GARAZI-N GAINDI
Ez ditugu euskaldunok geure eskualdeak eta zoko politak ongi ezagutu ohi. Eta akats horren lekuko, ene ustez, Garaziko Doniane (Do-nia-ne diote, bai, garaztarrek, hiru abotsalditan) gure artean ezagunago eta goraipatuago ez izatea. Donibane Garazi da, ordea, bere harresi eder eta zahar-kutsu zoragarriarengatik, Iparraldean dugun herririk miresgarriena.
Donibane Garazi, bi mila biztanle eskas, gure herri-patuaren sinbolo bera izan liteke. Ezen agian Donibane Garazi gure herriak betidanik jasan duen ukaeraren eredutzat jar baitaiteke.
Inon baino nabarmenkiago, nik uste, Donibane Garazin agertzen zaigu kondairan barrena etxen arrotz izatea zer den. Hizkuntzaren mailan bertako izanaren ukaera oso horrek badu izen berezi bat: izkutuan datzan hizkuntzari «lengua latente» esaten zaio; eta Mitxelenak, euskarari buruz idatzi duelarik, hizkuntza-egoera bitxi hori aipatua du. Hueska-ko Iparraldean, esate baterako, gure hizkuntzalariak azaldu duenez, euskara izan da mendeetan barrena bertako «lengua latente» delakoa; alegia, dokumentoetan eta legean aipatu ere egiten ez den hizkuntza izkutu ukatua.
Zeharka bakarrik jakin daiteke kaso horietan bertako egiazko mintzaira beste bat dela; eta horrela jakin dezakegu gaur. Aierbe-Jaka-Hueska eskualdeari dagokionez, han eta hemen nekez bildu ditugun frogakariei esker (Goihenetxek eta Lakarrak ezagutarazi dituzten dokumento-kondarrak, Oihenartek XVIII mendean bildu zituen gaitzizen mordoak, toponimia xehearen azterketak) bertako herria oso berandu arte euskalduna izan dela. Euskalduntasun hori ukatua zen arras, geure desirarik sakonenak, gizartean bizi-beharrez, arras ere zokoratzen eta izkutatzen ditugun bezalatsu.
Nafarroan bertan hori gertatu da askotan; eta gaur berton ere gertatzen ari da. Irigarai-ren ikertzapenek, eta orainago Latsaga-ren artikulu bikainek, «Montaña»ko berri ekarriz, herri «latente» (alegia, herri gorde izkutu isilarazi) horren lekukotasuna eman digute behin eta berriz. Baina aurreko mendeetan ez genuen tankera horretako Latsagarik ez Irigarairik izan; eta orain ezin egin somatu eta antzeman besterik.
Donibane Garazin, udan batez ere, isilik datzan herri «latente» gorde horren zantzua nekez somatzen da. «Saint Jean Pied de Port» irakurtzen da paneletan, baina bertakoek Donibane Garazi diote; «La Nive» irakurtzen dugu, baina bertakoek Errobi deritzate ibai horri; «Saint Jean le Vieux» irakurtzen, baina bertakoek Donazaharre esaten; eta «Roncevaux» idatzen dena, han Orreaga esaten da.
Izan ere, «Pied de Port» hitzak, «Pied du Port de Roncevaux» dira beren osotasunean; Donibane Garazi Orreaga-ren azpian baitago. Donibane Garazi, hain zuzen, eta Orreaga. Oñati eta Arantzazu bezalatsu daude elkarrekiko: alegia, beherako herria batetik eta goiko komentu famatua bestetik. Urteagain-en, ordea, oraingoz bederen, ez dago Luzaide-Arnegi-ko mugarik. Baina «Pied de Port» abstraktoa da; eta halako batez beharbada Oñate «San Prudencio del Puerto» bihurtuko da; eta Urrexola, Luzaide.
Gorderik datza ere, era berean, Donibane-ren nafartasuna. Murru gaitz zahar haien ondoan, egia da, eta euskaldun eta frantses banderen aldamenean, Nafarroa-ko bandera gorria ageri da. Ostatuetan eta dendetan «Navarre» hitza ageri da maiz (ez sekula ere Baxenabarre, ez Nafarroa Behere, dena dela); eta bazkaldegi bateko ate-kirtenetan Nafarroa-ko kateak hautatu dira apaingarritzat.
Hori guztia zerbait ba dela, ezin uka. Eskos-en, gonbarazio batez, Donibane Garazitik 50 bat kilometrotara Iparralderuntz, ez dago horrelako nafar arrastorik, ez euskaldunik; nahiz Eskos-en XIX mendean euskara mintzatua izan bada ere. Donibane Garazi baino aisa abstraktoago bihurtu da Eskos; eta izoki-arrantzaren txapelketengatik ez bada, ozta ezagutzen du gaur inork.
Hau guztia aipatzen nion lehengoan garaztar sutsu eta kantari ezaguna den Eñaut Etxamendiri; eta erantzunak neure horretan sendotu ninduen: «Denek zekitek hemen euskaraz; baina ez ditek egiten, egia duk. Astelehenetan eta ostegunetan, ordea, inguruko baserritarrak azokara jesten direlarik, denak mintzo zaizkiek euskaraz». Hori jakinda nekez kontsola ninteke.
Frantses turista ikaratuko ez duten euskal bixigarri batzu ez dira falta. Hori ez. Anitz dendatan «finge basque» saltzen da, eta hamaika turistak erosten eta jazten du txapel gorria edo berdea: «on est en Pays Basque». Baigorri-rako bidean letrero handi bat ageri da: «Ongui Ethorri»; eta lorategi batetan, landarez idatzirik, «Donibane Garazi» hitzak.
Lasa-ko dantzari-taldea ikusi dugu igandean kaleetan barrena; eta Zuberoa-ko maxkaradak etorri zaizkit gogora (nik maxkaradak nahiago, bidenabar esateko).
Avignon-go garaian (1383-1417) apezpiku heterodotsoen bizilekua izan zen etxetik ez urrun, beste etxe harrigarri eta zahar bat ikus daiteke, adrilu gorriz eraikia; eta atalburuan han irakurtzen da: «Año 1510». «Año», bai, ez «an», ez «anno», ez «urte»: «año» españolez. Orduan Nafarroa libro ze oraino erreinu gisa, baina gaztelera zen lege-hizkuntza. Orduan ere Garaziko herria ukatua zen. Eta pentsakor gelditu naiz atalburuari so: orduan ere bai!
1512-ez geroztik Garazi berezi egin zen Iruñetik, Seigarren Merindade osoa bezala; eta Iparraldeko nafarrak ebakita gelditu ziren Ahuñamendian. 1527-tik 1772-ra arte, bi mende t'erdiz beraz, bi partetan egon zen Nafarroa: bi Gorte, bi hiriburu; baina beti Iruñe amets Iparraldean. Eta hauxe harrigarriena, beharbada: Baxenabarren, ohiturari jarraituz, eta beti ere Iruñeko Forua oinarri, bere Juntak Donapaleura eta Donibane Garazira biltzen zirelarik, Juntarako dei-txartelak, 1772-ra arte ongi diot, gazteleraz idazten ziren, eta hitz hauetaz hasten: «Al muy magnífico señor de...» Juntetako eztabaidak euskaraz egiten ziren (juntero izateko euskaraz jakin behar zen Baxenabarren); baina legea gazteleraz erabiltzen zen, eta erabakiak erdaraz biltzen. Hori guztia horrelaxe 1772-ra arte, eta Ahuñemendiko Pake famatua egin ondoren ere!
Donibaneko inguruak, zoragarri: Baigorri, Ortzaize, Lekunberri, Mendibe. Ikusgarri benetan Behorlegi herriska garaia; Hozta-rekin batera Baxenabarren ezagutzen dudan arkaikoena. Eskualdea zinez ederra; eta mendiek osatzen duten inguramendua, aparta.
Behorlegi-tik jestean berriz gertatu naiz pentsakor: Mendibe! Gizajoak haiek ere! Bi urtez egon ziren han zai, egunero zai, beti zai; eta zai hartan euskaraz kantatzen zuten maiz Mendiben eta Azkainen. Eta azkenean etxera bihurtzeko agindu zitzaien; eta obeditu egin zuten. Eta arras nardaturik, eta etxera bihurtzerik ez zedukatelako, sakabanatu ere egin ziren munduan zehar. Eta orain ez dute gogoratu ere nahi Mendibeko urte pare hura. Hogei-ta-lau urte igaro dira geroztik, eta dena ahantzi da. Eta Mendibe-Lekunberriko bazterrak isilik dautza geroztik.
Noizean behin bakarrik gazte mordoak handik pasatzen. Baina gaurko hauek beste helbururik dute bihotzean; eta Charles Iriart-en bulegora doaz, Ameriketarako txartela erostera. Eta denok dakigu Behorlegiko tontor ederrak ez dituela inoiz birrikusiko.
(1972)
© Txillardegi