aurkibidera joan
   




 

idiak adarretik eta
politikoak mihinetik

 

Graziak eta eskerrak estatutoa badugula, por fin. Horrela EEkoek ez dute «dena» berplanteatu beharrik izango. Horrela HBkoek badute zer salatua. Horrela PNVkoek badute zer zelebratua, larunbatero afaltzen dugun herriko batzokikoek juergarako salero gutxi duten arren. Madrilekoek berriz hemen zerak iup-la-la egin zuenean baino txanpain gehiago ixurtzen omen dela.

        Graziak eta eskerrak estatutoa badugula, eta politikoek, barau gogor eta luze baten buruan, arinkeria latzak —eta ongi errepasatu dugu geure izenlagun edo adjetibo zerrenda han hautatu aurretik (errepara hitz jokoa)— esaten dituztela berriro. Gu behintzat aspertzen hasiak ginen, eta ikusten genuen aste honetakoan ere Errenderiako Madalenetan goizeko ordubi terditan presenziatu genuen «braga eta karitzontzilo lasterketa» tristeari buruz ari beharko genuela. Eta aze poza gurea, deklarapenak irakurtzen hasita. Perlarik handienak besterik ez ditugu bildu:

        Michel, Mitxel, eta bestetan Mikel Unzuetak EL PAISi esandakoak, adibidez, aingerutasun eta sinzeritate txintxoaren ispilu dira. Hala zion Miguel Unzuetak (euskaraz Mitxel, EL PAISeko erreportariak zionez. Ez dakigu Unzuetak berak esplikatu ote zion):

        «Orain Perez Llorcari benetako afektoa diogu. Sinetsezina da. Euskarazko errefrau liburu bat ere erosi zuen, eta noiz behinka bateren bat botatzen zigun andaluz doinu jatorrenean».

        «Presidenteak eta bere taldeak ahal zuten guztia egiten zuten gauzak errazteko, gutako bat baino gehiago afeitatu da presidentearen makina elektrikarekin».

        Biok zozokeriak baldin badira, honoko han guztiz grabea da:

        «Onaindia alderdi politiko bat egiten saiatzen da, badaki zer den joko politikoa. Nahiz bere planteamendu askorekin bat ez natorren, oso positibotzat hartzen dut bere laguntza, honek, gainera, gizarte integrazio bezala suposatzen duenagatik» (EL PAIS, 19-VII-79, 11. orr.).

        Zer esan nahi du gizarte integrazio horretaz? Zergatik zegoen Onaindia, eta Onaindia hain zuzen, gizarte integrazio baten beharrean? Onaindia, nunbait, gizartean integratzen ez zekien tipoa ahal zen? Eta horregatik sartu ahal zen sartu zen erakundean? Eta horregatik sartu ahal zuten sartu zuten lekuan?

        Nahi duen bezala, koloretan edo txuri beltzean, estudioan edo fotomatonean, baina erretrata dadila ipso facto eskatzen diogu M. Unzuetari.

        Eta Unzuetaren aipamenak lagundurik, hegoamerikako literato batek eta Españako liburu batek famosoa egin duten izena duen Onaindiarekin sartu behar dugu. Unzuetaren elkar hizketa utzi eta hiru orrialde aurrerago hasten zaigu Mariorena, bi plana hartzen dituela, argazki banarekin. Gauza asko du aipagarri, baina kaiku integratuarena, euskaldun izatearena, pistola eta sozialismoarena alde bat utzi eta lerrokada bakar bat eskaintzen dizuegu:

        «EI Viejo Toporen azkeneko ale batetan esaten zen alemanek juduak hil zituztela hauek sentitzen zirelako arraza aukeratua, alemanek ezin eraman zuten gauza, beraiek izanik aukeratuak. Euskaldunak ez dira besteekin sartzen batere zalantzarik ez dutelako zein den herri aukeratua. Hain dira razistak, non ez duten ezeren zalantzarik».

        Lehenik, estilo korapilo bat dauka Onaindiak. Hobe luke, beste batetan, «euskaldunok» esan, eta ez «los vascos... son». Abstrazioa egin nahi nuen, jeneralizazio, definizio bat, arraposta liezaguke Onaindiak, eta ongi, baina kontuz ibiltzeko esango genioke, abstrazioetarako hobe dela, dotoreago behintzat, singularra erabiltzea, «el vasco... es... ». Euskaldun guztiak, egia esan, ez baitira gu bezain ulerkorrak. Eta bigarrenik esan nahi diogu sala ditzala lehen bait lehen Soledad Alamedaren transkripzio okerrak, edo bestela erretrata dadila tximistak egiten.

        Baina bertako prensa ere, ez euskalduna, geu baikara euskal prensa, irakurtzen dugu, nekearen nekez bada ere, hala nola EGIN, 22-VII-79, 17. orr. Eta hala egiten gara jakitun Arzalluz —edo Arzallus, honekin ere problemak ditugu— Oliartekin bat datorrela Euskaltzaindiaren arazoarekin, iragan astean aipatzen genuen gaia hain zuzen. Esan nahi baita Maturana eta Bandres zuhurrago eta konszienteago ageri zirela euskararekiko Azpeitiako jesuitakondoa baino, o sea, PNVk Euskaltzaindiari nizurekin ja jai.

        Baina gure aita adoptiboak dionez gaurko PNV hau ez duk, ez, guk ezagutu genuena, eta gaurko hauen jeta, kara eta potrosokeria i-ni-ma-gina-ble-a da. Entzun Arzallux bera (EGIN, 21-VII-79):

        «Edozer gauza egingo nuke ETAk harmak utz ditzan, baita (incluso)

neure burua izkutatu (autoanularme) politiko bezala». Ez da gezurra, 18. orrialdean dator, eta Madrilen kazetariekin izan zuten bazkari batetan esana omen da. Ez zaigu, Arzalluh jauna, martirologioa handitzeko azaltzen duen gutizia batere ardura, eta horregatik eskatzen diogu legez, bidez eta mesedez ez sobera fidatzeko Madrilgo sangriari, burua nahas erazi ere egiten duela zenbaitetan, eta halaber exijitzen, fermu, tinko eta gogor erretrata dadila inmediatamentean (eta ez dezala pentsa politiko bezala gustatzen zaigulako denik).

        Zerrenda eta aipamenak bukaezinak lirateke. Hor dago Xabier Añuaren kasketa dirudien arrazoinketa. Hor daude Iñaki Albistur delako batek Monzoni esaten dizkion mukitzukeriak... eta ahantzi egin zaizkigun antzekoak ez dira gutxi noski.

        Anekdotario honen gainetik, zera, eskatuko genioke ezker abertzaleari: Jarrera duintsuak arrazoinketa koherentez defendatzeko eta eszeptikoagoak izateko, kritikoagoak behintzat, borroka instituzionalari buruz, zeren, Enbeita abertzaleak zionez «egizko buru-jaubetasuna laster dau Euzkel-Erriak, baneukaz milloi bat egazkari eta sei milloi gudari».

 

 

zaindu bihotzok

 

Bazoazte eta ondo joan. Eta ez ahaztu hortzak garbitzeko zepiloa, eta ondo gorde dirua. Gogoan hartu Niveak bigotea hazarazten duela eta haurrak mareatzen direnetakoak badira ez abusatu Biodraminarekin. Kanpinen zoruok, Marruekos-era edo Greziako uharteren batetara joateko asmoetan zaretenok eutsi ilusioari inportanteena baita ilusioa eta behatu ondo kartera, magnetofoia eta erretratatzeko makina lapurtzen dizkizuetenean, eta batez ere poliziari denunzia egiterakoan nola jaramonik ez dizueten egiten eta hori guztia, gero, itzultzerakoan kontatu egin beharko baitiguzue eta estimagarriak izan ohi dira detaileak narrazioetan. Telefonoaz ahaztu eta besterik gabe atseden aldi bat hartu nahiean Auñamendira pake bila zoaztenok, eta hain zuzen ere pakez haseturik Bartzelonara gerra bila zoaztenok, aurkitu ditzazuela behar dituzuen gerra eta pakeak.

        Zibilizazioaren biktima zaretela esan behar, genizueke, ehuneko ekis mordo bat bide ertzean geratuko zaretela seko, ekis zabalago batek udarako litis ohizkoak sofritu beharko dituzuela eta beste batek dermatitis desagradableak sorbalda inguruan eta besta parte batzutan Bartzelonara eta Marruekosera zoaztenok ikustera limitatzen ez bazarete behintzat, eta ez duzuela dohainik ligatuko, ezetz, etxean ligatzen ez duenak ez duela kanpoan zer ligaturik eta magnetofoia lapurtuko dizuetela.

        Beste gauza asko bezala bidaiak egiteko moda jadanik posible ez denean desarroilatu da, gure artean behintzat, desplazamendu bat besterik izan ez daitekeenean jadanik esistitzen ez diren gauzen bila joate eta etortze ahalik eta presatuena.

        Bidaiak orain hogei edo hogeitabost urte egin zitezkeen, aberatsek bakarrik egiten zituztenean hain zuzen ere, bidaiatzea berez helburu bat izan zitekeenean garraio bideen mugaketa gehiagorekin agian, baina denbora ezaren askatasunarekin, maletak zabaltzerakoan uniformaturik gabeko paisaje berriak ohitura desberdinak eta gastronomia eximajinableak dastatu zitezkeenean. Azken finean horrelako zerbait da gastronomia berarekin gertatu zaiguna, kabiar edo saumon fumé probatzeko aukera izan dugunean, ez zaizkigula gustatu ez baiziren ez kabiar ez saumon eta ez fumé edo oilaskoa demokratizatu denean hormonen poderioz abotsa aldatzen digula eta oso abots ona ez badugu ere ba ez da plana.

        Gu pobreok asetzeko oilaskoak behar ziren eta inbentatu ziren pentsu konposatuak, eta ekonomiaren roiloak bakantzetara joatea eskatzen zuen eta egokizu ziren produktoak eta sortu ziren beharrak. Eta horrela bizi zareten zuen kale hori hamabost egunetarako besterik ez bada ere besta kale berdintsu batetara, baina urruti, hori bai, joateko duzun behar fisiko prerniazkoa.

        Okerrena nola nahi ere zera da, bakantzen gauza honetan estrainatzen garenean enerjia aurreratu behar dala, zoroak bezala konsumitzen ari garela, eta martxa honetan segitzekotan urte txarrak datorzkigula esaka ari zaizkigula. Izan ere pobreon etxean zorionaren bisita denbora laburrekoa izan ohi da, autoaren azken letra pagatzen dugunerako ez dela posible, ezinezkoa dela zeure autotxoan hemendik hara ibiltzea eta irrazionalkeria hutsa dela. Amerikanoek behintzat hiru belaunaldietan gozatu dute ukalondoa leihatilatik atereaz eta Jane edo Kate alboan, direkta sartzearen plazerraz baina gure aita zena oinez, osaba gazteena Velosolexen eta guri turnoa heldu orduko, bukatu dela festa. Ez da plana.

        Jakina, kopiatzearen ondorioak dira hoiek gauzak inportatzen ditugunerako modaz pasatzen dira eta ez digute balio. Etorkizunerako bietakoren bat pentsatu behar, edo aurreratzen gara apur bat gauzak zertxobait bederen gozatzeko edo atzeratzen gara apur bat gehiago, asuntoa perspektiba gehiagorekin ikusteko. Horrela behintzat ezin jarrai dezakegu.

        Enfin, zuek ez ahaztu ezer eta gozatu ahal duzuen bitartean. Autoa berotzen bazaizue geratu kulataren junta erre gabe, beste berotasun batzuetarako egia da hor zehar prezioak hobeagoak direla. Zin egiten dizuegu ez dugula eguzkirik hartuko eta zuek itzultzerako txuri txuri egongo garela, horrela behintzat han zuen azal morenoen kolore kontrasteaz gozatu ahal dezazuen. Zaindu bihotzok.

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

 


 

—gonbidatua—

ladix arrosagarai

 

etorri...

 

Bi gau eta bi eguneko triangulo xoragarri hura ez diat laster ahaztuko. Aspalditik programaturik neuzkan Iruiñeako festak.

        Otoa leku baketsu batetan aparkatu, eske ez dakigu nola pasatuko den, Casco Viejoan sartu, Jarauta karrikara. Lehen ostatua, lehen basoa. «La única» peñaren ostatua jendez beterik, haatik guretako ba zen lekurik. Bazegoen lekurik gure sabeletan xanpain goxo horrendako, ezpain bat basoan sartu, ttantta batzu harrapatu, ahoan sartu, anestesia abian dago, ahotik eta sudurretik, alkolaren usain leunak kutsatzen duen sudurretik.

        «Nik ez dakit zer den maitasuna. Ezagutzen dut gizonezkoek asmatutako maitasuna: dependentziazko zapalkuntzazko erlazio bat besterik ez da. Denak berdinak zarete, zu eta besteak. Matxistak...».

        «La única»ren ostatuan gaude oino, sabelak xanpainez hasten dira betetzen non heltzen zaigun gure bigarren ama eskergarri hura caldo eta zernahi eskaintzen. Ostatuaren gibeleko gelan xingarra puskatzeko arno botila inebitablea emaiten digu, bistan dena ez da ttanttarik geldituko. Kanpora joan, sarri artio, bai, sar balakio, zer jende andana! Gaua luzea izanen duk, halako giro batekin bereziki. Bazirudik gizon baino emazte gehiago badela. Ez dik lana errextuko.

        «Benetan oso gizon majoa zara, abertzalea, jatorra... Asko gustatzen zait zurekin hitzegitea. Bai, benetan... Sentimentuetaz ari zara berriz! Jode! Zer dakizu nitaz? Ezerrez. Ez nauzu ezagutzen... Pertsona ez duzu ikusten, emaztea baizik...».

        Ez dik lana errexten, hainbat aurpegi begiratu behar, hainbat so gurutzatu behar, eta arnoa nihaurrena ahultzen ari. Goazen ostaturat, hor eskuinean, Ikastolako taberna, trianguloaren bigarren puntua. Hemengo beltza ez duk gaizki ere. «Erronkariko Uskara galdu dugu» dio banderola batek, «ez dezagün xiberotarra gal» liokek Mikelek, lo ez balego. Ez dezagun edariaren gozagarria gal diot, La únicara itzultzen garelarik. Han peñarekin elkarturik, tinbalak eskutan, jendearen eta gure libertitzera abiatzen gaituk.

        «Hamasei urterekin txoriburu bat nintzen. Orain denbora hau bukatu da. Feminismoak begiak ideki dizkit. Berplanteiatu ditut besteekin nituen harremanak. Orain libre nago. Ulertzen duzu? Ez ezazu halako aurpegi bat tira. Kontsekuente naiz, besterik ez».

        Hemen arnoa, garagarnoa, hor xanpaina, han patxarana. Denetarik eskaintzen digute gure aintzinean doazenek. Zigarretarik ez duzu? Bale, puro batekin. Musikaren arrabotsa, kea, izerdia, jendearen higigune etengabea, ez dakit zer karrikatan naizen, zentzua galtzen diat, burua itzultzen zaidak. Goizak espaloietan jarririk kausitzen nau, ez dakit nondik harturiko ducadosetik amets bat bezala doan keari so egiten. Entzierroa ez diat ikusiko, otoan nagok, loak ezin harturik.

        «Kontsekuente izaiteak asko suposatzen du. Begira, amerikar feminista baten historia kontatuko ditut. Gizon batekin ezkondu zen. Kontradizioetan zebilen, pixkanaka bere kontradikzioek itotzen zuten, bazuen erremedio bat eta bete egin du. Senarra hil egin du...».

        Erronda erogarria berriro hasten zaiguk: trianguloaren azken puntura, «La calle» ostatura, hor Ricard zerbitzen dute eta. De Baiona, sí, de Euskadi Norte, xanpaina kitorik, ipartarrendako karrikara, biloak, soak, bularrak metaturik ez dizkiat xekatzen ditudanak atxemaiten.

        Ikastolako taberna, ez dakit zenbat litrotako sangria-botila erosi, hustu. Zentzu apur bat gelditzen zaidak oino —noiz arte?—, begiak jira biraka. To! Josetxo! Honek bazekikek. Aupa! Untsa? ez, ez zakik. Hor zebilkek, ikusten badut mila gauza esanen diot hire partez, maite dukala eta abar... Bale! Josetxo agurtu eta «La calle»ra. Etxamendiren berotegietan sartzen garela zirudik. Izerdiz eginiko bero batek inguratzen gaitu, ez dakit zer oren den, non nagoen. Badakit San Ferminak direla, arno basoa hustu behar dudala. Aurpegiak ez ditut gehiago ikusten.

        «Elgar ikus dezagun nahi nuke. Etorri Iruiñeara... San Ferminetara? Bai, elgar ikusiko dugu eta mintzatuko. Gustatuko litzaidake zuri berriz ikustea. Etorri, ba, etorri. Hitz egingo dugu. Iruiñea ez da Baionatik urrun, otoa baduzu, etorri».

        Tenéis sitio pa dormir a 150 metros de aquí digu enplegatu munizipalak gure jazararazteko galtzak tiratzean. Está prohibido dormir aquí. Horratik ez zian gaizki park hura. Beste baten bila gindoazelarik dultzainek agurtzen dute egun berria.

        «Etorri, ba, etorri San Ferminetara».

        Azken poteak, trianguloaren azken itzulia, «La calle», Ikastolaren taberna, «La única»rena, betiko arno goxo merke xoragarri hura. Azken begiradak, azken aurpegien desaurpegitzea. Haizeak eremaiten dituen azken ilusio zoroak.

        «Etorri, ba, etorri».

        Otoan sartu etsiturik. Afaria badiagu Pasaian. Mozkorraldi baten biharamunean, beste baten atarian.

        «Etorri, ba».

        Azken pentsaketa argitsua, so frustatu debru horrek agresatu dituen emaztekiendako: Barka nazatela feministek! (Gorka Knörrek, bere show bakoitzean).

        «Etorri».

Zeruko Argia
840. zenbakia
1979-07-29