LIBURU BAT GALES-I BURUZ

 

        Inglesez dakiten euskaltzaleei liburu bat gomendatu nahi nieke bihotzez: Ned Thomas-ek argitara berri duen «The Welsh Extremist» deritzana (Ed. Victor Gollancz, London, 1971). «Euskeromano»on kontra mintzatzean gorrotoaren lerdea darien ezkerkoi batzuek, liburu hau irakurrita ezin garrazkiago sufrituko lukete; argi-eta-garbi agertzen bait zaio irakurleari guk, «euskeromano»ok ditugun «setak», «temak» eta «racismoak»; eta berek duten sasi-abstrazioa eta urrundu-nahia, ez direla gaurko Europan... eguneroko ogia besterik! Orain dela 50 urtekoen eguneroko ogia izan ziren bezalaxe!

        Galestar sozialista gazte bat da Ned Thomas: 35 urte. URSS-en bizi izana, berriki Gales-a bihurtua, bere herriko pizkundean orain dela oso gutxi abiatu da: hiru urtez geroztik ez besterik.

        Galestarrak (Kymri-tarrak esanez atseginago izango gatzazkie, «Wales» hitza, inglesa denez, arrotz baitzaie) bi miloi eta erdi lagun dira; eta Bretaña Nagusiko Mendebaldean bizi dira, Irlandarekiko aurrez aurre. Bi miloi t'erdi horietatik, 650.000-k dakite gaur kymri-eraz. Orain dela 50 urteko estadistiketan ageri zenez, 1921-an 930.000 lagun mintza zitezkean kymri-eraz. Hizkuntza, beraz, atzera ari da aspaldidanik: 50 urtetan % 30 galdu. Inglesa da lege-hizkuntza bakarra 1536-ez geroztik. Hiriak ditu galduenik: Cardiff, esate baterako, ikatzaren kaia, 275.000 biztanle, osoki dago inglesturik; eta Swansea-n, 160.000 biztanle, 25.000 inguru kymri-dun aurki daitekeala dio Thomas-ek: hau da, seirentsu bat. Herri txikietan eta nekazarien barrutietan proportzioa haundiagoa da. Kondairan lehenengo aldiz, Gales-ko abertzaleek ba dute gaur deputatu bat Londres-en (bakarra, dena dela, beste 35 galestar deputaturen aurrean).

        Emigrazio-herrialde bat da Gales, ikatz-eskualdeetatik at batez ere. Ned Thomas-ek dionez, urtero 10.000 lan-postu galtzen dira.

        Galestar sendimenduaren azkartzea, eta Londres-en kontrako joera, biak batera jakina, XIX mendean sortu ziren. Ehun urte haietan, 8.425 liburu argitara ziren kymri-eraz (alegia, 84 liburu urtekal, batez beste) eta gaur 150 liburu agertzen dira urtero. Euskal Herrian baino aisa gehiago, beraz.

        Hizkuntzaren gainbehera ez da gelditu, halere.

        Eskoletako paretetan hau irakurri izan da eskuarki: «Welsh Not» (alegia: Kymri-erarik ez). Eta gure arteko eraztunaren zigorra, zurezko koilarearena bihurtu zen Gales-en: zurezko kutunaren koilera zeukan haurrak, kymri-eraz hitzegiten entzuten zuen beste haur bati pasa zizaiokean, eta honek berebat beste bati, eta abar; eta horretara, azkenekoz koilare hura zeraman haurra, makilatu egiten zuen eskolako maisuak. Jokabide «demokratikoa» omen. Gertakari hauek «fazismoa»ren bidez azaldu uste dituzten ezkerkoi erderomano horiek zer dioten jakin nahi nuke; Londres-en, nik dakidanez, ez baita inoiz «fazismo»rik izan! Ezta kapitalismo haundirik ere 1536-an.

        Baina izokiak errekan eta uxolean gora bezala, galestar pizkundea ere kontrakarrean ari da, baina gora; eta Kymri-erarekiko gogoa poliki-poliki zabaltzen hasi da Gales-en. Ez herri xehean oraindik, hau eskolaren, ustekerien eta mass-media mota guzien jopua delako. Baina bai ikasleen artean eta galestar ikasien artean. Ingles sozialistak, galestar mogimenduan ezer funtsezkorik ezin atxemanik, atzera doaz gaur baita ikatzaren eskualdeetan ere; eta hauetan beretan, aldiz, galestar abertzaleak aurrera. Gales-ko Labour Party-koek «fazismoa» eta «atzerakeria» salatzen dute abertzaleengan. Galestarrak, ordea, ez dira gaur eskuindarrak. Dinamika dakarren gazteriak, horretara, hautakizun bakar bat dauka begien aurrean: abertzale eta sozialista-berri izan; ala ingles inperialista eta paleo-sozialista. Eskuindar kilikaldirik ez dator-eta gaur. Gales-ko abertzale gazteak, hortaz, askoz hobeki moldatzen dira «New Left» delakoarekin (Ezker Berria-rekin), Labour Party-ko «apparatchiki»ekin baino. Hauek gertu daude (eta ez beti!) Naga-tarren edo Uzbek-tarren alde mintzatzeko, urrungo aferak direlako hain zuzen; baina bertako galestarren kontra mintzatzerakoan, ez dute aski hitz gogorrik eta bortitzik aurkitzen hiztegian!

        Hizkuntzaren garrantziaz jabetzen hasiak dira gazteak; eta hauen izenean lerro hauek idatzi ditu Ned Thomas-ek; «It is a revolutionary act to revive the Welsh language in Wales».

        Zein hizkelgi edo dialektoz mintza, ordea? Ezen han ere Kymri-era anitz hizkeratan zatiturik baitago: «mila pasadizu entzun daiteke han eta hemen —dio Thomasek— Iparraldeko eta Hegoaldeko galestarrek, ezin elkar ulerturik, inglesera jotzera behartuak». Eta abar. Teknikari buruz, eta tresna eta ideia berriei buruz era berean, kymri-dunak ez daki askotan nola esan esatekoa. Eta, alderantziz, hizkuntzak bide seguru bat eman lizaiokean puntuetan, eskolarik eza dela-ta, zalantzan egon ohi da hiztuna den herri xehea, ideiak inglesez taxutzen, prestatzen eta azaltzen erakatsi zaiolako.

        Denen kontra jokatuz, beraz, kymri-era oraindik bizirik dagoen herrialdeetan, zenbait ikastola sortu da kymri-eraz. Bigarren erakaskintza-mailan, berriz, lau lizeo daude gaur: bi Glamorganshire-n, eta beste bi Flintshire-n; eta hauetan kymri-era mintzabide eta ikas-tresna izan dedin saiatzen ari dira «ahalik eta gehienik» («children are taught mainly through the medium of Welsh» dio Thomasek).

        Hizkuntza galduago dago Hegoaldeko ikatz-mien lurraldeetan, baserrienetan baino, jakina. Baina abertzale pizkundeak, hastapenean hizkuntza bizirik dirauen herri txikietan ez besteetan hoziturik, gaur itsatsi egin du Gales guzian; eta Hegoaldean ere iparraldean hainbatsu abertzale aurki daiteke Thomas-ek dionez, eta hizkuntzaren ikasleen artean «kymri-dun-berri»rik ez gutxi.

        Ned Thomas-ek dionez, Bretaña Nagusiko sistemaren barruan Gales-entzako irtenbiderik ez dagoela uste du gaur gazte askok; eta «Plaid Cymru» alderdi zaharra (alegia, adinetako abertzaleen partidua) gero eta ausarkiago maiseatzen dute. Gazteen artean, beti Thomasen ustez, bi joera daude gaur: batak, dio, Gales-ko Armada izkutuaren ingurukoek bereziki, indarka eta bortxaz nahi du jokatu; eta besteak (eta Ned Thomas-ek berak ere bai, itxura denez) Gandhi-ren bidetik jokatzea nahiago luke. Baina batek eta besteak Londres-ko Parlamento-tik at, eta legetasunaren jokotik at, ikusten dute bidea; eta, honengatik, Plaid Cymru-ren aurka daude; eta honen legetasun-nahia eta sistema-barne-nahia kondenagarri eta denbora-galtze hutsa iruditzen zaie. Eta Thomas-ek berak azaltzen: «Egia esan, Gales-i eman zaizkion lege-laguntzak, bai Konstituzioaz bai hizkuntzari dagokionez, ugariago lortu dira bonbak eta istiluak gertatu direnean, inoiz baino».

        Alderantziz, Plaid Cymru-koek «Free Welsh Army» delakoak osoki kondenatzen ditu, eta erotzat hartzen. Gales-ko abertzale gogorrenek, horretara, kontra dituzte bai Playd Cymru-ko legezaleak bai Londres-ko aparatoa. Biak ados dira gazteen jokabideak zapuzteko.

        Bortxaren aldekoak hasiak dira organizatzen; eta bortxa-giroa 1969-an sortu zen lehenengo aldiz. Urte hartan, Londres-ko gobernuaren batimenduan (Abergele herrikoan, Iparraldean) jarri behar zuten bonba eskuetan leherturik, bi abertzale gazte hil ziren, martirien lerrokada hitsaren «bi lehenengo izenak» idatziz, Thomas-en hitzez esateko. 1969-ko udara hartan berean, Gales-ko Armada izkutuaren kontrako hauzia izan zen Swansean. Hauziaren erdian etendura bat gertatu zen, entzule zegoen jendea zutitu egin zen bapatean, eta hauzitara eramandakoekin batera kantatu zuen berotasun harrigarrian Gales Askatuaren himnoa. Londres-ek garbiki ulertu zuen (nahiz aitortu ez badu ere) FWA-ren ekintza gogorra ez dutela galestar guziek gaitzesten.

        Gwenallt idazlearen biziera eta gorabeherak ikusita, ezinezkoa izan zait Rikardo Arregiz ez oroitzea.

        Beste mila xehetasunetan gogoeta-iturri bikain aurkitu dut neuretzako; eta irakurleak ere aurkitu egingo luke, ene ustez.

        Oso jakingarriak, beraz, Ned Thomas-ek Gales-ko «neurosis» ezagunaz (hitz hau berau erabiltzen ez da herabe Tomas, eta lasai erabiltzen du) ematen dituen berriak. Batzutan guretzako propio idatzita dirudite.

 

(1971)

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Euskal Herritik erdal herrietara" orrialde nagusia