III. EKITALDIA
Damua
Agertokian, baso (harizti) itzal bat; haritzak sendo, garratz. Argi berde motel batek uxatzen du iluna ozta-ozta. Dana geldi, ilun, barne-bilgarri. Gazte, lainotsu, bere artzain-makila luzeaz. Soinekoak zarpail zikin; ile luzeok narras; oinetako eta eraztunik ez.
AGERRALDI BAKARRA
Gazte bakarrik.
GAZTE: (Oihala jasotzerakoan, haritzondo batean jarrita agertzen da, burumakur. Geroxeago jaiki eta ibili bedi. Ahalik eta bihotzondo eta egi-usain haundienaz esan bitza bertsook.)
Baso, entzun hik behintzat
nere deadarra.
Entzun, bihotz gaixo honen
ulu eta negarra!
Utzi ba'nitun utzi
etxe ta aita zaharra,
orduz gero nunahitik
dizut ezbeharra...
Gazte eta diru-jabe,
uste nizun zoro
nere morroe izango
nizkitzula oro.
Munduan sartu nintzan;
har nindun gozoro...
Ez nekin egingo nunik
oin negar goizoro.
Lagunak izan nitun...
Madarikatuak!
Haiek galdu ninduten!
Zorion, diruak...
Gorputz eta bihotz ditut
haiek ustelduak...
Erre, kixkaldu bitza
inpernuko suak!...
Haieri ikasi nien
jokorako grina.
Haiek ziri eta ziri,
nik buru arina,
diruak ostu eta
behartsu egina
utzi ninduten, bakar...
inora ezina...
Askatasuna nizun
nik amets kutuna.
Ez nuen nahi etxeko
lokati biguna.
Grinen esku utzi nuen
nagusitasuna...
Haren ondorena det
morroitza astuna.
Baso, zuk badakizu
zer den leher-beharra.
Baso, zuk badakizu
zein beltz den bakarra.
Baso! Bihotza ixurtzen
utzi parra-parra...
Utzi zerbait arintzen
nere zoritxarra.
Goizeko izarra bezain
eder ta lerdena
mundura atera nintzen
irrits ta amets dena.
Geroztik zer gerta den,
hemen azalpena:
ikus nola nagoen
lehen izar nintzena.
Jantziak urratuta,
oinazpiak minez;
erazstuna saldu nun
atsegin-ordainez;
Saihets hezurrak larri,
Gosea hil ezinik,
Hau ikusita nola
negarrik egin ez? (erdi-negar geldi-unetxo bat)
Zenbat aldiz egon naiz
txarrien aurrean;
ta nasai ezkur-jaten
haiek ikustean,
ezkur haiek jan nahia
sortu zait barnean...
Ezin! Ni ez naiz inor
txarrien aldean!...
Baso, baso! Zer diok?
Ez al dik zainetan
irakiten odolak?
Gogaketa hauetan
jartzen naukenean ni,
buru ta oinetan
ikara sartzen-zaidak
batera-batetan.
Arnasa ere estutu,
intziria larri;
bularrak puztu eta
itxia eztarri;
masail-begietatik
negar-malko iturri...
Zeru-lurrak higuinez
jaurtikia naiz ni!... (geldi-unetxo bat)
Inoiz gogoratzen zait
jaiki ta joatea.
Zabaltzen didatenez
etxeko atea.
Aitari negar-malkoz
barka eskatzea.
Bihotzak baietz dio...
Lotea naiz ordea!
Aita zahar gaixoari
nik egin niona,
ta orain barka eske!
Ez diteke inola!...
Bizi dala baneki..
ene aita ona!...
Barkatuko lidake!
Zer poza biona!...
Gurean zenbat morroik
nahi adina janari!
Ta ni goseak hiltzen!...
Bihotz, piztu hadi!
Jaiki ta goazen bizkor!...
Baina, hau lotsari!
Zer esango zioat
nik nere aitari?
Bai, bihotz! Arpegia
josita lurrean;
«Aita esango diot
intziri batean
pekatari naiz zeru
ta zure aurrean!».
«Semetzat ez, har nazu
morroitzat etxean!»...
Ez dit ezer esango...
Esango balit, zer?
Ez ote det merezi
nik orain edozer?...
Ez dagoke neretzat
lan garratzik ezer;
dana egingo diot
esan bezain laster.
Lehenago ni ninduan
semerik maitena.
Ta hartu banuen ere
galbide beltzena,
ikusiko du ondo
damutu naizena...,
harena dudala nik
bihotz hau den-dena!
Noan! Zuzenbidean
behingoz nadin jarri!
Agur, agur baso itzal,
lurralde ta txarri!
Deika naukazu, aita,
deika zure egarri!...
Hartu nazu, aitatxo...!
Bioen pozgarri!... (abiatu)
Poliki-poliki oihala bera
© Felix Markiegi