Herritik ateratako dirua sistemakiro Españako lanetan erabiltzen delarik; demografiaren mailan, Euskadiko kapitalisten laguntzarekin, gure herritasunaren funtsa bera aldatzen ari delarik; hizkuntzaren mailan, euskara leku askotan itzaltzen ari, eta bestetan euskal pizkundea (ikastoletan eta kantari berriengan bereziki) indartu nahi delarik. Eta abar.

        Maila berezi batetan gaur gertatzen den burruka, ordea, «intelektual-keria» hutsaltzat jota, gutxietsi egin ohi da gure artean. Hots, gaur gertatzen ari den ideien mailako burruka latzak garrantzi guztizkoa izan dezake geroari buruz; euskal estratejia, eta Euskal Herriaren etorkizuna hortaz, ideien mailako gataska horren ondorioak markatuko baitu.

 

 

        Hots, zerbait irakurria duen itsu batek ere ikus dezakeenez, etsaiaren gaurko joko nagusia hauxe da: Euskadin Euskal Sozialismoari bidea hestea. Ezker abertzalea sortua eta indartua ez deno, ordea, Euskal Herriaren arazoak ez du konponbiderik; eta guk baino hobeki daki hau inperialismoak.

        Euskal eskuindar ultrak, horretara, eta erdal sozial-inperialistak, etsaitasun-maila berean jartzen ez baditugu ere, euskal ezkerrari trabak eta erdal ezkerrari losentxak jartzen dizkieten aldetik, zinez ari dira eskuz esku gure herriari egin dakiokeen kalterik larriena egiten. Euskal ezkerra gabe, berriz ere, inperialismoa aterako baita nagusi, Irlandan atera den bezala; eta sozialismoa ez baita, halere, nagusituko ez Españan ez Euskal Herrian; ez Irlandan ez Bretaña Nagusian nagusitu ez den bezala.

        Irlandarren arazoaz gu ez kezkatzeak itsutzen ere du bere argitasunean; zeren-eta ezkertar abertzaleek Irlandako gertakariez areago arduratzen ez badira, honengatik ez besterengatik baita: sozial-inperialismoak, nazio-izaria eta klase-izaria berezi nahi horretan, benetako problemetatik at behin eta berriz baztertu nahi gaituetako.

        Hots, hauxe da ideien mailako burruka zorrotz eta funtsezko hau gaur askok, sozial-inperialismoak txertatutako ezkerkerian eroririk, ikusi nahi ez duena. Ezker abertzale onartzen ez duen euskal eskuina, eta eskuin abertzalea onartzen ez duen erdal ezkerra, gaur, zaku berean jar daitezkeela: Inperialismoaren jokoaren zakuan.

 

 

        Klase-arazoa eta nazio-arazoa bizi-bizirik ditugu gaur Euskal Herrian.

        Baina ez gara bakarrak, ez lehenengoak, eta ez azkenekoak ere eskierki, problema bikoitz honetan. Badugu zer ikasirik, beraz, egoera horixe ezagutua duten beste herrien gertakarietan. Israel-go ezkertarrek (bundistek eta judutar sindikalistek, batez ere); Austri-Hungria-ko sozialista abertzaleek, txekotarrek eta austro-marxistek bereziki; Hirugarren Munduko ezkertarrek (Fannon, Memmi, eta abar); Catalunya, Occitania eta Breizh-eko sozialista abertzaleek, eta bestek, bikoiztasun zail hori izan dute kezkaburu.

        Ez du funtsik, zinez, gaurko ezkertar abertzaleek batez ere horien salaketak, garaitzapenak eta galerak hobeki ez ezagutzeak. Zinez diot: ez da azaltzen ahal. Nazio-arazorik ezagutu ez duten sozialisten kontseiluek ez digute balio, eta kapitalismoaren zapalketa erauzi nahi izan ez dutenen abertzaleenek ere ez.

        Hitz-ek, Euskaldunak-ek, Anaitasuna-k, Zutik-ek, sozial-inperialismoaren jokoa egingo ez badute, problema horietxek behar lituzkete argitu aurrenik; eta militanteen ikastaldietan, era berean, kaso horietxek behar lirateke aztertu.

        Gainerakoak, nazio-arazoa alde batera uzten duenez gero, egoeraren kakoa uzten du alde batera; eta, hortaz, ezin bestean, eskuinaren, burgesiaren eta inperialismoaren jokoa egiten.

        Zergatik ez dira euskaraz argitaratzen, esate baterako, Gwenalt (1968-an hila) galestar sozialista abertzalearen olerkiak? Noiz bilduko ote da behar den dirua, eta noiz sortuko ote da abertzale ezkertarraren Liburu-Sorta? Noiz jarriko ote ditugu, ideien mailan, euskal ezkerraren oinarriak? Euskal ezker pluralista, jakina, anizkorra, joera desberdinetakoa; baina abertzalea eta anti-kapitalista.

        Denon eskuetan dago eginkizun hau; eta horretara dator dei hau.

        Badugu, esate baterako, gailen, nabarmen, eskuragarri, Irlandako kondairan, ETA-ren iragarle zehatz-zehatz bat: James Connolly. Eta ene galdera hau da: nola konpreni daiteke Connolly-ren bizia eta izkribuak ETA-koek berek, eta abertzale ezkertar guztiek, hobeki ez ezagutzea? Connolly argi-iturri izan baitaiteke.

        Sozialista iraultzailea zen Connolly, eta sindikalista gogorra ere bai, batez ere Ameriketan pasa zituen zazpi urteetan (1903-1910). Irlandatik kanpora, txirotasun osoan 1868-an sortua, «Irish Republican Socialist Party» antolatu zuen 1897-an, abertzaletasunaren eta sozialismoaren arteko batasuna proposatuz; eta Irlandako Sozialista Errepublika Askatua helburutzat hartuz.

        Ameriketatik 1919-an itzultzean, bero-bero aurkitu zuen bere herria, inperialismoaren kontra altxatzeko bezperan; eta ahalegin guztiak egin zituen irlandar langileak abertzaletasunera bultzatuz («ezin desiragarriagoa da Sinn Fein eta sozialismoa elkargana hurbiltzea», esan ohi zuen); eta Sinn Fein-en abertzaleak sozialismoaren aldera ere bai («gosez hiltzen ari diren jendeei ezin dakieke gaelikoa erakats»).

        1913-an Irish Citizen Army (Abertzale eta Sozialista batera) agertzean, oporraldi luze eta gogor batetik irten berriak ziren bere langileekin hartara sartzea erabaki zuen Connoly-k. Eta, horretara, handik hiru urtetara, 1916-ko Bazkoko Altxamendua gertatu zenean, batera aurkitu ziren britaindar inperialismoaren kontra Connolly sozialista eta Pearse olerkari gaelikoa; batera, beraz, sozialista abertzaleak eta burges-txiki abertzaleak.

        Egun ospagarri hartan irakurri zen «Errepublikaren Agiria», Connolyk eta Pearsek idatzi zuten batera; eta hau irakur daiteke besteren artean: «Nous déclarons souverain et imprescriptible le droit du peuple d'Irlande à la possession de l'Irlande, et au contrôle sans restriction des destinées irlandaises

        Dublin-go kaleetan sei egunez iraun zuten tiroka abertzaleek. Connolly, zauriturik eta gangrenaturik, aulki batetan exerita afusilatu zuten inglesek, beste hamabost buruzagiekin batera, zutik egoteko gauza ez baitzen. Altxamenduaren ordaina gaitza izan zen: 3.226 gatzeletan, 1.862 desherrituak.

 

 

        Geroztikako trajeria denok ezagutzen dugu.

        Irlanda ez da gertatu batua, ez gaelikoa, eta ez sozialista; eta Connolly-ren hiru helburuok salduak izan dira geroko Irlanda elizkoi britaintzalean. Norena ote errua? Nekez argi nezake nik hemen korapilo ilun mingarri hori.

        Ezker abertzalearen ahulezia da kakoa askoren iritziz. Jordi Venturak horrela azaltzen du gerokoa: sozialistak (Finlandian bezala, bestalde) ez ziren aski abertzale gertatu; eta herria abertzale izanik, eskuindarrek bildu zuten fruitua, dena gero salduz: «Ce que l'exemple irlandais démontre à l'evidence, c'est que les champions de la lutte des classes ne peuvent pas se permettre d'ignorer la lutte nationale, sous peine de se couper profondement des masses et pour longtemps», dio Pierre Joannon-ek (Histoire d'Irlande, 252).

        Connolly-ren semeak 1921-an sortu zuen Komunista Alderdiak, hiru urtez, baizik ez zuen iraun (Komintern-ek desegina izan zen). 1931-an sortutako «Saor Eire» sozialista alderdiak, ezer gutxi lortu tuen. Eta IRA ofizialak, Goulding-en gidaritzapean, ezer gutxi lortu du azkeneko zortzi urte hauetan sozial-inperialismoaren aldetik abiatuta.

        Dublingo gobernuaz zer erantsiko? Beste frogakari nazkagarri bat eman digu egun hauetan, Txiki eta Otaegiren arazoan, bere enbajadorea Madrille-tik... ez mogituz!

 

 

        Connolly-ren patua eta iritziak, horretara, oso interesgarriak zaizkigu. Eta lagungarri gertatzekotan, hona hemen iturri batzu:

 

                —DR. NOELLE DAVIES.

                «Connolly of Ireland, Patriot and Socialist».

                Swyddfa'r Blaid - Caernarfon, 1946. Wales.

 

                —PIERRE JOANNON.

                «Histoire d'Irlande».

                Plon, 1973.

 

                —HAUPT, LOWY, WEILL.

                «Les marxistes et la question nationale».

                Maspéro, 1974 (344-368 orr.)

 

                —JORDI VENTURA.

                «Les cultures Minoritaries Europees».

                Barcelona, 1963.

 

                —MAC ANNGHUSA.

                «The best of Connolly».

                Mercier, 1967.

 

                —CONNOLLY.

                «Selected Writings of Connolly».

                Penguin Books, 1973.

 

                —CONNOLLY.

                «Socialism and Nationalism».

                Dublín, 1948.

 

                —GARNIER.

                «Histoire d'Irlande».

 

(1975)

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Euskal Herritik erdal herrietara" orrialde nagusia