ANTIGUA AMETS

 

        Egunargia argiago bide da gaur eguerdian. Bazterrak baretu dira. Eta euri-jasen ondoren, oraindik lurra blai eginda dagoelarik, hortentsi-adarretan erreparatu ditut ninika hezeak sortzen ari; eta, han-hemenka, mendi-mazeletan eta bide-ertzetan, kilikondoen lore horiak. Zantzuok ez dute sekula hutsegiten: Udaberria heldu! Hurbil dugu udaberri miresgarria:

 

                Bedatsian dirade

                zühaiñak loratzen...

 

        Aurten, ordea, kanpotik-edo datorkit bedats-aire fina, itsas-haizea kanpotik etorri ohi zaigun bezalatsu. Udaberria odolean nabariturik ere, etsipen eta kezka gehiegitan nahasirik somatu uste dut. Landareen altsuma xamur guriok bestela begiratzen ninduten aspaldian; hori uste dut gaur bederen. Esperantza zen lehen udaberria, barne-tiraina; urteotan barrena, berriz, histu egin da nigan, loratu gabe zimeldu, barne-tiraina kanpoko haize bala epel bilakatu; eta gaur kanpotikako apaingarri aparta gisa datorkit.

        Egiazko udaberria antzinako urteetan bilatu uste dut horrela. Udaberria lehen izan baitzen, lehenago, askoz ere lehenago, gaztaroa baino ere lehenago, oso urrungo urte urrun haietan... Picassok xuxen esana duen bezala, urteetan barrena oso nekez irauten baitu gugan haurtzaroan izan ginen poeta harrigarri harek. Liluraren sakona haurtzaroan! Gero, ondikotz, ezari-ezarian kamustua eta iraungia.

        Gero eta maizago gertatzen da bizian atzera-behar hori eta zeren seinale den ba dakit. Zerorrek ere bai, irakurle horrek.

        Ninika berriok, horretara, Txokolatene hartara eraman naute gaur; eta masusten garratza senditu dut ahoan, eta orban moreak esku ahurretan erreparatu. «Haiek bai udaberriak!», esango nuke bihotzez; gure aurrekoek esan izan duten bezala, eta gure ondokoek ere, gaur zernahi pentsatuagatik ere, esango duten bezala...

        Txokolatene-ko aska hura gogoratzen zait, horrela, ezinbestean bezala; eta hain gogoz urrupatzen genuen gaineko iturria. Eta Altuna-ren etxea bururatzen zait, bihurgunean; eta aurrez-aurre Marbil-Berriko zuhaztia; eta aldapa itzaltsuan gora arratsetan, isil-isilik eta elkarri gerritik heldurik, izkutatzen ziren maitale-bikoteak (geure haurtzaro begiez ikusirik, sekula ere iritsiko ez ziren adin eta mentura harrigarriak).

        Konporta-Berriko bidea datorkit burura (nahiz konportaren azken burdinak dexente erdoiturik izan!); eta Lizariturri-ko usain sarkorra senditzen bide dut berriro, oraindik ere, gudu-garaian bezala, koipe eta koko urrinez oratua; eta Konporta errekako kiratsaz eta arratoinez berriro nardatzen bide naiz...

        Miramar-Jauregi ondoko murrua somatzen dut neure barruan, itxuraz aldapan behereko ezkerraldetik azkenik gabea. Eta frontoina. Eta Txillardegi hitza irakurtzen bide dut berriz Matia-kaleko harresi-atari hartan...

        Ezen Antiguan ezagutu baitut nik udaberria, kiratsez eta kresalez batera oratua, langile-soineko urdinez eta baserri-kutsuz ere mamitua; eta geroztik udaberririk ezagutu ez dudala iruditzen baitzait.

        Antigua-ra narama horregatik oroimenak; eta lehenengo ahuntzostoen urrin ederrak betirako suntsitua omen den euskal Antigua herriska hartara narama bereziki.

        Danieltxo ikazkin gizarajoa ikusten ari bide naiz, beti zarpail jantzita, eta askotan gure irainen bitima. Eta Igarako bideko indiano harrigarri hura ikusten dut berriro, bizikletatik hamaika aldiz bezalaxe, beti ere bide ondoan aulki batetan eserita, norarik gabe beti so... Eta Errota-Berri hartako sagardotegi iluna birrikusten ari naiz hortentsi-ninikez bestaldera, baserritarrez askotan betea; eta etxe ondoko uxola; eta Errota-Berriko Kandido mutiko jator hura, gurekin erdaraz fitsik ere ezin mintzatua!...

        Antigua-ko euskalduntasun harrigarri gura ez dut geroztik ia inon kausitu. Lurdes-Txiki ondoan gertatu zait niri egundokoak euskara hutsez entzutea (beharbada Rekondo-ren izebaren batek botaiak!); eta Arratzain-ern oinean, Igara-ko bide-muturrean beraz, Lesaka-ko adiskide harek ez baitzekien txintik erdaraz... Mila oroitzapenetan, eta parropiaren ondoko eskolan bertan, ziplo isurtzen zen euskara hutsa Antigua-ko hauzoan; Hazparne, Urketa eta Donapaleu berak Erdal-Herri huts zaizkit, udaberrian ezagutu nuen garaiko Antigua jator haren ondoan. Hantxe hozitu zen ene euskaltzaletasuna. Aldakuntza geroko hogei-ta-hamar urtek ekarri dute.

        Eta oroitzapenen hildotik abiatuz gero, Igeldo-ko funikularraren aldera narama ni baino sakonago dirudien zerbaitek. Tranbia zuriak somatzen bide ditut oraindik, palmondo luze bakar haren ondotik kirrinka eta jiraka ari; eta etxe luze haren barruan txanpon batez pelikula labur bat eskaintzen zuen tresna hura dakusat, aspertu ere arte lagun guztiok begiratua eta bir-begiratua. Gauza bera nesake musika-zilindroa zerabilkien tramankulu hartaz, egunero entzuna.

        Udaberriaren etorreak, ordea, harago ere narama, gorago, Igeldo ez baino Txubillo deritzan tontorrera. Huraxe izan baita, uste dut, udaberriari dagokion gertalekua. Zubitxoen azpitik isuriz, hementxe dut, aurre-aurrean, «Río Misterioso» hartako kokodrilo argitsua; eta kaioletako tximu zalapartariak, «Bartolo» itsusia buru; eta 1936-ko guduan mendian harrapatutako «Ursula» hartzemea, urtetan barrena preso zahartua eta hila omen; eta karrusel bildurgarria, anitz garrasiren eragile; eta astotxo haiek, haurren eramale otzan... Eta aidean etengabe nahasirik, funikular-makineriaren zurrumurrua, beti ari eta ari... Guztiz oroitzapen xinpleak horiek oro, zeharo enetzako ahaztu-ezinak, arras ere ene bizi-udaberriari atxikiak...

        Gauza bat nuen, eta dut, Igeldon maiteenik: udaberrian bakarti zeuden atzekaldeko pinadia eta pinuen arteko bidetxiorrak, behin eta berriz bisitatuak. Hantxe entzun ditut nik isiltasun oso hartan Lizardi-ren «bizion oiñok»; eta hantxe ere, halako batez, Débussy-ren «La Mer» bikaina... Bakardade memento haietxek izan dira agian neure bizian ezagutuko ditudan osoenak.

        Aspaldiko kontuak! Ba dakit.

        Ene hankek, ordea, ez dute hamabi urte honetan Txubillo maitatua zapaldu. Urte gehiegi: nik baino hobeki inork ez daki. Eta aurtengo lehenengo ninikek, altsumek eta muskilek, aurtengo udaberriko lehen aitzindariek, atzera naramate, Leku-Eder-era, Txubillo-ra, Igeldo-ra; neure udaberri urruneraino naramate hain zuzen; Naturalezaren udaberriak ene biziera-udaberriari dei egingo bailiokean...

        Txubillo bakartiko udaberri hura enea baitzen. Oraingoa, berriz, zuhaitzena zait, xoriena, itsasoarena... Besteena ere bai. Udaberria gaztaroari baitatxeko osoki; iribarre oparoa izkutuko neska maiteminduari datxekon bezala.

        Gaur, horrela, hortentsi-ninika horiek ikusi ondoren, Txubilloko itsasalde isilera narama neure barruak, bideska itzaltsu haietara, pinu-usaina darien eskualde adoratu haietara; eta, etxera beharrak eraginik, ba dantzut berriro, funikular-orroa urrunean gailen, egun hartan liluraturik entzun nuen Débussy-ren poema huraxe. Gaur ba dakit orduan nigan piztu zen esperantza-uhin harroa, udaberri-uhin bortitza zenez, ez dela nigan inoiz mamituko. Baina besterentzako izanik ere, inoiz obratuko ez diren ametsen iturri izanik ere, ederra da udaberria; gizonak ezagu eta dasta dezakean olerkirik ederrena baita.

        Horrengatik gaur, inoiz Txubilloko itsasaldera bihurtzeko «esperantza desesperatu» honek, orduan hainbatez, orduan baino ere hareago agian, bizi-erazten nau; eta lilura zorotan kulunkatzen.

 

(1973)

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Euskal Herritik erdal herrietara" orrialde nagusia