aurkibidera joan
   




 

nun demostratzen baita
udagizonek ez dutela inoiz
aiton-amonarik izan

 

Esan genuen eta aditzera eman, norbait jakitun —eta zain— ez balego, udarekin batera jaiak genituela hasteko. Jaiak izan dira, urtetan, udaletxeen zereginik garrantzitsuenak. Hargatik esan ohi da, orain artio ia, udaletxeek jai zutela guretzat, «jai izan» formula sor eraziz, euskal lokuziorik miragarrienetako bat hain zuzen.

        Azken asteotako plenoetan pitialina eta denbora gehiena —Gipuzkoan behintzat— eskatu duen gaia kabezudoena izan da konkretuki. Gure herrietako mozorroak arratoiek janak zeuden —ez dugu inoiz sobera harrotuko Francoren garaiko korporatiboen ajolagabekeria— eta berriak erosi ala zahar itxurazkoak alkilatu, kezka. Eta kabezudoekin batera, usarioak usario, jiganteak ere atera behar direla.

        Guri galtza motxetan behera egin erazten ziguten errege-erreginak ez dira iadanik irudi egokitzat hartzen, nunbait, eta beraien ordez aiton-amonak paseatzea proposatzen zen aipatu plenoetan. Antza denez irabazle gertatu da proposapen hau, Herrerako jaietan —San Koldo patroi— ikusia baitugu aiton-amona bikote hori, bruxa beltz, painuelu zuriurdin eta gainerontzeko euskal dialektoak soinean.

        Gu gaude, orain artean, hala literaturan nota ohitura eta familiari aiton-amonaren irudia, memoria eta egitatea ez ote den beti xarma, saria eta besotan hartzailearena izan, gurasoen irudiari kontrajarria, esate baterako. Ez gaude oso seguru eta nobiotan genbiltzanean andreak erregalatu zizkigun Doktor Freuden lan guztietan —errenka dotorea apalean, larruzko azala eta guzti, Zarauzko osabak erregalatu zizkigun kartoizko «Lizardi, lan guztiak» bezain eder— miatzen hasteko ere gogorik batere ez, eta Juan Jose Lasari folio terdi eskatu beharko, gonbidatuarena inbento errena irten baitzaigu zoritxarrez.

        Baina psikiatriaren truko literarioak aparte, ez zaigu zipitzik ere gustatzen, ez dugu ez atsegin: ez maite aiton-amonaren irudia pentzu lehorraren partiketa, izualdi eta negarraren premonizioa bihur dadin. Horretarako errege-erreginak egokiago —hori, hori! dio aldameneko zingurri politikoak—. Aiton-amonak kabezudoen jefe ibil ez daitezela eskatzen dugu beraz. Umetan jasandako panikoak horrenbeste eskubide ematen digu.

 

 

Etxezarreta gure gonbidatuak akademiko karneta hautsi eta badirudi uko zibila probokatu duela. Muxikina taldeari bezala, guri ere heldu zaigu TERTULIA taldearen propaganda orrialdea, beren boletinaren hiru alerekin batera. Gu era ibiliak gara antzeko zingiretan, eta zerbait badakigu paper inprimatuaren garestitasunaz ata paper multikopiatuaren zabalkunde eskasaz. Zuekin dituzue:

 

Jamaika, 1979ko ekainak Y

        Kaixo koirptuyhagr kaixo najtiru hjit a ha kaixo leheta ijiyo suyi amen mibusrre etbe kaixo

                        gu laostra gea

                        gu kristonak gea

                        zuen launtza

                        bier deu ez ta

                        broma

                        launtza bai launtza

                — Ni nauzue Plof

                — Ni Xoxi naz

                — Ni Ni naiz

                — Ni ez naz iñor

Ez Euskaltzaindiarekin

                eta

ez Euskerazaintzarekin

                  konforme

                        ados

                      batera

                                ez gaudenez gero TERTULIA

                                akademia fundatu dugu.

                                Gure helbururik nagusiena: zera...

80, 61, 43, 25 eta 98 urteko gazteek osatutako bazilakuntza duzue txorrada hau: Gauza bat esan nahi genizueke. Bururatzen zaizuen guztia behar dugu: dirua, kritikak, guttun poetikoak, e.a. Gure berri jasoko duzue noizpeinka. Ez izutu. Guztion zuzenbideak ez dakizkigunez gero, eska nahi baduzue zenbait ale gehiago, gure erokada hauek zabal ditezen. Txistua, mokordoak, poemak, txanponak, ipuinak, opariak, e.a. bidaltzeko helbide honetara jo:

                Jin Garrido (TERTULIA)

                Bar Garrido

                Paseo de Eguía

                DONOSTIA

        Gure espia erdalduna da. Ez diozue fitsik aterako. Oso lagun leiala duzue.

        Liburu bat argitaratzea zeregin zail eta neketsu denez gero, faszikuluen metodora pasatu gara. Ohi denez, lehen zenbakiarekin batera bigarrena bidaltzen dizuegu. Paper espeziala jarri nahi izan dugu zerarako: Ez ba diozue erabilketa praktikorik ikusten, komonako paper gisara erabil dezazuen. Gauza bat serio-serio esan behar dugu. (Nahiz eta orrialde guztian bakarra izan). Zuen laguntza behar dugu. Idatzi edo bidaldu nahi duzuena. Bainan bidal ezazue. Ezer gehiagorik gabe,

Abe.

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

 


 

—gonbidatua—

gabino arsuaga

 

txirrita lagun

 

Baina Txirrita marjinaturik zegoen. Bai, Durangoko azokan, estradoan gure Txirritaren hitzak hauts bihurtzen ziren eta gu oihuka (Oh, Euzkadi! Oh, Euzkadi!). Izan ere, Txirritaren begiek marjinaketa zedukaten nagusi. Eta azokatik ertetzerakoan Txirrita zaharra etorri zitzaigun kotxean lekurik bai ahal genuen... guk ezetz, kitto, eta gaiso Txirrita. Maldito eta bandido bihurtu genuen eta nigar egiten nuen Durangoko kale nagusiko bazter batetan, jendeak far bizia eta ni saminduta Elorriorako bidean. Bide bazterrean ikusi genuen Txirrita auto-stop eginez; txapela erantzi zuen gu agurtzeko (bah!). Txirrita atso zajar jutsa zen gure baitan eta bera bertsotan bide erdian. Jai eguna zen eta Elorrio apain-apain jantzi zuten; kartelak nonahi: «Wanted: Txirrita potrolaria. Saria: 5.000 sagardo botila». O gure Txirritarenganako maitasuna; Txirrita my love, non zaitugu? Sagardotegitan barrena abiatu ginen Txirrita zoriontzearren eta jendea nigarrez, nigarrez eta nigarrez. Nik ere painuelo berria atera behar izan nuen mukiak kendu eta aurpegi bustia estaltzeko. Jarraitu genuen, jarraitu Elorrion gora, kotxea bizkarrean, mendixkak arakatu, hilobi zaharrak xahutu (Txirrita, nun ote hago?) eta azkenik Anbotorat jo genuen. Anbotoko sarreran sorginak zeuden dantzan eta gu-aker-esnez mozkortu; igo ginen gailurrera eta Txirrita urkatua aurkitu sorgin batek sagardo botilak eztarrian barrena sartzen zizkiolarik. Sorginak bere horretan jarraitzen zuen gu belauniko errezatzen. Txirritaren itxura borobildu egin zen, beste sagardo apur bat eta... boom! Txirrita lehertu eta gu sagardotan blai...

        Oharra: biziki eskertuko genuke gure erredakziora inor erropa lehorra eskeiniz etor baledi.

Zeruko Argia
836. zenbakia
1979-07-01