SARRERAKO MIRAILA
(1930)
Etxe aberatsak mirail handi bat zeukan
sarreran, oso zaharra;
larogei urte lehenago behintzat erosia.
Mutil hagitz eder bat, jostundegi batetako enplegatua
(igandeetan atleta ez lar porrokatua),
zutunik zegoen pakete batekin. Etxeko norbaiti
eman zion, eta beronek barrura eroan zuen
errezibua ekartzeko. Jostundegiko enplegatua
bakarrik geratu eta itxaroten ari zen.
Ispilurantz hurreratu zen eta bere burua begiratu
eta gorbata egokitu. Bost minutugarrenean
errezibua ekarri zioten. Hartu egin eta joan zen.
Baina mirail zaharrak, ikusi eta ikusi eginda zegoena
beraren urte luzeetako izate osoan zehar
milaka gauza eta aurpegi;
baina mirail zaharra orain pozarren zegoen,
eta harto zegoen berarengan jasorik zegoelako
edertasun hobezina minutu batzuetan zehar.
© K.P. Kavafis
© itzulpenarena: Andolin Eguzkitza / Olga Omatos