aurkibidera joan
   




 

kendu nion buztan bat,
ipini nion beste bat

 

Baina orain eta hemen, estatutoa da, alafede, euskal politiko gehienen eta euskal zituayen ez gutxiren mendian-aurkitutako-asto-hila. Mendian eta hila topatua denez gero, usteltzen hasia egon behar barrendik, ez dezagula hartatik dasta, dio Urliak. Goseak dagoenarentzat ez da mezprezatzeko elikadura hauxe, guztiok nahi dugun eper errea harrapatzeko indarrak emango dizkigu, dio Sandiak. Eta apenas ezer dion Berendiak, noiz behinka eper errearen ehizean hasiko dela erronka jo eta astokiz asebetetzeko beti pronto. Eta bitartean... hemen ez dagoela kuadrupedoaren jangarritasunaz erabakitzeko gauza den albaiterorik.

        Baina gu eta gu bezalako txoroflautak aklaratu ala ez, estatutoa («estatutu» ere irakurri ahal izan dugu txarteletan) izango homen da gobernuaren behaztoparririk trabagarriena, eta estatutoak mugatu eta zehaztuko omen du berorren benetako jaidura demokratikoa, orain artekoak deus balio ez balu bezala. EIAren beraren etorkizun giltza ere estatuto honen eskuetan omen, eta estrategia osoa berplanteatu beharko duela enbido honi hordagoz erantzuten badiote Madrilgo txapelketan, irakurri berria dugun albistea egiazkoa baldin bada behintzat. Eta militantziaren bedeinkazioarekin, askok espero ez bezala.

        Baina dagoeneko muzin egiten hasiak zaizkio Hispaniako gobernariak estatutoari. Eta ez omen dira erredakzio mailako belartxo hutsak, sasi asko omen dago erre beharra: hitz bitan esanda, antikonstituzional jatortzat jotzen dituztela esatutoaren guk ahal dakigu zenbat artikulu. Laister hasiko da sokatira txapelketa ere, gauden erne datorrenari, askotan, gehegitan agian, aldarrikatu baita koma bat, hots, kakotx bat, bakar bat ere aldatzea ez dela permitituko. Kakotx bat edo beste aldatuz garrantzizko zerbait lor badezakete, guregatik ez ardura, badute gure oneritzi eta permisoa, hala ere.

        Baina bestaldetik hasiak dira estatuto hau, Gernikako estatutoa onartzen ez dutenak ere muturra sartzen lapiko ponetan, alegia, Nafarroa eta presoei buruzko zerak eta merak utzi edo ahantzi eta «dena dela» ez dutela halako estatutorik onartuko Madrilen. Eta zer ikusirik ez izan arren, aurpegiratuko diete —profetak garela gu— koma pare baten aldatua, aldatu beharrean aurkitzen badira.

        Baina hala ere estatuto hori ez da herriarena, dio H.B.k. Herriari bizkar eta herriaren lepotik egina da, eta klaudikantea gainera. Beste bat erredaktatu behar da beraz, herriarenagoa, nazionalagoa, autodeterminanteagoa: Guk berriz ez dugu ulertzen zergatik sartzen den H.B. inoren sukaldetan. Zeren Gernikakoak, berez nahiko kaxkar eta murritz izanik onartua izateko batere probabilitaterik ez duenez, zergatik beste bat erredaktatu, —agoa? Zertarako?—. Horretaraz gero, ez ote testimonialago —testimonio maila hutsean ariko baikinake orduan— Euskal Konstituzioa erredaktatzea, esate baterako?

        Estatuto itxurosorik lortzea ezinezkoa baldin bada, ez da oso ekonomikoa estatutotan madarikatzea. Ideia bat da, eta ea profitatzen duten, H.B.n sartuta dugun lagunak esan zigunez oso premian daude eta. Graziak Nafarroako gobernadoreari, zion, Iruñeakoa onartuz gero la paskua egiten zigun, inork ez baitzekien nola eta zertarako

        Baina estatutoa onartua izango balitz? Ah, orduan denok astojale: posibilismo defendatu zutenak sendoturik, eta H.B.koek berriz beraiena, izan dela meritu osoa, estatutoa onartua izan baldin bada H.B. & Co. itotzearren dela.

 

 

edozer gauza da posible Granadan

 

Hasia da bestaldean, iparraldean, hain beharrezkoa duten bai euskarari kanpaina. Arrakasta handia opa diegu, beraien aniseta hartzeko ohitura batere maite ez dugun arren anaiarrebak baititugu azken finean. Eta benetan eta bihotzez maite ditugunez gero, gaztigu bat, abisu bat eman nahi diegu hemendik: ongi kontrolatzeko pegatinen kopurua, jende asko baitago ezeren eskrupulorik gabea. Guk geuk, adibidez, uda osoa jo genuen Donostiako Zaharrean Urrestila herri da pegatinak salduz. Baina hori ez da grabeena, hemen paroa baldin badago, zer ez ote dago bestaldean, jendeak bizi egin behar du. Guk esan nahi dieguna da ez ilusio handirik egiteko, bai euskarari kanpainako diruak ikusiko dituztela gero zakurraren salan, eta gaueskolako irakasleak hamar mila pezeta hiru hilabetero, trimestrean. Hala gertatzen da Granadan, hegoaldean.

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

 


 

—gonbidatua—

mikel hiribarren

 

bertzeak ez bezalakoak,
ama nerea

 

Ama! Ama! Ama! Ah! Hor zaitut! Beti baitaukat zure beharra. Funtsean, nork ez daki zer den amaren beharra. Noiz nahi, galdurik gabiltza, hauzo, lagun eta bertzetarik urrun garela iduritzen zaigu. Munduan bakarrik, lokarriak oro etenik balira bezala edo sekulan lokarririk izan ez balitz bezala; mundu argitan, zut eta nihaur, bakar bakarrik. Zuhainek lurrarekin lotgarri badute, nitaz zangoak airean bizi naizela diote.

        Gogoetakan nago, ba! Uharte geriza gabea! Gogoetakan naizen hau nundik datorren? Zertarat jinik? Norat joaile? Eta... erantzunik ezin kausi, mugapen guziak hauskor, oro zintzilikan, ez deus eta debaldekor. Bizitzaren iturbururat beti bezala itzuli beharko, hain baizik ez baitakusat nun berma. Bertze guziak ilusiozko keetan doaz, aldiz munduratu nituen amaren natura badaukat berma-harritzat. Gorputz arraildua, bere bihotzean odoleztatua, guziz gorri beltzua, heinez harat, zartatu artinokan zabaldua: maite nauzulako, onartu zenuen maitasun otsegingarriari jarraik lekion auhen oihua, honen ondotik sortuko baitzen guretarteko maitasuna. Auhen malkoak umatu ninduzun ohe mihisez idortu nizkizun, orroit zaitez!

        Eta nintzen umetik haurtxo bat atera zen; bibiak ginauden, zure oheko laguna agreda ez zitzaitalakotz, ostikokaz urrundu genuen, oztopotzat baizik ez genuen, eta osoki bata bertzearentzat bizi ginen. Zurea ninduzun, zutaz bertzerik ez neukan munduan... Denborak ttarotu ninduen, goiztiarra ninduzun: hiru urtetako, laguntzen zintudan sukaldeko lanetan, ezin hobeki gain azpiratzen nizkizula armario ta tireta guziak.

        Sei urte bete nintuenean, eskolarat bidali ninduzun, errazki ez bazen bortxaz bederen. Lagunak ere egin nituen bizpahiru egunen buruko. Denak mutikoak eta zitezkeen erneenak. Berehala pentsatu genuen denbora pasagailutzat nesken ile tiratzea... Ez ginen enoatzen eta gutartean mundu berri bat sortu genuen. Laket nintzaion.

        Bainan eskolaondo batez, gataska gorrian hasi ginen, baizik eta lagun bati liberako bat ebatsi niola. Akusatu ninduten. Etxeraino heldu zitzaizkidan amari salatu beharrez. Amak atea zabaldu zienean, haren ikusteak mutu utzi zituen. Hitz erdi bat gabe, gure etxe ataletik itzuli.

        Biharamunean, eskolaratu nintzenean, beldurrez gaindika, bat hurbildu zitzaidan halako zerbait eskutan. Ene aintzinerat heldu ondoan, eskua bere haren eskainle, buruz altxaturik, orok entzuteko gisan: «To! Urte berritako, emaiok hau amari, egin lezan bizar!».

Zeruko Argia
835. zenbakia
1979-06-24