IV. EKITALDIA

Etorrera

 

Agertokian: ikusleen eskuira eta ber-bertan, etxeko sarrera dotore bat; atzeraxeago, munotxo bat ezkutatik igotzekoa. Ezkerraldean, zugatz haundi eder bat ber-bertan; atzerago, urruti, mendiak; bien bitartean, etxeko bidea.

 

 

LEHENENGO AGERRALDIA

Aita zaharra, Mikel eta Josue.

 

(Aita, zahar-zaharra, bi morroek (Mikel eta Josuek) erdian harturik eta lagundurik. Makilaz, narras eta makur ateratzen da etxetik eta eskuiko munoruntz dihoaz hirurak geldi-geldi eta itzalkiro. Goizeko hamaikak edo)

 

MIKEL: Egun ederra degu.

        Eskerrak Jaunari.

JOSUE: Eguzkia jaiki da

        mendien gainetik.

AITA: (ilun) Bai, beste egun bat... Atzo

        ere ez zan ageri...

        Gaur ere...

MIKEL: Behar bada...

AITA:        Gaixoak baleki

        ni nola bizi naizen

        bera joan zanetik!...

JOSUE: (poztu nahirik)

        Etorriko da!

MIKEL: Bai, bai!

AITA: Egunero berdin:

        igo, mendian jarri,

        zai egon... eta alperrik!

        Iluntzean etxera

        betiko bidetik.

JOSUE: Goazen!

MIKEL: Goazen mendira

        poliki-poliki...

 

(Ezkutatu irurak eskui aldetik. Laster agertu mendia gaina hartzen)

 

MIKEL: (onean) Ezetz! Ikusiko du...

AITA: (gaina artzean, urrutiko bidera begira zutik (besoak zabalik edo lainotsu)

        Semetxo, nun abil?

        Bide-baztarren baten

        agian erdi-hilik...

        Edo bildots galdua

        bezela, larretik

        inola urten ezinda...

        Semetxo, hatorkit!

        Hemen aitatxo zai-zai

        besoak zabalik!...

MIKEL: Nekatu egingo da,

        Jauna, jarri bedi.

AITA: (jarriaz) Jaunak bihotz barruan

        baietz esaten dit,

        ikusiko dedala

        etxean oraindik...

        Mundu zabal guztia

        dakuszun eguzki,

        esan zaidazu nun dan

        neu bila joan nadin!...

                (ilun, tinko, sorgor, bidera begira; geroxeago bat batera)

        Hara! Beltzunetxo bat

        dakust an urruti...

        Bera det!...

MIKEL: (beretzat errukiz) A gizaixo!

        Hortan gera beti!

JOSUE: Jauna, bidezkoren bat

        izango da.

AITA: (bihotz-minez) Mutil,

        ez zaidak hori esan...

        Hau une lazgarri!

                (bihotzgabetuta)

        Ez, ez! Nere semea

        horrek ez dirudi...

        jaso liranagorik

        zizun harek, noski.

MIKEL: (poztu nahiaz)

        Bai. Baina zorionak

        ez du berandurik;

        itxoin beza, Jauna, eta

        noizbait nunbaitetik...

AITA: (berriro poztuaz)

        Bera det! Bera det, bai!

        Ez esan ezetzik!

                (hobeto begiratuaz)

        Bera diat! Hau poza!

        Ez, ez! Ixil hadi!

                (gero beroago)

        Gaur ez diat begi zahar

        motz hauen beharrik!

        Ez al didak somatzen

        bihotz hau dardarti?

        Ez al diok igartzen

        gorputz zahar honeri

        piztuaz dihoala

        neuk ustegaberik?

        Goazen bidera!... (besteak eraman nahiaz)

MIKEL: (baretu nahiaz) Baina,

        nolaz hain urruti...?

AITA: (berean bero)

        Bai, Mikel, begi hauek

        badituk oraindik

        semearen dirdira

        hartzeko nunnahitik!

                (begira berriz ere)

        Bera diat!... Gaixoa!

        Nundik haiz ibili?

        Ez dakarrek gizajo

        lehengo haren antzik!

        Ez kapa, ez buruko,

        soinekoa zarpil,

        burua makur... Hator,

        hator, seme, arin!

        Besoak zabal-zabal

        bide erdira nadin!

 

(Ekin bera bakarrik joaten, inor berakin dagoenik ohartu ere gabe. Mikel eta Josue alderatzen zaizkio eta, itzalez, ixil laguntzen diote. Hau guztia bihotz-beroz. Eskui-aldetik ezkutatu eta laster agertu. Aita, narrasean arin. Agertokiaren beste muturera orduko, azaltzen da Gazte IIIgn. ekitaldian bezela, dana zarpil).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

Lehengoak eta Gazte.

 

AITA: (agertoki muturera dihoala, bihotz-eraginaz estu ta sorgor)

        Seme!... Seme!... Hator bai...

GAZTE: (oinetara negar-intziriz)

        Aita, pekatari...

AITA: (lurretik jasoaz eta besarkatuez)

        Bai, etorriko hintzana

        banekiken! Ez dik

        aiten bihotzak inoiz

        esaten gezurrik!... (geldiunetxoa besarkatuz)

                (morroiai deika. Gazte, lotsaz erdi-intziriz)

        Mikel! Josue! Honen

        jantzia ekarri...

        Eraztun, oinetako...

        Dana... zekor bat hil...

        Txistulariei deitu...

        dagigun jai haundi!

MIKEL: Bai jauna.

JOSUE: Ointxe gatoz. (joan biak)

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

Aita eta Gazte.

 

AITA: Semetxo hau hilik (berriro besarkatuz)

        bainuen eta bizi det,

        galduta aspalditik

        eta gaur berriz etxean.

                (Gazteri ohartuz eta alaitu nahiaz)

        Negarrez oraindik?

        Tira, seme, malko horiek

        ezkutatu egizk.

        Negar aroa joan dek

        betiko. Gaur berriz

        etxeratu haiz eta

        pozez jantzi hadi!...

        Bahekikek semetxo

        zer poz daukadan nik!...

        Ikusi haudanean

        menditxo horretatik,

        bihotz nekatu zahar hau

        dantzan zaidak jarri;

        eta handik hire bidera,

        antxumea irudi,

        etorri nauk.

GAZTE: (bere oneratuaz eta sinistu-ezinik lotsati)

        Aita, ta

        dana barkatzen dit?

AITA: Bai, seme, ez izan gehiago

        gauza horren kezkarik.

        Hire aitak bihotza

        zabal-zabala dik.

        Itxasoan harria

        ez al dek ikusi

        nola hondoratzen dan

        ezeren aztarnik

        utzi gabe? Ba nere

        bihotzean, berdin.

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

Lehengoak eta Josue.

 

JOSUE: (Jantzi zuri, oinetako eta eraztunaz dator)

        Jauna, hemen guztia.

AITA: E? A bai! Ederki!

        Tira, seme, sartu zak

        jantzi hau gainetik. (egin)

        Jantzi zuri garbia...

        hi joan hintzanetik

        hortxe egon dek hire zai.

GAZTE: (apal) Bai, aita, bai, gaurtik

        ez det berriz galduko.

AITA: Eraztuna jarri... (egin)

        Oinetakoak sartu... (egin)

        Horra gizon berri!

        Hator, seme, laztan bat!

GAZTE: Bai, aita, poz-pozik! (laztandu)

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

JOAN: (etxe barrutik dator)

        Agur, nagusi jauna!

AITA: Heu intzan? Zer berri

        dakark?

JOAN: Txistulariak

        dirala etorri;

        eta gertu dagola

        gainera bazkari.

AITA: Hori on! Eta seme

        zaharrena alorretik

        agertu al dek?

JOAN: Jauna,

        nik ez det ikusi;

        baina hemen ez bada,

        laster da; eguzki

        zeru erdira igoa

        bait degu, nagusi.

AITA: (alai) Ondo da! Seme, hator

        barrura nerekin.

        Nere amets gozoa

        Jainkoak bete dik.

GAZTE: Aita, zein ona zeran!

        Nik ez det merezi...

AITA: Oraindik ere hortan?

        Utzi zak behin hori!

        Aspaldiko ordez hau dek

        jatordu pozgarri!

        Biok eskerrak eman

        Goiko Jaun onari,

        eta haginak zorroztuta

        ekin jateari!

        ...Ta gehiago ez aitatu

        kontu zahar ilunik!

        Hator, hator barrura

        aitaren besotik... (joan biak)

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

Josue eta Joanes.

 

JOAN: Hi, Josue, nor huan

        hori?

JOSUE: Ez al dakik?

        Horrixe dek ba Gazte,

        etxetik ihesi

        luzaro ibili dana...

JOAN: A! Hura dek hori?

 

(Txistulariak barruan jotzen ekin; ozta-ozta entzun bedi esaten dutena garbi jaso ahal izateko)

 

JOSUE: Bai, gizona. Etziok

        poz makala egin

        gure nagusi zaharrak...

        Ea pentsa egik:

        gaur goizean mendian,

        erdi-itxu egonik,

        urrutira berorrek

        lehenen ezagutu dik.

        Guk besteren bat zala

        Mikelek eta nik,

        eta berak ezetz, ezetz!

        Eta bera bakarrik

        inoizkorik arinen

        jetxi dek menditik.

JOAN: Ez dek harritzekoa...

        (batera) Hemen zetorrek

        seme zaharrena. Goazen!

JOSUE: Honezkero berdin

        ziok, ikusi, gaituk

        eta...

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

Lehengoak eta Zaharrena.

 

ZAHARRA: (nekazari antzean)

        Zer? Eguerdi

        eta hemen lasai-lasai?

        Ez al dago lanik?

        (soinuari ohartuz)

        Baina zer soinu dituk

        horiek?

JOSUE: Ez al daki?

ZAHARRA: Zer jakin gero?

JOSUE: Ba gaur

        agertu da azkenik,

        Jauna, berorren anai

        gaztea.

ZAHARRA: (erreta) Zein? Ziztrin,

        mozolo arpegidun,

        zoro, ameslari,

        diru gose zitala?

                (gero hasarreago)

        Ta zer? Horregatik

        al dituk soinu horiek?

JOSUE: Bai, jauna; jai haundi

        egin behar degula

        esan du nagusik.

ZAHARRA: (hasarre) Baina...

JOAN: Zekor gizena

        hiltzeko... eta oindik

        ointxe hasiko ziran

        bazkaltzen. Sar bedi!

ZAHARRA: Ni hor barrura sartu?

        Anai txar horrekin

        jan baino nahiago diat

        bertan goseak hil!

JOSUE: Eta haserretzen bazaio

        berorren aitari?

ZAHARRA: Haserratu? Neu nagok

        hortarako neurriz!

        Beti etxean zintzo...

JOSUE: Jauna, barka begist...

ZAHARRA: Zer?

JOSUE: Ba berorren galdez

        hor sartu aurretik

        jardun duan ezkero,

        hemen dala jakin

        nahiko luke.

ZAHARRA: Esaiok

        nahi badek. Burutik

                (Josuek irten Aitari esatera)

        egin duana ointxe

        dakuskiat garbi.

        Senipartea hartuta

        joan huan ihesi,

        Diruak galdu, bera

        Jaungoikoak daki

        nun ta nola ibili dan...

        eta orain arpegi (txistulariak ixildu)

        bere etxera berriro

        etortzeko izan dik?

        Aitak ere negarrok

        laster ahaztu dizkik!

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

Lehengoak eta Aita.

 

AITA: (sartuaz, maitez)

        Baina zer habil, seme?

ZAHARRA: (bizi) Ni ez, ni ez nabil!

        Berorrek ditu hemen

        bazterrok nahasturik.

AITA: (onean) Zer ba?

ZAHARRA: Zer ba? Ni hemen

        zintzo-zintzo beti

        berorren esan danak

        gazte-gaztetandik

        betetzen, eta bildotsik

        ere eman ez neri

        ostatuan jateko

        nere lagunekin;

        eta gaur, berorren seme

        alprojazar, zikin,

        diruak eta izen ona

        bere nasaikeriz

        galdu dituan hori

        zaiola etorri,

        eta gaur, hori dala-ta

        zekor gizena hil?

AITA: (onez) Baina, seme...

ZAHARRA: (bizi) Zer seme!

AITA: Ara: entzun egik.

        Hontan ez dek hiretzat

        ezeren kalterik!

        Ta jai hau egitea... zer

        bidezkoagorik?

        Hi beti hago hemen

        hementxe haiz bizi.

        Zer dek honen aldean

        behin-behingo bazkari?

        Nere guztia hire dek;

        jabe eta nagusi

        heu haiz, aitak begiak

        ixten ditunetik.

ZAHARRA: A! Holan...

AITA: Baina anaia

        damututa ikusiz

        ez al zaik ba biguntzen

        bihotza errukiz?

ZAHARRA: Ba! Berak ere ez zeukan

        zintzo ibili baizik...

AITA: (bigundu nahiaz)

        Gizaixo! Ikusi bahu

        negar eta intziriz,

        belauniko; barkapen

        eske gaur goizetik!...

        Ardi galdua artzaiak

        sastraka tartetik

        ateratzen dunean,

        seme, ez al dakik

        sorbaldetan hartuta

        txabolan zein pozik

        sartzen duan berriro?..

        Esan zaidak egiz:

        ez al huan herorrek

        gaur egingo berdin?

ZAHARRA: (erdi bigunduta)

        Bai... hori, jakina ba.

        anaia dalarik...

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

Lehengoak eta Gazte.

 

GAZTE: (bat batera etxetik urten eta Zaharrenaren oinetaratuaz edo eskua emanaz, eskertonez. Zaharrenari, baterakoan zarradatxo bat anaia ikustean).

 

GAZTE: Eskerrik asko anai

        bihotz onagatik!

        Hortxe egon nauk atean

        dana aditzen larri.

        Anai, anai haizenez

        maiteko haut beti.

        Aita, ni seme zintzo (besarkatuz)

        izango naiz gaurtik!

 

Oihala bera

 

 

 

© Felix Markiegi

 


"Felix Markiegi" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus