ORIXE

 

        Euskal Herriko giroa erruz ari da aldatzen; eta gaur Nikolas Ormaetxeari buruz iritzi bat emateak ez dirudi harrokeria. Orain dela urte batzu —hamabost bat, eman dezagun— Orixe'ren alde hitzegin zitekeen; bainan ez Orixe'ri buruz. Ez, areago, Orixe'ren kontra. Orixe'ren balioa zalantzan jartze hutsa aski zen euskaltzale askoren eskomiku guztiak biltzeko. Literaturan ere (eta ez politikan bakarrik) ba omen genuen betirako Maisua: Nikolas Ormaetxea «Orixe».

        Irakurgarria da, honi bururz, Aita Mokoroa'k «Genio y Lengua» delakoan diona. Nekez egin daiteke goratzapen handiagorik liburu bati buruz. Hogei-ta-hamasei orrialdetan barrena, behar genuen Ebanjelioa eman berri zaigula sinistarazten saiatzen zaigu «Ibar»: «El pueblo vasco puede aún salvarse» (230). Eta, beti ere «Euskaldunak» poemari buruz, beste laudorio askoren artean hau dio: «Por disposición providencial de Dios, ha surgido entre nosotros un hombre extraordinario, de temperamento, sensibilidad e inspiración geniales, el cual, de la abundancia de su propia vida, pletóricamente vasca, acaba de plasmar la figura de nuestro genio» (193); «en el poema Euskaldunak de Orixe tiene ya el pueblo vasco el instrumento virtual de su regeneración» (194); «una vez dueño el renacimiento vasco de este resorte, tiene ya en su mano la clave de nuestra civilización y, con ella, la suerte futura de la nacionalidad» (195); «es la representación de nuestro pueblo» (198); eta abar, eta abar. (Xehekiago aztertu nahi duen irakurleak, «Genio y Lengua» irakur beza: 193-230 orrialdeak).

        Gerra ondoren ere Zaitegi bere adiskide minaren iritzia ez da hotzagoa: «Euzkadi'k dagoeneko ba du bere poema nagusia... non-naiko eta noiz-naiko poema bikaiñenak bezin bikaiña». (Ikus Euzko Gogoa, 1950 - 7/8 8 gn. h.). Eta hau dio: «Gure herri osoa poema ortan dugu».

        K. Mitxelena'k berak giro horren eragina erakusten du «Historia de la Literatura Vasca» delakoan, ondoko hau idatzi duelarik: «El es en varios aspectos el autor más importante de toda la literatura vasca» (148); eta «su conocimiento de la lengua y la destreza con que ha sabido manejarla no necesitan ponderaciones» (149).

        Ni neu ere giro hori oraindik nagusi zelarik hasi nintzen euskal literaturaz arduratzen; eta Bilbo'n ikasle nengoelarik, «Kito'n arrebarekin» artikulu-saila aztertu izan dut gogotik nere adiskideekin, nahiz gaia —mistika gorabeherak eskuarki— ez oso gure gogokoa izan. Bainan euskaraz ikasi nahi genuen eta, hoberik ez zegoelakoan, Orixeren izkribuetara jotzen genuen: «Kito'n arrebarekin», «Barne Muiñetan» eta «Euskaldunak».

        Ezari-ezarian, halere, Orixe'ren maitasuna epeldu egin zen gugan; eta hiruzpalau urtetan deuseztatu ere bai. 1955 orduko, eta Zaitegi eta Orixe Euskal Herrira bihurtu orduko beraz, aurkako joera nabarmen bat agertua zen euskaltzale berri ginen batzuen artean. Nola horrela?

        Belaun berriaren ukaera hori aztertzeko eta ulertarazteko asmoa dut neure artikulu honetan.

 

        Orixe gizonaz bi hitz

        Orixe'ren lanak ezagutzen genituen, ez Nikolas Ormaetxea bera. Hau Guatemalatik 66 urtetan etortzean, beraz, euskaltzaleen gidari famatua buruz buru ezagutzeko aukera izan genuen. Eta ni neu bederen, areago finkatu nintzen lehenagoko nere susmoetan: Orixe ez zen, nere ustez, euskal intelektualentzako buruzagi egoki bat, eta ez gutxiagorik ere.

        Barka bizait irakurleak xehetasun pare bat ematea; uste baitut oso argitsu izan dakizkiokela.

        Operatu berria zan Orixe Donostia'n, Ategorrieta'ko klinika batean; eta ikustamen bat egitera joan gintzaizkion nere emaztea eta biok. Sartu gera, agurtu dugu; eta... noski, guk euskeraz. Orixe'k behin eta berriz erderaz erantzun! Ezin sinistuzkoa! Lotsaturik eta amorraturik (adin-diferentzia, klinika-giroa eta eriaren maisutasuna gogoan hartu besterik ez ditu irakurleak behar) halako batez, eta odola zirakidala, hau esan nion: «Adi zazu, Orixe: euskeraz ere ba dakigu». Orixe'k ez zuen nere ziria ulertu ere egin; eta ez zuen ezer funtsezkorik erantzun. Eta ikustaldia bukatu arte emazteak eta nik biok euskeraz, eta Orixe'k ekin eta ekin erdera hutsez! Gela hartatik zer umoretan eta iritzitan irten ginen azaldu beharrik ez dago, nik uste.

        Oso gertaera xumea izanagatik ere, susmo berberak idaroki zizkidan Leitza'ko pasadizu txiki batek. 1957-ko Abendua zen, eta Leitza'ra bilduak ginen euskaltzaleok: euskaltzain egiten zuten Orixe egun hartan. Hunen euskal hitzaldia hasi da. Aretoa gaiñezka, eta zarata han eta hemen. Atzekaldetik ezin entzun, itxuraz. «¿Qué? ¿No se oye ahí atrás?», Orixe'k goratik galde... Entzule guziok, esan beharrik ez, euskaldunak, euskaltzaleak (gure artean ipartar euskaldun talde bat, Labéguérie'rekin etorria, esate baterako); eta Orixe Euskaltzaindi'ra sarrerakoan, Leitza'n, ez Tudela'n. Holakorik? Txundituta ni, zurtuta; eta ni bezela beste anitz, denak agian.

        Geroztik Euskaltzaindi'ko bileretara etorri ohi zen (ez denetara). Asko eta askotan, biltzar aurrean eta ondoan, Orixe barra-barra entzun izan dut erderaz; eta euskeraz oso bakanka. Euskeraz ederki zekien, ordea. Zertan zetzan, beraz, funtsezko erdaltzaletasun bitxi hura? Azalpen bat ematen saiatuko naiz.

        Nik ezagutu nuen Orixe gizonaz, bukatzeko, beste oroitzapen nagusi bat: berritasunari gorroto. Oraindik ere ongi gogoratzen naiz Ategorrieta'ko gure ikustamenaz: ni etsistentzialismotik bertan somaturik, nunbait, filosofia horren kontra mintzatu zitzaidan gogor, eta erderaz, esan dudan bezela.

        Egiazko Ormaetxea eta izkribuetako Orixe bi pertsona zirela ikusi uste nuen. Ondoko azterketak ondorio beretara eramango ditu irakurleak, nere ustez.

        Alderantziz gauza bera gertatu bide zen: Orixe'k ez ninduen batere gogoko. Eta orain dela hamar bat urte, gutun agiri eta luze bat idatzi zuen Orixe'k, eta euskaltzaleen artean zabaldu, Villasante'ren eta nere kontra hitzeginez, eta euskerari buruzko gure joera kondenatuz.

 

        Orixe eta gaurkotasuna

        Mitxelena'k egoki dio: «poco amigo de lo moderno» (148), «de la misma renuncia de Orixe a ser un hombre moderno, murado por las modas y preocupaciones del momento» (150). Ikus «Historia de la Literatura Vasca», 148-150 orrialdeak.

        Orixe'k bizi-maila guzietan uko egin zien munduari eta gaurkotasunari. Orixe mistiko bat zen, bai; askotan esana da. Baina Orixe denetan zen mistiko: bere Euskadi ez da mundutarrago bere Jainkoa baino; eta bere Espuru mendia «Tabor» bihurtzen bazen, Aralar, Euskal Herri eta mundua osoki beste zerbait bihurtzen zitzaion bezala bihurtzen zen. Orixe ez bide zen gure munduan bizi. Bere Euskal Herria ez zen gurea, bere mistikari eusteko izpirituarentzako bazter urrun bat baizik. Mundutik at zegoen Orixe bere idaz-lanetan; munduari eta munduko Euskal Herria'ri egiten zien ezespena guztizkoa zen. Mistikotasun hau beti aurrean izan gabe, ez dago Orixe ulertzerik, nere ustez. Jesuita zazpi urtez egon bazen Orixe, kartujo izatekotan ez dakit nik inoiz komentutik irtengo ote zen.

        Himalaya'ko eremuetako bontzoak bezalatsu, Orixe munduaren kontra eta at zegoen errotik. Sentidu huntan egiazko Euskal Herria'ren kontra ere ba zegoen. Alderdiarekin Orixe'k izan zituen hartu-emanak, gonbarazio baterako; ez ziren beti uste dugun bezin lagunak izan, Orixe'k ez baitzuen «politika»n sartu nahi: «Ni ez naiz Alderdiko, ez Euzko Gaztedi'ko, ez iñongo politikako; baiñan bai euskaltzale, bai abertzale ere... Zertako ez duzu, beraz, esango didazu, "Euskadi" erabiltzen? Matxinada aurrean ez nun erabili politika zelako». (Ikus E.G. - 1951 - 3/4 - 35 gn.h.).

        Ukaera hortan Euskal Herriari berari uko egiten ziola ikusi uste dut nik; Orixe eskuindarrago baitzen Alderdia baiño, eta euskaltzaleago ere bai. Orixe'k, benetan, ez zuen «politikarik» egin nahi; eta, hori dela bide, agintariena onartzen zuen. Nola proposa dakiguke intelektual eredutzat gure herriaren politikan bere burua nahastu edo zikindu nahi ez duen intelektual bat? Garai hartako ideiei buruz orain deusik esan ez arren, zer pentsa zezateken Orixe-ri buruz Estatutoaren alde buru-belarri saiatzen ziren abertzaleak? Nondik nora izan diteke eredu, herriaren kezkez eta beharrez berariaz berezten den idazlea? Nondik nora izan dakiguke onuragarri hizkuntza eta askatasuna alkargandik urruntzea, edo-ta etsaitzea? Gauza bat da herriaren joera hau edo hura zorrozki aztertzea, are kondenatzea ere; eta beste gauza bat, euskaltzaletasunezko sasi-mistikagintzan, herriaren burrukari jaramonik ez, eta ametsetako lilura belasketara biltzea.

        Bestetatik ere alegiazko mundu hortan bizitzeko bere joera hori froga diteke (Eta, bidenabar desadan, bi gauza dira, nere ustez, poesia eta munduari uko egitea). Europako ideia-korronte guzietatik at zegoen Orixe.

        Orixe'k aski zituen Platon, Aristoteles eta San Tomas; eta hau ez du diximulatu ere egiten. Marxismoa, psikoanalisia, etsistentzialismoa, deus ez dira bere ustez. Gauza bera olerkiaz: «Ez Machado'tarrik, ez Juan Ramón Jiménez, ez García Lorca, ez nitun nik ordu artan ezagutzen. Orain izenez, ez irakurriz... Ez gendun liburutegirik literaturazkorik behintzat... Irakurtzeko betarik eta amorraziorik ere ez». (Lizardi-Saria Tolosa'n jasotzerakoan esana, 1961-eko Maiatzaren 28-ko hitzaldian. Xehetasun interesgarriak ematen ditu. Ikus Olerti, 1963 - 1/2 - 109).

        Croce, Hegel, Zubiri, Heidegger, aipatzen ditu batzutan. Baina «klasiko» egoten da Orixe.

        Nahiz euskaltzale porrokatua izan —eta hizkuntza-arazoaz arduraturik— Orixe'k ez du erakusten hizkuntza-jakinduriari buruzko kezka bizirik, ez ezagutzarik ere: estrukturalismoaren mogimendutik at dago arras. Ibar'ek halere ba zekien Saussure'ren berri. Fetxa batzuk ematea on izango da. Saussure 1913-an hil zen; 1938-an Trubetzkoi; Hjemeslev'ek 1935-ean ezagutarazi zuen bere Glosematika; Sapir'en «Language» 1921-ean agertu zen; eta Bloomfield'ena 1933-an; ideia-mogimendua hasia zen. Croce ezagutu arren, bestalde, Orixe'k ez zuen erreparatu italiar filosofoaren balioa hizkuntzari dagokionez.

        Gauza bera erlijioari buruz; gure mendeko arazo larriek ez bide zuten ikutu ere egin. Bere erlijioa haragi-gabe egon zen, lur-gabe, gizadi-gabe, eta mistikazko iruditzapen huts. Ez hezur-mamitan oratua.

        Sartre'ri buruzko bere irizkera oso tipikoa iruditzen zait. (Ikus E.G., 1954 - 3/4 - 66). Sartre «dohakabe bat» iruditzen zaio; hunen «azken liburua... ezur zulubita, nik uste, barnean muiñik gabe... liburu kaxkarra nik irakurri ori». Sartre «bere buruaren iainkotxo izan diteke ta bere lege... Nolabaiteko pilosopu orrek ele-ederrera io omen du —ele-itsusira esan— iñon diran ustelkeriak gertalekurako idatziz»... Eta kito. Hori da dena.

        Gogoangarri zait ere Orixe'k sexo-kontuei zien gorroto osoa. «Euskaldunak» poema irakurri duenak ba daki Mikel eta Garaziren artean dagoen sendimendua gizatarra ez dela, haizezkoa baizik. Hau eginez, gainera, alde batetik gure baserritarren egiazko girotik urrundu zen Orixe. Aldera bitza irakurleak, esate baterako, Orixe'ren «Artazuriketa», 61-95 orr.; eta Mogel-Arrue'ren «Artazuritze»koan, «Baserritar Nekazarientzako Eskola» dalakoan, 84-83 orrialdeak. Bi munduz ari bide dira gure bi idazleak: batak aingeruak ikusten dituen egokieran, besteak haragikeria eta ifernuko etsaia besterik ez du ikusten. Bestetik Orixe'k faltsutu egin zuen euskaldunen maitakera, osotara abstrakto eta gezurrezko eginik. Halere, eta jakina denez, Lizardik bultzatu zuen, amodio pittin hori bera poeman sartzera; eta, jakina denez ere, Andoni Labaienek ere bultzatu zuen hildo beretik, bi maitaleen izenak proposatuz. Halaz ere Orixe'ri damutu egin zitzaion gero hortan amor-emana: «Obe nuen nere gisa egin banu... zaiñak auldu besterik ez nion egin oiekin... euskera galtzen ari da, euskera galtzen ari da. Bizi dedilla liburuetan bederen, antzelan bikaiñetan; ez, ordea, ipui-berri nabarmenetan, ez satsukeritan». (E.G., 1951 - 5/ - 102). Euskaldun izan nahi omen du hortan; baiña Etxepare, gure lehenengo idazlea, euskalduna zen ere, eta apaiza batera; eta ez zuen herabetasunik batere erakutsi gai hortaz argi eta garbi idazteko. Europa'ko literatura guzia maitasun arazoetan zabaltzen ari zen adiuntzan (beharrik!), Orixe'k areago hestutu nahi zuen gurea. Berriz ere munduari uko.

        1936-1937-ko gure gerrari buruz Orixe'k diona, halere, jakingarriagoa da, nik uste, bere funtsezko izakera ulertzeko. (Ikus E.G., 1951 - 7/8 - 41-47 orrialde mamitsuak). «Ez gindunan ioan gu gorriekin» azaltzen dio Orixe'k bere arrebari, eta bere burua garbitu nahirik. Orixe'k dionez, ezinbestean hautatu zen «gorrien» alderdia, españar militarrek ez baitzuten beste irtenbiderik utzi: «muga guk ez baiña berek ipiñi zutela garbi esanik eta idatzirik utzi yunate». Beharrik! Bestela Orixe'k inperialismoaren eta fazismoaren alderdi anti-euskalduna hartuko zuen! España'ko apezpikuen jokabidea ulertu ezina zaio, Aita Santuek garbi utzi baitzuten agintaritza «txarrari» berari obeditu beharra: «Burua galdu zunaten aiek ere. Ta ondore txarra... guretzat, eta geroan, okerrago dena, erlijioarentzat». Arrebak ekiten: «Eta Errepublika ez al zen gaiztoa?». Eta Orixe'k erantzun: «Garbi beza bere burua guk gurea bezala. Bañan esan bear unat: ez nitxon errepublikazale batzuk aski nabarmenak: Gurutze Santua eskoletatik kenarazi, komentu batzuk erre, ta abar... baiña gobernu txar ari men egin bearra zegonan katoliku izanik»...

        Zertarako ezer erantsiko? Esanak berak mintzo dira beren buruz aski garbiki.

        Eta, ondorio etsigarri gisa, huntara biltzen du Orixe'k Euskal Herria'ren trajeria: «gure gazteria ezkerretara, gero ta geiago»...

        Mistiko soil bat zen Orixe? Ala integrista amorratu bat ere bai?

        Irakurleak erabaki beza.

 

        Orixe'ren Euskal Herria

        Gauza agiria da Orixe'ren Euskal Herria eta guk ezagutzen duguna bi gauza desberdin direla. Zaitegik berak somatu bide zuen hau; eta «Euskaldunak» poemaren kritika egitean, Orixe'k «atzoko» Euskal Herria'z diarduela dio.

        Egiatik hurbil xamar dago Zaitegi. Baina egia hauxe izan diteke, nik uste: Orixe'ren Euskal Herria mistikoa dela, ALEGIAZKOA, eta EZ EGIAZKOA. Nafarroa'ko herriska txiki-txikietan aurkitu uste du Orixe'k. Kalea gorroto du. Industria aipatu ere ez du egiten bere izkribuetan. Gaurkotasunik ez da inon agiri. «Atzokoa» ez, beraz: Erromatarren garaikoa gutxienez.

        Ezta hori ere, ordea. Aski da gure baserritarrei buruz soziologia piska bat egitea, edo Ameriketarako joaira aztertzea, edo Campion'en «Euskarianas» irakurtzea, Orixe'k begietaratzen diguna baserri-giroa inondik ere ez dela jakin dezagun.

        Orixe'ren «Euskal Herri» hori, hitz batez, ez da inoiz izan. Eta hori ez da poesia-bidea, nere ustez, alienazioa baizik. Egiazko poesiak egia barruragoraino agerrarazten du hain zuzen, eta ez izkutatzen.

        «Euskaldunak» poema «apoteosis del jebismo» bataiatu zuen behin Kruttwig'ek. Esakun zorrotza. Ez dakit nik hau berau egia osoa ote den. «Euskaldunak» giharrik gabeko eta gizatasunik gabeko sasi-baserritarren ipuina da. Eta ipuina esanez, zentzurik txarrenean hartzen dut hitza. Jende hori jostaketan ari bide da liburuan zehar, haunditasunik gabe, grinarik gabe, zainik gabe. «Euskaldunak» odol-gabetuen diorama izan diteke; euskaldun anemikuen pasadizu-sorta geza. «Euskaldunak» euskaldun irenduen poema da.

        Gure herriak Zumalakarregi eman du, eta Espoz-Mina, eta Harispe, eta Lope-Agirre, eta Salazar, eta Bolibar, eta Dolores Ibarruri, eta Loiola, eta Xabier, eta Elkano, eta Santakruz, eta Garat, eta Moniko Azpilikueta, eta Gaiarre, eta Unamuno, eta Arana Goiri, eta Saseta, eta Andoni Arrizabalaga. Ez dakit nik nondik nora izan ditekean «Euskaldunak» 'gure' poema. Nazio-jarraigarri zertan izan dakigukean ere ez.

        Orixe'k hau dio, ordea: «Euskalerri osoa dut kanta-gai... Euskalerria nire agoz mintzatu izatea nai nuke». (Euskaldunak, 8-9). Nola uler hau? Nere ustez ez dago azalpen bat baizik: Orixe'ren «Euskalerria» eta gure Euskal Herria, ametsa eta egia dauden alkar-hein berean daude. «Euskalerri» hori mistika-bide zen Orixe'ren kaskoan.

 

        Orixe euskaltzale

        Orixe euskaltzalea zela ukatzea zentzugabekeria litzake: Orixe'k bere bizi osoa eman zuen euskeraren aldeko lanetan, orain arte gutxik egin duena. Itzultzaile gisa liburu-mordo bat euskeratu zuen: «Tormes'ko Itsu-mutilla» (bizkaierara, bere itzulpenik onena beharbada), «Urte Guziko Meza-bezperak», San Agustinen «Aitorkizunak», Mistral'en «Mireio», «Salmutegia», eta abar.

        Horrez gainera, anitz olerki eta artikulu argitara zituen euskal aldizkari guzietan (euskeraz gehienak). 1950-etik aurrera, Zaitegi'rekin batera, «Euzko Gogoa» aldizkaria atera zuen aurrera, hortarako Guatemalara aldatuz. Dena dela, bertsotan «Barne Muiñetan» eta «Euskaldunak» dira bere bi lan nagusiak; eta «Kito'n arrebarekin» saila hitz-lauz. Beste gai batzuk ikutu zituen ere, euskal gramatika barne.

        Batez beste, zein da lan gaitz horren joera nagusia? Euskaltzale haundi baten aurrean gaudela aitortu ondoren, nolako euskaltzalea zen Orixe?

        Dagoeneko zerbait esanik dago. Goazen aurrerago.

        Gaur Orixe'ren iritzi batzuk gauza ageria iruditzen bazaizkigu ere, bere garaian aurrerako urrats haundia ziren, eta harrigarri gertatzen. 1920-1930-ko girora aldatzen saiatu behar dugu. Euskaltzaindi'ko biltzarrak erderaz egiten omen ziren 1936-arte, Olabide, Urkixo, Canpion bera, eta beste euskaltzain batzuk, gauza ez baitziran euskeraz mintzatzeko (!). Euskaltzainen arteko gutunak gehienetan erderazkoak ziran. (Euskaltzaindia'ren «Euskera»-sorta hausnartzea dauka irakurlea). Alderdi'ko euskaldun puntuzko askoren —eta gaurko Lendakariaren beraren— seme-alabek euskeraz ez dakite, beren etxeetan erdera baitzan hizkuntza bakarra. Hori zen, bai, orain guztiz español eta onartu-eziña iruditzen zaigun giro kiratsa. Euskal Herri-ko arroztea azken hondoraino joana baitzen.

        Gabon-Mezuetan, esate baterako, Lendakariak hitz arrunt batzuk esan ohi zituen euskeraz, eta gero erderaz jarraitzen zuen gainerakoa, mami guzia españeraz emanez. Xinplekeriak euskeraz, gauza inportanteak erderaz: horra hor orduko legea. Gutunetan azken muturreraino joana zen farragarrikeria hori: «Agur lagun», gero azalkizun osoa españeraz, eta bukatzeko «tuyo en Jel» famatu hura... Hala zela Orixe'k berak gogoratzen digu: «Eztabaida au euskeraz asi duzu (Euzkadi ala Euskadi)... len beti erderaz ari giñan, edo geienetan». (E.G., 1951 - 3/4 - 34).

        Pizkunde-hasiera hartako abertzaletasuna Alderdi barruan erdaldun hutsa izan zela neuk berriz salatzea, nere lelo ezagun bati ekitea lekioke askori. Mintza bekigu Orixe. «El Día» eta «Euzkadi» egunkariak erderazkoak ziran %-eko 99-tan. (Orixe'k berak ematen ditu huni buruz oso berri interesanteak. Ikus E.G., 1950 - 7/8 - «Lizardi Ameriketan» artikulua, 6-7-8 orrialdeak). Euzko Gogoa'ko Zuzendaritzak —eta Orixe barne, beraz— erdal joera hori salatzen du: «Gurean Jel-Alderdia izan da abertzaletasunaren arrobia, baita euskeraren illobia ere. Ez, noski, asmoz eta jakitez... (baiña) etzun euskera artu alderdiko ele bakartzat... eta erdera izan du ele nagusi». (Ikus E.G., 1954 - 5/8 - 74). Orixe'k berak horri zer zeritzan argi azaldu zuen: «Euskaldun ez zan euskotarrak ez du aski euskotar dala esatea, ezta abertzale dala esatea ere, gure izkuntza ikasten alegiñak egiten ez ba ditu». (E.G., 1951 - 1/2 - 12).

        Eguneroko mintzabideari dagokionez, beraz, bere garaiko seme izanik ere (= beti erderaz eguneroko bizian), Orixe'k bat egiten zituen teorian bederen abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna; eta huntan gugandik bertago dago «euzko» guziak baino. Eta «euzko» horiek, noski, ez zioten hori sekula barkatu.

        Hala ere, Orixe idazterakoan euskalduna zen, baina Ormaetxea erdalduna. Idazterakoan, eta literatura egiterakoan, euskeraz mintzo; hitzegiterakoan erderaz. Axala ez besterik euskalduna bailuan! «Euskalerria» han dago, urruti, Tabor mendia bezin urrun, denetatik at eta lekorean, Euskal Herritik beretik berex, Ormaetxea gizonagandik beregandik anitz kilometrotara. Orixe Aralar'ko etnografilaria bide da, Frazer'en anaia. Exotismoaren iturria, ordea, Uitzi'n bertan aurkitu bide zuen. Orixe Euskal Herriaren ikusle bat da; eta ikusle gisa, KANPOTIK ikusi zuen. Aralar'ko indioen espezialista zen. Indioekin eta indioei buruz BEREN hizkuntzaz. Indioekin ez besterekin hori. Hau bide da xedea.

        Horrela jokatuz Euskal Herriko alienatu-ilaran sartu zuen bere burua; eta indio ikasiaren jokoa besterik ez zuen berritu euskaldunei buruz: itzultzailearena. BESTEEN mundua ezagutarazi. Hortara Orixe'k, Trueba'k, Oloriz'ek, eta beste milak bezela, ez zuen BERE BIZIAN NORTU, munduari buruzko ihespide bihurtu baizik. Orixe kondenatzean, beraz, gure aurrekoen «indiokeria» kondenatu nahi dugu: gu ez gera Ahuñemendi'ko azken indio bitxi, basati eta dantzariak. Euskal Herria geu gera, danok, baserritarrak eta kaletarrok, burgesak eta langileok, traidoreak eta abertzaleok, Aralarko mendikoak eta Nervion-hegietakoak, Donapaleukoak eta Amurrio'koak. Euskera ez da Espuru ondoko hizkera, geure egunoroko mintzabidea baizik. Esan beharrik ote dago oraindik?

        Gure irizkera huntatik bertago zegoen, halere, Orixe, bere garaikoak baino. Ez zuen, halaz ere, pausu erdi bat baizik eman.

 

        Orixe hitz-biltzaile

        Orixe, nere ustez, folklore-biltzaile gisa saiatu zen hiztegiari dagokionez. Hiztegi-kontuan, beraz, Orixe'k lan eskerga egin zuen, eta fidatzekoa iruditzen zait bere ekarria. Orixe —ez dugu ahaztu behar— euskaldun hutsa zen hizkuntzaz. Haurtzaroa eta gaztaroa, 20 urte izan arte, Orexa'ko eta Uitzi'ko baserri-lanetan eta baserritarren artean pasa zituen. Euskaldun sena ba zuen dudarik gabe. Hori dela-ta, jesuita ikastekotan Xabier'ko komentura sartu zenean, «doi-doi mintzatzen zan erderaz», Andoni Labaienek dionez. (Ikus Euskera, 1961, 346). Horrez gainera, eta mundu modernoari zion gorrotoak ere eraginik, hil arte saiatu zen Orixe baserritarrengandik gure hizkuntza ikasten. Hil aurretixek hau zion Tolosa'n, Lizardi Saria hartzerakoan: «oraindik ikasten ari naiz». (Olerti, 1963, 111 gn.) Ikasi-nahi bizi hortan euskaldun herri xehea izan zuen Orixe'k erakasle: «baserritarrak izan ditut irakasle, nerau ere ala naizela». (E.G., 1951 - 3/4 - 36 gn). Baserritarren ikaspide hau, kontutan har dezagun, askoz emankorragoa zen, jakina, 1900-ean eta 1920-ean, 1969-an baino.

        Hitz kontuetan, beraz, ikastekorik asko dago Orixe-ren lanetan. Puntu huntan, eta bere ideiak eskuindarrak zirela bide, bildur naiz ni Orixe gazteriak behar baino areago zokora dezan. HITZ-kontuan, berriz diot, ikastekorik asko dugu denok Orixe-rengan. Gauza bera joskeraz eta beste zenbait puntutan.

        Orixe, bestalde, folklore-biltzaile zelako, errespetua erakusten zuen biltzen zituen mintzaira-dokumentuekiko. Huntan Barandiaranen ezpalekoa zen; eta Alderdi'ko euskaltzaleengandik oso-oso urruti zegoen. Garbizale izanik ere (nor ez urte haietan?) Alderdi'koen arabera Orixe'k mordoilozale dirudi, Sebero Altube'k bezela. Martxoa, Apirilla, mundua, eliza, kanta, saiatu, aldare, dijiritu, inpernu, zeru, eta jelkideek gaitzesten zituzten beste mila holako, Orixe'k lotsarik gabe erabiltzen zituen. Ikus «Euskaldunak» bera, esate baterako.

        Bere garaiko joeraren kontra, eta Sabin Arana-Goiri'ren kontra ere, Euskadi eta euskera proposatu zituen behin eta berriz Euzkadi eta euzkeraren kontra, gazteria gaztedi'ren kontra, eta abar. (Ikus huni buruz, E.G., 1951 - 3/4 - 36).

 

        Orixe hizkuntza-maisu?

        Hiztegi-kontuan, hitzen egokitasunean, adjetiboen xuxentasunean, joskeran, esaldietan, Orixe'ren izkribuetan erruz ikas ditekean bezela, gainerakoan Orixe eredutzat ezin har ditekeala esan beharra dago nere ustez. Tomismoak Orixe'rengan erein zuen logikakeriak hondatu egin zuen bere hizkera. Hau nabarmena da aditza edo berboari buruz; baina baita beste puntu askotan ere. Orixe gramatikalaria aldaketatan abiatu ezkero, eta Orixe euskaldunari nagusitu bezin laister, akabo! Euskal gramatikari buruz, eta funtsezko euskal kera eta estrukturei buruz, Orixe berezi egin zen gure herriaren hizkuntzatik eta literatura zaharretik, eta egiazko ebakidura galgarri bat egin zuen.

        Hots hori larria da oso. Huna hemen Mitxelena'ren iritzia etendura horiei buruz: «Todavía resulta más grave su tendencia —Arana-Goiri'ri buruz ari da— acentuada en algunos de sus discípulos, a innovar en la gramática siempre que la "lógica" parecía exigirlo». (Historia de la Literatura Vasca, 144). Hots, akats horixe hain zuzen —gramatika beharrik batere gabe aldatzea— bete-betean aurkitzen da Orixe'rengan.

        Aipa ditzagun puntu bakar batzuk:

        1/ «-TU» eta «-I» sufijoak (partizipioenak, alegia) latineratik datozelakoan omen, bihozkadak ematen zion arabera kentzen zituen Orixe'k: ez beti, ez behar bezela, ez euskal gunari atxikiz, erregelarik batere gabe. Bere jarraitzaileek berdin egin dute. Har dezagun «Euskaldunak», esate baterako. Hauek irakur ditzakegu berealatik: ken zioten neska (62), ager du muturra (64), sar diot (65), senda nai dunari (68), lardaska dituzte (81), zulorik ez da ager (80), asma ziran danak (87), agin zion (88), arki dute senargai (89), eska ditio (291), itzul diote (441), ekar dut (554), eta abar, eta abar. Kakoa aditzaren ekintza GERTATUA ALA GERTAKIZUN izatean datzalarik ere, Orixe'k ez bide daki. Ez du halere beti hortara jokatzen: bialdu digu (291), lertu zaio galtza (83), etorri da amatxi (83), eta abar.

        Ez da xuxena bertsogintza dela horren giltzarria: izkribu guzietan gauza bera da. Bere «gerta oi da» eta «gerta oi dira» zoritxarreko horiek sartu ere egin dira ezjakinen artean; eta ekar du, eror ziran, eta abar, edozein izkributan irakur ditezke. Baina, itzuletara, euskeraren bidetik berezi zen ekintza eginkizun den formetan: mindu ez dezaten (83), egurastu lezake (83), ez dezake josi (83), artu dezan (93), ez bekit mututu (Lizardi-Sarikoan), eta beste hamaikatan, partizipioaren ordez berbo-soila erabili behar denean, -TU eta -I erasten ditu. Nekez proposa diteke nahasketa hori euskal eredutzat: gure berboa zeharo hondatzea eta erdalduntzea litzake.

        2/ -A artikuluari buruz gauza bertsua. Orixe'ren deklinabidea eskuarki zuzena izanik ere (eta huntan ere bere garaitiko gehienak baino euskaldunago agertzen, Otsobi eta beste ipartarrak kendu ezkero) artikuluari zion gorrotoak ez du euskal funtsik. Era berean -A itsatsia, artikulutzat harturik, kendu egiten zuen: arnas, neskatx, txorakeri, ego, eta abar. (Huntan bere eskualdeko akats bat hartu zuen eredutzat).

        3/ «Zu» gaur singular dela-ta (=usted, españeraz; baiña vous, frantsesez ez da singularra... berriz ere Orixe'k España neurri!) berbo osoa aldatu zuen, ESPAÑOLEZ plural-kin ez dituen modura jarriz. Segidan gauza bera egin zuen «gu»rekin. Bere «logika» gidari berboa zeharo hondatu zuen liburu guzietan («Tormes» ezik, oker ez banago); eta gakio, zakio, gintzaion, zintzaidan, gakioke, eta sekula erabili ez diren beste anitz asmatu eta erabili zuen, genuen nahasketa larriago eginez. Hots, puntu hortan hitz berririk ez genuen behar, gatzazkio, zatzazkio, gintzazkion, eta abar (edo beren kideak) aditz-joko zaharrak baitira, eta Euskal Herri guzian hedatuak. Arlo huntan Orixe osoki kaltegarritzat jotzen dut.

        4/ Literatura guzian barrena, eta erderaren kontra, indeterminazioak singularra behar izan du berboan: zenbaitek ekarri du, askori esan diot, eta abar. Bertsolariak aztertzea besterik ez dago hori arkaismo bat ez dela egiztatzeko. Hots Orixe, ERDERAREN GRAMATIKA eta estrukturak LOGIKATZAT harturik (eta euskal taxukera ukatuz) erderaren arabera erabili ditu hauek: «zenbait oitura ar itzazu» (554), zenbaitek esan didate (E.G., 1950-2), zenbait lerro irakurri nituen (do), deabru asko aterarazi zituela (E.G., 1951 - 3/4), eta abar.

        5/ Orixe'k batasunaren kezka ba zuen: «Ez da guzien euskera, guzien euskerarik ez baita. Izan balitza, ua emanen nizun». (Euskaldunak, Hitzaurrean, 10). Batasunerako bidean, Azkue'k eta beste askok bezela, gipuzkera hartu zuen oinarritzat. Aurrerago ere jo bide zuen bolada batez; eta Guatemala'ra joatean H-batzukin idatzi zituen hiru olerki. (Ikus E.G., 1950 - 2 - 3 eta 4 gn). Hauek irakur ditezke: huntan, hurrun, hegatsetan, haren, ilhun, hau, hondarra, hasi, hain, behar, eta beste anitz; baina baita, bertso horietan beretan, aragi, iru, len, emen, otz, il, ark, aiz, an, ego, eta abar. Ez bide zuen, beraz, batasunerako jokabide garbi bat hautatu. H-a osotara utzi zituen azken lanetan, batasuna «español» modura bilatuz, ipartarrak euskaldunak ez balira bezela. Aspaldiko joera zuen hau: «Euskaldunak» poeman nota asko erderaz (españeraz, hobe) argituak ditu, euskaldunek euskera baino ere lehenago españera ongi ezagutu behar balute bezela, hegotar izan ala ipartar...

        6/ «Errege» hitza deklinatzean erderara jotzen du Orixe'k, beste edozein bezela hartuz: «erregeri» esan beharrean «erregeari» dio (Tormes,91),«erregek» esan beharrean «erregeak», eta abar.

        «Dula», «ditula», «dun» eta abar hautatuz (eta ez duela, dituela, duen...) Euskal Herri'ko joera nagusitik berezi zen.

        Berrikeria horiek guziak, eta hau ez areago luzatzeko aipatuko ez ditudan beste batzu, aski dira nere ustez hizkuntzari dagokionez Orixe eredutzat ez hartzeko.

        Denek akatsak izanagatik ere, askoz maisuago ikusten ditut nik Gregorio Arrue, Duvoisin, Haraneder, Mendiburu, Mogel eta Atsular batez ere.

 

        Zertan eredu Orixe?

        Erruz ikas diteke Orixe'ren idaz-lanetan, berriz diot, hiztegi-kontuan, egokitasunean, adjetiboen funtsean, joskeraren jatortasunean, esaldietan, baserrietako ohitura zaharretan, euskal jokoetan. Komeni izango litzake, nere ustez, alderdi hortatik euskaltzale gazteek Orixe haintzakotzat hartzea.

        Orixe'ren akatsak haizatu ondoren, gaurko idazleak baino askoz gorago dagoela esan behar da: batzuen luman ez dago euskal gihar aztarnarik ere! Erdal lotsagabekeria horiek erauzi egin behar dira gugandik. Orixe'k, baserritarra izan arren, eta euskeraz ongi egiten den eskualde batekoa, bizi GUZIA pasa zuen euskera ikasten; eta barruan zeraman gramatikalari murritza baserriko semeari nagusitu ez bazitzaion, Orixe'ren hizkera Atsular'enaren parekoa izan zitekean. Orixe'ren landu-nahia eta euskerari buruz eskolatu-nahia guziz da txalotu-beharrekoa eta jarraitu-beharrekoa. Gazte batzuen ezjakintasun harroputz eta ausarta guztiz ere gaitzetsi behar da. Ikas aurrenik, eta gero mintza.

        Urteak aurrera joan dira, bestalde, Orixe'ren garaietik; eta geure ikuspuntutik kupidarik gabe epaitzea, eragabekeria litzake. Danok gera zordun Orixe'ren belaunarekiko.

        Beti ikasketan egon ondoren, hau zion Orixe'k Guatemalan 61 urte zituelarik: «gazteok gu baiño bizkorrago datoz, eta atzean utziko gaituzte». Apaltasun ederra hor ere, bizi guzia euskera osatzen pasa zuen batengan!

        Eta euskerarekiko amodioan eredu ere zalantzarik gabe. Langile porrokatua, bere bizia eskeini zuen gure hizkuntzaren jasokuntzan; eta huntan errespetu guzia merezi du. Orixe'k berak aipatzen zituen maiz «250 irakurleen muga»... Zaila zen giroa gerra-ondo ilun hartan. Ez zetorren atzetik gaurko sua. Ez zegoen ikastolarik. Abertzaletasuna lo zetzan itxuraz. Zuzen izan gaitezen: Orixe'ren haroa gurea baino zailagoa zen.

        Hunkigarriak dira bere hitz hauek: «Nik etzekiñat oraingo ontan ilgo ote zaigun euskera gaixoa; urbil zegon; baiña ni bizi naizaño iraungo dula uste yunat» (E.G., 1954 3/4 - 61). Agintza ederra!

        Eta bihotz osoaz azken minutura arte betea. Baldinba geuk ere horrenbeste egingo!

 

(1969)

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Euskal Herritik erdal herrietara" orrialde nagusia