ZORTZIGARREN KOADROA

 

Dekoratua: Palotinen bulegoa. Egunsentia da. Argi ahula. Lanparak pizturik daude.

 

 

I. AGERRALDIA

 

NERCIAT, CHARIVET, BERGERAT, LERMINIER, JULES

 

(NERCIATek paperezko txano bat darama; BERGERATek txilibitu bat eta txistuka ari da; CHARIVET eta LERMINIER eserita daude, leher eginda; beren smokingetan serpentinak bueltan katramilaturik. JULES aparte antzean batera eta bestera paseatuz dabil. Denek nekatu itxura eta irudi gaiztoa daukate. Fusila-Gaien intsignia daramate: ikusleak urrezko letratan FG irakur ditzakeen kokarda luzeak dira. Koadroa aurrera doan heinean eskena pixka bat argituz joango da; JULESen irteeraren ondoren eguzkiak bete-betean argituko du bulegoa).

 

CHARIVET: Buruko mina daukat!

LERMINIER: Nik ere bai.

BERGERAT: Baita nik ere.

NERCIAT: (Lehor) Nik ere bai, adiskideok. Eta zer?

CHARIVET: Nik oheratu egin nahi dut.

NERCIAT: Ez, Charivet, ez! Gu Nekrassoven zain gaude eta zuk ere gurekin itxarongo duzu.

CHARIVET: Nekrassov! Auskalo non den!

NERCIAT: Egunsentia baino lehen ekartzea agindu digute.

CHARIVET: (Leihoa seinalatuz) Egunsentia baino lehen. Hara egunsentia heldu!

NERCIAT: Horixe, ba; laster dena amaitua izango da.

CHARIVET: (Leihora hurbildu da eta nazkaz atzera egiten du) Bai nazkagarria!

NERCIAT: Zer baina?

CHARIVET: Egunsentia! Duela hogeita bost urtez geroz ez nuen ikusi: honezkero ederki zahartu da! (Isilunea).

NERCIAT: Adiskide maiteok... (BERGERATek txilibituaz txistu). Jainkoaren izenean, Bergerat, txilibitu horrekin isil zaitez!

BERGERAT: Tronpeta da.

NERCIAT: (Pazientziaz) Onartzen dut, adiskide. Baina mesedez, bazterrera botako al zenuke?

BERGERAT: (Haserreturik) Nere tronpeta bota! (Hausnartu ondoren). Zure paperezko txano hori botatzen baduzu, orduan botako dut.

NERCIAT: (Zeharo harriturik) Nere...? Zu mozkortuta zaude, adiskidea (Eskua burura eraman eta txanoa ukitzen du). A... (Amorruz txanoa bota eta gorputza tente jartzen du). Jarrera zain dezagun, jaunak. Bileran gaude. Ken itzazue serpentina horiek (BERGERATek bere txilibitua mahai gainean uzten du. Besteek jantziak eskuilatzen dituzte). Ondo da! (JULES, bere pentsakizunetan murgildurik zegoenak eta ibiltzeari utzi ez dionak, idazmahaira joan eta botila bat eta baso bat ateratzen ditu. Edateko asmotan edaria isurtzera doa). Ez jauna, ez! Zuk, ez adiskide! Nik ez zenuela inoiz edaten usten nuen.

JULES: Ahanzteko edaten dut.

NERCIAT: Zer ahanzteko?

JULES: Nere karrerako informaziorik ederrena eduki eta argitaratzea debekatzen zaidala ahanzteko. «Nekrassov Valera zen» E? Hau marka hau! Bi gizon ospetsu pertsona bakarrean bildurik, bik adina balio duen titular bat. Kazetaritzaren topea!

NERCIAT: Txoriburu bat zara, adiskide.

JULES: Ametsetan ari nintzen (Ibili egiten da). Egunkari ezkertiarra izatea: egun batez besterik ez! Egun bakar batez! A zer titular puska! (Gelditu egiten da estasiaturik). Ikusi egiten dut: Aurrekaldeko orrialde osoa betetzen du, bigarrenera hedatzen da, hirugarrenera barreatzen...

NERCIAT: Nahikoa dugu!

JULES: Ondo da, ondo da! (Samindurik ). Tsoushimako batailaren ondoren honen antzeko kontzientzia kasu bat planteatu zitzaion japoniar egunkari handi bateko zuzendariari: hara-kiria egin zuen.

NERCIAT: Ez zaitez kexatu, adiskide. Nekrassov Nekrassov da: komunisten atentatu baten bildur zelako lehentxeago alde egin du (Begiak JULESen begietan finkaturik). Horra hor egia.

JULES: (Hasperenka) Ez da ametsa bezain polita (Atean joka ari dira). Aurrera!

 

 

II. AGERRALDIA

 

LEHENGOAK, BAUDOUIN, CHAPUIS

 

(Bi inspektoreek burua bendaturik daramate. CHAPUISek besoeuskarri bat darama. BAUDOUIN bi makuluren gainean ibiltzen da).

 

DENAK: Ez nahi orduko!

NERCIAT: Non da?

BAUDOUIN: Sibiloten etxean ustekabean harrapatu dugu...

CHAPUIS: Komunista batekin goxo-goxo hizketan...

JULES: Zera batekin... Miragarria!

 

(Telefonoa deseskegitzera doa, NERCIATek geldiarazten du).

 

NERCIAT: (Inspektoreei) Jarrai aurrera.

BAUDOUIN: Liberateur-i informazioak saltzeko asmotan zebilen.

CHAPUIS: «Nola Nekrassov bilakatu nintzen, Georges de Valerak kontatua»

JULES: Liberateur-i?

BERGERAT: Eskapada ederra egin dugu!

NERCIAT: Eta zuek eskua erantsi diozue, noski.

CHAPUIS: Noski.

DENAK: (JULES ezik, ametsetan ari baita) Hori duk eta! Ez da zuek bezalakorik!

CHARIVET: Gazteluan sar ezazue!

LERMINIER: Deabruaren Uhartera igor ezazue!

BERGERAT: Burdinazko maskara eraman eraz iezaiozue!

BAUDOUIN: Kontua zera da... (zalantzatan)

NERCIAT: Esan ezazu, gizona, esan behar duzuna!

CHAPUIS: Menderatua geneukan, hogeiren bat komunista...

BAUDOUIN: ... gainera oldarrean etorri eta egurtu gaituztenean.

CHAPUIS: (Bendajeak erakutsiz) Hara gure zauriak!

NERCIAT: Bai, bai... Eta Nekrassov?

CHAPUIS: Ba... haiekin... alde egin du.

LERMINIER: Babo arraioak!

CHARIVET: Txatxu halakoak!

BERGERAT: Inozoak!

BAUDOUIN: (Makuluak erakutsiz) Jaunak, gure betebeharraren biktima gara.

NERCIAT: Ez behar adina eta lepoa ez hautsia izatea pena dut. Kontseiluburuarengana joko dugu kexatzera.

BERGERAT: Eta Jean-Paul Davidengana!

NERCIAT: Alde hemendik! (Irten egiten dute).

 

 

III. AGERRALDIA

 

LEHENGOAK, BAUDOUIN ETA CHAPUIS IZAN EZIK

 

BERGERAT: (Goibel, kokarda kendu eta begiratu egiten du) Akabo!

LERMINIER: (Egintza bera) Akabo!

CHARIVET: (Egintza bera) Geure oheetan hilko gara! (Isilunea).

JULES: (Bere buruari malenkoniaz) Suertean da!

NERCIAT: Nor?

JULES: Liberateur-eko nere kidea.

NERCIAT: (Zakarraldiak harturik) Aski da! (JULESen botila-basoak hartu eta lurrera botatzen ditu. Beste hiruei). Eutsi, adiskideok! Etorkizunari argitasunez aurre egin diezaiogun.

BERGERAT: Ez dago etorkizunik. Bihar, hiltzea da: Liberateur-ek Valeraren aitorpena argitaratuko du eta gure arratsaldeko lehiakideek.bai gustora agertuko dutela berria in extenso. Eridikulorik beltzenean hondatuko gara.

CHARIVET: Gorrotoaren putzuan, adiskide. Gorrotoaren putzuan!

LERMINIER: Komunisten alde jokatzea gaineratuko digute.

BERGERAT: Hondatuak eta desohoratuak gara.

CHARIVET: Ni ohera noa. Nik ohera joan nahi dut (Irtetera doa. NERCIATek eusten dio).

NERCIAT: Hori da lotara joan beharra, hori! Ez dago bat ere presarik, bertan hiltzeaz etsita zaudetenez gero (BERGERATek txilibitua jotzen du). Eta zu, adiskide, azkenekoz diotsut, txili... tronpeta hori uzteko!

BERGERAT: Gutxienez kontsolamendua musikan bilatzeko eskubide izango dut. (NERCIATen begiratuak beharturik). Tira, tira. Ondo da! (Txilibitua bota egiten du).

NERCIAT: (Denei) Ez da ezer galdu, baina pentsatu beharra dago. Egunkaria nola salbatuko ote dugu? (Isilune luzea).

JULES: Honelakorik egin ahal banu...

NERCIAT: Hitz egin ezazu!

JULES: Liberateur-i aurrea har diezaiogun eta gaur arratsaldeko alean berria argitara dezagun.

NERCIAT: Nola?

JULES: (Titularra errezitatuz) «Arsene Lupin baino azkarragoa, Valerak Frantzia osoari ziria»

NERCIAT: Mesedez, isil zaitez.

JULES: Hiru milioi ale salduko genituzke.

DENAK: Aski da! Aski da! Aski dugu!

JULES: Bueno! Bueno! (Hasperen eginez). Horra ba, Tantaloren suplizioa! (Geldiunea).

NERCIAT: Ondo pentsatu ondoren, Palotinen proposamena jaso eta osatu egingo dut: irakurlegoaren amorru bizia leherraraziko dugu...

BERGERAT: Ai!

NERCIAT: Giza sakrifizio batez baretu beharko dugu. Gure fede onaz abusatu dutela esango dugu; gutako batek erru guztia bere gain hartuko du. Egunkarian haren buruarinkeria kriminala salatu eta itsuski kalera botako dugu (Isilunea).

CHARIVET: Nor daukazu buruan?

NERCIAT: Administrazio Kontseilua ez da informazioaz zuzenean arduratzen. Kontseilukideetatik inor ez da errudun.

DENAK: Hori duk eta! (Txalotu egiten dute).

JULES: (Txalo jotzeari utziz) Kasu horretan ez dut nik ikusten... (Gelditu egiten da. Denok begira geratzen zaizkio. Begiratuak berari darraizkio). Zergatik begiratzen didazue?

NERCIAT: (JULESengana hurbilduz) Palotin maitea, bihotz on!

BERGERAT: Egunkari hau guretzat zure haur bat bezala da nolabait.

CHARIVET: Ez da aita batek bere bizia bere semearenaren truke ematen duen lehendabizikoa.

JULES: A! A! Zuek zera nahi duzue... (Isilunea). Ados nago.

DENAK: Hori duk eta!

JULES: Ados nago, baina alferrik izango da: zer naiz ni? Erdi mailako enplegatu bat, irakurlegoak nere izena ere ez daki. Jendeari zirrara sartzeko, aholku bat: hobe duzue zuen Presidentea sakrifikatu.

BERGERAT: (Inpresionaturik) Nola?

LERMINIER: E! E!

CHARIVET: Palotin ez dago hain oker!

NERCIAT: Adiskide maitea...

CHARIVET: A! Jestu ederra egingo zenuke!

NERCIAT: Eta Presidentzian zu jarriko zinateke nere ordez, ezta? Sentitzen dut, baina Palotin izan zen Valera aurkeztu ziguna.

CHARIVET: Bai, baina zuk berak esanak kontrolik gabe onartu dituzu.

NERCIAT: Zuk ere bai.

CHARIVET: Ni ez nintzen Presidentea.

NERCIAT: Ni ere ez. Presidentea Mouton zen.

CHARIVET: (NERCIATengana abiatuz) Mouton ez zen fidatzen, gizarajoa!

LERMINIER: (NERCIATengana abiatuz) Hark ez du errurik gu tranpan erori bagara.

BERGERAT: Zuk, Nerciat, zuk bota zenuen zure azpijokoen bitartez (Atzeraka doala maletarekin oztopo egiten du).

CHARIVET: (Garrasika) Kontuz!

NERCIAT: (Itzuliz) Zer?

DENAK: Maleta! (Ikaraturik begiratzen diote. Gero bapatean, haserre bizian).

NERCIAT: (Maletari mintzo) Hau nazkagarrikeria! (Maleta ostikoz jotzen du).

BERGERAT: (Maletari) Emango diat nik, bai, polbora erradiaktiboa! (Ostikoa)

CHARIVET: (Maleta erakutsiz) Honek ditu erru guztiak!

LERMINIER: Valera, hormara! (Ostikoz jotzen du).

DENAK: Hormara! Hormara! (Maleta ostikoz jotzen dute. MOUTON sartzen da, SIBILOT atzetik duela).

 

 

IV. AGERRALDIA

 

LEHENGOAK, MOUTON, SIBILOT

 

MOUTON: Bravo, jaunak! Ejerzizioa komeni zaizue; adin egokia duzue.

NERCIAT: Mouton!

DENAK: Mouton! Mouton!

MOUTON: Bai, adiskideok, bai; zuen Presidente ohia, Sibilotek dena aitortu diona. Sar zaitez, Sibilot, ez bildurrik izan.

SIBILOT: (Sartuz) Denoi barkamena eskatzen dizuet.

JULES: Babo arraioa!

MOUTON: Ixo! Sibilot zintzoa, ez barkaziorik eskatu; zerbitzu ederra egin diguzu denoi; egunkaria salbatzen badugu, zuri eskerrak izango da.

CHARIVET: Salba al dezakegu oraindik?

MOUTON: Zalantzan banengo, hemen izango al nintzateke?

BERGERAT: Eta nola ba al dakizu?

MOUTON: Bai.

CHARIVET: (Eskua hartuz) Gaizkile batzuk izan gara...

BERGERAT: Nola barkatuko ote diguzu...

MOUTON: Nik ez dut inoiz barkatzen: ahaztu, bai; baten batek nola asmatzen duenean. Soir à Paris kultur ondasun bat da; desagertzen bada, Frantzia pobretu egiten da: horra hor zergatik nere herra isilarazten dudan.

CHARIVET: Zer proposatzen duzu?

MOUTON: Ez dut ezer proposatzen: exijitu egiten dut.

BERGERAT: Exiji ezazu!

MOUTON: (Lehen exijentzia) Zuen Presidente izaten jarraitzen dut, jakina.

NERCIAT: Barka, adiskide, legearen araberako botazio bat izan da...

MOUTON: (Besteei) Egunkaria bakarrik izan gogoan! Nerciatek salba badezake, ni banoa.

CHARIVET: Bat ere balio ez duen bat da.

NERCIAT: Berriro diot...

DENAK (JULES eta MOUTON izan ezik): Dimisioa! Dimisioa! (NERCIATek bizkarrak uzkurtzen ditu eta taldetik alde egiten du).

MOUTON: (Bigarren esijentzia) Zazpi lankide errugabe kalera bota dituzue. Beren lanpostuetara itzuliko dira eta kalteak ordainduko zaizkie.

LERMINIER: Bai horixe!

MOUTON: Eta funtsezkoena aipatzera noa. Jaunok, duela urtebetez geroz egunkaria malda arriskutsuan labaintzen ari zen, salmentak gehitzea beste konturik ez geneukan, lankideak itsuturik zebiltzan informazio sentsazionalisten bila. Geure ikur eder eta zorrotza ahaztu egin dugu: «Egia hutsa» (Hormako kartela erakutsiz).

LERMINIER: Ai!

MOUTON: Nondik dator gaitza? A! Jaunok, gure egunkariaren zuzendaritza abenturazale baten eskuetan utzi dugu, gure fedea printzipiorik eta moralik gabeko gizon batengan jarri dugu: Palotini buruz ari naiz.

JULES: Hasi gara! Alajaina! Zu beti ni galdu nahian.

MOUTON: Jaunok, hautatu beharra dago: bera ala ni!

DENAK: Zu! Zu!

JULES: Egunkariaren bihotza ni nintzen, lerro bakoitzean nere taupadak suma zitezkeen. Zer egingo duzue zuek prentsa objektiboaren Napoleonik gabe?

MOUTON: Zer egin zuen Frantziak Waterlooren ondoren? Bizi, jauna. Gu ere biziko gara.

JULES: Gaizki! Erne ibili! (MOUTON seinalatuz) Horra, Louis XVllla. Horra hor Restaurazioa. Ni banoa Sainte-Helène aldera. Baina Uztaileko Iraultzekin kontuz ibiltzen ahal zarete!

MOUTON: Alde!

JULES: Pozik gainera! Hor ustelduko zarete, jaunok. Usteldu. Gaur goizez geroz, aktualitatea ezkerrean dago. Ezkerrean eguneroko sentsazioa! Hotzikara berria, ezkerrean. Eta ezkerrean daudenez, haietara noa. Porrot eginaraziko dizuen egunkari aurrerakoi bat sortzera noa.

SIBILOT: Nagusi jauna! Barka iezadazu, gezurrak itotzen ninduen...

JULES: Atzera, Judas! Zoaz eta urka zaitez!

 

 

V. AGERRALDIA

 

LEHENGOAK, JULES izan ezik

 

MOUTON: Ez kezkarik izan: sanotasun publikorako egintza bat da (Leihoa erakutsiz). Hara! Palotinek utzi egiten gaitu eta eguzkia ateratzen da. Egia esango dugu, jaunok, bazter guztietan aldarrikatuko dugu. Bai lanbide ederra, gurea! Gure egunkariak eta eguzkiak zeregin bera dute: gizonei argi egitea (Haiengana hurbilduz). Egia esatea zin egizue. Egia osoa, egia hutsa.

DENAK: Zin dagit!

MOUTON: Hurbil zaitez, Sibilot. Egunkariaren zuzendaritza gizon prestu honen, gure salbatzailearen eskuetan jartzea eskatzen dizuet.

SIBILOT: Nere eskuetan? (Kordea galtzen du)

MOUTON: Hau da nere xedea. Lehentxeago deitu diot telefonoz Ministroari; Duval eta Maistreren pertsekuzioa uzteko asmotan da; gauza ez dago bat ere garbi.

CHARIVET: Haserre bizian egongo da.

MOUTON: Hala zegoen, baina baretuarazi dut; hartu behar diren neurriak erabaki ditugu. Bihar egunsentian hiru mila lagun bilduko dira Sobietar Enbaxadaren aurrean. Hamarretan, hogeita hamar mila izango dira. Zaingo zerbitzuak hiru aldiz gaindituak izango dira eta 17 kristal hautsiko dituzte. 15 orduetan gehiengoaren diputatu batek interpelazio eskabide bat egingo du: enbaxada miatzeko eskatuko du.

CHARIVET: Intzidente diplomatiko baten beldur ez al zara?

MOUTON: Deseatzen nago.

CHARIVET: Istilu baten arriskua dago!

MOUTON: Baita zera ere! URSSk ez du mugarik Frantziarekin.

NERCIAT: Zer trikimailu dago honen azpian eta zertarako horrenbesteko zalaparta?

MOUTON: Liberateur-ek aterako duen zalaparta aurretik tapatzeko. Izan ere, geuk, nere adiskide maiteok, geuk emango baitiogu dantzari hasera. Herriaren haserrea eta sobietarren kontrako manifestazioak gure gaurko egunkariak sortaraziko ditu (SIBILOT astintzen du). Sibilot!

SIBILOT: (Bere onera etorriz) E?

MOUTON: Lanera, adiskide. Aurreneko orrialdea aldatu beharra dago. Lehenik eta behin, gaintitulu gisa «Georges de Valera komunistei saldua» jar ezazue. Titular handiak orriaren erdia har dezala: «Nekrassov Sobietarrek bahitu, Bounoumi anderearenean zen gaujai batean». Eta azpititulu hau azken buruan: «Enbaxadako sotoan hamabi ordu igaro ondoren, kutxan sartuta bidali dute Moskura, agi denean». Ulertzen?

SIBILOT: Bai, Presidente jauna!

MOUTON: Sei kolumna har, eta gara itzazu zeure gisa.

CHARIVET: Sinetsiko al dute?

MOUTON: Ez, baina Liberateur-ek esango duena ere ez dute sinetsiko: hori da funtsezkoena.

MOUTON: Ahaztu baino lehen, adiskidea, poliziak Nekrassoven paperen artean zerrenda haren gehigarri bat aurkitu du...

CHARIVET: Zerrendaren gehigarri bat...

MOUTON: Fusila-Gaiena, noski. Aurreneko orrian ospetsuenen izenak jar itzazu: Gilbert Becaud, Georges Duhamel, eta Mouton, zuen Presidentea.

 

(Makurtu, Fusila-Gai kokarda bat lurretik jaso eta botoizuloan jartzen du).

 

CHARIVET: Ohera naiteke?

MOUTON: Noski, adiskide: ni erne nago (Bere lagunak aterantz bultzatzen ditu. NERCIAT gogor egiten saiatzen da). Zu ere bai, Nerciat, zu ere bai; burua burkoaren gainean duzunean, ez duzula zozokeriarik egiten seguru dakit (Atetik SIBILOTengana itzuliz). Nere beharrik baduzu, Sibilot, bulegoan naiz (Irten egiten dute).

 

 

VI. AGERRALDIA

 

SIBILOT bakarrik, gero TAVERNIER eta PERIGORD

 

(SIBILOT jaiki eta ibili dabil: hasieran poliki, gero berriz, gero eta azkarrago. Bukatzeko, jaka erantzi eta besaulki baten gainera botatzen du airez. Atea ireki eta dei egiten du).

 

SIBILOT: Tavernier Perigord, Aurrekaldeko Orria erabakitzeko bilera! (TAVERNIER eta PERIGORD korrika sartzen dira. SIBILOT ikusi eta harri eta zur eginda gelditzen dira. SIBILOT begietara begira-begira geratzen zaie). Tira, mutilak, maite nauzue?

 

OIHALA

 

 

© Jean Paul Sartre

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Jean Paul Sartre euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus