Otoitza

 

Jauna, isuri zure begien

maite dirdai bat;

argi ixil horren izpitxo bat sar

nere animan:

Lur hau haizeak harrotu duan

hauts eta zikin da.

Auzoko orroak... auzoan bitez,

Biok aspaldi

egin genizun esi estua

ez bedi jausi.

Biok gaitezan hemen barruan,

biok bakarrik:

neri begira zu, pakez, ta ni

maite liluraz zugan etzanik.

Ixil geldia gure, jarduna:

zeruruntz kea,

mendi artetik mur-mur gozoan

doan erreka,

edo arrano hego zabalen

hega bezela.

Gorputz, lokarriz lotu-lotuta

naukate etsaiak.

Bihotzak Zu nai, gorputzak lurra

biok indarka

gogorra dute. Zein garaile, nork

dezake asma?

Jauna, hesia zartatuz norbait

sartu baino len,

lokarria hautsi... Baina gu biok

gaiten alkarren.

 

Olerti, 1959-III, 138. orr.

 

 

 

© Felix Markiegi

 


"Felix Markiegi" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus