donostiako udaletxeak abesbatza sortu
Ez dago gauza onik kontatzeko aste honetan, eta noizbait izango dugulako esperantza ere galtzen ari gara. Aurreragokoak neska gazte eta ekolojista baten gorpua utzi zigun garondotik sudurrera; edo sudurretik garondora, ba ote du garrantziarik, bala batez gurutzatua. Itxura denez manifestazio antinuklearretan, Mashrillekoa Salbu, munduan hil den lehenbiziko pertsona da eta jakina da hor zehar mota honetako manifestaldiak ehun milaka persona bildu izan ohi dituztela. Marka bat hausteko eta behin gehiago guk hautsi behar.
Ikurriña izango da dudarik gabe haizea hartzen duten munduko bandera guztietan lutoz gehien aldiz jantzi dena. Madrilek haizatzeko askatasuna eman zigunean pentsatu ere egingo zuten krespoi beltzetarako lain ere ez genuela atera behar.
Donostiako Udaletxe-Kasinoan, nun infiltraturik gauden, isilik gordetzeko hobeagoak diren gauza franko gertatzen da. Azkeneko plenoan Gladysen heriotzagatik gobernuaren aurrean protestatzeko erabakia hartu zen eta protesta horren seinale bezala eta familiari dolumina azaltzeko, elizkizunetara joatea. Coordinadora Independiente-Ucd taldeko konzejal batek esplikaziorik ez zuen botoaren esplikazioa egin nahiean, Tudelako gertakizunak ez zeudela garbi esaten hasi zen. Hasi besterik ezin izan zuen egin publiko presenteak hitza eta ia muturra kendu baitzion. Lehenbiziko aktoa.
Gu garen bezalako serioak diren pertsonek bi ondorio atera ditzakete hemendik. Lehena, konzejalak ez zuela probokatu behar sensibilizaturik eta mindurik zegoen publikoa, eta esan nahi zuena benetan konbenziturik esan nahi bazuen politikoak konbikzioz baino erresponsabilitateari begira ihardun behar duenez gero ahoa isiltzea hobe zuela.
Beste, ondorioa: herriak probokadoreen ihardunei ez diela jaramonik egin behar eta ez dagoela ondo hitza dagoenean eskuetara iristea.
Baina gauza gehiago. Goiz horren arratsaldean Gladysen elizkizunak baino orduerdi lehenago Alkatea eta konzejalak azaltzen dira Udaletxe-Gran Kasinoko atean eta Alkain itxuraz ez duen, baina fida zaitezte itxuraz, footinglari oinkada elastiko batekin hasten zaigu korrika Hernani kalean gora, edo behera, gauzak segun nola begiratzen diren, espaloitik ziudadano onak bezala abiatuz. Baina jendeak espaloitik ezetz, galtzada egin digutenez galtzadatik joateko, gaiza konprensiblea bestalde, korporazio batek korporazioan doanean galtzadatik turutaz eta banderaz lagundurik joan behar baitu. Jendeak beraz galtzadatik, ez oso modu onean egia esateko, eta alkateak por aki. Eta horrela. Total Garibai kalean ia lepotik heltzen dutela gure alkate hori eta emango ziotela muturrean han oportunatu ziren pertsona eta pertsonaia batzuk egokitu ez balira. Gure begi urdin elektriko hauekin ikusia. Azkenean alkateak, bere familia guztia aipatzen entzun ondoren, galtzadatik joatea erabaki zuen.
Lehen aipaturiko ikasgai berdintsuak atera daitezke kasu honetan ere, aldaera inportante batekin, Alkain jauna azken finean Elizkizunetara baizihoan.
Gauza da gertakizun hauen ondoren Psoe Pnv & Ciako konzejalek abesbatza moduko bat osatu dutela eta lehenbiziko numero bezala ha dicho el alcalde que no salga naide que no salga naide que es muy mal ganao interpretatu dutela eta gauza sentidu literalenean hartuz ostiralean ez ziren plenora atera, jendea ez dela ganadu ona eta pakea etorri bitartean, hoberena etxean partxisean aritzea dela pentsatuz ziur asko. Eta hori ere ez da soluzioa, prolemak atzeratzeak ez baitu bere kabuz konponketarik ekartzen. Bueno, bakoitzak bere prolemak eta guk geureak. Eta gure prolema soufffea ondo aterako zaigun jakitea.
bimihingainismoaz berriro
Udaletxe asko dabiltza orain kaleen izenak aldatzearen asuntoarekin. Aldatu behar direnak aldatu eta ea guri ere plakatxo bat tokatzen zaigun: Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriaren enparantza. Enparantza beharko du, buelta guztia hartzeko. Broma hontaz esateko duguna zera da, kale izenak euskaraz bakarrik joan beharko luketela, personalari ez baitzaio deus kostatzen kale calle dela, eta plaza enparantza ikastea. Euskararen aldeko politika arrazional batek horrelako neurriak eskatzen ditu, bla bla euskaraz eta bla bla erdaraz, bla bla erdaraz eta bla bla euskaraz, bla bla gehiegi gertatzen da. Joango gara sakonduz geure teorietan.
sagarra manzana hombre gizon
Ia lepo hezurra hautsi geniela. Grisak libre utzi zuten tarte bat aprobetxatuz han geunden gu Calbetonen hogeitabostgarren ardoa nun botako, asanbladan diskutituz kartel bati begira ikusi genituenean.
Herramienta gerrikoan aseguratu eta han plantatzen gara. Ke pasa. Lau mutil eta bi neska. Neskak dexente ondo. Asza plart, esaten diogu elgarri gure argotean, hots, titi-handia erdibana. Kartela komentatzen zuten. Testu bat euskaraz eta gero gutxi gora behera esta vez te lo traducimos pero para la próxima vez aprende esaten zuena. No te jode fascistas pues yo no pienso aprender si vienen obligando esan zuen batek. Que aprenda su puta madre en plan de obligar esan zuen beste batek eta horrela. Bizpahiru llabe egin genizkien titi-handia nun fornikatu erabakitzen genuen bitartean.
Ez dute entendituko erdara ari zaizkigula inposatzen. Euskara ikastea guri zor diguten eskubide bat dela. Abisaturik daude eta geroko negarrak alferrik. Orient.
ramon saizarbitoria
koldo izagirre
gonbidatua
gotzon egia
«ai loentxo, etzaidazu buruan jo,
ikasten ari naiz eta»
Ea ba, habil zintzo eta ez tontoarena egin. Koaderno berriak, holandesa galgo, karpeta urdina aironfix trasparenteaz ondo forratu, boligrafo bic punta fina. Ertzak ez izorratzeko orriak ondo alineatu behar dira bestalde idazterakoan koxka nabaritzen da klak klak liburuz eta hautsez betetako mahai luzearen gainean kolpe pare bat jo eta buru guztiak, ondo makurtuta. Gerraurreko nobelagintza, sistema vocálico del latín vulgar Flaubert eta Beckett semiología del discurso literario Leopoldo Zugaza editor teatro del absurdo ehun metro guadarrama puntomega. Monjek irakatsitako letra borobil eta txukuna ikusten diok monja aurpegidun aurreko ttunttunari. Apuntetxo dotoreak baezpare, tema kuatro gorriz azpimarraturik baezpare, erregelatxo batekin baezpare, bibliografia aproposa asterisko batekin orriaren bukaeran. Antiparrak sudur lodi-borobilaren gainean ondo ajustatu eta las funciooones de los actaaantes dio gizontxoak. Taldeak egin, konsigna hori duk, taldeka lana hobeto egiten duk eta gainera Valle Inclán Pirandello eta Cortazar geure espiritu kritikoa eta lan kolektiboaren ohitura gehitu behar diagu. Hemen ez da esaminarik izango zeren literatura landu egin behar da eta ez ikasi: los escritores del neocolonialismo americano. Hemen seriotasun pixka bat behar dugu zeren gauzak serioski hartu behar dira, egoera honetan ez gaude txorakeriatarako tonto gizarajo ahalen hori. Kontuan izan gu garela euskara eta herri kulturaren geroaren arduradun, biharko euskal intelligentsiaren materia grisa, edo beltza, edo gorria, edo, hemendik ez bada nondik aterako euskal letren kritikari zorrotz eta azkarren belaunaldi bikaina.
Seriotasuna, erlijiotasuna batez ere, ez dezagun ahantzi bunker erredukto jesuitikoan ari garela. Erlijio zahar-berriaren nagusitasunaren menpean bizi garenok badakigu ordea zein den prailekume madarikatuon etorkizuna. Guztiok oso serio fotografi aurpegia jarriz tomo izugarri baten orrialde argizaituen artean. Prestigioso lingüista, crítico y poeta, Donostian jaio eta bizia.
Eta suerte pixkat izanez gero errebixtan baten kontraportadan kolore difuminatutako erretratuan a lo Hamilton sekulako jeta mistiko batekin. Beldur bitez egungo jauntxo orok! Jaun txorook. Ume mukitsuok ez baikabiltza txantxetan. Bizpahiru urtetan agertuko dira gaur barreiatutako haziak beren indar sendo eta lege osoaz. Hainbeste urtetako izerdi eta neke ahaleginduen fruitu konpentsatorioak; eta orduan bati baino gehiagori sartuko zaio bizkar hezurrean dardara larria, eta agian horregatik hitz dotorez ahoa betetzen saiatuko da. Zeren euskararen gerorako erabat dezisiboa da ondo jakineraztea noiz nola eta zergatik eskribatu behar den ala ez i palatalizatzailea. Arrazoin higuingarriak liluragarriak zoragarriak. Solaspausa hitzaldi elkarrizketa sakon mamitsuak: jaunandreok arratsalde honetan bildu gara, ahots lodi eta modulatu batek, mikrofonoak piiii eta barkatu. Eta a lo mejor jarraitzen dugu honela hogei urtetan, eta deskuiduan euskal idazle famatuak bukatu egin zaizkigu, lumak agortu dira, tintagileak huelgan sartu zaizkigu, ez dago 84eko belaunaldi berririk, eta orduan eginen dugu analisis semiologiko jainkoak agintzen duen bezala, euskal literatura klasikoa mila aldiz larrutu eta apurtuko dugu, lardastuko, gure kulturaren onerako ikerketa literarioari aurrerantza etengabea eman ahal izan dezaiogun, makina bat Luix Mari Patxi eta Juanito jaioko zaigu herri honetan. Orduan aldizkari espezialduen paradisua helduko da, ikastolak umez gainezka egonen dira, eta orduan paper gainean burua gehiago makurtuko dugu eta zihur asko mihin puntta ahoertzetik azalduko zaigu marratxo gorria zuzen zuzen gera dedin. Ustekabean.
|