1111. eguna
Patioan eta eskaileretan barrena zihoan odol-arrastoa garbitzen ari da orain kartzeleroen ordenantza. Aldi berean, zerbitzuburua oihuka ari zaigu ziegetako leihoetara: denok gaude behin-behineko isolamenduan, hamalau eguneko zigorraren hasiera gisa, kartzeleroen aurka garrasika jardun eta irainak jaurtitzearren.
Ez dakigu non dabilen alacantarra, pentsatzekoa den arren, erizaindegian sendaketa eginik edo egin gabe, beste isolategi batera eraman dutela, guk ez ikustearren.
Atzo, sei eguneko atzerapenez, telegrama eman zioten: «Anaia ospitalean, istripuagatik» . Telefonoz deitzeko baimena eskatu zuen berehala, baina astean zor zaion bost minutuko deia egina zuela ihardetsi zioten. Kartzelero eta zerbitzuburuekin hitz egin arren, hauek amore ematerik ez zuen lortu. Instantzia bat egin beharko zuen, gaur erantzungo ziotena, nonbait.
Anaiaren egoera ezagutzearren eta gaua kezka bizian pasa ondoren, patiora bera bakarrik atera dela baliatu du berriro ere komunikazioa egiten saiatzeko, baina: «Instantzia ez dute erantzun». Kirioek eta suminak harturik, mehatxu egin die kartzeleroei: «Familiari telefonoz deitu arte ez naiz ziegara itzuliko». Kartzeleroek, jaramonik ez. Bi orduko atsedenaldia bukatu eta uko egin dio ziegan sartzeari. Indarrez sartzeko xedez, bost kartzelero jaitsi dira patiora baina, harengana gerturatu aurretik, eskuan zeukan ezten txikia erakutsi die: «Ez hurbildu niregana, telefonoa nahi dut». Eta joan egin dira beste bostak. Handik ordu laurdenera gabe plantila osoa eta bi zerbitzuburu etorri dira.
Ikuskizuna errealitate ez balitz, amaiera tragikoa izan ez balitz, fikziozko filma izan balitz, sekuentziaren hastapena barregarria izango zen. Patioko bazter batean, alacantarra: hogeita hamar urte ez, txikia, hiesak zigortua, eskuan ezten ñimiñoa daukala. Bere aurrean bi dozena kartzelero, bere eskularru, kasko, borra, ezkutu, esprai eta uniformeen indar guztiaz jantzirik. Inor ez zaio alacantarrari gerturatu, eta negoziazioa hasi da:
Zerbitzuburuak: «Igo hadi ziegara».
Alacantarrak: «Deitu aurretik, ez».
Hogei minutuko elkarrizketaren ondoren, bazirudien zerbitzuburua presoarekin bat zetorrela, arrazoi eta familiagatiko kezka guztiak ulertzen zituela eta arazoa amaitutzat emana zegoela.
Itunaren lekuko bi dozena preso gaudela, kartzelero buruak hitz eman dio: «Utzi eztena, deitu familiari eta hamalau eguneko isolamenduarekin bakarrik zigortuko haugu». Alacantarrak baietz, eta amore eman du. «Tranparik egingo didazue?». «Ez, noski», zin egin du zerbitzuburuak behin eta birritan.
Eztena lurrean utzi du, ezkutuen arteko pasabidea ireki zaio telefonora joan dadin eta, erdialdera iritsita, makiladaka, arrabots eta auhenen eztandaz itxi da, presoaren gainera. Ikaragarria da ikuskizuna: gorputz txiki hori ukabilkadaz txikitzeko tokirik ezean, elkarri lekua kenduz ari dira kartzeleroak, tropelka.
Anaiaren egoera larriaren berri ezagutzearren, patioa odolez gorritzen ari dela ikusten dugularik, ate eta leihoetan kolpeka hasi gara denok. Kartzelak ez du sentimenduentzat lekurik.
© Iņaki de Juana Chaos
© itzulpenarena: Edorta Agirre