EUSKALTZALEEI MINTZO

 

        Gure hizkuntzaren egoera ikusi, eta pozkarioz barrena mukurru betetzeko oinarririk aski ez badago ere, hileta jotzekorik ere ez dagoela uste dut. Euskararen etorkizuna arras urdina izan ez arren, apur batez bederen argitu da azkenaldi honetan; eta orain dela urte batzutako zeru goibel lanotsu hartan, ostarte eder bat urratu zaigula esan daiteke.

        Aurrera nahi baldin badugu, ordea, geure akatsen eta ahulezien azterketa kupidagabea egiten ikasi behar dugu. Horregatik mintzatuko natzaie gordinki euskaltzaleei neure honetan; beharrezko kritika horren ataltxo bati buruz izango ez bada ere: mintzairari berari nagokiolarik.

        Oraintsu arte gure hizkuntzaren pizkundean nagusi egon diren joerak, anitz aldiz esana denez, hauetxek dira: garbizalekeria batetik, eta mordoilokeria bestetik. Hots, nahiz zientziazko ikertzapenaren mailan bai lehenengotik bai bigarrenetik irteteko bidea txit funtsez prestaturik egon, euskara izkiriatuaren eta mintzatuaren mailan (ikastoletan, aldizkarietan, liburuetan, irratsaioetan, teatroan, euskal kanta berrian) aspaldidaniko eztabaida alfer eta arloteetan murgilduta bide gaude; eta alderdi batekoen eta bestekoen irizpideak, oraindik ere, aspaldiko bi joera nagusi horietan finkaturik agertzen dira. Euskararen zientzi-ikertzapenak argitu dituenak oro, horretan, liburuetan utzi eta ahantzi nahi bide dira; zientzi-idorokundeak eta eguneroko beharrak bi mundu berezi bailiren. Berezketa funsgabe horixe da, ordea, zientzi-aurreko jendataldeen ezagugarria; eta hutsune horretan ageri da ongienik euskaltzaleen multzoa (ondikotz!), osoan hartuta, arlote-alditik oraindik irten ez dela.

        Eta arloteriatik soilki ez, gainera. Zeren-eta garbizalekeria eta mordoilozalekeria errotik aztertzen baldin badira, hau agertzen baita garbiki: bai garbizale bai mordoilozale izateko, erdara ezagutu eta euskara ez ezagutzea aski dela. Ekuazio modura izkiriatuz:

        Garbizalekeria = (erdara) x (-1)

        Mordoilozalekeria = (erdara) X (+1)

        Bata eta bestea, hitz batez, erdarari begira eta erdararen arabera mamituak dira; eta euskararen ezagueratik at.

        Berrogei-ta-hamar urte honetan, ordea, Azkue-ren, Lafon-en eta Mitxelena-ren bitartez, Eusko Ikaskuntzaren, Urkixo-Mintegiaren eta Euskaltzaindiaren bitartez, han eta hemen burutu eta argitara diren azterketen bitartez, euskararen funtsa eta izana zuzenki ikasgarri bilakatu da. Ez gara 1900-an, eta orduko bekatu berberek 1974-an ez dute barkaziorik. Iturri horietara jo behar, ordea, bilatu egin behar, eta, bilatu eta aurkitu ondoren, ikasi egin behar. Eta euskararen jitearen arabera, geure euskara landua eta batua moldatu eta osatu.

 

 

        Garbizalekeria osoki onartu nahi ez arren, zalantzarik ez dago: euskal atzizki edo sufijo ugariak erabiliz, oso adierazkizun zehatza duen hitz berri anitz asma daiteke, arras egokiro, ezertxo ere bortxatu gabe. Erdaraz ahantzirik ere, beraz, ideia berrien araberako hitza franko sor daiteke. Honetarako gaur arteko hiztegi jatorra hausnartu behar da; eta euskal morfologiaz prestatu diren lanak xehe-xeheki ikasi eta erabili. Geure burua jantzi ondoren, euskara-ikastaldietan parte hau sartzeko garaia etorri zaigu.

        Beste muturrean, eta mordoilokeriara lerratzeko batere asmorik gabe, onartu egin beharra dago erdaratik etorri eta sustraitu egin den hitz asko. Are gehiago ere: zenbaitek nahi ez badu ere, geografi eta kultur-egoerarengatik, hitz asko eta asko du euskarak bi erdara hauzoetatik harturik, eta ondoko urteetan ere ausarki hartuko duela dirudi.

        Nola hartuko, ordea? Erdarazko beren horretan? Eta hemen, lehenengo aldiz ez bada ere, argi-ta-garbi bir-emango dut neure iritzia: zientzi-hitz berezi-berezietan izan ezik, erdarazko beren horretan ez-baina euskaldundutako moldean behar direla hartu: Hortaz: erdaratik euskararako fonetika-bideak aztertu behar dira, eta beharrezko bahituretan baliatu. Kapitulu hau ere, beraz, euskara-ikastaldietan sartu beharra dago.

        Jokabide honen funtsabidea ez zait zalantzazko iruditzen: Euskal Herriak bere unibertsitatea sekula izan ez duenez gero, euskal fonetika jatorra, morfologia eraikitzailea, eta euskal meatzik oparoenak nahi-ta-ez bilatu behar dira herri xehearen altxorrean: hiztegi zaharra, leku-izendegia, bertsolarien ekarria, herriaren hizkera «apaindura»rik gabe biltzen saiatu diren euskaltzale finen lanetan, eta abar. Unibertsitate-sokarik ez izanik, horra hor gure harrobi bakarra, edo nagusia bederen.

 

 

        Fonetikari dagokionez, bereziki, euskaltzale zuhur guztiek ezagutu behar lituzkete Mitxelenaren lanak («Fonética Histórica Vasca» batez ere). Herriaren hots-joerak errespetatzen saiatua delako, era berean, arras aztergarri zaizkit «Auspoa» sortak argitara dituen bertso-paperak. Hauetan eta hartan dut aspaldi honetan bildurik neure «Sustrai Bila II»aren habe nagusia izango den herri-sustraia.

        Etxahun-ek, esate baterako, Barkoxen «venger» (fr.) entzun eta «menjatü» itzuli bazuen; eta Iturzaeta-k, Azpeitian, «vengar» (esp.) entzun eta «mengatu» itzuli, haserako [b->m] aldaketa etengabe horretan badago zerbait oso irmorik. Batez ere behin eta berriz gertatzen delarik: minagre (= vinagre, vinaigre), mandil (= bandido, bandit), mainu (= baño, bain), menta (= venta, vente), makailau (= bacalao, morue), eta abar. Noruegan «wash» baztertuko luketen bezala («vask» onartuz, oker ez banago), guk «minagre» onartu behar dugu (edo «ospin»), baina inolaz ere ez erdal «vinagre» bere horretan. Fonetika-lege horiek jarraitu-beharra gaur arte inolako Akademik proposatu ez badu ere, orain badugu zientzi-bidez eta euskal senaren arabera fonetika-lege horiek finkatzeko eta bete-arazteko garaia.

        Beste adibide bat emateko, Etxahun-ek Zuberoan «delonzatü» esaten zuenean, eta gipuzkoar bertsolariek «alimo!» eta «albiente», aldaketa-mota jeneral horren sustraian, zelebrekeriarik eta kankailukeriarik ez-baina euskal fonetika-lege berbera datza: bi sudur-hots elkarren ondoan gertatzen direnean (erdarazko hitzean), euskaldunek «l» bihurtzen dutela lehenengoa: lonbratu, izelonbrea, lumero, malso, fulamentu, pesalunbre, Jerolimo, galamu, baita... Etxahun-en «filosomia» harrigarria (= fisonomia). «Irabazkin» erabiltzen ez bada, beraz, «galantzia» erabili behar da, baina inolaz ere ez «gananzia».

        Karkulu, mordatu, komurgada (Iturzaeta), kurpitu, konpritu, eta abar, [1->r] aldaketaren lekuko dira. Zergatik aurrerakoan lege hau gaur geronek ukatuko?

        Haserako [k->g] aldaketa, bide beretik, oso jenerala izan da: ganbiatu, galbario, glaramentian, gonbiratu, Gaztela, gomertsazio, gorbata, gorte... Baita alderantzizkoa ere [g->k]: kastu, kolpe, kitarra... Ezjakinek bezala euskara batuaren bultzatzaileok farregin beharrean, oso zinez beharko genituzke aztertu. Gauza bera [t-> d]ri dagokionez: «Diburtzio» ez baitator bakarrik, baina «daratulu» eta «dorre»rekin batera.

        Gure «Ijentea» eta «ijeniyo» jatorrek, berebat, berehala ukatzen dute «inkenieru» itsusia (baita «asmatzaile» desegokia ere), eta «ijeneru» idarokitzen.

        Freud-ek eta Piaget-ek hutsak eta gaizki esanak ikertuz eman erazi dizkiote Psikologiari urratsik handienak. Guk geronek ere, kolonizatuaren beldurrak aldebat utziz, baserritarren eta bertsolarien «gaizki esanak» (?) oso seriotan aztertu behar ditugu, okerreria horietantxe baitatza euskal fonetikaren eta muinaren kakoa, baita geroko gure hizkuntza batuaren atal gaitz batena ere. «Herrikoi» hitzak hau adierazten du gaurko Euskal Herrian.

        Euskaldunen «paastu» hitza (ez «pasatu»), interesgarri iruditzen zait euskalbiderako; eta gauza bera, etsenplu batzu ematekotan, gure «pedriko» («pheredikü» zubereraz), «erronkoso», «goardazobil», «ausuluzio», «ausentu», «kleitu» (= crédito, crédit), «erretolika», «notezi», «libertigarri», «komenentzi», «esperentzi», eta beste anitz eta anitz. Aski izan bedi gaurkoz.

 

 

        Baina hiztxo bat esan nahi nuke adjetibo edo izenlagunei buruz. Erdarak goitik behera itota gauden geure honetan, euskal adjetiboen piperra eta ugaritasuna ari dira egunetik egunera kaskartzen. Eta gisa da. Ez da gisakoa, ordea, euskaltzaleok, arreta beti gutartera etsaiak isuri duen kezkatan kokaturik, hiztegi ahuldura horren kontra ezertxo ere ez egitea. «Desabrido», «pelma», «desobediente», «tramposo», eta beste holako mila erdarakada entzuten dugu lasai... «euskaraz» (?) ari garelarik. Non gelditu dira, ordea, gure «zakar», «kapar», «erien», «arrakero», eta gainerakoak? Nork gogorazi beharko ditu gure «geldo», «txirripistin», «marrajo», «zipotz», «kaskagor», «troskoilo», «matraka», eta abar, geronek egin ezik?

        «Ez dakigu zer diren», erantzun duke norbaitek. Eta ene errepika ez da oso luzatuko: hori geronek, euskaltzaleok alegia, piztu behar dugula. Ez zaigu, ez, «mana» gisa, zerutik etorriko. Lasai egon!

        Lanerako dei bat da, beraz, artikulu hau. Nor harri liteke, ordea?

 

(1974)

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Euskal Herritik erdal herrietara" orrialde nagusia