JON MIRANDE AIPHASORHOKO
Mirande hil da! Ene adineko euskaltzaleek zirrara bat senditu dute berri hau ikastean, eta denek galdera berbera egin: «Baina, zenbat urte zuen bada Mirandek?» Erantzuna erraza da: Jon Mirande Aiphasorhoko 47 urtetan hil zaigu.
Idazle gisa halere erdi-hila edo erdi-ahantzita zegoela aitortu behar da. Froga egin dut egun hauetan; eta garai batez oso ezaguna izan zen zuberotar idazlea, gaurko euskaltzale gazteen artean ez du ia inork ezagutzen. Zergatik?
Areago. Euskara biziaren etorkizunean oso euskaldun gutxik sinesten zuen urteetan, ahal zuen guztia egin zuen gure zuberotarrak; Orixe-k bezala esateko, «euskara bere zarpailetik jasotzeko». Orain, berriz, euskaltzaletasuna hein batez loratzen hasi denean, atzeratu egin da Mirande; eta aspaldisko honetan, «Anaitasuna»rekin izan zuen gorabehera zakarra salbu, nekez aurki daiteke Mirande-ren izena euskal letretan. Zergatik, berriz ere nik galdetzen?
Mirande-ren ustez gaurko gazteria «gorriegi» dator Euskal Herrian. Eta alderantziz, beraz, gaurko gazteen ustez eskuindarregia zen Mirande istimutan izateko. Hauxe izan daiteke kakoa, beharbada.
Jon Mirande KONTRA ZEN: moda eta joera indartsu guztien kontra. Bizi guztian kontrakarrean ari izana da. Gaur errazegi iruditzen zitzaion, nunbait, euskaltzale eta aurrerazale agertzea; eta biak ukatu ditu.
De Gaulle 1944-1945-an nagusitu zelarik, Erresistentzian sekula ez egindako balentriak aipatzen hasi zen hanartean izkutuan edo bildurtuta ibilitako frantses anitz; eta orduantxe gure Mirandek, nardaturik, kontrakarrean jokatuz, «nazional-sozialista» aitortu zuen bere burua. Eta nik ezagutu nuen Mirandek, askoz beranduago, nazi eta arrazazale jotzen zuen bere burua, beltzen kontrako eta juduen kontrako zer esanik ez; eta esan ere egiten zuen argi eta garbi, bazterrak asaldatu eta erronka jo nahi balu bezala.
«Euskaldun fededun» ekuazioa sakratu jotzen zen garaian, Mirandek garrazki eta goraki esan zuen berak ez zuela horrelakorik ezer sinesten, ez nahi. Setsu-arazoetan, era berean, emakumeen aldeko Eros-giro betean, beharbada oso gogoko zuen Baudelaire-ren bidetik abiaturik, emakumeei muzin egin eta gizonezkoei eskaini zizkien bertso nabarmen batzu.
Mundu-guduaren ondoko joera «super-demokratikoan» (hitzetan bederen), Mirandek demokraziaren eta sozialismoaren zentzugabekeriak salatu zituen; ahulak altxatu, indartsuak beheratu eta biologiazko aurrerapena, beraz, zion Mirandek, geldiarazi egiten duten alderditik.
Estatolatria betean gaudelarik, Mirande zapaldutako etnia ahantziez arduratu zen gogoz, galtzear diren hizkuntza zeltikoak, bretoinera batez ere, arras menderatu zituen. Kernow-ko (Cornwallisko) etni-bizkundea oraindik ere hastapenen hastapenetan zegoelarik, artikulu mardul bat eskaini zigun Mirandek euskaldunoi (ikus EGAN, 1959-IV).
Jon Mirande, beraz, kanpotikako itxuraz eta bere ustez guztiz eskuindar agerturik ere, ba zedukan, txit erroturik, hain zuzen ere ahulak altxatzeko eta modan daudenak azpiratzeko nahi gorria; eta funtsean zer izan ote den galdetu beharra dago. Mirande KONTRA zegoela esan dut; eta aurkatasun funtsezko eta guztizko honetatik bilatu behar bide litzake Mirande-ren kakoa. Mirande ez baitzen, ene ustez, kontserbadore klasiko eta merke horietako bat. Zarathustra-ren hitzaldi argitsuak maite zituzkean, ez burges-ttikien xuhurkeriak eta ziztrinkeriak. Hau segur. Baina bere herrikide zuen D. Peillenek argitu beharko digu.
Beste bitxikeria bat: Mirandek ez zuen osasun handirik, baina Hitler-en eutanasia onartzen zuen!
Eta oraino beste kontradizio bat, agian denetan sakonena: gurasoekin etxean Sorhueta-ko (Sohüta-ko) zubereraz mintzo —honela ezagutu nuen nik— biziera guztia pasa du Parisen Mirandek; eta antikonformista amorratua zena, funtzionario huts gisa bizi behar...
Miranderen olerkia ez dut nik aztertuko: ez dut ongi ezagutzen; eta nik baino aisa hobeki egingo dute San Martinek, Sarasolak eta Azurmendik. Eta egin dezaten eskatuko nieke.
Bestez mintzatuko naiz ni hemen: Jon Mirande-rekiko euskaldunok dugun zorraz.
1950/1960 urteetan Euskal Herriak krisialdi larri bat ezagutu zuen, barnetikako eta kanpotikako arrazoinengatik: gero eta garbiago ageri da hau. Eta euskal literaturari gagozkiolarik, oso nabarmena izana zen kinka gaisto hori.
Bi euskal aldizkarik eutsi zioten orduan euskaltzaletasunaren garrari: «Euzko Gogoa»k Guatemalatik, orain dela gutxiz geroztik eta isil-isilik Arrasatera itzulia den Aita Zaitegi gartsuari esker; eta «Egan»ek Donostiatik, eta hau Mitxelenari eta Irigarairi eskertu behar zaie gehienik.
Hots, urte ilun luze zail haietan, gudu-aurreko gizonek gure hizkuntzaren geroari buruz segida segururik somatzen ez zutelarik (Orixe, Zaitegi, Ibinagabeitia, Sebero Altube, S. Onaindia, Erkiaga bera, gerra-aurreko euskaltzale agertzen ziren), zindo eta sendo ikusten genituen orduko gazteok Jon Miranderen izkribuak bi aldizkari horietan.
Hizkerari dagokionez, ia gaurko euskara batuaz idatzirik dirudite Miranderen lan haiek... orain dela 15 urte idatziak! Mirande zuberotarrak ez baitu ia inoiz zubereraz idatzi, batasun egarriak eraginda. Haseratik beretik jo zuen Mirandek erdibidera.
Bide horiek guztiak Mirandek hartu zituelarik, kontrakarrean hartu zituen; eta ez inolaz ere «impulsado por las masas» eta oso modan dauden ipuinengatik. Mirandek bere garaiko giroaren aurka bilatu zuen bide bat euskararentzako eta Euskal Herriarentzako; eta bazekien: «Modari jarraitzailleetatik ez bainaiz» zion EGAN-en.
Miarritzeko Euskal Biltzarretan (1947-1948) P. Laffitteren ordezkari egon zen. Eta orduko hitzaldiak irakurtzea aski da, urte haietan euskararekiko axolagabekeria noraino zen larria neurtzeko. (Batzuen ustez, halere, H-a dela-ta gero eta beltzago ageri da euskararen eta Euskal Herriaren beraren etorkizuna... Jaunak, otoi! Urte haietako basamortu ezagutu dugunok batez ere: oroi gaitezen, eta txalo jo dezagun! Otoi, otoi!)
Alde honetatik bederen gauza ageria zait Miranderi zordun gatzaizkiola euskaltzaleok; eta euskararen ezaguerari dagokionez zordun ere bai, urrun baikaude oraindik Mirandek euskara zerabilkien maisutzatik. Ba zekien euskaraz Mirandek, alajainkoa!
Eta ez euskaraz bakarrik, bidenabar esan dezadan: hor ditugu lekuko inglesetik, alemanetik, eta abar, euskaratutakoak: Mirande idazle ikasia baitzen.
Ideien aldetik inolaz ere ados ez izanik ere (eta Peillenek, esate baterako, ba daki gu bion arteko harreman ezin laburragoaren berri) Mirandek ene goratzarrea merezi du, eta denona ere bai. Gainerako guztia hutsa balitz ere, Mirandek, belaun berriaren aintzindari gisa (hamaika urte zuen gudua hastean, oraino bete gabeak) eutsi egin zion urterik beltzenetan; eta hau ez da ahantzi behar. Bistan da: hilak direnen artean ohore berbera merezi luke Xalbatore Mitxelenak, esate baterako; eta ez diot nik ukatuko. Eta hein batean bederen, aintzindari-ohore apurrak bederen merezi lituzkete Antsolak, Arestik, Berriatuak, Jon Etxaidek zalantzarik gabe, Gandiagak, Iratzederrek, Kruttwigek, San Martinek eta Villasantek berak ere bai; hitz batez, «Euzko Gogoa»ri eta «Egan»i odol ematen saiatu ziren guztiek.
Bidezko da, beraz, Miranderen ideia batzu osotara arbuiaturik ere, Parisen sortutako eta bizitako euskaltzale suharrarekiko gure zorra agerian aitortzea; eta ahal delarik, hain bakanka gozatu zituen bere sorlekuko bazter ederretan, Sohütan, zuberotar kantari berriek Miranderen olerkiren bat musikaz oratu eta entzunaraztea.
(1973)
© Txillardegi