MAIRTIN O CADHAIN BAKARRIK HILA?
Ia bi urte dira Mairtin O Cadhain irlandar idazlea hil zela.
Nor? Hain zuzen ere, irlandar guztien izkribuak parekatu eta neurtu ondoren, bai gaelikerazkoak bai inglesezkoak, denetan handiena izan dela dioten berbera. Beharbada, diote, Irlandak aspaldi honetan ezagutu duen idazlerik gorena.
Gure artean, noski, inork ez du O Cadhain ezagutzen, eta inork ez du hartaz ezertxo ere idatzi. Askoren kezkak bestelakoak direlako, badakigu, nahiz eta fenomeno honen gakoa bilatu ere nahi ez badugu ere. Baina baita O Cadhain-ek, Irlandaren hiltzailea, esplotatzailea eta desnortzailea Bretainia Nagusian ikusita, aspaldiko bere erabakiari eutsi diolako ere: inglesez argitara gaberik hobe, inperialisten literatura ezertan ere sendotzea baino. Ezta gaelikeratik itzulita liburu garaurik ere ez etsai nagusiaren zerbitzutan.
Etsaia, ordea, eta zitalena eta mingarriena, etxen bertan topatu du O Cadhain-ek. 1939-1945-ko gerratean okasio on bat somaturik, Bretainia Nagusiari eraso eta Irlandaren batasuna bortxaz lortzeko aukera baliatu nahi izan zuen; eta aberkide batzuekin, erakunde militar bat eraiki zuen. Baina ametsak errekara jo zuen, eta Dublin-go gobernuak ez zion pekatu hori barkatu, 1962-ra arte bere herra ofiziala eta legezkoa jasan-eraziz.
Urteetan barrena, horrela, zortzi hizkuntza jakinagatik ere (eta hauen artean, herri anaiena: kymriera eta erse) han hemenka ari izan zen peoin gisa, kaietan laneginez, eta bere ogia ahal bezala irabaziz. Urte horietako poz bakarra, gaelikeraz mintzo ziren arrantzale eta baserritarrekin bere jatorrizko hizkera osatzeko aukera. Hala aitortzen omen zuen.
1952-an Literatura-Sari bat eman zioten; baina irabazle irten zen nobelak («Athnuachan» izenekoa) ez du gaur arte argia ikusi, eta inork ez du hortaz irakurri... «BALLYMUN» idatzi nuen artikuluan kondatu nizkizuen berriak baino sineskaitzagoak dakazkizuet, beraz, neure honetan. Ezen hori guztia Dublin-en gertatzen baita, ez Belfast-en.
Zertan da Irlanda-ren gakoa? Nola konpreni liteke 1922-ko iraultza dirdaitsuak horren frakaso handirik ekartzea? Badago hor, ene ustez, pentsagai on bat. «Fianna Fail» deritzan Alderdiak (De Valerak 1926-an sortua, geroztik Dublin-en nagusi) bi helburu nagusi hartu zituen gidari:
1/ Irlandaren batzea edo bakuntza.
2/ Gaelikeraren pizkundea uharte guztian.
Hots, jakina denez, ez bata ez bestea dira lortu. Zergatik?
Ikus dezagun orain zer eman duen 1922-ko garaitzapenak; eta, kondairagileek ahobetez diotenez, hau da:
1/ Ideien atzerakeria izugarria politika-agintean. Zentsura, Inkisizio kutsukoa, 1929-ez geroztik batez ere oraintsu arte, ezin hestuagoa; eta honen ondorioz, eta gaur arte ia, irlandar intelektual eta artistek Eire-tik aldegin beharra.
2/ Ekonomiaren atzerakeria nabarmena. Gaurko CEE delakoan (Europako Ekonomi-Elkartean, alegia) Irlanda da urrundik atzeratuena. Nekazaritzaz bizi dira oraindik % 28-ak!
3/ Gobernuak, Elizak eta Kapitalak bat egin dute 50 urtez, dena freinatuz. Dublin-go Legediaren 44-gn. artikuluak honela dio: «Hiritarrik gehienen fedearen zaindari denez, leku berezia aitortzen zaio Eliza katoliko, apostoliko eta erromanoari».
4/ Hizkuntza galdu ala, bestalde, etni-mugari erlijio-banaketa nagusitu zaio Irlandan; eta katolikutasuna bihurtu da Irlanda-ren ezagugarri «nazionala». Integrismoa, horretara, eta vaticanismoa ez dira luzatu.
5/ Gaelikera eta Irlandaren bakuntza, edo batasuna, «calendas grecas»etara botaiak izan dira, «parusia» bezala edo. Egiazko Irlanda eta ametsezkoa elkargandik berezi dira: irlandar Irlanda folklore bihurtu da.
6/ Ulster-ko protestanteak, Dublin-en jokabideak ikusita, beldurtu egin dira; eta gogorrago kokatu dira bakuntzaren kontra. Halez ere berezkuntzaren ideia Dublin-go protestante batek (Wolfe Tone) bota zuen lehenik!
Nahaste borraste horretan bestek, noski, beste azalpide batzu eman ditzakete; agian enea baino hobeak.
Baina, ene ustez, Mazzini-k ikusi zuen xuxen horren guztiaren gakoa: «los irlandeses no son suficientemente diferentes de los ingleses». Edo, bestela esateko, Irlandako politikazko bultzadak, hastapenetik beretik, Inglaterraren HURBILTZEAREN ALDE EGIN ZIREN (nahiz itxuraz oso «separatista» izan). Zernahi esanagatik ere pasaporte batek ez ditu bi herri areago berezten, hizkuntzen desberdintasunak baino. Hots, irlandar separatismoa INGLESTASUNA INDARTUZ egin zen.
Robert Kee kondairagileak irizpide berbera emana du: «le nationalisme radical est toujours resté le "credo" d'une PETITE MINORITÉ». Abertzaleek jo dute errekara Irlandan; hau garbi dago, ene ustez. Nork irabazi? Irakurleak berak eman beza erantzuna.
Eta Irlanda-ko arazoa gaur klase-burruka arazo soila dela uste dutenak (eta Margaret Devlin eta IRA ofiziala honetan dira) ez daude zeharo oker alderdi honetan. Eta horretara, De Valera-ren sasi-garaitzapena, Irlandak jasan duen deskalabrorik larriena izan dela pentsa liteke. Iraultza eginkizun gelditu da osoki: bai Iparraldean bai Hegoaldean; bai nazio-kulturari dagokionaz, bai bi Irlanden bakuntzaz, bai herria emigraziotik, ekonomi-zapalketatik eta oskurantismotik aterazteko beharraz.
Horrela uler nezake nik ongi O Cadhain-en patu trajikoa. Eta neure haragian senditu uste dut aisa Galway-ko itsasertz harritsu bakartietan O Cadhainek senditzen zuena: bere herriaren akabera eta desnorkuntza. Ez zituzkean gaitzetsiko Ravel-en «Pavane à une enfante défunte»ren nota malenkoniatsuak; ezta gure olerkariak zorrozki bildu zituen hitzak:
Ezaren
hilobi beltzera zuzen,
gehiago ez bihurtzeko
sekulan...
Nork esango digu hau giza-trajeria ez denik?
O Cadhain-en izkribuen erditsua gelditu omen da argitara gaberik. Dublin-go gobernuak aski bide zuen zentsura gogortzen eta balioko gizonak sorterritik uxatzen. Bapo! Fartsa hori ezaguna da gaur. Gaelikerazko lanak argitaratzen dituzten bi argitarakolek (bi, bai; ez gaitezen hiletari izan) dirua galduz eusten omen diote. Gaelikeraz «dakitenek» ez dute ezertxo ere jakin nahi gauza hauetaz; eta Gaeltacht-en (= gaelikeraz mintzo den eskualdea) txirotasunean eta gazteen hutsunean usteltzen diren azkeneko irlandarren hizketa (70.000 baino gehiago ez gaur, denak bimintzodunak) olatuen orroan suntsitzen da betirako Connemara-ko bazterretan...
Dublin-go «aurrerazaleak» Irlanda-ko zeltatasun «arkaikoaz» trufatzen dira lasai: hau egiten zuen nabarmenki Patrick Kavanagh olerkariak, 1967-an hila; eta ez du ezer arriskatu. Eta Edna O'Brien sasi-ezkertarrak honela erantzun zuen gauza hauetaz:
«—Croyez vous à l'existence d'une littérature irlandaise distincte de la littérature anglaise?».
Eta hauxe erantzun zuen (ikus «Le Monde», 1969-IX-13):
«Je vois certaines différences fondamentales comme les DIFFERENCES SYNTACTIQUES: le romancier irlandais a tendance à se servir d'une LANGUE PLUS ARCHAIQUE. Mais ce qui me frappe le plus c'est la DIFFERENCE DE TEMPERAMENT»... eta abar, eta abar. Gordinagorik bota ote du inoiz Pelay Orozcok?
Gaelikera... Eta, zer da hori? Idazlerik gehienek «gainditu» edo «superatu» omen dute hau. Ez dakigu, beraz, M. O. Cadhain 1970-ko Azaroan hiltzean, ez ote den Irlanda irlandarraren esperantza hil.
Zer axola munduari? —dioke batek edo bestek—. Bego galdera hori gaurkoz bere horretan.
Baina nekez lortuko dute Joyce-k eta gainerakoek INGLES literaturako parte ez izatea. Burruka-aldian INPERIALISMOAREN ZERBITZARI ETA MORROIN agertuko dira betirako. Bejondaiela ohore-koroa hori!
Agur, O Cadhain anaia!
Dublin-en eta Belfast-en, ni beldur, ahaztu egingo zaituzte.
Euskal Herrian, otoi: EZ!
(1972)
© Txillardegi