ULTRA-NAVARRISTEI GUTUN AGERIA

 

        Ustez hila eta ehortzia, horra hor bizirik aspaldiko nafarkeria delakoa; nafarkeria diot, eta ez nafartasuna; alegia, erdaraz «ultra-navarrismo» deritzana.

        Del Burgo-k, Aizpun-ek eta gainerakoak diotenez, ez dute berek Nafarroa txikiratu nahi; osoa, handia eta askatua nahi omen dute; ez «gizonez» osatua («no queremos ser guizones») hartu dute ultra-navarrismoaren ezagugarritzat; eta ez Euskadiren kateek herbal, katibu eta maingu...

        Eta batzuek, gutxienek nik uste, sinetsi ere bai; eta Nafarroa beroiek bezain sakonki nehork senditzen ez ote duen somatu ere bai...

 

 

        Nafarroak ba du, ordea, mendiez bestaldera, Garazi, Oztibarre eta Amikuze eskualde zoragarrietan kokaturik, «seigarren merindade» deritzan herrialdea, bere jatorrizko nafartasunetik batere ez urrundua. Harluxet adiskideak orain dela aste batzu zorrozki salatzen zuen, «DEIA» egunkarian, ultra-navarristen hutsune harrigarri hori; zeren-eta baxenabartarrak nafartar ez izatekotan, zer ote dira? Eta nafartarrak badira, nola ahanzten ote dituzte horren aisa Del Burgok, Aizpunek eta gainerakoek?

        Mintza bekigu gaiaz Xalbador bertsolaria, Baxenabarreko bertsolaririk famatuena:

 

                «Naparroa-ko ginen

                Aldude-n lenago».

 

        Eta ekiten:

 

                «ez español ez frantzes

                bizitzen zen bera».

 

        Eta, ondorioz, hau esaten:

 

                «Arbolak, bizi deno,

                ba duke itzala,

                beraz, ba laike fruitu

                ekar dezakela;

                baina nork du nahiko,

                nork duke ahala,

                Aldude ezartzeko

                lehen zen bezala?»

 

        Baxenabarreko herri xeheak horrela senditzen du oraindik ere bere burua.

        Baina ultra-navarristek ez dakite ezer honetaz; garaztarrak eta amikuztarrak arrotz baitzaizkie, Moliére-ren eta Richelieu-ren ezpaleko «francés» huts...

        Besterik ere ba dago, ordea.

        Zuberoaren ondoan, Ekaldean; Erronkari, Berari eta Etxoko ibarrez bestaldera, Biarnoa dago («le Béarn» frantsesez), Pabe, Pau, Henric erregeren sorterri izandako herria hiriburu.

        Hots, Biarno horretan, folklorearen maila soilean oraingoz (nahiz hizkuntza-nahia ere somatzen), mogimendu errejiozale bat sortu da orain dela hamar bat urte: biarnerazko kantaren inguruan haseran, kultur izariaz hornitua ere segidan.

        Bestetan ere azaldu izan dudanez, bere burua «Prouclam de Siros» Agiriaren bitartez finkatu eta ezagutarazi zuen (1974) biarnotar mogimendu horrek, Nafarroara begiratzen du; eta esan ere egiten du Nafarroa aldera begira dagoela.

        Alexis Arette-k «Agiria» biarneraz irakurri zuenean (nahiz prentsari frantses itzulpena ere emanez), argi-eta-garbi jarri zuen sinbolo eta eredutzat Nafarroa-ko Henrike erregeren ekintza: Paris-ko gartzelatik ihes egin, eta Biarno aldera abiatu zen! Hots, «erregeren eskola egin behar dugu geure», diote goraki.

        Biarnotar horiek nafartar izan nahi lukete berriz, aspaldiko mendeetan bezala; Nafarroa pluralista zaharrean beren herri-nortasunaren segurtabidea ikusten baitute: «La nation béarnaise s'est développée suivant ses lois propres, jusqu'á s'unir á d'autres peuples au sein du Royaume de Navarre. Le fait d'étre politiquement des Navarrais, ne nous a pas fait perdre notre particularisme, au contraire. En nous distinguant de l'ensemble occitan, la Navarre nous a conservé Béarnais».

        Zer diote Del Burgok, Aizpunek eta gainerako ultra-navarristek fenomenu harrigarri honetaz? Honen garbiki mintzo zaizkigun Ipartarrei, nola ez dizkiete oraindik beren besoak zabaldu? Biarnoa, Errioxa bezala, Nafarroa izan zen. Gaurko biarnotarrek Iruñera begiratzen badute, zergatik ultra-navarristen «utikan» itsusi hori? Nafarroa osoa eta handian eskabide horiei erantzunez eraiki bailiteke hain zuzen.

        Egiazko nafartarrek eta euskaldun guztiek erantzun garbi bat nahi dute arazo hauetaz.

 

(1977)

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Euskal Herritik erdal herrietara" orrialde nagusia