Ama onaren abestia

 

Negarrez arkitu nun

atari ertzean.

Hitz goxoz galde nion

ea zer zukean,

ta, barruko oinazea

askatu nahiean,

«Ez, ezerez», zioan

intziri artean.

Begi beltz haundi haiek

baina nik ikusiz,

zerun izarrez antzo,

gainez malko lodiz:

«Maiteren bat il zaizu?»

—galde nion berriz.

Ta hark begiratu nindun

bi begiak dir-dir:

— «Sei lore eder nituan

Jainkoak emanik,

sei-lore eder, nereak

ez beste inorenik.

Ta atzo, gizatxar batzuek,

indarrez sarturik

ostu egin zidaten

bat loretegitik.

Ostu eta eraman.

Ez dakit nik nora

ta azken lurrin gozoa

edaturik gora,

bere bura ederra

makurtuz kolkora,

apal-apal jausi zan,

gaixoa zulora.

Negar, ene begiok;

negar, ene bihotz.

Uda ta negu gaurtik

neretzat berdin hotz...

Maite zaitut, lore eder,

naiz ta zauden hilotz.

Nik berotuko zaitut.

Hatoz, lore, hatoz ...»

Ta bi besoak zabal,

begiak luzatuz,

geldi-geldi jarri zan

etortzen, bai-lekus.

Gero, etsiz berriro,

malkoak kolpatuz,

negarrez ekin zion

zotinka ta uluz.

Nik ere ezin nun gehiago.

Eztarria lakar,

bihotza taupa-taupa,

bi begiak baldar,

ahopez nahastu nion:

«Ez egin, ez negar;

Lore zenduna, gaurtik

zeruan dezu izar...»

Ta malkoak garbituz

alde egin nuen...

Ta geroz arantz hura

barrutik ezin ken...

Ta... lapurrak oraindik

handik bait-zebiltzen,

loretegi ederra

zaintzera joan nintzen.

 

                        Donibane Lohizune, 1937-VI-10

 

Olerti, 1959-III, 140-141 orr.

 

 

 

© Felix Markiegi

 


"Felix Markiegi" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus