AOSTA GERO ETA ITALIARRAGO
J. San Martin-ek Donibaneko Uda-Unibertsitatean Aosta-ko hizkuntz-arazoaz zenbait berri eman ondoren, hona hemen, ia batera, Philippe Decraene albistaria aski xeheki eta bide beretik («La Francophonie Valdotaine en péril», Le Monde, 1973-IX-17) berri jakingarriak zabaltzen ari. Ez da kezka hori lehenengo aldiz agertzen «Le Monde»n: orain dela bost urte, bi artikulu bikain eskaini zituen Michel Leiris-ek, ez Decraene-rena baino baikorrago.
Decraenek ematen dituen xehetasunek garbi adierazten dutenez, Aosta-ren frantsestasuna hiltzorian dago; eta ondoko urteetan aldakuntza sakonik gerta ez badadi, Italiako atal huts bilakatuko da Aosta; eta bertako leku-izenak baizik ez da geldituko (Etroubles, St. Pierre, Entréves, eta abar) gaur arteko haren frantses jatorriaren oroikarritzat.
Aosta-haran hau Fraintzia-Italiako mugan dago, Alpeetan, Italiako Ipar-Mendebaldean alegia. Ikusle guztiek ahobatez diotenez, ezinago bazter ederra; eta bertan ehun bat mila «valdotain» bizi dira 3.260 kilometro koadrotan barrena. Aostatarrak jatorriz eta hizkuntzaz frantsesak izanagatik ere, ez dute beren burua Fraintziako haurridetzat jotzen (Savoie-ko separatistek jotzen ez duten bezalatsu); eta denek omen diote, eskuinetik ezkerreraino: «Valdotains d'abord», Aostatarrak aurrenik. Hortik aurrera, ordea, eta politikaren mailan, Aostatarrak zeharo daude zatiturik eta anitz taldetan taldekaturik.
Teorian bederen, eta beherago azaltzen den arrazoinarengatik, Autonomian bizi da Aosta Italiako Errepublikaren barruan; eta gaur, esate baterako, Cesar Dujany dute gobernu-buru. Zertan mamitu da, ordea, gudu-ondoko Italiak legeetan aitortu zuen «autonomia» hori? P. Decraenek azaltzen duenez, ezer gutxitan.
Eskola italieraz egiten da Aostako eskualde osoan; eta Italia guztian bezalaxe, frantsesa ez da bigarren hizkuntza gisa baizik erakasten.
Meatzak eta lantegiak direla-ta, bestalde, italiar asko etorri da Aostara, lan bila; eta gaur horrela jendaketaren arabera hau bihurtu da: % 45 italiar, % 55 aostatar. Elkar ulertu beharra dela-ta, frantsesa etxeko hizkera soil bihurtu da; batez ere lantegiak dauden herrietan. Eta gehien-gehienetan zaharrak bakarrik dira frantsesez hitzegiteko gauza. (Susa-ko partean, ondoko haranean alegia, fenomeno berbera gertatu zen XIX. mende-bukaeran, eta gaur italiartuta dago arrunt).
Aostako kaseta guztiak italiarrak dira, eta italieraz idatziak. Nahiz Chamonix-tik (Fraintzia) Courmaycur-a (Italia) hamabi kilometro baizik ez izan, frantses aldizkariak Turin-en barrena iristen dira Aostara bi egun beranduago; eta, jakina, ez dira batere saltzen.
Zinemaren mailan joera berbera ageri: «Haranean ematen diren filma frantses guztiak —dio Decraenek— batere berezkuntzarik gabe, italierazko izkribuz itzuliak dira».
Aosta guztian, bestalde, ez dago frantsesezko liburu-dendarik batere: liburu guztiak italieraz.
Are gogorragorik ere bada: frantses telebista ikustea debekaturik dago: «Le fait de capter sur son récepteur, gráce à une installation de fortune, les émissions de la TV francaise, constitue un délit passible d'une forte amende, voire d'emprisonnement» (!). Alegia, frantses telebista ikusteagatik, multa gaitza etor daitekeela, baita gartzela ere... Aurtengo Maiatzean, hain zuzen, arazo zentzugabe hori konpondu nahirik, eta Aostako gobernu «autonomoak» berak erabakirik, frantses telebista Aostan ofizialki hartu ahal izateko baimena lortu, eta beharrezko tresneria jartzeko, 10 miloi lira eskatu zituen Erromara. Italiarren erantzuna ez zen luzatu: Aostako Prefetoak bere ukoa eman zuen («veto» dio Decraenek) bertako gobernu «autonomoa»ren aurka. Eta kito. Zer egingo ehun mila lagunen «gobernu» gizarajoak?
Ez da horrelakorik lehenengo aldiz gertatzen: Mussolini-ren garaian, gartzela arriskatzen zuten frantsesez mintzo ziren Aosta-tarrek; eta leku-izenak berak beharrezko italitasunaren arabera, aldarazi zituen Duce delakoak: La Thuile Porta-Littoria bihurtu zen, Le Breuil Cervinia, eta Saint Vincent San-Vicenzo. Horren ondorioz, eta oroitzapen txarrak kentzeko, Autonomia eman zuen Erromak 1948-an. Baina berehala ahaztu zen tolerantzia hura.
Liturjia berria dela-ta, ia leku guztietan, eta Aostako Katedralean ere bai, jakina, latineratik... italierara pasa dira. Eta Vaticanoak izendatu duen azken Apezpikuak ez daki frantsesez.
Val d'Aosta hau, gorago ere esan dugunez, txit ederra izanik, turistak ugari dira; eta ia denak italiarrak (200.000 kanpotar Aostan Abuztuan). Bezeroak beti egia baitu, italieraz jakitea beharrezkoa da ostatuetan eta bazkaldegietan; baina frantsesez... zertarako? «Aprés une courte renaissance —dio Decraenek— esquissée en 1945, la langue et la culture françaises se trouvent +a nouveau sérieusement en péril».
Jakina: Chamonix-en (Fraintziako alderdian, alegia), handik hamar kilometrotara bakarrik, ez da horrelakorik ezer gertatzen; eta frantses hizkuntza bakarra da, indartsua, eta errotik itsatsia. Savoie-n italieraren aztarnarik ez da ageri.
«Fraintziak ez gaitu laguntzen» esaten dute etsiturik Aostatar batzuek, gutxik; gehienak ez baitira ohartu ere egiten Aostan gertatzen denaz. Eta ohartzen direlarik ere istilu horiek behin eta betirako baztertzea erabaki baitute. «Politique de non ingérence dans les problémes internes des autres Etats»...
Eta errealismorik ez zaie falta; ezen Parisek ez baitu Aostako arazo hau behin ere aipatzen. Nola aipa? Alsaziakoa Aostakoaren simetrikoa baita. Eta Aosta Fraintzia bada, zergatik ez Walonia eta Friburgo? Aosta Fraintzia baldin bada, Alsazia Alemaniatzat jo daiteke.
Erresuma guztiak, horrela, zuzentasunaren kontrako bekatuak izkutatu beharrez, elkarren laguntzaile ermo gertatzen dira. «Hor konpon!» pentsatzen dute. Eta isildu egiten dira. Eta isilduko.
Aosta, horrela, Mussolini urrun gelditu denez gero, italiartzen abiatua da guztiz. «Ethnie Valdotaine» delakoa, bere frantses izana galtzen ari da isiltasunean eta begi guztien aurrean. Zergatik? Ez, otoi, edozer erantzun. Frantsesa batua da, Aostan ez dago ikastola burgesik, eta Erromako gobernua ez da fazista orain dela 28 urte. Hortaz, zergatik italiera hemen nagusitzen ari, eta mendi berberean eta hurrengo mendartean frantsesa?
Ez dut nik erantzungo.
(1973)
© Txillardegi