Gero arte!

 

Hementxe zauzkat nere aurrean

goian gurutza; gero, zu

kopeta goian, begiak argi,

buru zintzoa beti zut,

gudari azkar garaile izaki

zertaz lotsa ez-paitezu.

Behean hizlari-saila, erdian

Euskadi-ikurra, min-pisuz

makil-erpina ezin harturik,

bestea aldean itzaltsu.

Lagunak oro zuri begira,

ta aldiz haiei begira zu.

 

Ez ziñudan nik inoiz ikusi,

zure hitz xalorik ez entzun;

ta halare etxeko zinan gurean,

ona gaur minez non nauzun.

Oro dakian zure gogoak

nere berri orain ba-du:

hamaika apari goxo eginak

gu biok... zure izkutun!

 

Biok ur baten edanak nunbait,

biok liburu bat ikus,

biok maite bat bihotz-erdian

biok Aita bat, ta anai gu,

lagun artean zuri begira

ni ikusteaz ez harritu.

Oraindik ere bost jardunaldi

egin beharrak gaituzu.

Itxoin apur bat, ba-noa laster,

agur, gero arte, lagun.

 

Gure ixil-hitzak entzuten, Jesus

bedeinkapen bat luzatuz,

besoak zabal, burua makur,

maite-altzoa zabalduz.

 

                        1933-III-28

 

Yakintza, 1933, 3. zkia., 187. orr.

 

 

 

© Felix Markiegi

 


"Felix Markiegi" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus