ZAZPIGARREN KOADROA

 

DEKORATUA: SIBILOTen 1925 estiloko sala.

 

 

I. AGERRALDIA

 

GEORGES, VERONIQUE

 

(Gaua da. GEORGES leihotik sartzen da. VERONIQUE ere sartzen da eta argia pizten du. Hirugarren koadroan zeramatzan jazki berberak ditu soinean eta irteteko prestatzen ari da. GEORGES beraren atzean jartzen da besoak altxata, irribarrez).

 

GEORGES: Gabon!

VERONIQUE: To! Nekrassov!

GEORGES: Nekrassov hila dun. Georges deitu eta gortinak itxi itzan (Besoak jaisten ditu). Ez didan hire izenik oraindik esan, neskatoa.

VERONIQUE: Veronique.

GEORGES: Frantzia eztia! (Besaulki batean gorputza erortzen uzten du). Besaulki honetan bertan eserita nengonan, hi irteteko asmotan hintzen, txakurrak etxearen ingurumarian zebiltzanan: dena berriro asten dun. Igoaleko gaztea nindunan! (Arretaz entzunez). Txistu hotsa?

VERONIQUE: Ez. Atzetik segika al dabilzkik?

GEORGES: Hogei urte nituenetik (Isilunean). Ahoa bete hortz-haginekin utzi ditinat. Ez luzarorako, ordea!

VERONIQUE: Etorriko balira?

GEORGES: Etorriko ditun. Goblet ohituraz, eta DTkoak usmaz. Baina ez hamar minutu pasa baino lehenago.

VERONIQUE: DTkoak atzetik al dabilzkik?

GEORGES: Baudouin eta Chapuis inspektoreak. Ezagutzen?

VERONIQUE: Ez, baina DTkoak, bai. Arriskuan hago!

GEORGES: Itxura!

VERONIQUE: Ez hadi hemen gelditu!

GEORGES: Hirekin hitz egin behar dinat.

VERONIQUE: Hitaz?

GEORGES: Hire lagunez.

VERONIQUE: Bihar ikusiko haut: esan leku-orduak. Baina alde egin ezak!

GEORGES: (Buruari eraginez) Uzten bahaut ez naun gehiago ikusiko: eskuak eranstera zihoazkidan! (VERONIQUEren keirru bat! erantzunez). Ez hadi eztabaidan hasi. Ofiziokoak horrelako gauzak usnatu egiten ditin. Bestalde, nora joatea nahi dun? Gordeko nauen lagun bat bakarrik ere ez zeukanat. Gauez smoking bat soinean daraman morroia oharkabean ibil ziteken; baina hago bihar arte, eguerdiko eguzkiaren argitara... (Ideia batek astindurik). Hire aitaren traje zaharrak non dira?

VERONIQUE: Etxezainari eman zizkiok.

GEORGES: Eta berriak?

VERONIQUE: Soinean daramana kenduta, ez zeudek prest oraindik.

GEORGES: Ikusten? Suerteak utzi nain. Veronique, nere izarra hil dun, nere jeinua goibeltzen ari dun: nereak egin din (Ibili egiten da). Norbait atxilotuko diten gaur gauean, seguru pentsatu! Baina nor? Nor harrapatuko duten esango al didan? Goblet Valeraren atzetik zihoan korrika eta DTkoak Nekrassoven atzetik. Nork eskua aurrena erantsi, hark nahi duena bihurtuko naun. Zeinen alde egingo huke apustu? PJ ala DTkoen alde?

VERONIQUE: Nik, DTkoen alde.

GEORGES: Nik ere bai (Isilunea). Maistre eta Duval jakinaren gainean jar itzan.

VERONIQUE: Zertaz nahi duk jakinaren gainean jartzea?

GEORGES: Entzun, neskatoa, eta ulertzen ahalegin hadi (Pazientziaz). Zer egingo dute nerekin DTkoek? Itzalera bidali? Ez ditun hain eroak: Nekrassov Frantziaren gonbidatua dun. Neretzat hiri inguruetako etxeren bat alokatuko zitenan, apartatu samarra, nahiko argi duten gelez hornitua. Gelarik ederrenean ezarriko naiten, eta ohean egongo naun gau eta egun. Nekrassov gaixoa, oso ahuldua baitago; hainbeste sufritu ondoren... Eta hori gora behera, hire aitak nere agerpen harrigarriekin jarraituko din: doinua ikasi din eta nire beharrik gabe sor zitzaken (Egunkari saltzaileen doinua imitatuz). «Maistre eta Duval ezkutuan Moskura joaten ziren. Nekrassovek dolarretan ordaintzen zien». Horri, ingurune psikologikoa sortzea deitzen zaiola uste dinat: ondo kakaztu ondoren jendeari normala irudituko zaion traidoretzat salatzea.

VERONIQUE: Nere aitaren artikuluei Tribunalak irri egiten ziek: lekukoak behar ditiztek.

GEORGES: Eta ni lekuko gisa agertuko ez naizela seguru al dakin?

VERONIQUE: Hi?

GEORGES: Bai. Ni kamilla batean. Zartakoak ez zaizkidan gustatzen, neskatoa. Egunero hartuz gero, azkenerako aspertu egingo naun.

VERONIQUE: Egurra emango diatelakoan al haiz?

GEORGES: Ez ditun berriketan ibiliko! (Isilunea) Mespretxa nazaken: artistegia naun gorputzez kementsu izateko.

VERONIQUE: Nik ez haut mespretxatzen. Eta gorputz kemena nork aipatu du? Nahiago duana jakitea aski duk.

GEORGES: Baneki!

VERONIQUE: Ez duk txibato bihurtu nahiko?

GEORGES: Ez, baina aurpegitxo hau hondatzerik ere ez litzaidaken gustatuko: ez zegon aukera handirik!

VERONIQUE: Harroegia haiz inor salatzeko.

GEORGES: Harrotasunik gelditzen al zait, ba?

VERONIQUE: Lehertzeko zorian hago!

GEORGES: Zeruari laket bekio! Ez din axolarik. Maistre eta Duval, horien atzaparretatik urrun direla jakiteak asko lasaituko nindiken.

VERONIQUE: Zer alde egongo litzateke?

GEORGES: Leporaino egiten banaun, akusa zitzakenat: nolanahi ere, ziur jakingo dinat ez direla itzalera joango.

VERONIQUE: Hik akusatzen badituk, kondenatu egingo ditiztek.

GEORGES: Kondenak ez din kontatzen, ez baitituzte barrura eramango.

VERONIQUE: (Etsita) Georges gizarajoa!

GEORGES: (Entzungor eginez) Ulertzen, haurtxoa? Ni desagertu egingo naun eta hik ospa egiteko esan.

VERONIQUE: Ez ditek ospa egingo...

GEORGES: Polizia atzetik eta bost urteko itzalaren arriskua gainean dituztela?

VERONIQUE: Ez dituk ezkutatuko, errugabeak dituk eta.

GEORGES: Eta niri errudun nintzelako airoso alde egiteko esaten hidan. Ederra logika! Kasu egingo balinate, Frantziako errudun guztiak amuarrainak harrapatzera joango hituzke, errugabeak, berriz, kartzelan ustelduko hituzke.

VERONIQUE: Hori duk gutxi gorabehera gertatzen dena.

GEORGES: Berriketa gutxi, polit hori: egia hau dun, zuek abandonatu egiten dituzuela.

VERONIQUE: Atxilotu arte itxaron ezak eta ikusiko duk.

GEORGES: Jakina: zuek kaleetan oihuka hasiko zarete. Kartelak, mitinak, manifestazioak: ezer ez eta festa! Eta zuen bi burkideak non izango dira? Barruan. Arraioa! Zuei ahalik eta denborarik gehiena han eduki ditzatela interesatzen zaizue (Barre egiten du). Eta ni, inozo halakoa, haiek jakinaren gainean jartzeagatik galbidean sartzen naun. Zuei ez zaizue interesatzen eta? Hori hankasartzea! Ez zaituztet kritikatzen: Bakoitza, bere alde. Hala eta guztiz ere nazka pixka bat ematen didazue: ni itzalera eramango bainaute eta sakrifikatzera zoazten bi gizarajo horien kideko sentitzen naun.

VERONIQUE: (Telefonoz) Hi al haiz, Robert? Hirekin hitz egin nahi duen batekin jarriko haut. (GEORGESi) Duval duk.

GEORGES: Beharbada telefonoa kontrolatuta egongo dun.

VERONIQUE: Ez ziok bat ere axolarik (Tresna luzatzen dio).

GEORGES: (Telefonoz) Alló! Duval? Entzun ongi, adiskidea: bihar atxilotuko zaituzte, beranduena jota ere etzi eta seguru aski kondenatu egingo zaituzte. Maleta egiteko denborarik ere ez duzu: zintzilikatu orduko alde egin ezazu. E! O! O! (Tresna utziz) Neri hasten zait builaka, aizue!

VERONIQUE: (Telefonoz) Ez, Robert, ez; lasai hadi; ez duk probokatzailea. Ezetz ba, ezta gutxiagorik ere. Esplikatuko diat. (GEORGESi) Maistreri deitzea nahi al duk?

GEORGES: Ez, uztan: ulertu dinat (Barrez hasten da). Nere bizitzan aurrenekoz mesede bat egin nahi ninan. Eta benetan azkenekoa ere hauxe izango dun (Isilunea). Alde egitea besterik ez zaidan gelditzen. Gabon eta gaizki eginak barka.

VERONIQUE: Gabon!

GEORGES: (Bapatean lehertuz) Inozo batzuk ditun eta kitto! Irudimenik gabeko gizagaixoak! Itzalean egotea zer den urrutitik ere ez diten sumatzen. Nik, bai, bazekinat!

VERONIQUE: Hi ez haiz handik pasa.

GEORGES: Ez, baina poeta naun. Kartzela itsatsi egiten zaidan gaur arratsaz geroz, eta hezurretan sentitzen dinat. Badakin, bostetatik hiru handik bularretiko ateratzen dela?

VERONIQUE: Duval 1939eko urriaren 17an sartu zitean. Eta 1944ko abuztuaren 30ean irten zian. Tisiko.

GEORGES: Orduan barkaezina dun.

VERONIQUE: Ez, Georges gaixo hori, berak hik bezala egiten dik: bere interesa hori duelako egiten dik hori.

GEORGES: Beraren ala zuen interesa?

VERONIQUE: Berarena, nerea, gurea: bat besterik ez duk. Hik, heure lepoaz aparte, beste ezer ez daukak. Salbatu egin nahi duk, ez duk harritzekoa. Duvalek beste horrenbeste. Baina ez zegok egunero horretan pentsatzen. Berak bere alderdia zeukak, bere lana, bere irakurleak: bera den guztia salbatu nahi badik, gelditu beharra zeukak.

GEORGES: (Sumindurik) Egoista nazkagarriak!

VERONIQUE: Nola?

GEORGES: Mundu guztia pozik geldituko dun: berak bere arantzazko koroia izango din eta zuek, zuen besta. Baina ni, zerri alenok, zertan gelditzen naiz ni saltsa honetan? Traidore bat, txibato bat, salatari bat...

VERONIQUE: Aski duk...

GEORGES: Inola ere ez! Tela-ohe bati lotu, eta txakurrek egunean hiru aldiz astinduko naiten; noizean behin, arnasa hartzearren, galdetuko zidaten: «Lekukotasunik emango?» Irtenbiderik ez dinat izango: kontzientziaren harrak ez nain pakean utziko, gazta bete-bete eginda edukiko dinat, geldituz alukeria ederra egiten didaten bi martiri horiek gogoan izango ditinat, eta hau esango zionat neure buruari: «amor ematen baduk bost urtetarako zeukatek!» Eta amor ematen badut? Alajaina! Kontentuegi jarriko zarete. Ez da Judasik gabeko Kristorik, ez da hala? Horra, Judas gizarajoa, horra hor kexa zitekeen bat. Nik, bai, nik ulertzen dinat gizon hura. Eta ohoratu ere bai. Amor ematen ez badut... Hara! Orduan ere zuengatik hartuko dinat astin du ederra!... Eta zein izango ote da nere saria ordainetan? Ixtukazoak eta gorroak! Hire aitak Soir à Paris nere deklarazio faltsoez beteko din, zuen egunkari zahar horiek. Nekrassov kalumniatzailearen hondamen itsusia eta Duvalen barkamendua batera ospatuko ditinate. Zuen lagunak garaile gisa eramango dituzue, eta pausoan zuen kohorte alaiek muturra zanpatuko zidaten. Manipulatua! Haur bat bezala erabilia! Eta mundu guztiak gainera. Han gorrotoaren tresna nindunan! Hemen, historiarena! (Isilunea). Veronique! Nere kasua hire lagunei esplikatuko bahie, ez ote lidakete alde egiteko mesedea egingo?

VERONIQUE: Ez diat uste.

GEORGES: Zerri alenak! Hara! Hire aurrean nere buruaz beste egin eta solairua odoleztatzea merezi huke. Nik horretarako ausardiarik ez izateak libratzen hau (Berriro eseri egiten da). Ez dinat ezer ulertzen. Nere filosofiatxoa baninan, eta bizitzen laguntzen zidanan: dena galdu dinat, nere printzipioak ere bai. A! Ez ninan inolaz ere politikan sartu behar!

VERONIQUE: Georges, segi ezak hemendik! Guk ez zioagu inori ezer eskatzen, hik ez diok inori ezer zor Baina hoa hemendik.

GEORGES: (Leihoan, gortinak erdi irekiz) Gaua. Karrika hutsak. Hormen kontra estuturik ibili beharko diat goiza arte. Gero... (Isilunea) Egia jakin nahi dun? Hemen harrapa nazaten etorri naun hona. Abitua janzten denean, azkena ikusten den aurpegiak asko balio din, luzaro gogoratzen baita. Hirea izatea nahi ninan (VERONIQUE irribarrea). Maizago egin behar huke irribarre, edertu egiten hau.

VERONIQUE: Gustoko dudan jendeari egiten zioat irribarre.

GEORGES: Nik ez dinat ezer hire gustoko izateko eta hi ez haiz nere gustokoa (Isilunea). Gizagaixo horiek barrura eramatetik libratu ahal izango banitu, ederra egingo nizueke! (Ibiliz) Hel niri, nere jeinua! Oraindik bahaizela froga iezadak!

VERONIQUE: Jeinua, motel...

GEORGES: Ixo! (VERONIQUEri bizkarra eman eta makurtuz). Eskerrik asko! Eskerrik asko! (VERONIQUEri) Hire lagunak ez dituztela preso hartuko jakinarazi beharra sentitzen dinat. Akabo festak eta martirien palma! Castagnie anderea bere lanpostura itzuliko dun eta nork daki Perdrièreren ehun mila botoak hautagai komunistari ez ote zaizkion joango? Erakutsiko dizuet manejatzen horren erraza naizen ala ez.

VERONIQUE: (Sorbaldak altxaz) Ezin duk ezer egin.

GEORGES: Ni gordetzeko norbait bila ezan. Bihar hator ni ikustera eta elkarrizketa baten mundu mailako esklusiba emango dinat.

VERONIQUE: Eta segi!

GEORGES: Ez al dun nahi?

VERONIQUE: Ez!

GEORGES: Baninan, ba, titular polit askoa! (Nekrassov nola bihurtu nintzen, Georges de Valerak kontatua).

VERONIQUE: Georges!

GEORGES: Hire lagunen baten etxean geldi naiteken, alde guztietatik hartutako argazkiak egin iezazkidazue, partxearekin eta gabe. Denak ezagutzen ditinat: Palotin, Nerciat, Mouton, eta horiek denak: bueltarik gabeko agerpenak egingo ditinat.

VERONIQUE: Lehendabiziko artikuluaren ondoren polizia bidaliko zigutek. Ez bahaugu entregatzen, hire lekukotasuna sortua dela bazter guztietan zabalduko ditek.

GEORGES: Lehendabiziko artikularen ondoren ni preso hartzera ausartuko direla uste dun? Gehiegi zekinat. Eta gainera, zer? Gogor jartzen badira, nere helbidea eman eta kitto. Zuen martiriekin aspertuta naukazue: bat behar bada, zergatik ez ni?

VERONIQUE: Ikusten? Harrokeriaz puztu eta lehertzeko zorian hago.

GEORGES: Bai (Geldiunea). Interview horretako ados al haiz? (VERONIQUEk musu ematen dio). Distantziak gorde (Barrez). Irabazi dut azkenean. Neretzat ez da alde handirik izango: aitari diktatzen nion, orain alabari (BAUDOUIN eta CHAPUIS leihotik sartzen dira).

 

 

II. AGERRALDIA

 

GEORGES, VERONIQUE, BAUDOUIN, CHAPUIS

 

CHAPUIS: Egunon, Nikita.

BAUDOUIN: Goblet inspektorea hire bila zebilek.

CHAPUIS: Baina ez ikararik izan: guk zainduko haugu.

VERONIQUE: Dena pikutara!

GEORGES: Ez jakin! Nere jeinua berreskuratu dinat; agian nere izarra ez dun oraindik itzali.

BAUDOUIN: Hator gurekin, Nikita. Arriskuan hago.

CHAPUIS: Neska hau komunistekin ibiltzen duk.

BAUDOUIN: Agian hi garbitzeko agindua hartu dik.

GEORGES: Ni Georges de Valera naiz eta Goblet inspektorearen eskuetan jartzea eskatzen dut.

CHAPUIS: (VERONIQUEri) Nikita gaixoa!

BAUDOUIN: (VERONIQUEri) Hire errusiar adiskideek beronen andrea eta seme-alabak kartzelaratu ditinate.

CHAPUIS: (VERONIQUEri) Atsekabeak nahastu eta zentzugabekeriak esanarazten zizkion (BAUDOUIN sarrerako atera joan eta ireki egiten du. Bi erizain sartzen dira).

 

 

III. AGERRALDIA

 

LEHENGOAK BERAK, BI ERIZAIN

 

BAUDOUIN: (Erizainei) Horra. Emeki erabil ezazue.

CHAPUIS: Deskantsu beharra daukak, Nikita.

BAUDOUIN: Jaun hauek klinika polit batera eramango haute.

CHAPUIS: Eguzkiak jotzen duen lorategi eta guzti duena.

GEORGES: (VERONIQUEri) Zer aurkitu duten, ikusten? Hiri inguruetako etxea baino okerragoa oraindik.

BAUDOUIN: (Erizainei) Fardela eraman ezazue!

 

(Erizainak atea irekita utzita hurbiltzen dira. GEORGESi heltzen diote. GOBLET sartzen da).

 

 

IV. AGERRALDIA

 

GOBLET: Jaun-andreok: zuek ez zenuten ikusiko metro hirurogeita hemezortziko gizon bat...

GEORGES: (Ozenki) Hemen Goblet. Ni Georges de Valera nauk.

GOBLET: Valera!

GEORGES: Ehun eta bi estafa aitortzen ditiat. Urtearen azkenerako inspektore nagusi izango haiz.

GOBLET: (Liluraturik aurrera eginez) Valera!

BAUDOUIN: (Bidea itxiz) Hutsa, konpañero: Hau Nekrassov duk.

GOBLET: (Itzuri eta GEORGESengana jauzi eginez. GEORGESi besotik heldu eta tiraka hasten da) Makina bat urte badira honen atzetik nabilela.

CHAPUIS: (Beste besotik GEORGESi tiraka) Valera dela uste duen ero bat besterik ez dela argi esan diagu.

GOBLET: (GEORGESi besotik tiraka) Aska ezazue. Nere ondasuna, nere bizitza, nere gizona, nere harrapakina da.

CHAPUIS: (Tiraka) Aska ezak heuk!

GOBLET: Bazaudete puska baterako!

BAUDOUIN: Lanetik botaraziko haugu.

GOBLET: Nahi duzuenean: istilu ederra izango da.

GEORGES: Hori duk eta, Goblet! Ni, hire alde!

BAUDOUIN: (Erizainei) Biak eraman itzazue!

VERONIQUE: Hel! Hel niri! (CHAPUISek eskuaz ahatapatzen du, VERONIQUEk gogor egiten dio. Une horretantxe Demidov erabat amorraturik sartzen da).

 

 

V. AGERRALDIA

 

DEMIDOV: Non da nere militantea?

GEORGES: Hel niri, Demidov!

DEMIDOV: Nere militantea, redios! Bihur iezadazue nere militantea. Nere militantea nahi dut.

BAUDOUIN: Zertan sartzen haiz hi hemen?

DEMIDOV: Zertan sartzen naizen? To! (Zartako bat eman eta hankaz gora botatzen du. Gainontzekoak oldartzen zaizkio). Gora alderdi boltxevike-boltxevikea! Eutsi gogor, militantea! Behera txakurrak! (Erizain bat lurreratzen du) A! Zuek alderdi boltxevike-boltxevikea zatikatu nahi zenuten! (CHAPUIS lurrera botatzen du. Martxan den iraultza geldiarazi nahi zenuten! (GOBLET lurrera botatzen du. GEORGES eta VERONIQUE begiradaz ados jartzen dira eta hanka egiten dute. DEMIDOVek beste erizaina lurreratzen du, ingurura begiratu eta atetik kanpora irteten du oihuka). Eutsi gogor, militantea! Hor nauk!

GOBLET: (Malenkoniaz jaikitzen da) Garbi asko esan dut ez nuela harrapatuko! (Kordea galdurik erori egiten da).

 

OIHALA

 

 

© Jean Paul Sartre

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Jean Paul Sartre euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus