aurkibidera joan
   




 

edo bestela bota ditzatela katedretatik

 

EUTG horretan gertatzen ari dena grabea da. Ez dira, iadanik, Fermin Calbeton kalean barrena entzundako murmurioak, afalondoko anekdota asmatuak, irakasleei buruzko txiste inplakableak.

        Grabea izan behar josulagundiaren baratzan gertatzen dena aspaldian sotanadunengandiko berriei ixteko promesa egin zuten belarriotaraino heldu baldin bada. Eta itxura denez, ez omen dira josulagunak okerrenak, ez jauna.

        Arazoa ez da berria: ikasle txatxuren batzuei, letras fakultatekoak dirudienez, examinak euskaraz egitea okurritu. Eta hara hor euskararen fandango zaharra airean.

        Ez da aipatu beharrik izango, honez gero, elebitasuna euskaldunarentzat zerbait baldin bada, euskaraz ulertua izateko eskubide osoa dela. Eta euskaraz ez dakitenek gu euskaraz ulertzeko obligazio osoa dute, hemen, Euskal Herrian. Horretarako nola konpondu behar duten beraien problema da, guk pentsatzen dugu soluzioa euskara ikas dezatela izan litekeela, baina auskalo eta hor konpon.

        Ez dugu maximalistak izan nahi, arrazoi galantak ditugun arren. Ikasleak gazteak dira, odolberoak, txoroflauta xamarrak funtsean, eta zozokeriak egiten dituzte, esaterako, examina euskaraz. Baina hori ez da, autoritate akademikoren batek esan duenaren kontra, euskarari kalte egitea, euskara erabiltzearen kulpaz jendea beldurtu edo euskararen aurka harrotu. Zeren, zeren, hemen, osea, Euskal Herrian, intelektual deitzen den edonork baitu herri honek, hau da, Euskal Herriak nola edo hala sortu duen fenomeno kultural garrantzitsuena ezagutzeko, eta sakonki gainera, obligazioa. Eta fakultate batetako katedradunek horrenbestetarainoko kapazitatea izango dute, noski. Ez baitugu maximalistak izan nahi, uda hau ematen diegu epe euskara irakurtzeko eta ulertzeko gauza izan daitezen, heldu den ikasturtean jokaera lotsagarririk erabil ez dezaten eta halatan, fakultateak, prestijioa irabazteaz gainera, dirua osatuko luke. Jakin dugunez hizkuntzeskolekoei sari eskandalosoak agintzen baitzizkieten azterketetako lerro itzuli bakoitzeko. (Aipatu beharra dago euskarazko maisuek ez dutela halakorik onartu).

        Ez gara gaixto jarri eta epe bat eman dizuegu. Uste dugu zuek ere ez zaretela maximalistak izango, eta ez zaizuela txorakeriarik egitea okurrituko, errepresaliak hartzea zuek susmagarritzat jotzen dituzuen ikasleen buruan, adibidez. Orduan mendekuak egongo baitira gure aldetik: izenak eman eta esan direnak hitzez hitz argitatatzea, adibidez: Uda on.

 

 

ez baikara konturatzen

 

Zareten bezala zaretela eta horrela dihoazkizue gauzak. Que se vayan que se vayan beren situazioaz arduratu gabe, behar bada nora joaterik ez dutela edo betidaniko ametsa gure artean bizitzekoa izan zitekeela kontuan hartu gabe. Beroriek ahaleginak egiten dituzte gureetara egokitzeko eta aitortu ez dela gauza erreza, gu ere ez baikara egun bitan ezagutzera ematen garen piztiak; gauzak diren bezala. Ez gara konturatzen betidanik hemen bizi izan garelako, baina beroriek bezala etorri berriak bagina ziur asko hemengo anitz gauzaren aurrean harritu egingo ginateke eta zeru beti grisa bakailoa saltsa berdean eta trikitrixa besterik ez ditugu aipatuko, edo igande goizeetan erretransmititzen diren Arantzazuko sermoiak.

        Integratzeko ahaleginetan hor nun dabiltzan binaka motoetan ibero zaharrak zaldi gainean ibiltzen ziren modura aurrekoa zaldia eramaten eta atzekoa ezpata laburrarekin erromatar menderatzaileak erdibitzen. Prozedura ezerosoa bada ere, beroriek ilusionaturik zuei gustatuko zitzaizuelakoan eta zuek que se vayan que se vayan zekenki eta agresiboki oihuka. Ez duzue barkamenik.

 

 

adiskide amigo blas de otero

 

Blas de Otero Bilbaon jaiotako poeta Madrilen hil da dirudienez heriotza naturalez. Periodikoek barrengo orrialdeetan ekarri dute notizia, izan ere badago gure egunetan lehen planen lekua urria egiteko beste heriotzarik.

        Besterik ez bada ere Arestirengan —honen etxean bizi izan zen denboraldi bat— izan zuen influenziaren bitartez euskal poesian edukitako, eraginagatik ezagutza eternoa gordeko diogu.

        Beste asko bezala Bilbao erdeldunak ez zuen jakin gordetzen, eta betirako egin zuen ihes orduan eta orain euskararik gabe probintziakeria huts eta petrala den hoetatik eta beste askok bezala klerikalismoa abertzaletasuna eta tradizionalismoa konfundituz galdu zen hispanidadean. Me duele el pecho esan zuen mi pecho tiene forma de España.

        Azkenean Madrilen, Cubatik bueltan, goiko partean, hemen, herri bat zegoela entenditu zuen, apaiz, bontzo, jansenista eta guzti, baina bere askatasuna sozialismoaren bidetik bilatzen zuen herri bat. Baina ordurako kaikua eta txapela agresiboki jazteaz aparte ezin izan zuen, ikusten denez, ezer gehiago egin. Beranduegi zen.

        Belaunetaraino odolez agurtzen zaitugu, gure adiskidearen adiskide amigo Bladi Otero.

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

 


 

—gonbidatua—

pello lizarralde

 

kioskoa

 

«Zer, dantzan?». Zuek zineten Klara, Mertxe, Maite, Arantxa, Marisol... eta zuen kaderak. Hoien higidura akonpasatua, udako arratsen erloju beroa, nire esku dardartsuen azpian. Iadanik beste batzu ziren petardoak ezartzen zituztenak hamalau urteko neskaren gonak altxatzeko, «txiki aluok». Zenbat arratsaldeko zazpiak, gaueko hamaikak eta bailables amenizados por una afamada orquesta. Kioskoa. Ertze batzuetan, igandetako blusa eta kolonia, tela-dendetako dependientak, telefonista edo ofizinista bat, hogei ta hamar urteak besotik helduta, kalean gora ta behera bost kafesneko arratsaldea igaro indoren, hantxe so, herriko mozkor eta voyeurengandik urrun. Pasodoble eta tango guztien jabeak ziren ezkondu despistatu batzuk, emazte pintatuak bere farre eszentrikoekin, gaztaroko oihartzun itxuragabeak. Obretan lan egiten zuten langile «maketoen» probokazioak eta besteentzat josten zuten kanpotar nesken blusa arrosak, farre zabalak. Bakarrik aspertzen zen zorioneko goardia munizipala.

        «Zer, dantzann?». Txisteak ez ziren alferrik esanak, zuen irrifar lotsatuak hurbilago ikusten baikenituen. Izan ere mutilon begi aurretik pasatzen ziren zuen gorputz argitsuak, behin eta berriro aztertuak, zuen titiak («horrek paperez betetzen ditu»), gerri arinak, begi eta aho desiratuak. Arbolapean geunden, begiradak luzatuz, zuen banaketa errifa sekretoa bihurtzen, bi edo hiru helatu jaten genuen bitartean, musika lentoak itxoiten, bikote ederrena aurretik hautatzen. Bagenekien nor zen «ésta se deja» eta xistua irensten masailak bero-bero sentitzean, kolorezko bonbilen argipean, hainbeste paperezko rojo y gualda azpian. Batetik bestera genbiltzan garaipenak aipatzen, kalabazak madarikatzen, gure besoetan ez baitzen inor txoratzen (azken finean medikuaren semea zen ligoiena).

        «Zer, dantzan?». Eskuak bularrean ezartzen zenizkidan. Baina ez, ez nintzen pasatuko, ez nuen zure kaderen liraintasuna besterik ezagutuko. Baina agian adatsa uki niezaizuke, zure begi iheskorrak hobe ikus, galderak agortu edo ixiltasunaren putzu beltzean sartu baino lehen. Bestela banekien kanta eztitsu eta amaigabe hura bukatu arte jasan behar nuela. Eta azkenik beti sensazio hura, ez dakit... ez genuen ezer esaten. Halere gurpilak beti jarraitzen zuen. Koloreak, hotsak... «para la simpática Rosi el bonito tango que lleva por nombre». Zorte apur batekin zuri heldurik, gazte sentimental. Ai Anduriña gaixoa que del pueblo se escapó. Guk ere aldegin behar erlojuak eragiten zuen presarekin, saxofoiak eta tronpetak jadanik mututurik, mozkorren azken purrustadak aidean...

        Eta gaur, neskak, San Travolta egunean (Gurea San José de Arimatea zen), agur bero bat. Ez naiz zuen eztaietan egongo, baina buruarin honek ez zaitue ahantzi. Bitartean, segur nago, teladendetako dependientak neskazahar jarraitzen dute...

Zeruko Argia
837. zenbakia
1979-07-08