SARRERA

 

        Filosofo, saiolari, antzerkigile, hitz batean idazle, JEAN PAUL SARTREk (1905-1980) intelektual gisa hiru hamarkadatan zehar Frantziako politika eta kulturgintzan leku berezia bete zuen. Haren ideien eraginak bestalde, bere sorterriko mugak gainditu eta mundu osoan zehar eztabaida eta polemika franko bultzatu zuen.

        1964ean Nobel Saria eman zioten eta Sartrek ez zuen jaso nahi izan, hala ere emate hutsa idazle gisa duen mailaren errekonozimendua izan zen.

        Sartreren izena existentzialismoaren gorakadarekin lotzen da hasieran, gero kolonialismoaren kontrako gatazkekin, marxismoaren berriztapen eta egunera egokitzearekin, eta azkenik 1968ko erreboltatik sortutako mugimendu radikalekin.

        Filosofia, literatura, politika eta hiru hauei buruzko etengabeko azterketa erabat loturik agertzen zaizkigu Sartreren obran.

        Sartreren obraren bilakaera ulertzeko II Mundu Gerrak zer suposatu zuen Europan kontutan izan behar da. «Gerrak nere bizitza bitan banatu zuen egiaz» zioen berak. Gerrak pasa erazi zuen nonbait gizabanakoari buruzko gogoetatik, indibidualismotik, gizarte arazoez arduratzera, sozialismora, hitz honen zentzurik zabalenean. «Hori izan zen nere bizitzako egiazko birakuntza (grands tournants): aurretik, ondoren. Aurretik La Nausée bezalako obretara eraman ninduen, ondoren Critique de la Raison Dialectique-ra» [1].

        Beti aipatu izan da existentzialistek eta Sartrek bereziki beren filosofiari publiko zabalago bat bilatzeko literatura bitartekotzat hartzeko izan zuten joera. Sartrek teatroa erabiliko du publiko zabalera iristeko.

        Antzerkigintzari zuzenean gagozkiolarik zera esan behar da, edukinaz bi gerrateen arteko teatro frantsesaren jarraitzaile dela eta «absurdoaren teatroa» baino lehenagokoa. «Komunikazio biltze sutsua dela medio, forma berritzen ez da entseiatuko, giza-tragediaren alderdirik hurbilekoenak dantzan jartzen baizik. Konpromezua bilatzen duen teatroa da, gizonak bere hiriarekin duena hain zuzen ere» [2].

        Beraz, literaturgintza engaiatu baten aurrean gaude, baina engaiatze honek baditu bere mugak. Sartre komunistengandik hurbil ibili zen denboraldi batean behintzat, baina organizazio batek ezar ziezazkiokeen muga eta baldintzen bildur zen. Alderdiaren linea, taktika eta estretegiek biziki ikaratzen zuten. «Komunistengandik oso hurbil ibili nintzen lau urtez, baina nere ideiak eta haienak ez ziren berberak, eta haiek bazekiten hori. Gehiegi engaiatu gabe erabiltzen ninduten eta Budapestekoa bezalako gertaeraren bat suertatzen bazen abandonatuko nitueneko susmoa zuten; hala gertatu zen». Objektibuki beharbada hori birakuntza garrantzitsua izan zen, baina subjektibuki ez, zeren eta nik gutxi gorabehera neure ideiak baineuzkan eta nere komunistekiko hurbilaldian ez bainituen abandonatu; eta berriro Critique de la Raison Dialectique-n aurkitu bainituen» [3].

Nekrassov antzerkia kontestu honetan kokatu behar da. 1955ean estrainatu zen, Sartre Frantziako PCrekin etengabeko polemikan aritu ondoren. Badirudi obra honek polemika honetan halako barealdi edo lasaialditxo bat suposatu zuela. Nekrassov, izan ere prentsa burgesaren kontrako satira da. Gerra Hotz delakoaren gorabeherak jartzen dizkigu begien aurrean eta nolanahi ere den, eskuineko kazetaritzari pasada polita ematen zaio bertan. Eta egileak berak «erdizka lorrindutako» satiratzat bazeukan ere komedia gisa badu meriturik.

 

[1] Situations in Sartre, Mauricio Wacquez, Ed. Barcanova, Barcelona, 1981, 99. orr.

[2] op.cit., 82-83 orr.

[3] op.cit., 103. orr.

 

 

© Jean Paul Sartre

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Jean Paul Sartre euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus