AOLKU BIDE
Sail ontan ditezun esaera txotil auek, aolku gisara landuak daude. Eta ez, nola-nai landuak ere, ikuspegi trebeaz eta ziurtasunez baizik. Ezagutu ta urratu zuten mundua dute arrazoibide; beraiek zerabilkiten mundu txikia aita-gai arturik, ondore belaunentzat aolku-bide utziak dire ezpairik gabe.
ASTOAK ON DIK ARTOA, IDIAK ARTO-LASTOA. (2)
Nere gisara basarrian eziera artu duen edonorrek, ez leukake esaldiaren argibide bearrik; abere mota bakoitzarentzat zer on denaren berri dakigulako. Baiña, gure gazteak ba'ote dute «arto-lastoa» zer den berririk? Agian, «idia» ta «astoa»ren ezagupenik?
Dena-dela, zeri zer on zaion aolku baiño ez da esaera; gaurkoari, ta geroari, deadar dagion aolku xinplea.
ASTOAREN AORAKO EZ EZTIA, BAIÑA BAI BELAR BUSTIA. (2)
Leena bera berritu dezaket esaera oni buruz. Adibidez, «astoaren aorako» zer denezkoaz beste, ba'dauka bat bereziki. Pertsona, ta abere, izan daitezke, ta, ba'dire noski «eztia» lillura zaietenak; alderantziz, izan daitezke gizon edo abere, ezti-opil gozoegia ez baiña, ospiñaren garratza onez artuko dutenak. Bakoitzen begiak, bakotzen ao-sapaiak, beren kisako kutiziak dituzte-ta.
ATZERRI, OTSO-ERRI. (2)
Etxetik alden ibilliak, ba'daki etxeko giroaren berri; bai, etxeko maitasunaren etena nolakoa den ere. Orrela, esaerak «atzerri» taz mugatzen digu giro otz, giro izugarri orren irudia, «otso-erri» izendatuaz.
AURRAK IKASIA, ETXEAN IKUSIA. (1)
Esaeraren muiña, aurren ikuspegian dago. Beti ere, aurraren begi luzea, etxekoen ekintzetan itxu-itxu dago; ta jakiña, «etxean ikusia» bere baitan arilduaz, on ala gaitz, azken batean, ikusia oretzen-oretzen, jaso duen erara opiltzen «ikasi» lezake.
AURRERAZKA EZEAN, ATZERAZKA BEAR. (1)
Esaerak, baiezko, ala, ezezko erabakia agertzen du. Ain xuxen, gizonori sortzen zaizkigun oztopoak, gaindik ezartzen dizkiguten itxiturak, aurrerabidea mozten diguten zer-naitariko trabak...
Beraz, «aurrerazka ezean», oztopoeri bizkar emanaz, «atzerazka bear».
AUZO ONA, LAGUN ONA. (1)
Zeri dagokio «auzo ona?» Adibidez, auzoa esatea, auzotarrek osatzen duten elkargoa izendatzea da; eta, «ona» izatearen kakoa era, auzokideen bizkarrean. Bide batez, ezaguera argiko, eramankizun zabaleko, biotzez apal eta itz emaneko, izaeraz gai den auzoa, «lagun ona» izan bear.
AZIA KATILLUKA, UZTA, IMIÑAKA. (1)
Esaldiaren muiña, ugaritasunean dago. Lan txikia, gauz utsa, bere gutxian ere, luondo aberatsean eunetik-eun geitzera dator; eta «azia katilluka» erein duenak, uzta biltzerakoan «imiñaka» jasotzea litzake.
AZKAR ETA ONDO, USOAK EGA, (1).
Esaerak trebetasuna adierazten digu. Batik-bat, lanerako trebetasuna, arreta bizia, begi argia, kera ariña; «usoak ega» gisara.
Ostera, «azkar» egite bakarra lardaskeria izangolitzake, ta ondo» egiteko, patxada ere artu bear da. Beraz, trebetasuna ezik, zailtasuna ere gaiñerazten digu noski.
AZKOR DATORRENA, SENIDETAN GAZTEENA. (2)
Esaera onek, senitarteko arrera aurkezten digu. Jakiña, senitarte zabala den etxean, aziaz doazen arabera, zaarrenari inguratuko zaizkio egitekorik larrienak. Orrela, «senidetan gazteena» beti ere, ama-zulo ezik jolas-kide izango denez; bizi-moldez leunago, betekizunez ariñago, jatorduetan oparoago; ta aipu onez artuko dutenez, «azkor» eta errotsu etortzea dagokio.
BA'GOAZKEN OATZERA, GOIZEAN JEIKIKO ARDATZERA. GAUDENAN OATZEAN, ASTIA DIÑAGU ARRATSEAN. (1)
Esaldi biren muiña, nagikeria da. Gogoari amen, eta bearrari uko egitea. Lanak-lan, «ba'goazken oatzera», ta biaramon goizerako utzi pixua. Orain geroko, gero, biarko, biar betirako... Baiña, oe epela beti ere giligarri, eta, «gaudenan oatzean, astia diñagu arratsean»..
BAKOITZARI BEREA, JAINKOAREN LEGEA. (1)
Esaera au, ez da argibide geiagoren bear. «Bakoitzari berea», esatearekin, esakizuna argiturik dago. Zurea, zuretzat; nerea, neretzat; Txuria txuri, ta beltxa beltx... Auxe degu noski, «Jaikoaren legea».
«BALEO»KO ERROTAN, IRINIK EZ, AGIÑAK AMOSTU BILDURRIK EZ. (1)
Egin ezetik, biltzekorik eza, adierazten digu esaldiak. «Baleo» itza, polita da, baiña utsa; alerik gabea, ta alerik ezean, «errotan iriñik ez». Zertan-artan jardun gabe, etxea utsik, jatekorik ez; «agiñak amostu bildurrik ez».
BARRIKAREN NEURRIRA UZTAIAK, NOLAKO ESKU-ARTE, ALAKO EZTAIAK». (2).
Esaera onek, bakoitzok artu bearreko neurria bideratzen digu. Alegia, geure «barrikaren neurrira uztaiak». Ain xuxen, nolako esku-arte, alako eztaiak». Ausnarbide juxtua noski, bakoitzon galbaerako...
BA'LEO, TA BALITZA, ELKARREKIN DABILTZA. (1)
EsAera bitxi au, amets bat denezkoan artu daiteke. «Ba'leo, ta ba'litza». Amets antzua noski, Zenbat burutamen bitxi oi ditugu: Nik ba'nituzke ala ba'litza, emango ba'lidakete, nor izan ba'nintza...
Alaere, idurizko begi-luzearen sarean, denak «elkarrekin dabiltza».
BASO TA IBAIA AUZO, AU EZ DUEN ETXEA GAIXO. (2)
Etxearen osagarri diren errorik bearren biek aurkezten digu esaldiak.
«Baso ta ibaia auzo». Egurra ta ura, gutxienik urbil; auek gabe, ez dago egitazko osotasunik etxerako. «Au ez duen etxea gaixo».
BEARRA, ERAGILLE AUNDI. (1)
Esaldiaren arabera, aldarte zoroak ezitzeko, «bearra» degu nagi-aizeak baretzeko eztenik zorrotzena. Gutxienik, «eragille aundi».
BEARGILLE ALPERRA, ERAKUSLE ON, ERAKUTSI, TA OR KONPON. (2)
Esaerak soil-soillean, alperraren aparteko kemena aurreratzen digu. Adibidez, beargiñak maixutza artzeraiñoko oinkada noski. «Beargille alperra erakusle on». Baiña duintasunik gabeko erakusmoldez ain xuxen; on ala gaitz kezkarik gabe; «erakutsi ta or konpon».
BEGI ITXIAK NEGARRIK EZ, AO ITXIRA ELBIRIK EZ. (1)
Esaerak bere batasunean, bi ikuspegi ditu. Adibidez, ikuste utsak sentibidea berriztatzen digu; ikusteak, ezagutu arazi; ikuste utsarekin, poztu edo mindu. Beraz, ez ikustearen ondorio, sentipenik, ezagumenik, on eta gaitzaren bereizkuntzarik ez nabaritzea dator; «begi itxiak negarrik ez».
Beste ikuspegia, norbait denetik, zerbait nai izatera doa. Jakiña, zerbait lortu aal izateko, nor edo norri, erregu egin bear; aoa iriki bear. «Ao itxira elbirik ez» baita sartzen.
BELAR GAIZTOAK ZAZPI AIEN, BAT BESTEAREN GAILLEN. (1)
Esaeraren muiña, gaitzaren zorroan dago. Griña okerrak, mamu gaizkiñak, «belar gaiztoak, zazpi aien». Bide batez, zaiñen, aienen, ugaritze ta zabaltasuna. Ostera, «bat bestearen gaillen» nabaritzean, emen, tringotasuna, indarra dago; gaitzaren aalmena.
BERANDU JEIKITZEN BA'ZERA, EGUNAZ, LANAK ATZERA. (1)
Esaera, beandu-mordo dabillenaren bizkarrera doa zuzenean. Beti ere, goiz-goizean oe epela uzteko nagi denari, eginkizunak pillatuko zaizkio. Adibidez, berak lanak menderatu bearrez, lanak zapalduko dute. Beraz, «berandu jeikitzen ba'zera, egunaz, lanak atzera». Onara, gauari derrigorrean eldu bearra.
BETIKO ITOKIÑAK, ARRIA ZULATZEN DU (2).
Esaldiak soil-soillean, ekiñaren ondorioa aurreratzen digu. Jardun diardunak, beti dakar zerbait azaldu daitekena. Naiz indarrez, naiz motel jardun; azken baterako, utsean-putzean ttanttoka, baiña luzaroan darraion «betiko itokiñak, arria zulatzen du».
DABILLEN ARRIAK, GOROLDIORIK EZ. (1)
Ibil dabillena bereizten digu esaerak. Adibidez, eskuetan darabilzkigun lanabesak, giza-soiñaren aztalak, ezkutuko burutamen eta zentzu; beren legera dabiltzeneraiñoan, ez leukateke txitxak jan kezkarik, ez erdoi-larruak eldu beldurrik ere noski; «dabillen arriak, goroldiorik ez» baitu izango.
DAGONEAN BON-BON, EZ DANEAN, EGON. (1)
Esaera, zuzen-zuzenean zabarkerira doa. «Dagonean bon-bon», Gaur-gaurkoa, orain-oraingoa, geroaren ajolik ez, ajolagabekeria. Gero, «ez danean egon».
DEGUNEAN DEGUNTXOA, NERE GIZONTXOA, (1)
Urritasuna dago esaldiaren muiñean. Adibidez, etxe utseko otordu-legea dauka adierazgarri. «Degunean deguntxoa, nere gizontxoa».
Aldi berean ordea, denezko gutxiaren etsipena ere nabaria da noski.
ETXEAN, EMAKUME BAKARRA UTSA DA, IRU EZKERO, BI SOBRA. (2)
Esaera naikoa bitxi delarik ere, elkarrenkiko eramankizunik eza bideratzen digu. Ain xuxen, andrezkoen arteko konpondu eziña. «Etxean, emakume bakarra utsa da». Otorduak, garbitasunak, eta eskuak bete lan goizetik gabera; gutxienik, bese bat, bear du lagungarri. Alabeiñik, «iru ezkero», elkarrekin mokoka ekiteko arriskua, ta, irutan batek, zartagia artuko du; kukurdunak noski. Ontara, «bi sobra» gelditzea, derrigorrekoa noski.
ETXEKO AKATSAK, ETXEKO GELATZAK. (1)
Esaera au, bizi-egituren ezkutura doa. «Etxeko akatsak». Beti ere, bizitzako ar-emanetan utsak ezik, lotsakizunak ere oi dire; naiz-eta, paparrera ez azaldu. Alaere, gazi-geza guzien zeaztasunak; «etxeko gelatzak» jaso ditu.
ETXEKO SUA, ETXEKO AUTSAZ ESTALI. (1)
Esaera au ere, zerbait gora-beera, leenaren bidetik dabil. Ondoragotik onanean. «Etxeko sua», etxeko asarreak, eztabaidak, marmarretak, edo, direnak-direla; ez daitezela auzora irten, ez aizeak eraman, ez-eta, etxeko gelatzak jaso ere; «etxeko autsaz estali baiño».
EGUZKIAREN ERTZEAN, ESNEA PERTZEAN, ETA, NESKEA ETXEAN. (13)
Esaera onek, eguna ta gaba mugatu ezik, gau-txorien atzamarrak ere irudi-gai ditu. «Eguzkiaren ertzean», arrats-mugaratzean, aparia zinzilik noski; ta aldi berean, «esnea pertzean, eta, neskea etxean». Orrela, etxeguneko esia isten delarik.
Gaur-gaurko begien giroenkiko berrikuntzak, esaldiari lotu aal izateko; gain-azpi, oso-osoko zilipurdia eman bearra legoke.
EMAIOK ASTOARI EZKURRA, ETA EZ EGURRA. (8)
Bizitzako jokabideeri ukuituaz dator esaera. Bear ba'da, aldarte makurren adibide. «Emaiok astoari ezkurra». Adibidez, zerbait onik eskuratu nai izaterakoan, aurrena norako jokabidea artu ausnartu bearra noski. Zer-naitarako dela ere, onez ekin; ez makurkeriz gogorrean, «eta ez egurra» artu, aldi bateko kaskagorkeria mantentze soillagaaitik.
ESATEA ERRAZ, EGITEA GARRATZ, (1)
Mingain-eragiña, ta besoen arrera banakatzen digu esaldiak. Izan ere, mingain-jokua ariña da noiz-nai ere, baiña esate utsarekin ezingo degu etxerik jaso; esatetik egiterako tartea zabala delarik, etxea zutitzeko, buruz, besoz, eskuz, oiñarritik eldu bear, naiz neketan bederen. Arria, ondarra, zura, bat-bestearen gaiñean pillatuko ba'dire, maillu ta opatxurra dantzatu bearra.
Beraz, «esatea erraz», baiña, «egitea garratz».
EZ GEIEGI ITZ EGIN, NAI EZ BA'DEZU UTSEGIN. (1)
Esaeraren eztena, bakoitzaren baitara dator. «Ez geiegi itz egin».
Beraz, mingaiña ezingo degu ariñegi erabilli; kurpillaren joera lotzen ikasi bearra daukagu noski, «nai ez ba'dezu utsegin».
EZ SIÑETSI ZERU IZARTSUAN, EZ ERE, ANDRE NEGARTSUAN. (2)
Esaeraren muiña, aldakortasunean dago noski. «Ez siñetsi Zeru izartsuan», Zerupeak denetariko aldakuntzak oi ditu-ta. Oskarbi, laiñotsu, erausi, ozbero...
Orobat gizarte zabalean ere. Gure kutiziaz gezurtatzen ba'dakigu noski; aldarte gaiztoak irriparraz jazten, zori miñak gordetzen, gezurra sinistarazteko negar egiten... Beraz, negarra beti ez da sinisgarri. Ontan andrezkoak aurrelari ditugula? Ez da arritzeko, biozberak dire-ta.
Dena dela, ezingo degu izarretaz geiegi sinistu; «ez ere, andre negartsuan».
GAUA GAUEKOENTZAT, EGUNA EGUNEKOENTZAT. (1)
Esaldiaren arabera, bakoitzentzako daukagu barruti mugarritua. «Gaua gauekoentzat», Adibidez, or dabiltza gau luzearen sabelean, gau-txoria, karraxiz; ontza momoloa, oluz; aixeria, gau-lapur...
Ostera, «eguna egunekoentzat» delarik, gizonok gera noski, argitik-argirakoak; egun-argitan elkarri aurpegi eman bearrekoak. Ontan ere, ba'darabilzkigu berrikuntza bitxirik.
GALTZA NASAIAK, AAL DIRANEAN. GALTZA ESTUAK, BESTERIK EZEAN.(2)
Esaeraren mamia, batik-bat gizonon zipozkerian dago. Adibidez, batek bestea estu artu, elkar lotu; elkarri galtzak estutu arazi.
Beraz, «galtza nasaiak, aal diranean», patxadazko beta degunean. Ostera, bat-bestearekin bakeratzen ez ba'gera, geurekoi jarraitzen deguneraiño; «galtza estuak, besterik ezean» erabilli bearra.
GARI-ZORRO ONA ETXERATZEKO, ELIZ-TXORIEI EZ DEITU LAGUNTZEKO. (2)
Esaeraren aitamenak, geurekiko ausardia sendotzen digu. Lanaren obaria osorik jasotzeko, etekin oparoa eskuratzeko; «gari-zorro ona etxeratzeko» alegia, ez eskurik eman, ez eskatu ere, ao-txuriari; ez, iñoren izerdi itokiñaz ase nai duenari; «eliz-txoriei ez deitu laguntzeko».
GAUR EGIN DEZAKEZUNA, EZ BIARKO UTZI. (1)
Esaldia, zuzen-zuzenean zabarkerira doa. Izan ere, mundu biribil ontan, bakoitzok bizitzeko tarte neurtua daukagu. Urteak, egunak, orduak...
Guretzat lokarri, ta aldi berean gazi-gezen iturri; daramagun bide-nabar onen itxarogune murritzean.
Jakiña, joana lausotan ezkutuka, ta geroa ikuskizun degunez; gaurko iturrian ontzia bete bear noski. «Gaur egin dezakezuna, ez biarko utzi». Gaur-gaurkoan, orain-oraingoan; eta arretaz gainera
GEZURTIAK ZER DU MEREZI? EGIA ESATEAN, EZ SIÑETSI. (1)
Esaldiaren muiña, gezurraren kerizpean dago noski. Gezurrak zankoak motz dituenez, ez da luzerako ibiltaria. Adibidez, gaur ziria sartu dizun ao-txuriari maratillatza, abian ziri orrek berak egingo; ta, jakiña, biaramonean naiz-eta, egi biribillaz urreratu, zer arrera leukake? Zentzurik duenak beintzat, «egia esatean, ez siñetsi».
GIZONA DAGONEAN MIÑAK ARTURIK, EDAN BEZA ARDO-ZAARRA PITXERRETIK. (2)
Esaera bitxi onek, ardoaren bizitasuna adierazi nai liguke noski. Alegia, «ardo-zaarra»ren indarra, gaitzaren osagarri dela.
Baiña kontuz, «pitxerretik» edaterakoan beiñepein; ardo ta gizon, biren indarrak, biren gaitzak, neurtuko lirake-ta. Azken batean, nor, zein, garaille irten? Ba'derizkiozu, neurketa txiki bat egin dezakezu.
GUZIOK GERA JABE, GEURE UTSEAN, GUZIOK ZORDUN ERE, ERIOTZAN ATEAN. (4)
Esaerak bere mamia, geiegizko ustean dauka. Egia da, «guziok gera jabe, geure utsean» ere. Agian, jabe gera, geu ba'geralako; ta bide batez, ez gera jabe, jabetza artzeko, geurerik ezer ez degulako. Geigeizko uste baikorraren borroka noski, bai, ala, ez, erabakitzeko.
Ostera, «guziok zordun ere, eriotzan atean». Jaio ezkerondik, eriotzaren zorpeko geranez, au zuurrago baieztatzen degu.
JOKUA EZ DEK ERRENTA, OBE DEK OILLOA ERRETA. (1)
Jokurako griña aurreratzen digu esaldiak. Onenera ere; «jokua ez dek errenta», ta errenta ez den ezkero, galdu arriskua zinzilik noski.
Dena-dela, buruz-aurrera naasterian sartu gabe; «obe dek oilloa erreta».
JOKURIK ONENA, GUTXIEN DABILLENA. (2)
Esaera au ere, bestearen saskitik dator. Alegia, jokuari uko egitea bideratzen digu. «jokurik onena, gutxien dabillena»; zeatz-meatz aukeratzen digularik.
JOKU-ZALE BA'ZERATE, LAISTER ESKEAN ATEZ-ATE. (2)
Iru esaldiok, elkarren senide direnik ezin ukatu. Adibidez, jokurako griñak iñoiz ez dakar etekiñik. Galtzean, galdu; ta irabaztean ere, artzekorik ez noski; ta bide ontatik doana luzaro gabe, «laister eskean atez-ate».
LURRAK DAMAIGU BIZITZEKO JANA, LURRAK, AZKEN BATEN ATSEDENA. (4)
Esaera sakon onek, lurrak daukan garrantzia aurkezten digu. Beraz, zoramindu gindezke lurraren lilluramenaz. «Lurrak damaigu bizitzeko jana», lurrak, edateko ura, surtarako egurra, atseden orduetarako babes oparoa, begi-luze auen betegarri, arri-bitxiak; eta, gure ezur auentzat ere, «lurrak, azken baten atsedena».
MUNDUAN ABERATS DANAK, ADISKIDE ASKO, TA ONAK. (1)
Esaeraren muiña, mundu-zoroaren begia degu. «Munduan aberats danak, «bere aitamena laiñoetan dabil beti ere; ta egintzetan neurtu bearrez, izen soillari oi diogu garrantzia, ta jakiña, izenaren itzalera «adiskide asko, ta onak» nun-nai; mailla bitxiaren izenak dirauneraiño.
NAI BA'DEZU IZAN SANTU, FRAILETZARA SARTU. (3)
Esaldi bitxi au, dagonetan utzi dezaket noski. Bide batez, esanaia naikoá garbi duenez, eta bestera, «santu» izatearen mailla neurtzeko gaitasunik ez detalako, irakurle bakoitzak askatu bezakio korapillorik ba'lekarkio.
NAI DUENAK LUZARO BIZI, OILLOAKIN OERA, TXORIAKIN JEIKI. (1)
Bizikera xuxenari lotua dago esakizuna. Gizarteak dituen gora-beerako, ta, aundi-maundikerien tarteko ariari loturik jartzen digu adierazmen zuurra. Au, «luzaro bizi» nai duen edonorrentzat. Ontarako egunaren mutur biek mugarritzat jartzen dizkigu. «Oilloakin oera, txoriakin jeiki». Tarteko gazi-gezak ez leukakete eragiñik noski.
NAI EZ BA'DEK GOSERIK BIZI, LAN EGIÑAZ, ZUUR ETSI. (2)
Esaeraren eztena, zuzen-zuzenean nagikerira doa. «Nai ez ba'dek goserik bizi». Au, nagiaren bizkarrerako da noski. «lan egiñaz, zuur etsi» dezan alegia.
OIÑAK NOLAKOAK, NEURRIRA OIÑETAKOAK. (1)
Esaldiak, bakoitzok geurekiko neurri-artzea azaleratzen digu.
«Oiñak nolakoak». Baiña, neurri au artzean degu zailtasuna; geuk, geure esku-artea neurtzea alegia.
SUDURRA MORE, PATTAR EDALE. (1)
Esaldiak bat-batean, barne gaitzaren zaiñak azaleratzen digu.
Izan ere, sagarraren ustela, azalera irtetzen da; aurdun aurreratua den emakumeari, azaletik igerri; egunoroko egintzetan, gizonaren duintasuna nabarmen. Beraz, masail-mutturrak, edo-ta, «sudurra more», nabarmentzea; edalearen seiñale garbia noski. Esaldiaren arian, «pattar edale»aren ezaugarria.
TOPIÑA GELATZEAN,ESNEA PERTZEAN; OTORDUA DEGU OSTEAN. (1)
Eguneko ekitaldi ondorengo atsedena mugatzen digu esaerak. Argitik-argirako lanaldia bukatuxea dago; «topiña gelatzean», eta «esnea pertzean», daudenerako noski; ta, jakiña, suak indarrik duela, «otordua degu ostean»; eta jarraian atsedena.
TXIKIEN NAASTE, AUNDIEN IRABAZTE. (2)
Esaerak, gizarteko kakoak aztertzen dizkigu. Giza-mailla xeea, txotilla, beartsua; beti ere, aaltsuen mendeko ezagutua noski, naiz-eta, aundizki beraiek sailkatua izan. Beraz, «txikien naaste» geien-geienak, aundien eragiñez oi dire, ta ez, beren etxe-kalte; «aundien irabazte» izateko baiño.
TXINTXOAREN SAKELAK BI ZULO. (1)
Esaldiaren mamia, txintxokeria da noski. «Txintxoaren sakelak bi zulo». Garbi dago, gaindik sartu bearraren-bearrez, uste gabean, gaindik sartu aiñean, azpitik iges egiten diola. Auxe noski, txintxoegiaren eguneko ixil-kutxa.
TXORI BAKOITZAK, KABIA EZBERDIN. (1)
Esaldia, azal-irudiari loturik dago. Beti ere, aun kukullura begira, aundiengan erre-miñez urraturik dator mundua; gaindikoen antz-irudia, ametsetan labainka. Ostera, esaeraren arabera begiratzean, uste soillean, uste utsean. Izan ere, bakoitzok geure barrutia degu, geure larre-sailla; jo-muga, aldarte, tankera; betidaniko ezberdintasuna. Adibidez, «txori bakoitzak, kabia ezberdin» oi dute.
USTEAK, ALDERDI BAT USTEL. (1)
Esaldia utsa delarik, aldi berean bete-betekoa degu. «Usteak», bizitzaren aparrean sortzen zaizkigun lore-pipitta irudiko amets bitxiak ditugu. Gure irudimen printzak aparretik aparrera, loretik lorera, bitsetik bitsera darabilzkigun urretxikiak noski.
Baiña azken batean, lore-pipittak, zimel; urre-txikiak, auts; eametsak, antzu; ta, usteak ere, «alderdi bat ustel».
XOXOAK, SASIAN KIRKIRRI. EIZTARIA URREAN DIRUDI. (2)
Irudimenari loturik dago esaldia. «Xoxoak sasian kirkirri». Beti ere, beldurraren azpian loturiko irudimena lanean darraigu.
Ain xuxen, egazti izutiari ere, berekiko zentzuak karraxiarazi; larritasunean kirkirrika, patxadarik eza; unez-une etsaia irudimen: «eiztaria urrean dirudi».
ZABUAREN ALDERA, ERORTZEN DA ARBOLA. (1)
Esaldiaren muiña, jokabidean dago. Izan ere, denetariko jokabide ezberdiñak oi ditugu gizartean. Aldioro xuxenak, aldioro makurrak; iñoiz geure kisako indarrak zabu eragiten digu; geienetan, ezkutuko eskuaren bultzak makurturik erortzen gera.
Dena-dela, zeatz-meatz, «zabuaren aldera, erortzen da arbola».
ZARAGI BERRIAN, ARDO-ZAARRA NEURRIAN. (1)
Esaera, sasoi mugatu baterako adierazmen baiño ez da. Gaztearo zoroaren barrutian, ez aur, ez eldu; iñoren aoikuei uko, ta geure zentzu-sentiera ernetzeke; «zaragi berrian» gaudeneraiñoan; kontu abiadura geixkoan ekiteari, elduen barrutira murgiltzerakoan. Sasoian-sasoikoa, «ardo-zaarra neurrian»; pixka-pixkaka edan bearrekoa da-ta.
ZER IKUSI, URA IKASI, ZORO AZI, ZORO BIZI, (1)
Esaldi biek batera datoz, gaitzaren zaiñari ukuitzera noski.
Geienetan ikuskizuna aurrean daukagu, aurrera begira gure begi-luzea, ta aurrean ikusia jaso ere; «zer ikusi, ura ikasi.
Aldi berean, ikusiak zaiñak artu, errotu, ta iraupenean eutsi ere ikusgiroaren arabera. «Zoro azi, zoro bizi».
ZERRIRIK EZ BA'DA TEGIAN, KOIPERIK EZ ZARTAGIAN. (1)
Esaera bere bitxian ere, ekiñaren erroari loturik dago. «Zerririk ez ba'da tegian», sasoian oiñik jarri ezaren oker nabaria; ganoraz jokatu ezaren ondorengo moztasuna noski. Jakiña, egin ezean, etekiñik ez; eta zori beltzean, urtearen sabel luzerako, «koiperik ez zartagian».
© Martin Ugarte