Literatur Emailuak
Susa literatura argitaletxea

 


Ruben Dario (1867-1916)

 

1869ko urtarrilaren 18an Nikaraguako Metapa herrian jaioa —Ciudad Dario izena du gaur egun—, idazle, kazetari eta diplomatiko jardun zuen. Nikaraguako poesiaren eta espainolezko poesiaren XX. mendeko gailurretako bat, modernismoaren ikur nagusia izan zen.

[informazio gehiago]

 


 

 

Arjentina'ko emakumea

 

Ruben Dario

euskaratzailea: Emeterio Arrese

 

Arjentin-zelai aberatseko

emakume txit argiya:

esango dizut zer-nola izan dan

zure jatorri garbiya.

Esku ona dun lorezai batek

lilien muin bereziya

txertu-lan bidez aldarazi-ta

sortzen da lore berriya,

usai ta margo bikaña duen

orri legunez jantziya.

Beronen berdin anitz ederki

jayo ta txukun aziya,

arig-pitxi bat bezin pollita,

eztigai zoragarriya,

zu zera likur gozo darion

pampa'ko lore biziya!

 

                La Baskonia, 1928, 1.236. zkia

 


 

Negukoa

 

Ruben Dario

euskaratzailea: Anjel Bidaguren

 

Negu ordu luzeetan, ara Karolina

besaulkian, nekeak etzana, erdi-kikil,

pitotx-narru arteko berotan bil egina,

egon-gelako sutondo argiaren urbil.

 

Alboan, Angorako katar zuri pinpina

arean Alezon'go gonak musukatzen dabil.

Urur txinatar murko ederrago ezina,

Japongo seda-atearen bestalde ixil.

 

Xarmadura emeak dakartso lo eztia

barrura naiz ixilik —kakoara txartesa—

musuka noa bere matrail zoragarria,

 

zuri-gorri, lore eder, lili ta larrosa.

Ixartu da; ene adi bere so-argia.

Bitartean, Paris'en, goitik, edur matasa.

 

                Zer, 1983, 70. zkia

 


 

 

Ertia

 

Ruben Dario

euskaratzailea: Santi Onaindia

 

                Soit: le tonnerre aussi.

                          Biktor Hugo.

 

 

                  1

 

Jainkoak, bere al izatean,

leia azken gabez betean,

zeruan goiz-antz ederrak erein

ta utsera ludiak jaurtzean;

 

oro Jainkoak egiña dogu.

Zelan? Jainko guzti-altsuak

bere buruan ekusan lezak,

bere oiñetan be osiñak;

 

bere izatean bertan sortua,

arnas atsa eban aizetu,

eta lezaren barru-barruan

dardara-igi bat zan sortu.

 

Milla goiz-izpik, ixioturik,

emon eben dizdiz guria

eta ludiak ler-egin eben

lore-pikor lez, alegia.

 

Jaunak eskua luzatu eban,

biziz bete zan lurra oso;

jaio-barria eban estali

soiñeko urdiñez: itxaso;

 

oial bigunak eundu ebazan

Eol artegari emonik,

ta buru baten eta bestean

leiar-izotzak iñaurturik;

 

Arek, gerora, gura izan eban

hura onetsi: poz-tokiko

usain gozotan Jainkoak berak

anbartu eban samurkiro;

 

eta zabaldi basatietan

ta basarte koroituetan,

zeibu-gurutz ta masti-abarrez

Berak naro jantzi ebazan;

 

ta igali leunak dizditu ziran

ezkur gozoz lurrindurikan,

eta urrezko tanto antzera

mahatsak euren mordoetan.

 

Bitzuon gaiñak, alkarri eutsiz,

apain dagie margo-lauki

lorak, egazti usain-jario;

egaztiak, lorak kantari.

 

Ta sumendiak azkar joiazan,

arranoa iduri, gorantza;

ta goian odei lodia itzul zan

ekaitzen magalpe belatza.

 

Eta izadiak, oso-osorik,

bota zun bere len-intzira;

lurbira danan dardaratzaille

izan zan aren len-pilpira.

 

Baiña batez be Berak, aundiak,

gauza guztien Sorle danak,

biran argia dizdiz betean

ta aldia oiñaulki daukanak;

 

Jainkoak berak ixuri eban

giz-barnean gogai-azia

ta biotzaren zer-izanean

maitasunerako azkia.

 

Ala emon zun, ezagutzea,

jakin-miña, indarra, kemena,

beroa eta gaztetasuna

ta lana ta burutapena;

 

eta Arek, dana banatzen daunak

bere naira ta erean,

argiak legez dana artzen daunak

ertia jarri zun lurrean.

 

Ertia geroz ikurratz dozu

Jaunak irarria barnean,

Berari onen deritxonaren

biotz-otsein muin ostenean.

 

Ta ertilariak egazka dagi

beti eder danaren billa,

Jaunak ariman irarri dautson

ikurra beraz daroala.

 

Sua daroa begira sistan;

sukarrez ase, itz erotu;

mundua, barriz, noizka dakusa

begiratzen eztaunan edu.

 

Ertilariak eztauko bada

zer-ikusirik lur-gaiñean,

eta antxe dabil goiak barruna...,

bai, trumoiaren magalean.

 

Eta andik beera jasten danean,

edozertarako da gauza...,

baita arrobi bati kentzeko

Moises'en arpegi zakatza;

 

edo pintzel bat zeru azpiko

sakonean ureztatzeko,

ta oial baten ludia sortu

ta Errapel deitu-azteko;

 

edo usgune itsu, ozpel goibela

gezi zorrotzez zulatzeko,

uts-sabelera jaurtirik ausart

goi-orratzak arri latzezko;

 

edo-ta doiñu askodun otsen

erraiak leun sakon-azteko,

ta ari tinkatu batetik zotin

ta trumoiak aterateko;

 

naiz olerkari izateko; t'ordun,

ba-dakizue, orrek zera

lepora jaurtzen dau borontzezko

aridun lira ezilkorra;

 

eta an, sumiña bordoi bakoitzak

damotso, poza, negar-auen...

Danontzat dauko eres-doiñu bat,

danentzat daki zerbait ozen.

 

Gudamutilla dabes bulartsu,

burrukan iñar sutsu oso;

gerkarra dabes buruzagia,

ta orduan Omer deritxo.

 

Ta Jerusalen artako egun

abesten ditu zori latzak...

Ez entzun soilki..., ikus dagiguz

Jeremias'en trumoi-otsak.

 

Aulki gaiñean doillor dagoan

jauntxo salkorra dau zauritzen,

Jubenal zalak betosko arro

ziri-bertsoz dausku agertzen.

 

Kopet larua tximur-asten dau

ikus-eziñaz izketari;

Musa izukorrak ixil damotsa

loaren bedarra edari;

 

urrats ezpaikoz or dabilkizu,

eta gogoa yakola urratzen,

bildurge!, illen egon-lekuko

baratz gozoa dau kezkatzen;

 

gozotasuna atzera itxirik,

jarraika doa itzalari;

ixil Jainkoari dagio soa,

irribarretsu Satan'i;

 

barne-miñaren erpa latzpean,

lira dau sendo bertan joten,

ta barrendiko suaren bidez

galda gori yako biurtzen;

 

eta miresten dauan arnasaz

asten da kanta-kantari,

ta suzko bertsoz dau gero idazten

itzalaren epopei andi;

 

ta asmamenaren beta jasorik

dirdaizko, derakus argia,

Jainko-gizonen aurrean —Dante!—

bere biotz arrigarria.

 

Ta jeiñu orrein atzetik gero,

beste bat areikana igonik,

arein dirdaiak miatzen ditu

eder ta andia zearturik.

 

Eskugoaren asmamen argi,

jarleku jaso gaiñ zankartez,

emeretzigarren gizaldiak

Gizadiari dautso aurkez;

 

Paris'tik bere gogai ta asmoak

ditu ixurtzen sakon-zorrotzik,

ta Aomenak mundu osoan zear

daroaz bere egoz arturik:

 

Biktor Hugo! Oi, aren abotsak

kantu ezilkorrak dauz sortzen...,

ta auxe da beste bat areitako,

an goitik zear bipil, guren.

 

 

                  2

 

Gogo-ludia sortzen dauana,

ez ezpairik!, dogu ertia;

ezilkorra da beraren jantzi:

fede, maitasun, poz ta argia.

 

Ertiaren putz jaungoikozkora

gerkar Olinpu'n zan jaikia,

ertiaren su done bizira

Kapitolitar Zeus andia.

 

Ta aren olatu oldar eskergan,

eder ta maite-suz asea,

nakar-margozko maskor gaiñean

jaio zan Benus Kiterea.

 

Grezi, erraian giza-iduri,

bertso ta maite zituna eroan,

eta lorezko zoruntegiak,

gerkar Olinpu deun ondoan;

 

Grezi donea, bere pentzutan

jainkoak zaindu ebazana,

onetsia zu!, an ba ertia

jainkoztua izan zan bakana.

 

Eta ertian t'ertigaitik

garai atan ziran eratu

Diane ederran arpei sotilla,

Marte'ren mutur igar trastu.

 

Marpil ta urrean zanak puztutzen,

Fidia'k damo era, iduri,

ta Minerba'ren eta Atena'ren

edertasuna or da agiri.

 

Eta jainkoek dirdaitzen dauen

tximist-zizta, ñirñir artean,

Partenon burgoi ezin-obeko

arpillak doaz goratzean.

 

Ta an illezkorrak jazten dituan

ertien dizdiatze ori,

nainun ta beti dozu aurkitzen

ta nainun dozu bera jori.

 

Berealdiko dozu Asia,

bere jainkozko aspaldiaz;

Txina'k arrosko gorantza dagi

bere troskazko torreakaz.

 

Euren erraldoi goi-erpiñakaz

azken bagea jakin-aziz

dagoz, aldiaz nagusiturik,

Aigito'ko txuntxurrak neurriz.

 

Eta or dago ertia naro

arri-mokor zakar orreitan,

mairutar baratz ederrean lez

burdin-sare ikusgarrietan.

 

Ta bere izate oro bizi da;

bere jainkozko atsa dago,

bizantitarren gangako koro

edo pagoda goratuan.

 

Ta xixelak bai-dau aragitzen,

arria bizirik dirudi,

artzain-txirulak eta txirriñak

daragiskuen lez intziri.

 

Ta ark emoten dau neurri ta aria

ta orrekin, alai ta ospa,

Omer turuta soiñuan dabil,

Bergili txirulari oska.

 

Ta bere doe bikaiñen bidez

aizatzen dauz buru sorleak,

nota soiñutsuz lauki ederrak,

Paro-armolez olerkiak.

 

Goiargi-izpiz ordeazturik

ederra azaltzen gizonari;

baiña, buruan baiño geiago

biotzean da jostalari.

 

Argi-begia gorrizkatzean

beraren indarra dargisku,

goiz-nabarreko egun-urratzez

larrosa margoz, dirdiratsu;

 

negar eztiak soma orduan

ur-kulunka bare alboko,

erlauntz langille samur artean,

abi epelen ber-bertako;

 

sua, emokor, urdiña zear

dardarazko dagoanean;

Arrats il-berak aldero egin

eta kiñulari ibiltean;

 

aize-boladak bular ekaiztsu

artean txistuz joatean;

odai-erruak, ostotsez izor,

izugarri lerregitean.

 

Jainkoak bada, beti ta nainun,

piztu oi dau, ta suz asea,

jainkozko sugar baten antzera,

ertiren argi amaigea,

 

ta argi-diz onek oldez darabiltz

arri, xixel, ari ta lira,

t'estal, igaro ta argitzen dausku

eder eta eraren bira.

 

Museu betea dau aberasten

ta oskidetasuna iraunaz,

eta marmoa ta aiztoa daukaz

Koliseu'ri bizi emonaz.

 

An antzerkiak dirdir dagie,

trajediaren su ausartak,

jost-irudien sutzar beteak,

ziri-neurtitzaren txinpartak;

 

an orro dagi Prometeu'k izu,

aitz zakarrari uzkaldua,

usi latzaren sugar bizitan

biotza daula kiskaldua;

 

antxe, opamai done gaiñean,

izkutu-sua dago keetan...;

Edipo itsuak an dagi orru,

mosua kuin-kuin odoletan;

 

an, ludiaren kopet erdira,

argitasun bizi antzera,

birao miña jaurtika dago

Segismundo'ren esaera,

 

ta maite-griñak erneten dira,

erre ta xora oi dauenak,

ta Desdemona eta Otelo

sortzen dauz andi asmamenak.

 

Hamlet ezpaian; Ernani'k zaurtu;

Kleopatra'k, lizun, ziria;

zerura doa leun Margarite;

Faust oldozkor; dil Ofelia;

 

giz-antz bikaiña da moldetua;

lerro ta doiñu dira sortzen,

ta ames-laiñozko zeru-zubia,

ta itzezko trumoi-otsa, garden.

 

Zu andietsiz txalokatzeko,

Jainko garai ta donetsia!,

Zuk batez bere ixio dozu

ertiaren dirdai joria.

 

 

                  3

 

Onetsi bedi, bere eskuetan

burilla zorrotz artzen dauna,

ta arri samilla eta marpilla

landu, zaurtu t'ezten dauana!

 

Onetsi bedi, xixelez aitza

ozkatu t'ernerazten dana!

Onetsi bedi, liraz zamatu

ta pintzela bustiten dauna!

 

Onetsi bedi, naiak zuzentzen

dauan esku ausartaz, ea!,

Koliseu'an zut jasoten dauna

erraldoizko aurrekaldea!

 

Onetsi bedi, ots kidekoak

nastu, igi ta arrotzen dauzana!

Onetsi bedi ertia, sua,

olerkia daroazana!

 

Azken orduan eldu ta Jaunak,

bere opamai donetsian,

eder jarteko, otoitarri bat

egin ta jaso nai izatean,

 

eta au jasorik, Jainkoak ekar

eutsozan bi apak artzean,

beeko amaige danarena bat

ta goikoa bestea urrean,

 

ordun, ori izan daitekenean,

jaunak, goian egongo danak,

ertilarian gogo gaiñera

Halduko dauz suzko miiñak.

 

Eta argia, illezkor oso,

betiko uiñetan ibiltean,

danetarako ots-alkargoak

bere barren-notak iotean;

 

Aita gurena ostenduten daun

zapiaren euna urraturik,

egaz dagilla aize usaintsuak

zeru lurriñez txit aserik;

 

ederrak berak, goi-jauretxean,

bere anditasun betean,

Izadiaren ontziko kea

artu daroan bitartean,

 

ertilariak, beti aurrera,

azkenik eztaun leia atzetik,

Jainko-atsaren mosu gartsua

asmatuko dau, os-osorik.

 

                Olerti, 1968, I-II. zkia

 

 

 

www.susa-literatura.eus