DEIHADAR BAT LETONIATIK

 

        Estonia, Letonia, Lituania... Eskolan ikasi genuen erresuma-ilara hau ezaguna zaigu. Zer dakigu, ordea, Baltikoko herri horien gaurko egoeraz?

        Letoniako 17 komunista intelektualek egun hauetan, Europako Komunista Alderdi batzuen bitartez, ezagutarazi duten txostenak, horrela, askorentzako ilunpetan datzan herri baten berri eman digu. Hots, zoritxarrez, deihadar etsi gisa heldu zaigu Riga-ko dei hori (ikus Bernard Féron-en artikulua, «Le Monde», 1972 - III - 8).

        Deia sinatu dutenak 17 komunista dira: batzu 25, eta beste batzu 35 urte honetan ere, Sobietar Alderdikide izan dira. Xehetasunez ezagutarazi dutenez, Moskuk gaur des-letonitarkuntza, alegia, letonitar herri-nortasunaren suntsiera, darama aurrera («assimilation forcée» aipatzen dute, frantsesezko itzulpenean); eta egoera eta jokabideak hitz gutxitara bilduz, hau diote: Letonian «txobinismo errusikoiaren aitzekia bihurtu da leninismoa». Bidenabar esan dezagun: Letoniak 2 miloi lagun ditu; URSS osoak 240 bat miloi.

        Berklaf-arazoa gogorazi digute letonitar intelektualek. Berklaf zeritzana Riga-ko Komunista Alderdiko burua zen, eta beti saiatu zen errusitar-kuntza horren kontra jokatzen. Burruka horretan Komunista Alderdiko eta Gobernuko zenbait lagunen laguntza bildu zuen, eta hauek guztiek batera jokatu zuten Moskuren kontra. Krutxefek hori ikusita, bera joan zen Rigara, «letonitar txobinismoa» salatu zuen, eta bai Berklaf bai beste 25 alderdi-kide bota zituen kanpora.

        Geroztik gauzak ez dira Letonian ondu. Goiko postuetan errusitarrak dira nagusi. Lehendakari eta Zuzendarien ordezkoak beti eta derrigorrez errusitarrak dira; eta Letonian buruzagi izateko errusiera ezagutzea beharrezkoa bada ere, letoniera jakitea ala ez jakitea berdin da. Riga-ko Lehen Ministroa, era berean, letonitarra izanik ere, errusieraz mintzo da beti biltzarretan; eta inguruan dituen laguntzaileek, Errusiatik etorri direnez gero, jakin ere ez dakite letonieraz. Goitik ematen den etsenplua, horretara, letonitar nazio-nortasunaren kontrakoa da arras.

        Hamazazpi intelektualek diotenez, hauxe da egoera zifratan. Letoniako Barne-Ministerioan, % 80-ek ez dakite letonieraz; merkataritzan ari direnen artean % 49-ek ez dakite; osagileen artean, % 65-ek. Eta lantegietan hauxe izaten da egoera normala: langileak letonieraz ari, partiduko arduradunak eta lantegi-buruak errusieraz.

        Rigako jendaketa gero eta errusitarrago da. 1959-rako letoniarrak % 45 besterik ez baziren, 1970-an % 40 baizik ez dira; eta Letonia osoan, % 62-tik % 57-ra pasa dira letonitarrak.

        Horra hor, hitz gutxitan, hamazazpi letonitarren txostenaren laburtzapena.

 

 

        Berri hauek, halere, ez zaizkie batere «berri» URSS-eko politika-bidea pitin bat ezagutzen dutenei. Abdurakhman Avtorkhanof-ek 1965-an argitara zuen ikertzapen argitsuan xeheki eta dato-iturriak etengabe aipatuz azaldu zuenez, gaur Letonian ezagutarazi diren gertakari eta zifra horiek, jeneralak dira beste anitz lekutan; eta egoera txarragorik ere badago (Kazakstan-en eta Kirghizia-n, esate baterako).

        1917-ko Iraultza gertatzean, zarismoaren basakeriak zeharo ukaturik, oso indar handia zuten Mosku-ren kontrako abertzale mogimenduek URSS guztian; eta Leninek bazekien. Komunista buruzagiak ez ziren beti errusitarrak: bi ezagunenak aipatzekotan, esate baterako, Stalin georgitarra zen, eta Krutxef ukraniarra.

        Lehenengo urteetan, horrela, 1920 inguruan alegia, Moskuk herri ukatu eta zapaldu horien aldeko politika eraman zuen aurrera; eta, esate baterako, sekula idatzi ez ziren hizkuntza batzu idatz-arazi egin ziren, eta eskolara sartu. 1922-ez geroztik, halere, Leninek berak aitortu zuen errusitar inperialismoaren piztea somatzen-edo zuela; eta hil arte kezka eta bildur honetan tematurik egon zen.

        1940 orduko suntsituak ziren haserako errespetu-joera haiek; eta geroztik URSS-en ikertzaile guztiek azaltzen dutenez, errusitar inperialismoa gero eta indartsuago dago; eta marxismo-leninismoa eta errusitar kultura-moldeak berezi ezinak dira.

        1945-ez geroztik, beharrezko bihurtu zen errusiera eskoletan; eta ez beti bigarren mailako hizkuntza gisa. Letonian, adibidez, «bimintzo»-dun eskola asko dago: alegia, haurrekin batera letoniera eta errusiera erabiltzen dituzten horietakoak. 1963-an Letonia-ko 75.000 letonitar haurrek «errusiera eta letoniera batera» ikasten zuten 240 eskolatan.

        Errusitar-kuntza-politika honi «internationalisation» eta «lutte contre le sous-développement idéologique» deitu diote Moskun. Letonian, jakina denez, oso komunista gutxi dago, Errusian daudenen erdia baino gutxiago arabera: Errusian % 5,4 dira Alderdikoak, Letonian % 2,4 bakarrik. Hizkuntza ofizialean honek oso «politika-jakintza ahula» erakusten du; eta horretatik heldu da Letonia «internazionalizatzeko» beharra.

        «Internazionalizazio» horretan, taktika ezaguna eta nasaiki erabilia da jendetzen ekarrera eta aldaira. «Mugarik gabeko gizarteruntz» ausarki abiaturik (ikus 1961-ko erabaki nagusiak), eta «txobinismo hertsiak» hiltzekotan, Komunista Alderdia orain dela 11 urte erabaki zuen jokabidea betetzen da alor honetan (= «intensification de la politique des migrations massives»). Gauzak horrela, errusitar jendea bidaltzen da Errepublika horietara. Rigan, esate baterako, eta 17 intelektualek azaldu dutenez, urtero doaz 25.000/35.000 lagun, gehien gehienak errusitarrak izaki (Errusiak 117 miloi lagun izaki, ez da hori zaila).

        URSS-en eslabitartzea, horrela, beste izen batzu erabilita ere, goitik agindutako bideetatik obratzen da gaur; antzinan zarismoaren garaian paneslabismoaren helburuei buruz bezalatsu. Eta «eslabitar kolonizazioa» aipatzen delarik, egia hutsa aipatzen da.

        Molde berriko kolonizazio hori azaldu du letoniar intelektualen txostenak. Europan entzuna izango ote da? Geroak erranen.

 

(1972)

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Euskal Herritik erdal herrietara" orrialde nagusia