aurkibidera joan
   




 

Esanak esan, eta ez ezazuela pentsa damuturik gaudenik, aspaldi xamar utzi genuen orrialdetarte honetara gatoz, batzuen pozarako (bajak areagotzea omen gure estiloaren teknikarik aztergarriena) eta bestetzuren hamorraziorako (aspaldian ikasitako txisteak berriro, eta grapak hain zabalkorra egiten duen plana dotorean en plus). Damuturik ez; nolabait esatekotan, eszeptikoagoak.

        Eszeptikoagoak denek hain arraroa dela dioten geure herri honen bizitza bizi litekegarri batetara itxurazko epe batetan iristeaz, Estatutoarekin ala Kontseiluarekin. (Urteak adarra luzea du, eta mintzatuko gara patxaratsuago). Eszeptikoagoak, nola ez, euskal kazetaritza bataiatu den abortoaren konponketa (eta guk ez dugu eutanasia gaitzesten) zentzuz eta duintasunez egiteko ahalmenaz. Behin baino gehiago gaztigatu, abisatu zintuztegun: gu profetak gara. Zortzi hilabete dira predikatzen genuela (basamortuan): «hemen dagoena zera da, itsusi asko interesantez disfrazaturik, anteojo kontxaduna aukeran eta serio jiteak bizar atzeetan, baina sakonean surrealismo katxondoa. Diskurso aspergarri asko baina funtsean ez seriotasun eta arintasun jatorrenaren perla». Eta hala joan dira dinosaurioak perratzera Eginen euskarazko kazetaritza iraultzailearen asmoak (?), Deiaren euskal profesionaltegia eta beste zenbaiten katxondeo lerdoa. Hala joan zen Oh, Oh Euzkadi ere. Egia da, aurrez ere sospetxatzen genuen, baina frogatu egin behar: ez, ez da posible ezer argitaratzea Cajahorros baten izena gabe (eta Usurbilgo inprenteroa deika oraindik, gixaixoa). Baina kasu, irakurle zorrotz hori, lehendabizikoan eskarmentatzen direnetakoak gaituzu. Voilà la petite grosse diference. Eta Oh, Oh Euzkadi aipatu dugunez gero ezin eskertu gabe utzi Iñaki Zubizarretaren txaloa eta batez ere ZERUKO ARGIAk beronek hain maisuki erabili zuen luparen ironia zoragarria. Haur frustratu haren oroitzapenez azaltzen gara dakusazuten izenburuarekin, eta frakaso harekin traizionatu genuen kuadrilaren lanei ere leku bat egiten diegu geure ondoan (eta berriro inperatiboa erabili beharrean gara, jakin bedi inolako aitago literariorik gabe ari garela). Eta hala saiatuko gara noizbait idatzi genuen leihoaren metafora ahalbait zabaltzen, maketaz gainera, aire, haize, zurrunbilo, terrala eta zirimol guztiek geure mahain zaharretako paper zaharrak berri ditzaten. (Urteak adar luzea duela, mintzatuko garela...)

        Eszeptikoagoak ere, helas, hauteskundeen aurretik hainbeste euskaldun konszienterekin batera bihotzez desiratzen eta aldarrikatu ere egiten genuen ezker abertzalearen batasunaz. Eta poztu ere egiten gara ia, bai baitakigu ezker abertzalearen batasuna eragin dezakeen pegamentu kasik bakarra errepresioa dela. Eta errepresioaren areagotzea ere ez dela ezinezkoa. (Urteak adar luzea duela...).

        Halakoez eta bestelakoez aritzeko aukera erosoak izango ditugu aurrera ere, ez apuratu, haurra ikastolara darabilen gurasoren bat edo beste hamorrarazteko, oteizazaleak mintzeko eta buztan batzarrekoei bertsoak ateratzeko ez da inoiz beranduegi: urtea adarduna da.

 

 

EE eta HB izango dira gure kritika zorrotz eta krudelenak sofritu beharko dituztenak. Esan zuen Maok Txinan hain ohizko diren esterileteak —Lore izenekoak— probatzen zegoen arratsalde batetan: maite amore, negar dolore. Zuek kritikatu behar beraz, amodio bihotzekook.

        Eta Euskadiko Ezkerrarekin hasiko gara. Egia baldin bada ez zenutela onartu Andoaingo Udaletxean funzionaritzarako oposizioetan euskara jakitea puntuatzea gaizki zabiltzate, eta ez duzue euskararen egoerari buruz gauza handirik entenditu. Aktak euskaratzea eta horrelako besta gauza guztiak jakin ezazue sinbolojia mailan geratzea dela. Egoera horren kausa herriko sekretarioa, medikoa eta beterinarioa erdeldunak izatea denik ezin esan badaiteke ere, egia da deseuskalduntzearen elemento garrantzitsuak izan direla.

        Ez du balio bestalde administratzaile onak izatea euskaldun izatea baino garrantzitsuagotzat izan eta euskara enpateak hausteko balio duela esateak. Enpateak hausteko penaltyak txino batua edo familia numerosoaren karneta. Bainan euskara gure udaletxeetan euskaldunoi zor zaigun eskubidea da. Ez dago buelta gehiago eman beharrik. Aurrezki Kutxek aspaldidanik lortu zutena, euskarak oposizioetan punduatzea, udaletxeetara eramateko gauza ez bagara zuek esan zertarako behar genituen udaletxeak. EEko permanentearen komunikatu bat esijitzen dugu derrepente, konfunditu egin garela, eta gure informazioa txarra dela esanez bada, hobe. Esplikazio hori martxando, eta Andoaingo EEko konzejalak hormaren kontra belauniko MC-OICrekin egin duten enpatea griego klasikoa ikasiz hautsiz.

 

 

Beltzak argitaratu berri den Euskadi 1984.n intelektualei: «hau esatekoan eta batez ere, aipatutako sofrimendu horik zuen baitan gihartuko bazenituzte, kapitalismoak iraungo dueno, bederen, gure gizartea bortxakeriaren pean izango dela esan beharko zenukete eta, Estatuto txirtxil batek biolentziaren gainditzea ekar dezakeela esateak lotsa eman beharko lizueke». Eta hala emango liguke Emilio, hala emango liguke.

 

 

Norbaitek esango du oraingoan ere, haze suertea hoiena. Egia da gure profesio honetan jatetxe hoberenetan jan behar izaten dugula politikoekin behar ohi diren kontaktoak izateko, notiziak Milan, Tokyo, Cairo eta N. Yorkeko Hiltonetan para arazten digula. Maiz xamar ikusten gaituztela modeloak izan ohi diren emakume luze sofistikatu hoietakoekin. Egia da, baina hoien inguruan lotu ohi dira espioitza internazionalaren hariak. Ez diguzue sinestuko ordea ohean maitale hotzak direla esaten badugu, Hiltonetako sukalde internazionalak aspertu egiten duela eta aeroportutik aeroportura ez dugula paisajeen edertasunik daztatzeko denborarik izaten. Bestalde zer dira dirua eta fama edozein kale baztarretan bala anonimo batek gore informazioaren iturburuen sekretoa betirako gorde ahal badezake.

        Sinetsi gure herriarenganako maitasunak eraginik hartzen dugula erresponsabilitate hau berriz ere.

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

 


 

—gonbidatua—

urtsuaran

 

Igande arratsalde euritsu batean idazteko —poesiak idazteko— gogoa sartu zait. Oianonen buruko minak etzioten espero genuena —nahiz eta buruko minik izan— zeren kasualitatez garai bateko gogorazio delizius bat etorri zitzaigun arratsalde euritsu hontan nolaz izaten ginen gauerdia pasata askoz geroago non eta denborak etzuen neurririk kotxearen barruan.

        Nuela gogoa bainan falta zela asmoa eta poesiak ziren nere urrutiko beste gozamen batzuen memoria. Nizula gogoan eta ez besarkada gozoan. Hire eskua, hire beso lirainak, hire begi nabarrak.

        Horretan nintzela, urrutira nindoala, Oianonen beldurrak, beregana nahia. Espero genuena izan zen kunplitua. Luzeak bideak, urtsu hibaia egin genuen ederra bidaia. Arratsalde euritsu hontara berriro bueltatuak, oraindik ere banuen oraindik nigandik ateratzeko gogoa, eskribitzeko grina, ez bait nuen nahi, nazka ematen bait zidan telebisioa ikusteak, bai eta punto y hora irakurtzeak eta Donostiako anarkista batek idatzitako anarkisten historiak eta bere gogorazio sasi poetiko horiek irakurtzeak. Nahiz eta anarkista sinpatikoa izan. Horrela ba, hasi nintzen zer idatzi pentsa.

        Behin batean idatziko banu umeentzat ipuin zoragarri horietako bat?... Ixilunea ene kaxkoan. Behin batean bizi zen ez irakurle bat... nondik emango diot nik jarraipena. Inpotentzlaren morroi sentitu nintzen orduan. Zikiroaren anaia. Ai zikiro historiak sortu duen esentzi berdadero eta nazkagarria. Nondik ote dator euskaldunen zikiroarekiko —batez ere baztandarren— zikiroarekiko benerazioa? Nola den posible horrelako degenerazioa? Nondik eta izurratutako animaliak eman dezake haragi goxoa? Ez ote den, alderantziz gure Zikiramenduaren sadismo hutsatik sortzen den gusto deformatua?

        Zeren zikiratuak gara. Zikirok gara denok. Zikiro da behin eta bere bizitza guztirako sardearekin esposatutako nekazaria. Betirako ezkondua eta zikiratua mailuarekin dabilen langilea. Zikiro betirako jan ahal izateko 40 urte segidan irakasle-jakitun-polizi-neurritzaile izan eta gero zahar errabiotsu, kiskilotsu, aguanta ezina izanen den irakasle kapatzailea.

        Zeren umeok, barka iezaidazue, ez barka gezurti naiz eta, nahi nuke zuekin ene bihotza eta zentzumenekin behin betirako hitzegin, eskoletan egiten duguna neurri osoan el tonto egitea da. Gure ofizioa tontoak egitea da. Jan ahal izateko tonto bihurtu behar zaituztegu. Jan ahal izateko zuen gauzarik hoberenak, bizitzeko gogo berria, freskoa, mendiko erreka txikiaren antzekoa, non eta ederki egoten da itzalean Aizkorrin ur goxo eta hotza edanez erle baten bila goazela 9 urte nuela, zihur nere aitarekin pausoka pausoka azkenean neka neka eginda negoelako arreburrikitosetan jetxi nintzenean otzaurteraino, handik trenean legazpiraino joateko. Horrelako ur freskoa, dantzaka dihoana, zuek duzue, mundu honek benetan behar duen mana saindua, gizonek, haundiek, seriotasun guztiz, arkitekto, injeniero bezala, zuen errekaren freskura hori, non eta atrebitzen zarete maixuari galtzak kentzea, non eta maitasuna pitoa ukitzearekin konparatzen duzue, non eta gogoz beste batetaz buriatzen zarete, non eta ez duzue horrelako leku nazkagarri eta pobrean bizi nahi, zuen errekaren freskura hori zergatik demonio, ari gara sikatzen eta desegiten?

Zeruko Argia
832. zenbakia
1979-06-03