VII
CHÂALIS
Goizeko laurak dira. Errepidea lurraren tolestura batean hondoratzen da; igo egiten da berriro. Kotxea Orry-tik zehar igaroko da laster; eta La Chapelle-tik zehar gero. Ezkerretara, Hallete-ko basoa inguratzen duen bide bat dago. Handik eraman ninduen Sylvieren anaiak arratsalde batez herrialdeko festa batera bere zalgurdi itxian. Uste dut San Bartolome gaua zela. Basoetan barrena, inor gutxik erabiltzen zituen bideetan zehar, zaldia hegan zihoan, akelarre batera joango bailitzan. Mont-L'Eveque-n galtzada hartu genuen berriro eta minutu batzuk geroago guardaren etxe aurrean gelditu ginen, Chaaliseko abadia zaharrean. Chaalis, beste oroitzapen bat gehiago!
Karlomagnoren maizter-lurrak garai batean esaten zitzaien eskualdeen arteko onginahizko erakundeek ahazturik, behinolako enperadoreen bakarleku honek arku bizantziarreko klaustroaren harri-hondarrak besterik ez diezazkioke eskaini bidaiariaren mirespenari. Errepide eta hirietako mugimendutik isolaturiko lurralde honetan, erlijioak Medicis-tarren garaian Este etxeko kardinalek beren egonaldi luzeetan utzitako aztarna bereziak gorde ditu: haien ezaugarri eta usadioek badute oraindik ere nolabaiteko galai-kutsu poetikoa, eta Italiatik etorritako artistek dekoratutako kaperen nerbio finezko arkupeei Errenazimentuko lurrina darie. Urdin argiz pintaturiko gangetan, santu eta aingeruen figura larrosak nabarmentzen dira, Petrarcaren sentimentalismoan eta Francesco Colonnaren alegiazko mistizismoan pentsarazten dutenak, beren alegoria paganoekin duten antzagatik.
Sylvieren anaia eta biok arrotzak ginen gau hartako festa berezian. Oso etxe oneko pertsona batek, lur haien jabea zena garai hartan, lurraldeko zenbait familia gonbidatu zituen antzezpen alegoriko moduko batera, non inguruko komentu bateko zenbait nobiziak parte hartuko zuten. Ez zen Saint Cyr-en tragedien antzeko ezer, baizik eta Valoistarren garaietan Frantziara kanpotik ekarritako lehen saio lirikoen garaiko antzezpen bat. Antzinako misterio bat zirudien. Jantziak, guztiak soineko luzeak, koloreengatik soilik bereizten ziren: zeruaren, hiazintoaren, egunsentiaren kolorekoak. Eszenan aingeruek parte hartzen zuten, mundu suntsituaren hondarren gainean. Ahots bakoitzak deusezturiko munduko gauza zoragarrienetako bati abesten zion, eta heriotzaren aingeruak haren suntsipenaren arrazoia azaltzen zuen. Amildegitik izpiritu bat igotzen zen, eskuan suzko ezpata bat zeramala, eta besteei deitzen zien Kristoren, hau da, infernuen aurkako garailearen loria mirestera joan zitezen. Izpiritu hura Adrienne zen, antzezle jantziengatik ez ezik, bere bokazioagatik ere itxuraldatuta zegoena. Bere burn aingerutarrean jarrita zeraman kartoi urrekarazko aurak benetako argi-zirkulua zirudien. Ahotsa indartsuagoa zuen, eta errejistro zabalagokoa, eta kantu italiarraren apaindura amaigabeez eta txorrotxioez estilo soileko esaldiak modu ponpoxoan errezitatuz bordatzen zituen.
Xehetasunok gogoratzean, benetakoak ote diren ala amestu egin ditudan galdetzen diot neure buruari. Gau hartan Sylvieren anaia apur bat txispaturik zegoen. Guarda-etxean gelditu ginen pixka batean. Ate gainean —eta horrek biziki harritu ninduen— hegalak zabaldurik zituen zisne bat zegoen, eta etxe barruan, landutako intxaurrondo-zurezko armairu garaiak, erloju handi bat bere kutxan, eta zenbait trofeo eta ohorezko uztai eta gezi itu gorri eta berde baten gainean. Ipotx bitxi batek kapelu txinatar bat zuen buruan, eta esku batez botila bati eta besteaz eraztun bati eustsiz, tiratzaileak ongi apuntatzera gonbidatzen zituela zirudien. Uste dut ipotx hura xafla moldatuz egina zegoela. Adrienneren agerpena, ordea, xehetasun horiek eta Chaaliseko abadia bezain egiazkoa ote zen? Hala eta guztiz ere, zalantzarik ez dago guardaren semeak gidatu gintuela antzezpena egin zuten aretora, eta ate ondoan kokatu ginela, eserita eta biziki hunkiturik zegoen jendetzaren atzean. San Bartolome eguna zen, Medicis-tarren oroimenari bereziki loturikoa, zeinen armarria, Este etxekoarekin batera, harresi zahar haien apaingarri baitzen... Oroitzapen hau obsesio bat soilik izan daiteke agian! Hemen doa, zorionez, Plessis-eko errepidean gelditzen den kotxea; ihes egiten dut ametsen mundutik, eta ordu-laurden bat besterik ez zait gelditzen Loisyra iristeko inor gutxik erabiltzen dituen bideetan barrena.
© Gérard de Nerval
© itzulpenarena: Joseba Urteaga