SARRALZUNE
Mendi gaitzen altzoan, turistari parabisu berbera eta idilio-gune aproposa iduri, hauzo apala zinez Sarralzune: urruna, Euskal Herriko mendarte ahantzietako bakardadean ahantzia, Iridoi, Trutiguti, Irakurri, Liziaga, Bitola eta Zudu tontorren artean datza, ia hitz gabeturik bere bakearen sakonean, baserri arkaiko mordo bat. Bertan jokatzen ari denaren sinbolo-mamiaz ez-antsiaturik, arbelezko teilatuak ditugu lekuko isiltzat. Han itzaltzen ari baita gaur Euskal Herriaren atal xumea geronek ere, euskaldunok alegia, ez dakigularik. Hein batez, gainbehera doan gure herritasunaren eredu zait Sarralzunekoa, horretara, denetan argitsuena agian.
Non da, ordea, Sarralzune? Landa-ko hauzo urrun bat dela erantsiz ere, ezer handirik argitu ote dut Sarralzune ezezagun horretaz? Zeren-eta, Landa bera ere, non debru da?
Ez Landa eta ez Sarralzune daude «Euskal Herria»n, hain zuzen. Landa (= fr. Lanne) eta Sarralzune (= fr. Barlanés) Biarno dira, Zuberoa-ko Ekaldean.
Hots, Sarralzunen euskaraz egiten da gaur. Biarnoko Eskiulan, Oloroeren ondoan, bezalatsu.
Sarralzuneko berrehun baserritarrek demografiaren aldetik biziki pisu urria badute ere, «bitxikeria» guztiz garrantzitsua iruditzen zait. Orain dela urte asko (ikus ene «Huntaz eta Hartaz», esate baterako) ageri baitzait, gero eta garbiago, Pirineoan mendeetan zehar arrabotsik batere gabe itzaldu diren euskal giza-multzoen iduri zehatza dugula gaurko Baretus-en. Aramitze ondoko giza-multzo horiek, argi eta garbi esateko, bi aldiz daude gaur saihesturik eta ukaturik: euskaldunak diren aldetik, lehenengo; eta Euskal Herritik «kanpora» bizi diren multzo «odd» diren aldetik bigarrenekorik, geronek baztertzen eta ukatzen ditugulako. Tutera eta Lanestosa Euskal Herrikotzat dauzkagu; baina Eskiula eta Sarralzune ez. Arazo hauetaz izkiriatze soila «euskal inperialismo»an erortzea omen da! Administrazio-mugek bide dute munta guretzako, eta ez etniazkoek; erakatsi zaizkigun egia ofizialen funtzionario leial baikinen!
Pentsakera administraziokoi horren ondorioak ezin larriago izan daitezke; zeren herri batek ez-baina geografi-muga batek kezkatzen eta burubidatzen baldin bagaitu, Irlandako patua datorkigu, eta ez Finlandia edo Quebec-ekoa. Alegia, pasaporte desberdin bat nahi bide dugu aurrenik, atzetik herri-nortasunik ez badago ere; eta ez aitzitik, herritasuna eta euskaltasuna.
Hain zuzen ere, uste dudanez, okeginda dauka joera horrek belaun berria. Giza-funtsari areago begiratuz, pasaportekerien kontra dago, eta herritasunaren alde. Irlandako patua, hitz batez, osoki zaio negargarri, funsgabe eta zorakeria. Guri ere bai, noski.
Herritasun eta multzo-sustrai bilaketa honetaz, beraz, eta Sarralzunez nehor ere orain arte arduratu ez dela erreparatzean, nola ez zeharo kezkatuko; nola ez somatuko, izialdurarik larrienean, herritasunaren bilaketak ihes egin digula gaur arte, burokrazikerian barrena lerratzen ari baikinen, eta Sarralzuneren agur etsia baino barnago ez dakit nongo sasi-jakinduriak kezkatzen gintuelarik?
Sarralzune gainbehera doa.
Orain dela hiru urte bertako eskola hetsia izan delarik, Sarralzuneko haurrek Landara behar dute autobusetan. Eliza bera ere, bide beretik, zabarturik agertzen zaigu; eta ateetan armearma-sareen gotorrak erakusten digu mogimenduaren urria. Pirineoko herriska asko eta asko bezala, ekonomiaren eta herritasunaren mailan batera, itzaltzen ari da. Zerk mintzen zuen, hain zuzen, Pitrau «lehen hauzoa» herio-behar horrek baino?
«Euskaraz egiten ahal zaie haurrei?», galdetu dut. Ez da erantzuna luzatu: «Ez, ez. Hemen etxeko zaharrekin ez besterekin erabiltzen dugu euskara. Haurrei frantsesez egiten diegu».
Aramitzen, Aretan, Laskunen bezala, biarneraz ari da jende heldu guztia, kalean eta nun-nahi. Landan eta Berorize-n (= fr. Montory) berriz, «bietara», «selon les quartiers» Aramitzen azaldu zaidanez.
Hauxe da harrigarriena, ordea: Baretus-ko leku-izen nagusiak euskal kutsukoak badira ere (mendiak, errekak, bideak berak «Chemin de Herricherry» horrek nebarmenki adierazten duenez), Sarralzuneko baserrien izenik askok biarnesezko dirudi. Nork antzeman ote lezake, hortaz, Sarralzunera gabe, eta hau «Euskal Herritik kanpora» dagoelarik, bertan dena biarneraren nagusigoaren alde agertzen delarik, halaz ere euskalduna dela hor bizi den jendea? Geronek ere, garaikideok, hori ez badakigu; edo-ta, jakinik ere, «bitxikeria» hori geure muinondoan baztarrera botatzen badugu, zerk adieraz liezaioke inori geroan hortxe gaur ari dela euskal atal bat suntsitzen? Eta, beraz, Pirineo guztian bezala ezabatzen ari dela, lekukorik gabe, aztarnarik ere utzi gabe?
«La Haute Soule a reculé» azaldu digu geure berri-eroaleak. Baina ihespide eskuindar hau ez da egia: Baretus Biarno izan da beti, Aspe eta Urzari bezala. Hain zuzen ere sasi-azalpide horixe da eskema zaharrei eutsi ahal izateko jukutria. «Basaburia»ren atzerakada ipuin bat da. Egia harrigarria beste hau baita: Baretus-ibarra, Erronkari-koarekin hiru behien zerga izenpetu zuena, euskalduna izan dela; Uhatzandi, Errobi edo Oria bezala. De Smet bidaztiak guk baino asko lehenago zehazki ikusi zuenez, Biarnon ere euskaraz hitzegiten da. Hau ukatzea da «erdal inperialismoa». Baiestea, berriz, egia ohoratzea besterik ez da.
Jeruntze-n ore (= fr. Géronce) biarnes atzerakaldi horren aztarnak daude (Irizar-ek bazekien hau euskal dialektologia ikertzean); ezen gaur berton ere hango baserritar batzu bederen euskaldunak baitira. Gauza berbera Inhasi-n (= fr. Féas) eta Arhantze-n (= fr. Ance).
Eskiulako Herriko Etxeko dokumentu harrigarri bat argitaratuz (1861-koa) gauza berbera frogatu zuen Haritxelharrek 1969-an: Sanpe-Gainekoan (= fr. St. Pée d'Oloron), Inhasin, Arhantzen, Jeruntzen, Aramitzen, eta Eskiulan bertan jakina, euskaldun anitz zegoela orain dela mende bat, ehunka. Herriz herriko kopuru horiek aztertu nahi dituenak ikus beza: «Euskara, 1969-1970», Euskaltzaindiak argitaratua, 504 orrialdean.
«Ez ote da hori, ordea —galdegin dezake agian batek edo bestek— muga ondoetako bitxikeria horietako bat?». Ikertzapenaren araberako erantzunak, ordea, ez du zalantza izpirik uzten: ez.
Harri gorrizko Ahüñe ezin basagorako bidean, eta Sarralzunetik Ekaldera beraz, eta mendi-katearen Iparraldetik beti, leku-izen hauek aurki baitaitezke: Ibarri, Liorri, Aurizte, Guren, Bizkarrula, Urdeta... Eta oraindik harago: Garai, Larran, Urdax, Etxe, Lurbe, Bizarze, Andurte, Urdinze, Hundarreta, Ixerzen, Xurrut, Eigarri, Izaba. Eta orain ere haratago: Zakarrotz, Baztan, Baztanpe... Eta haratago, eta kutsu bera, nahiz bakantzen ari. Sarralzuneko egoera ezagututa, nork eskualde urrun haietan ere euskara halako batez gaur Sarralzunen bezalaxe itzalia denik zalantzarik izango?
Ez du folkloreak hau ukatzen, ezta bertako foruen gizalegeak ere.
Hots, aste hauetantxe hain zuzen, hona hemen argitara berria den antropologi-liburuan zientzi-gizonek izkiriatu dutena: «Les populations barégeoise (Baréges ski-herriska Bigorran dago, Tourmalet-eko aldapan, Baztan ibarrean, eta Sarralzunetik 110 Km.-tara Ekaldetik) et basque se singularisent encore nettement dans l'ensemble des populations blanches. Il ne s'agit pas seulement d'un phénoméne de convergence, mais bien d'une similitude d'origine qui prend toute sa valeur quand on sait que le Pays Basque occupait dans les siecles pasées une étendue beaucoup plus vaste que celle qui est la sienne aujourd'hui. Ces pressions diverses, qui sont responsables de la disparition presque totale de la culture baque dans diverses zones, n'ont pas suffi a effacer la parenté génétique qui s'y était établic» («Communautés du Sud», D. Fabre eta J. Lacroix; I, 96-97 orr. Liburua «10/18» sortan agertu berria da, 12 libera).
Udoi eskuindarraren «Miroir de la Soule» aldizkariak bere burua «Nouvelles de la Soule, de Barétous et du Pays Basque» bataiatu duelarik; eta Pitrau atarraztar «gauchistak» Biarno-garaikoekin inolaz ere hautsi nahi ez zuelarik, ez ote zegoen biongan, oso urrundik etorririk, anaitasun ezkutuaren deia?
Sarralzuneren deia, horretara, kontradiziotan eta joera ezin sakonagotan antzaldatua eta itoa ere, ez ote da Euskal Herriaren suntsieraren irudi bera delakoxe dei sakona.
Eskiula bezala nahi zaitugu guretartua, Sarralzune; eskiulatar kantari berriak herriz herri entzuten ditugun bezala sarraltzundarrak ere entzunez. Ez baitzaitugu ahantzi nahi.
Ondoko pastualen oihua berrituz, hortaz: «Biba Sarraltzune!».
(1975)
© Txillardegi