I. EKITALDIA

Etxetik ihes

Etxe aberats bateko jantokian.

 

 

LEHENENGO AGERRALDIA

Aita, Zaharrena eta Gazte.

(Bazkaltzen dihardute)

 

AITA: Jan zak ba, seme aspaldi hontan (Gazteri bigun)

        ilun abilkit.

GAZTE: (tuntun) Ez det nahi.

AITA: Zergatik baina? Ez dek ba minik

        inun izango; bestela esango heuke...

ZAHARRA: Utzi bezaio:

        Igarriko dio berak.

        Gogorik-ezen gaixo hori, aita,

        berez-berez osatzen da.

        Ez du goseak hilko...

GAZTE: Hiretik

        jan behar banikek behintzat!

AITA: Tira, semeok, haserrerik ez.

        Anai maitekor antzera

        jatordu bat noiz egingo ote da

        gure sukalde honetan?

        Ekin ba jaten, mutil haundiak

        egiteko.

GAZTE: (tuntun) Nik ez det nahi.

AITA: Lehen ere esan dek.

        Zer ba, semetxo? Esan idak ba zer dekan.

        Hi, hola, triste habilenetik

        ez diat pozik barnean.

        Arpegi hori luxe-luxe egin,

        ez hitz, ez jan eta ez edan,

        heorri triste eta areago ni.

        Esan ba behingoan, esan!

ZAHARRA: Ez dezaiola gehiegi jardun...

GAZTE: (beretzat) Bai, baina nola ordea?...

        (batera) Bai! Zer arraio!

        Lokarria hautsi,

        ta utzi dezagun etxe hau!

AITA: (zerbait nabaituz) Ekaitz-borborra dek zerugoian;

        semetxo, hator honera.

GAZTE: (burua jaso eta zakar begira) Zer behar du ba?

AITA: (bigun) Hator, aitatxok ipuin bat...

GAZTE: Ez naiz umea!

                (jaiki eta artega biziz, asmatu ezinik)

        Hara! Gaur bertan noa hemendik...

ZAHARRA: (Bat-batera jaikiz)

        E! Zer diok?

GAZTE: Bai! Gaur bertan!

AITA: (pakez) Jarri zaitezte. (Biak jarrri)

GAZTE: (berriro jaiki eta artega biziz) Eta ...ba...ortako...

AITA: Jarri hadi eta pakean...

GAZTE: Ez det astirik! Etxe zuloan

        sartuta beti! Gainera,

        inoren mende, nork bere nahirik

        egin ezinda! Gazte bat

        ezin diteke honela bizi!

        Ni banoa, eta...

AITA: (oldoztun) «Gazte bat»...

        Gu ere, seme...

GAZTE: Ez, ez! Alperrik!

        Ez det egingo atzera!

AITA: (Zaharra'ri) Hi, solorako ordu dek; hoa.

        Han gaituk biok berehala. (Zaharra jaiki eta joan)

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

Aita eta Gazte.

 

AITA: (Gazte'gana hurreratu eta lepoan besoa, maitez)

        Baina zoratu egin al zaik?

GAZTE: (zakar) Ez!

        Aspaldiko asmo det hau!

        Ni ez naiz jaio etxe barruan

        bizi izateko, ez! Zer ba?

        Kaiolan txori gaixoa, edo

        txakura katez bezela

        beti lotuta, beti negarrez

        nahi al du egon naitean?

 

(Aitak nahigabez burua makur. Gazte, gero beroago, eta beti artega)

 

GAZTE: Txoriak bere kaiol-burnia

        behingoan urra baleza,

        arin loake txorrotxioka

        baso eta zelai maitera!

        Askatasuna! Askatasuna!

        Bizitz-zorion betea!...

                (amets antzo)

        Zelai hezeak dizun usaia!...

        Baso itzalaren ederra!...

        Hinbeste lore..., ainbeste txori...

        hainbeste sagar...

        Zainetan

        odola pil-pil, eguzki beroz

        dana kixkal dagoenean,

        oi zein eder dan zugatzera joan

        eskua luza eta artean

        ikutugabe dagoen sagarra

        eskuratu eta jatea!...

AITA: (beretzat erdi-negarrez)

        O! Baina zer da hau?

GAZTE: (jarraiki ametsetan) Udaberrian

        lur dana lore danean,

        egunsentiko ihintza eguzkik

        dizdizeratzen duenean,

        lore mardulak (batzuk gorrixka,

        besteak zuri beltzeran)

        gozo-gozotan, jakin gaberik

        maite-minez daudenean,

        oi nor litzakeen orduan erle!

        Oi nor lebilkeen hegetan

        lorarik-lora, maite-hegatia

        zeharo ase artean!.. (liluraz geldi-unea)

                (bat-batera sendo)

        Nik badezaket! Bihotz oraintxe!

        Itxoin, lagunok!

AITA: (bat-batera Gazteren oinetara)

        Seme haut!

        Hire aitaren begietako

        negar garratzak hiretzat

        balioko dik... Etxea utzita

        nora hoake?

GAZTE: (amorroz) Zerera!

        Etxetik kanpo ez du berorrek

        uste ezer danik! Etxea!

        Etxea beti!

AITA: Bai, seme, etxea!...

        Hik ere egunen batean

        ikasiko dek, gizagaixo horrek,

        etxeko beroa zer dan...

        Maitasun-bila kanpora, seme?

        Maite, nik, seme, benetan!

        Bihotza urratu...

GAZTE: (egon-ezinez) Ez det astirik!

        Hor ditut lagunak deika!

        Eman-beharra eman bezait bai

        eta banoa ni!

AITA: O, beraz

        aita zahar honek ez dik balio?...

GAZTE: Zer aita gero! Pardela

        hartzera noa. Lurretik jaiki

        eta nere dirua bekar! (Gaztek urten pardeletara)

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

Aita bakarrik.

 

AITA: (jaiki ta zerura besoek jasoaz otoizka)

        Jainko laztana! Haitzetik ura

        zuan Moises'ek atera;

        bihotz gogor hau haitz hura baino

        gogorragoa ote da?...

        Berrogei urtez zure herriari

        erakuts zinon bidea;

        argi-izpi batez ez urratuko

        Zuk bihotz honen gau beltza?...

        Zaharrez Jakob'ek bere semeai

        eman zien onespena;

        eta agure zahar hau, seme gaberik,

        bizirik zoaz hiltzera?...

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

Aita eta Gazte.

 

GAZTE: (pardelaz sartu)

        Oraindik hemen? Errezatzeko

        izango da gero beta!

        Diruak laster ekarri bitza.

        Egin bedi banaketa!

 

(Aita, zer egiten duan ez dakiala, sorgor, atera bedi dirutara)

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

Gazte bakarrik.

 

GAZTE: (barne izketan)

        Zer dek, bihotz, zer? Zeintzuk dabilzkik

        burrukan hor barrenean?...

        Garaile gaituk! Ez izan bildur!

        Eutsi oraintxel Une bat,

        eta aske gaituk!...

        Baina hau ikara!

        Gorputza dardar... Katea,

        tiratuz, ala jarri ohi dute

        ikara larri batean!...

                (bigunduz edo)

        Aita... (bihotz-gogor) Zer diot? Ez, honezkero

        itxi begiak eta aurrera!

        Irrits-behorrak artega daude

        noiz luzatuko ugelak!

        Eten bedi behin eatuntza latz hau!

        Lehertu behar det bestela!...

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

Gazte eta Aita.

 

 

AITA: (sartu diru poltsez)

        Horra dirua. (eman) Eta orain hator

        azkenengo aldiz.

GAZTE: (harrituta) Zer ba?

AITA:Azken-laztana ematerikan

        ez al ukatuko behintzat!...

 

(Besarkatzen du luze. Halako batean, Gazte askatu zakar eta urrats larriz urteten da bildurgarriro, Judas azken-apari gauez bezelatsu).

(Aita, negarrez atera begira apur batean dagoan bitartean, ekiten dio pianoak (au kendu diteke) eztiki «Urrundik» jotzen. Aitak ilun:)

 

AITA: Agur, semetxo maite,

        bihotz gabekoa.

        Aita zaharra negarrez

        utzita bahoa...

        Hori dek seme baten

        azken egitekoa!

        Eguzkia baino lehen

        joango nauk mendira.

        Eta handik egun osoan

        egongo begira

        noiz agertuko ote den,

        Seme, hire dirdira.

        Zer egin det nik, Jauna,

        hau merezitzeko?

        Seme batek etxetik

        ihes egiteko?

        Hil nadin! Hil, Jauna, bai!

        hola bizitzeko!...

 

Oihala poliki-poliki behera.

 

 

 

© Felix Markiegi

 


"Felix Markiegi" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus