II. EKITALDIA

Nasaikerian

 

Agertokian, taberna atari bat: jarleku luze bat, harrizkoa edo, hormari detzala. Sartu-urteneko ate bat ezkerraldean, taberna-barrurakoa.

 

 

LEHENENGO AGERRALDIA

Gazte, Jeremi, Simon, Ismael eta Juda.

(Tokera dihardute)

 

GAZTE: (bero) Bota berriro! Hau suerte txarra

        gaurkoal Ez ba! Alperrik

        diru guztiak galdu! Baziak

        beste ehuneko bat, Jeremi!

JEREMI: Baziak.

SIMON: Ez, ez! Neuk eingo diat.

JEREMI: Hi ixilik, Simon. Behin neri

        esan ezkero...

SIMON: Bai, txatxu ona!

        Bazekit nik hire berri...

JEREMI: (zematuaz) Zer esan nahi dek?

SIMON: Ez, hutsa, hutsa...

        Hik ere besterenetik...

JEREMI: (harganatuaz eta ukebilaz zemaika)

        Bekainean jo eta ointxe bertan

        ez badek nahi lur jaterik,

        zirtzil, gizatxar...

JUDA: Ara. Onena;

        ba'deritzaio Gazte'ri,

        guztiok berriz jokatu.

GAZTE: (pozik) Baita!

        Sakela diruz, beterik

        zegok oraindik. Jokatu! Ez dik

        hola ibiltzerik merezi.

        Ekin guztiok!

SIMON, JUDA, ISMAEL: (zarataka) Horixe! Hori!

SIMON: (ondo eginaz eta bizkarrean joaz)

        Hau dek gizona! Ederki!

JEREMI: Tira ba! Denok joka dezagun.

GAZTE: (harro) Denetan lehenen baietz ni!

SIMON: (beretzat) Gizajo!...

ISMAEL: Baina zer joku edo

        zenbat egitera dek, hi?

JUDA: Ba, lehen bezela: berrogei lehenen

        egitera. Tira, ekin!

SIMON: Ez, ez gizona; ez diagu nahi

        holako joku luzerik.

        Oraingo honetan nagusi dana

        irabazle huraxe bedi.

        Nahi al dezute?

GAZTE: Neregatik bai.

JUDA: Guregatik ere berdin. (Guztiak baiezkoa)

JEREMI: (botatzeko gertu)

        Nun dek arraia?

JUDA: (erakutsiz) Ez al dek hemen

        ikusten? Hara: hemendik

        zetorrek lauko txikia; hemen

        kutxilloa...

JEREMI: Ikusten dit.

GAZTE: Ta lehengo apostua? e?

        Ez al dek orain kemenik?

GAZTE: Kemena? Bai, bai! Baziak!

JEREMI: Zenbat?

GAZTE: Hogei duro ba.

SIMON: (beretzat) Gehiegi

        hola galtzeko...!

JEREMI: Egina zegok!

(botatzera)

        Baziak! (Simoni) Kendu aurretik!

SIMON: Kabituko haiz! Lapur...

JEREMI: (bero-bero jaiki eta ukabilaz zematuez)

        Ber-bertan

        utziko heut!

SIMON: Hik?

JEREMI: Bai!

JUDA: (paketuaz) Geldi!

ISMAEL: Tira, mutilak, behingoan ekin.

        jokuan. Bota, Jeremi!

JEREMI: (Marran berriz lotu eta bota. Gero, ikustera joan arin, eta besteak ere berdin bakoitzak berea)

        Hor ziak ba! Eup! (bota, eta ikusita) Arrano beltza!

        Etzegok hau apurtzerik! (Gazte eta Ismael ikustera)

        Lauko batuan sartu dit!

SIMON: Eta zer?

        Besteok oindik atzetik!

JUDA: Hori esan zak!

JEREMI: Bai nahi badik!

GAZTE: E?

        Nik nere diat azken-hitz!

        Bota mutilakl (Judak bota)

ISMAEL: (ikusita) Arraia!

JUDA: (galdu dualako) Hutsa!

ISMAEL: Orain ni... (joan eta bota) Hoa zuzenki!

JEREMI: Hi ere joan haiz. Punto bakarrik.

ISMAEL: (ikustera)

        Punto baizik ez dit egin?

JEREMI: Ez. Hor...

ISMAEL: Arraio!

JUDA: (Simoni, botatzeko gertu dagoela)

        Tira ba, Simon,

        egin oraintxe ahalegin!

JEREMI: (bereaz harro)

        Gogoen paltaz ez dek izango...

SIMON: Ernai belarri eta begi! (bota eta kutxilloa jo)

JUDA: Hori dek, Simon!

SIMON: (ikustera harro) Tokea, hamabi;

        laukoa, lau; hamasei nik! (pozez)

JEREMI: Gauzia! Hori dala-ta harrotu?

ISMAEL: Ixo! Ea ba, Gazte! Zirt

        edo zart orain egin behar dik

        jokuak.

SIMON: Leku Gazte'ri! (leku eginaz)

        (beretzat) Etzegok ' onen bildur haundirik.

        Hau beti lehenen... atzetik.

GAZTE: Bazijoak e? Beira ondo! (eskuari eragin batzuek eman, bitartean neurtzen bezela)

        Or zijoak neurri-neurriz! (bota eta besteak baino punto txarrago)

JEREMI: Ezer ez! Punto.

GAZTE: E? Zer esan dek?

        Berriz galdu? (ikusita) Suerterik

        batere ez diat! (amorroz)

SIMON: Jakina dek ba!

GAZTE: (amorro biziz)

        Baina hau zer da? Etxetik

        atera nintzan egun hartatik

        dana oker...! Ezin, ezin

        ezer zuzendu!... Laster ez diru,

        ez etxe...

SIMON: Baina, hi beti

        gauz' horiekintxe! Hortik etzegok

        bihotzarentzat atsegin!

        Gauz' horiek ahaztu! Arantzak utzi

        eta hartu lorak eta haien ezti!

GAZTE: «Gauz' horiek ahaztu», «Gauz' horiek ahaztu»...

        (erabakiz) Egia diok! Zer neri?

        Lau egun triste mundu onetan

        eta eurak kezkaz beterik?...

SIMON: (lagunduz) Hori esan!

 

(Bitarte hontan Jeremik besteai diru zinuak egin eta kezka erakutsi, alegia zorrik ez ote dien ordainduko Gaztek)

 

GAZTE: (bereanago)

        Ez! Gel bedi Jainko

        zeru zokoan! Gel bedi

        aita etxean!... Parre algara

        luze-luze bat nahi det nik!

        Betor jolasal Betor ardoa!

        Betor, betor lizunkeri!

 

(Ukabilak goian, harrituta bezela gelditzen da)

 

JEREMI: (hurreratuaz, bildurrez)

        Hi, Gazte

GAZTE: Zer dek?

JEREMI: Jokua joku

        esan oi da-ta, lehengoa

        zertan gelditu ote dan...

GAZTE: A bai!

        Zenbat huan?

JEREMI: Hogeiko bat

        azkenengo hau. Ta... badakik ba...

        lehendikan ere...

GAZTE: Behingoan

        esan zak dana!

JEREMI: Hara ba: Lehendik

        berrogei duro, gaurkoa,

        beste hogei; ba hirurogei duroz

        egiten dek nere zorra.

GAZTE: Oraintxe bertan...

SIMON: (hurreratuaz larri samar) Nerekin ere...

JUDA, ISMAEL: (berdin) Ta gurekin...

GAZTE: (haserre-samar) Arraioa!

        «Gauz' horiek ahaztu», «Gauz' horiek ahaztu!»

        neri... eta zuek gogoan?

        Ez dik ajolik... Bartolo! (deika)

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

Lehengoak eta Bartolo.

 

BARTOLO: (kanpotik)

        Zer da?

GAZTE: Atera mahaia kanpora!

BARTOLO: Bai, bai oraintxe.

GAZTE: Kito egin eta

        azken-diruak ardotan

        ito ditzagun!

SIMON: (ondo eginaz) Hori on, Gazte!

 

(Bitarte hontan Bartolo sartu mahaiaz; ipini eta urten jarleku bila. Hauek hartu, ipini eta edontzi bila urten. Besteak jarri, Gazte erdian ikusleen aurrez aurre hartzen dutela)

 

JUDA, ISMAEL: Ederki! Bai, bai!

SIMON: Gizonak

        ala behar dik! Zaharren esana

        badakik: Umore onak

        diru guztiak baino gehiago

        balio omen dik. (guztiak parre)

JEREMI: Mozkorra

        ahal dun guztiak harrapatzen dik!

JUDA: (diru zinua eginaz)

        Txanponak behar, txanponak!

SIMON: (Judari) Ixilik hago! Oin ez ekarri

        diru konturik gogora!

        Edan zagun bai eta gero hor konpon!...

BARTOLO: (edontziekin sartuaz)

        Eta? Egin da beraz nahikoa?

JEREMI: Bai...

BARTOLO: Zein izan da galtzaile hori?

GAZTE: (bizi) Galtzaile danok! Ardoa

        ekarri hik bizkor!

BARTOLO: Zer marka edo?

GAZTE: Lasterren mozkortzekoa!

BARTOLO: Ba nere kontu! (urtenaz) Bateon batek

        ezagungo dik gaurkoan.

GAZTE: (biurri eta bat-batera kantari «Ezkongaietan zerbait banintzan»en doinuan)

        Mutil gaztetan zerbait ba nintzan

        orain zahartuta, ezer ez.

 

(Besteak ere lagundu. Gaztek eskuaz mahaia joaz darama konpasa zaratatsu eta zoro. Bartolo ardo-botilaz sartu eta parre eginaz edo, urten. Jeremik ardoa eman lwhenengo Gazteri; besteak eurak hartu. Gaztek edan dzangada batean eta, besoak zabalduz, besteak ixil-arazi eta bakarrik jarraitu kantari, gero beroago eta zoroago)

 

        Jokuan hasi eta ateratzen zait

        beti guztia aldrebes;

        nere gogoa egin ezkero

        ajolik etzait... baterez!

GUZTIAK: (txalo eta deadar)

        Hori dek!

        Hau dek bertsolaria!

JEREMI: (ardoa eskeiniz)

        Tori! Eztarri zuloa

        leuntzeko...

SIMON: Bai! Edan zak! Honek

        piztutzen baidik bihotza.

        Hoinek uxatzen kezkak, eta honek (maltzur)

        askatzen dik diru-poltsa!...

JEREMI: Ekin berriro, Gazte!

GAZTE: (buru arinduaz) E? Zer, zer?

GUZTIAK: Bertso bat!

GAZTE: Aiba bertso bat!

                (lehengo eresian kantari)

        «Ederra da bai zugatz gainean

        sagar kolore-gorria;

        ederra ere baratz-erdian

        usai gozodun loria.

        Ederra (i) ardo beroa eta

        eder bixigu erria;

        baino hoiek baino ederrago da

        nere kutuntxo maitia».

 

(Begiak ñir-ñir, higikerak narrastuaz, buru-jabetasuna galduaz)

 

SIMON: (amaituaz bat eskua estutuz)

        To bosteko hori!

GUZTIAK: (zarataka) Bapo!

        Ederki!

SIMON: Gora Gazte!

GUZTIAK: Gora!

        Gora!...

JEREMI: (ardoa eskeiniz)

        Beste apur bat...

GAZTE: Bai! Hau dek mama!

        Sutan jartzen dik bihotza!

JEREMI: (beretzat) Ez daukak esan-behar haundirik!...

        (deika) Bartolo!

BARTOLO: (kanpotik) Bai, ointxe noa!

JEREMI: (Bartolori botila huts bat emanez)

        Ea beste bat...

BARTOLO: Oraintxe bertan. (urten)

JEREMI: (Gazteri) Hau dek ardoa gozoa!

 

(Gaztek zeharo mozkortuta buruaz baietz)

 

BARTOLO: (botila berriaz sartuaz)

        Hemen nun dezun. Besterik?

JEREMI: Ez, ez!

        Oraingo honekin nahiko da. (Bartolo joan)

GAZTE: (Bartolo ikusita, zer esaten duan ez dakiala, gero motelago eta erdi-esan erdi-kantu, asmatu ezinik:)

        Martolo eta, Martolo eta,

        Martolo eta, Martoa,

        Martolo bolo... Martolo molo...

        Martolo... lo... lo... lo... lo... a.

 

(Mahai gainera, besogainera, erortzen da eta hala gelditzen lo.)

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

Lehengoak, Bartolo ez.

 

SIMON: (Jeremiri kezkatsu)

        Bapo! Eta gure diruak orain?

        Nola kitatu oin zorrak?

JEREMI: Gizajo! Ez haiz ezertako gauza!

        Nik jarri dit hori hola.

        Errazago dek zorrak kitatzen

        hori horrela dagola.

        Ikusiko dek... (jaiki eta diruak kentzera)

SIMON: Zer? Danak ostu?

JUDA, ISMAEL: (harrituta)

        Ene!

JEREMI: Jakina zegok ba!

                (Poliki-poliki joan eta ateratzen dio diru-poltsa sakeletik)

        (pozez) Hemen, hemen! Ta orain, esnatu

        bain lehen, goazen!

JUDA: Ardoa

        ordaindu gabe?

SIMON: (zematuaz) Hi ez haiz behintzat

        lapurtarako jaioa!

JEREMI: Goazen ixilik!...

        (tabernako atera begira) Agur, Bartolo! (eskuaz parrez)

        Agur, Gazte!... Egik lo orain...

 

(Danak urten; ixilik, baina poz-itxura haundiak eginaz)

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

Gazte. Gero Bartolo.

 

(Apur batean agertokian Gazte bakarrik lo, ardo botila eta edontzi artean. Zurrunkada batzuek egin bitza nahi izan ezkero. Geroxeago)

 

BARTOLO: (sartuaz) E? (harrituta) Nun dira haiek? Esaten nun nik...

        hain ixilik!... (Gazte erakutsiz) Eta hau lotan?

                (Gazte'ri deika)

        Gazte! (apur bat besotik eraginaz)

        Zu, Gazte! Zer pasa da hemen?

        Hau itxura! Gizajoa!

        Ur pixka batez esna dezadan.

 

(Ontzi batean ura eta zapi garbi bat ekartzera joan; ekari, kokota busti; burua jaso eta arpegia ere busti. Poliki-poliki bere onera betor Gazte. Bitartean hauxe diote:)

 

BARTOLO: Honek hartu dik mozkorra!...

        Dana beronek ordaindu dezan

        besteak ihes... Gaur, ona

        zein dan igartzen ez dek erraza...

                (eragin batzuek emanez)

        Tira, esnatu!

GAZTE: (esnatzen hasi; ametsetan oraindik)

        Lau...ko...a

        nik... eta...

BARTOLO: (eraginaz) Gazte! Tira, esnatu!

GAZTE: (ametsetan)

        Eta nork esan du?... Nahikoa!

BARTOLO: (eragin) Gazte!

GAZTE: (ametsetan) Bai, neu naiz irabazle...

BARTOLO: Zer?

        Gizajo! (eraginaz) Amets zoroak

        utzi eta bizkor esnatu hadi!

GAZTE: (esnatzen) Bai ...bai...Baina, nun nago ba?

BARTOLO: Hementxe, Gazte; nere tabernan...

        Begira... ni, Bartolo naiz.

GAZTE: Bartolo?...

BARTOLO: Bai.

GAZTE: Ta, beste lagunak

        nun dira ba?

BARTOLO: Ihes nonbait.

GAZTE: (zeharo esna)

        Zer? Ni bakarrik utzirik ihes?

BARTOLO: Ba...ea! Nere susmoa

        kontu guztia zuk ordaintzeko

        utzi zaituztela hola..

GAZTE: Arraio! (bat-batera gogoratuaz)

        Ez, ez! Ezin diteke!

        Eta haiekin nituan zorrak

        ordaindu gabe ihes? Bai zera!

BARTOLO: Ez dakit ba nik...

GAZTE: (ostu diotelakoa susmatuaz larri sakelera eskua eramanez)

        Edo ta...

                (bat-batera jaikiz)

        Bi mila arrano! Diru guztia

        ostu didate!

BARTOLO: (harrituta) Gizona!

GAZTE: Lapur zikinok! Etzauzkatet ez

        atzaparretan, lepoa

        biurrituta jaurkitzeko

        beti-betiko itxasora!

        Ta nik orain zer?... Dirurik ez det,

        etxetik... (ahaztu naiz)

        Hau amorroa!

        Gosete gorri bildurgarria

        danean... Ai, ai! Nik nora (erdi negarrez eta amorroz)

        joan bear det?... Tximista batek

        erdibi naza! Jainkoak

        (Jainkorik bada) lurrazpietan

        sartu naza behin! Otsoak

        hagin artean txikitu naza!

        Betor, betor heriotza!

        Ta inork ez badit bizitz' hau kentzen,

        lehertu bezait behin bihotza!!!

 

(Bere onetik urtende, zoro antzo, gelditzen da)

 

Bat-batera oihala behera.

 

 

 

© Felix Markiegi

 


"Felix Markiegi" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus