LEPORAINO!

 

        Aste honetantxe gertatu zaizkit ilaran. Egun batez, ikastola baten ondoan, gurasoak eta ikastolaren bultzatzaileak berak barra-barra erderaz ari. Beste batean, euskaltzale pare bat harriturik ikusia, geure etxean euskera hutsez egiten dugula jakinda. Hirugarrenik, oso «gogor» horietako baten etxean denak euskaldun gertatu («gogor» hori ezik), eta «gogor»arengatik erderaz denok. Eta laugarrenik eta azkenik, euskal izena eta asmoa dituen elkarte bateko biltzarrera joan, denak euskaldunak («gogor» horietako bat ezik), eta denok erderaz egin behar. («Gogorra», bera dudarik gabe, eta ez gu; baina ez uste duen aldetik...).

        Nork ez du horrelakorik egunero ikusten? Hots, jakina denez, LEPORAINO GAUDE!

        Zer da, ordea, eginetara gabe, leporaino gaudela esatea, geure burua kondenatzea eta irrigarri uztea baizik?

        Geure artean geuk ere egiten ditugu erdaldunak lehenengo mailako herrikide, eta euskaldunak gizajo baztergarri. Guhaurk ere, etsairik zitalenek bezalaxe, masaileko mingarriak ematen dizkiegu egunero euskaldunei. Nor harri diteke gero, hortaz, prestuki mintzatzekotan bederen, gertatzen ari dena eta onhartzen duguna beste batzuk teoria-gisa agertu badute? Gaurko euskaldunok erderaz elkar ulertzen dugula gordinki esan duten horiei, guharuk erakutsi diegu bidea, pratikan hori egunero geuk erabiliz, eta behin eta berriz euskaldunen artean erderaz mintzaturik ontzat emanez. Errua guhaurk dugu, zuk eta nik biok, eta honek eta harek, eta denok, «gogor» horiek (euskeraren kontrako bermetasunean ezin gogorrago eta abilago) geure artean irribarrez eta erderaz errezibitzen ditugulako. Guhaurk mespretxatzen ditugu euskaldunak horiei sarrera emanez, eta erdaldun bakar batengatik («elkar ulertu beharrez», bai, orain salatzen diren batzuk esan duten berbera...) hamarrek lotsarik gabe erderara jotzen dugun bakoitzean. Zer ari gara soinekoak urratzen? Ez gaitezen faltsu izan. Urkabera geu aurrenik; euskaldunak gehien garen biltzarretan, euskeraz egin behar bait da, zer gerta ere. Eta pozik ez dagoena irten dedila, eta baketan utz gaitzala.

        Frantsesik gabeko Quebec-ik eta flamenkerarik gabeko Flandes-ik ez dagoen bezalaxe, euskerarik gabeko Euskal Herri-rik ez dago. Hots, guhaurk behar dugu hori nortu eta obratu geure buruetan. Hau egin artean ez dago ezer itxaroterik geroan, gure amaia ezik. Zeren-eta helburua jokabideak mugatzen eta baldintzen bait du. Zuek, «gogor»rok, beste gauza «inportanteago»tan ari zareten erdaltzale nazkagarriok, LEPORAINO GAITUZUE. Leporaino.

        Eskuindarrek ez dute hau onhartzen («no estamos de acuerdo con ese extremismo» diote, erdera «extremoan»). Eskuindarrek, eta «hay que distinguir la praxis individual de la praxis colectiva» diotenek, ez dute hau onhartzen. Beti pentsatu izan dute eskuindarrek, eta orain gauza bera, herriaren-TZAT jokatu behar dela, eta ez herria-REKIN. Honen ondorioa garbi dago; aginteaz nagusitu gabe ez dago ezer egiterik. Egon egin behar artean. Eta gero «goitik» dena konponduko.

        Ez da hori, ordea, inun gertatu. Herriarentzat joka ahal izateko, herriarekin jokatu behar da hasieratik. Alegia: herriak behar du nahi izan.

        Beste hitz batez: ezina da, bai moralaz eta bai kondaira-legez, «goitik» herri bat hizkuntzaz aldaraztea. Asmo hauek gezurra eta tentazioa dira. Lehendabizi nahia dator, nahiaren hazia. Euskal Herria ez da «gero» nahi-ta-nahi-ez euskaldunduko. Euskal Herria barnetik eta beheitik, herriarekin, euskaldunduko da; ala hil egingo da. Aurrenik, beraz, gaurdanik beretik (ez bihar), geure artekoa behar dugu euskaldundu; eta gero, legamiak orea bezalaxe, gainerakoa. Laguntzak laguntza dira. Lehendabizi geure buruetan nortu behar dugu dioguna. Ez dago besterik.

        Bere burua euskalduntzat daukanak (areago euskaltzale izan nahi duenak) gauza bat egin behar du aurrenik; aurrenik, bai, eta ez bigarrenik edo hirugarrenik: euskeraz jabetu, euskeraz hitzegin eta erdera bere ondotik uxatzeko eran jantzi. Ez dago, ez da egia, premia haundiagorik duen eginkizunik: bere herriarekin hitzegiteko interprete bat behar duena, arrotz bat da; eta ezin daiteke gurean ez buru eta ez buru-orde izan, ezpada gurekiko etsaitasunean.

        Euskal Herria erderaz, hila litzake; eta, era berean, euskaldunak eta euskal elkarteak hilak dira erderaz, eta heriotza zabaltzen dute. Hau konprenitzen ez dutenez, J. M. Léger quebec-tarren hitzez esango dut: «c'est ne rien comprendre á ce qu'est vraiment une langue et tout ignorer des exigences de la survivance d'une communauté nationale».

        Ez hilak bakarrik: hiltzaileak ere bai. Ezen minbiziaren zelula gaistatuak bezala, hedatzen dute horiek ere beren inguruan Euskal Herria suntsiaraz dezakean gaitza, eta bazterrak oro kutsatzen, lardazkatzen eta hondatzen. Betekizun premiatsuagorik ez du euskaltzaleak euskeraz nagusitzea baino. Hau ukatzen dutenak, ordea, geure muinetan beretan ditugu maizegi, euskeraren etsaien morroin fin gisa txertaturik.

        Ez dago mundu honetan bere etsenpluaz mintzo ez den predikari onik. Leporaino gaude, horrengatik.

        Okerragorik ere gertatzen da «bilinguismoaz». Beren inguruan erdera hutsez mintza-arazten duten «gogor» horiek berek ez dute «bilinguismo» hitza entzun ere nahi... Eta «bilinguismoa» proposatzen dutenak kondenatzea nahi luteke. Nik, ordea, euskeraren etsai gogor hauek kondenatzen ditut aurrenik eta kupidarik gabe. Zer eskubide dauka elebiketa gaur gutxiesteko eta salatzeko bere inguruan erdal monolinguismorik hestuena eta gogorrena erabiltzen duenak? Ikas dezatela hauek euskeraz lehendabizi; ala joan daitezela pikutara. Ez ditugu behar. Eginak, «praxis» behar dugu.

        Gure herriaren zoritxarrez eta eskubideez hitzegiten has ahal izateko, lehen puntua erderaren zabalkundea geure buruan eta geure inguruan arras geldi-araztea. Hau gabe, farsa hutsa da gainerakoa.

        Gazteetan dut neure esperantza bakarra. Zerok, Euskal Alfabetakuntzan ari zaretenok, hemengo eta hango euskaldun berriok, ikastoletatik ateratzen ari zareten euskaldun gazteok, zarete LEPORAINO gaudenon esperantza bakarra.

        Zerongandik espero dugu, bai, aurrerakoan euskaldun ez den antzindaririk batere gure herrian ez duzuela jasango. Zerongandik espero dugu «gogor» erdaltzale horien garbiketa eta betirako suntsiera. Zerongandik ere honenbeste farsa, faltsukeria eta gezurren amaia. Zerongandik, azkenik, gure kondaira tristean lehenengo aldiz, guztiz eta osoki, euskera mintzatuari eta nortuari oinharritasuna ematea. Ez gara gauza izan lehenagokoak akats larri honi nagusitzeko. Bigunkeria eta sasi-abileziak nagusi, goreneko postuetan eta euskaldun izeneko elkarteetan erdaltzale amorratuak irentsi ditugu.

        Agian zuek ez!

        Agian zuek izango duzue farragarri uzteko eta probokatzeko ausardiarik! Agian halakoekin interprete bat eskatzeko kemenik! Agian gure elkarteetan kokatu zaizkigunak zokoratzeko bihotzik! Agian bai! Agian mila bider!

        Guk ez ditugu izan gaur arte.

        Baina leporaino gaituzte. Jakizue bederen argi-eta-garbi.

 

(1970)

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Euskal Herritik erdal herrietara" orrialde nagusia