aurkibidera joan
   




 

olarra my love maitia

 

Gezurra da Olarrari langostinoak kobratu nahi izan genizkiola Cunberland Hotelean Marble Archen aurrean koinziditu genuenean. Ez dugu parterik beraz bere entrepresak egun hauetan egin behar izan duen suspensioan. Ez arterik eta ez parterik.

        Gauzak diren bezala esateko, egia da gu Cumberlanden geundela IRAko tipo batzuk guarderi batetan jartzeko ekarri behar ziguten bonba baten zai, geroriek joan den astean Costa del Sol y de las Bombasen jarri zizkigutenen truke, eta hori eta onak daude zibilak Malagako partean txubaskeroz jantzitako goierritarren bila, tabernetan dos tintos pues y una chuleta de cuatro kilos noiz entzungo zai. Esaten genuen bezala han geunden gu goma tworen zai despertadorearekin, erlojoa guk jartzen baikenuen Nazioarteko terroristak agintzen duen bezala, eta nun ikusten dugun tipo lodi bat gure langostino plateran sudurra sartzen eta, limoiaren azido zitrikoaren poderioz ziur asko, doministiku egin zuen eta blai utzi zizkigun langostinoak, platera eta solapak.

        — Ji is Mister Olarra, esan zigun Villagarcia de Arosako azentoa ezin izkutatu zuen eta Galiziako aurreautonomiaren zai zegoen kamarero batek.

        — My tylor is rich, erantzun genien modu hoberenean Assimilaren hirugarren orrialdea bueltatuz, eta hortan geunden tipo potoloak hiru langostino harrapatzen zizkigula eta patrikan sartzen zituela ikusi genuenean.

        Guri pena handia eman zigun zeren pena handia ematen digute deskapitalizatzen ari diren kapitalistek, eta beren industriaren lema utzi gabe berarekin Caja Laboralen uretan hondoratzen ari diren industrial heroikoak eta langostino razio bat atera ziezaiola eskatu genion kamareroari.

        — One langostin's ration form our friend, esan genion textualki jenitibo sajoia erabillz, eta hamabi libra utzi genituen mostradore gainean. Eta hori izan zen guztia: denbora eman zion oraindik ere gure plateretik hartutako langostino bat txaketaren goiko patrikan eta bestea hokotzpean izkutatzeko, hori bai, beti ere behatz txikia altxatuz irriparrez eta edukazio guztiarekin.

        Nola Irakoak ez ziren azaltzen, pilak eta despertadorea hartu eta Hoteletik atera ginen Sunday Timesera joateko, zeren irakurleak jakingo du gure periodikoa Sunday Times dela eta Zeruko Argiakoa amateurismo hutsa dela eta adarra jotzeko gogoa.

        Periodikora iristen garen guztietan bezala lehendabiziko bisita telexa dagoen gelara noski, eta hamar minutu ez generamatzan bertan, parteak ematen dituen andereñoak gona jantzi ondoren honako hau pasa zigunean:

        EGIN felicita a los navarros corazón de Euskal Herria y os desea que esa, vuestra especial alegría, coraje y singular alma para vivir las fiestas, nos hermane en esa patria solidaria. Que San Fermín con su capotico, nos cubra a todos y rompa todas las fronteras para que juntos, lleguemos a la libertad para la que lucha el país entero iViva San Fermín! iGora Nafarroa! (Egin, 79-VII-8, lehen planako rekuadroa).

        Kremailera igo genion bere haragi bretainiarra, proteinetan hain aberatsa, ez harrapatzeko kuidado handiena jarriz eta komunikatu bat egin genuen zirkustantziek eskatzen zuten urjenziarekin lau pundutan, behingoz ohi dugun zortziko txikia abandonatuz.

        1.° Nafarroa Euskadi da.

        2.° Nafartarrak edo Nafarroa Euskal Herriko edo Euskal Herriaren bihotza bada edo badira gu potroak garela eta ea zein den ipurdia. Nafarroa eta nafartarrek Euskadi izateko ez dutela loxinkatu beharrik, eta galdetu diezaiotela bestela Euskal Herriko apoloa den Leitzako Josetxori.

        3.° Pakean utz gaitzatela San Ferminen kapotikoarekin, eta badakigula guk nundik pasatu trapoa, Pilarikaren mantikoa pasatzen dugun lekutik hain zuzen ere.

        4° Juergarako ez dela behar ez korajerik ez singular almarik eta Pasaian ere baditugula San Ferminak.

        5° Batere dudarik balego, ez dugula Jeminguei maite. Onetti, agian.

 

 

guk ere badugu
patroi mozkor bat aldarean

 

Jemingueik Iruña besterik ez zuen ezagutu. Hainbat okerrago beretzat eta bere irakurle spanishzaleentzat. Hainbat hobe Euskal Herriko mendiriz mendi festetatik festetara gabiltzanon gaupasero irredentoontzat. Horrela, eta haren ezjakintasunari esker, gorde ahal izan baititugu, espezialista sibaritenentzat urregorri, gure patriako hainbat eta hainbat hiri, herri, hauzo, kale, porrularre eta zenbait lagunen garaje izkutuetan antolatzen diren erromeria; ihauteri, sarao, bigiria, gaubeila eta larrugorrikatze orokorrak.

        San Ferminak ez baitira Iruñan bakarrik ospatzen. Lesaka eta Pasai Antxio ere, besteak beste, deunaren deboto zintzoak dira, azken bolada honetan misionistek bezperetan eztarria marrantatzerik izan ez duten arren. Lesakara joatea, benetan lanjerosoa genuen, da esatea, peligroso edo arriskutsua, ez bakarrik bidean arbolen batek erdira aterata eman ziezagukeen zartakoagatik, txoromorotutakoan biolento xamar jartzen gara, eta bertakoen eta betiko oihartzuarren artean zanpaldi polita jasoko baikenuen, eta pelean alde aterako zitzaigun sanjuandarrik bai zera. Antxioko partera jotzea erabaki genuen, estrainatu berria duten Axular plazari txanpainezko omenaldi bat egiteaz gainera parienteak baititugu bertan, eta ohea eskainia ziguten egun osorako.

        Donostiatik bertatik abiatu ginen mozorroztaturik, ni Morgan eta aldameneko hau Korsario Beltza, eta Herrerako kontrola dotore pasa ere. Garaiz heldu ginen. Autoa Molinao hauzoan baino bazterreratu ahal izan ez bagenuen ere kanpoko jendea aldegiten hasia zen, igande gaua izaki eta astelehenean plus valiara, gu ez bezala. Herriko gazteak eta zenbait mozkor eterno ageri ziren kaleetan, koko puskak janez eta plastikozko edalontziak zulatu eta belarrietan tente. Parienteak ere balkoian zeuden beren alaba Errenderian ezkondua eta senar Touringeko direktiboarekin. Aspaldiko ezagun baten bodegan antolatutako Brazil Alai tugurioan hartu genuen aurrena. Aldameneko honen bizkar gaineko loroak eskatzen zuen: hiru yinkas.

        Inork ez gintuen ezagutu, eta geunden bezala ez eta geure ama korrespondienteek ere Torrealdayren liburuan miatuz. Han zebiltzan euskal literato batzuk, inbiriaz begiratzen zigutela, bizkarretik helduta Paris erre da, erre da Paris melodiaz «ke pedo llevas, Kalataiú» kantatuz. Barcelonan lizenziatu barri pare bat ere tartean zen, ikastolaren tabernan txandako amatxoari begia keinatuz ordaindu gabe aldegingo ote zuten, eta guri talego eske.

        Ez ginen, egia esateko, mozorroztatu bakarrak. Sari nagusirako posibilitateak zituen jende asko zebilen: haurdunez zegoen okinaren semea, putaz jantzitako representantea, Dick Turpin, kabernikola, moroa, superman eta adar.

        — Agur Monzon, zion jendeak txapelaz eta bizar postizoz zebilenari.

        — A quemar el barzoki

        — No hay como la ikastola de Pasajes y el Atletibilbao

        — Sácame un medio Euskaltzaindia

        — Aupa Jomeini

        Nazkatzen hasiak ginen eta aspertzen ere bai. Errekaldeko bankoetara joan ginen, haize piska bat hartzera tronpeta de Jerico bat liatzen genuen bitartean. Piztu genuen eta kearen usainera nun biltzen zaizkigun okinaren seme haurduna eta representante emagaldua, mexikanoz eta inperatiboki beraiei ere emateko, emateko ordea. Builarekin banko azpiko postati hordia esnatu zuten, eta altxatuz hortxe aurpegiratzen dio gure parejeetako bati, haurdunari hain zuzen:

        — Guarra, más que guarra

        Astinaldi benial bat eman genion errespetoa gorde zezan, baina tipoak tren korreoa bailitzan hanka. Bost minutu ez ziren pasako magreoan hasi ginenez geroztik, bai titi gogorrak horraatikan, egundalako tropa azaltzen zaigunean korrika, postaria buru, karamelozko mailutzar zupatu bat eskuan:

        — A los violadores, a por ellos

        Zer egingo genuen, gure ezpatak plastikozkoak ziren. Nik egurrezko zangoa galdu nuen, eta aldameneko honek ezkerreko begiko partxea. Izebaren loroa ezin aurkitu genuen. Astelehenean ez zegoen enzierrorik eta txurroak erostera joan ginen, alde hemendik betiko betiko tarareatuz ozenki eta bizkarretik solidarioki. Sari nagusia kabernikolak eraman zuen. Guri akzesit ere ez. Baina Jeminguei babalasto hutsa zen.

        (Hurrengoan: Sarako parrokian iragan astean aurkitutako Axularren neskamearen autobiografia)

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

 


 

—gonbidatua—

jon casenave

 

barruko sekretoen ehorzketak

 

Aitari so egon natzaio egun bazkari guzian, bera ohartu gabe, bazterretik, hogoi eta bi urteen hari luzean izkutatu dizkidan barruko sekretoen ebasteko. Eta erran behar da, hogoi eta bi urteekin ez duzula zure aita lehen bezala behatzen ahal; zenbat gizon hil ote zaizkio bere baitan, bere buruaren xoko ilunduetan, zenbat pasilotan nagusitu ote zaizkio armiama sareak? Zenbat bide tapatu ote dizkiot aitari? Zeru bide ote?

        —Aita, eskolako bidean lehoin izugarri bat ikusi dut!

        —A bai, buztan urdin batekin ez ta! Ixil zite orain, lanean ariko da aita!

        Segur nauzu, etxearen pasiloetan, mamu ezagutu andana bat kurutzatzen duela egunero, eta partikulazki gabaz, oheratzeko punttan; bere mamuak, denak bereak, zurpailak, hautskorrak, batzuk nigarrez, beste zonbeit erneak, presaka, bat bereziki hogoi eta bi urte dituen batek, nahiko ttipia, begi zabalak dituen horrek, eta behar bada lehenoko hitzekin mintzo dira, lehenoko kontuak aipatzen ere; batek biajatu nahi zuen, besteak esplikatzen ez zela posible; eta neska rubia hori ere, azal leundu hortaz mintzo dira segur!

        —Helena! (bere andrea; egun ere kalapitan arizan dira, beti bezala) Badakizu, Maite ikusi dut, gogoratzen zira, rubia hori; berarekin egona nauzu...

        —Gezurti, hire lagunekin hintzen, gainera edana haiz, har ezak azpirina bat eta habil oherat!

        Zergatik gelditu nintzen Helenarekin, ari da pentsatzen aita. Aitari so egon natzaio, gaur afaiteko denbora guzian, bera konturatu gabe, bazterretik, izkutatzen dizkidan sekretoen lapurtzeko, sobera sufri-arazi gabe, mintza-arazi gabe, eta aitaren begiak biziki gardenak atxeman ditut...

        —Arantxa! (nere emaztekia duzu) Zu ezagutu baino lehen Machu Picchu bisitatu nuen! Ez duzu asmatzen ahal ere, zer den iguzki-sartze bat eskualde hartan!

        Mendi perdeen artian, harri zaharren inguruan, koloreek(in) itsutaturik, denboraren hari luzean zintzilik, eta dibagazio xarmagarri batean bezala, han bizi izan ziren jendeak, iguzki hari punttetan betan ager litzaitzkitzukeela sinetsiz, ez duzu pentsatzen ahal ere zer den hori...

        —Jon, enetxo, ikusi behar da ze fantasma haizen hi! gezur alimale bat botatu didak oraino! Haugi oherat tetele!!!

Zeruko Argia
839. zenbakia
1979-07-22