BIBA ERREPUBLIKA!

 

                Airea: «Aspaldiko denboretan, gabaz eta beti...»

 

Errepublika maita dezagun gure haur bat bezala,

Zeruko Jainkoak azkar egoiten otoi lagunt dezala!

Burua gora erran dezagun hainitz maite dugula,

Gutaz behartzen balinbada harentzat dugu odola.

 

Bazter nahasten hasiak dira Hazparnen jende batzu;

Egia guti erraiten dute, gezurra daukate usu,

Bainan ikusiz nundik heldu den ez dugu egiten kasu:

Ixil egoitia hobe lukete; ez dute hainitz zentzu.

 

Errepublika aurdiki nahiz, hoiek duten errabia!

Hura ken-eta, nahi lukete tronu batian erregia,

Bainan guardia eman bezate, gerlan usatuak gira,

Bitorioa guretako da, zeren zuzenian baigira.

 

Irakurtzea egiten dugu noiznahi liburuetan,

Frantzian jendia esklabo zela erregen denboretan,

Berriz hein hartan ezarri nahiz ari dira kalapitan,

Bainan ez gaituzte ilusitzen bere solas ederretan.

 

Gostuan ginen orai artio beti Hazparne herrian,

Batzuen gatik hasiak gira oro kasaila gorrian;

Makur handiak izan ditugu xuri gorrien artian

Xuri batzuek nahi gintuzten bizi ehortzi lurrian.

 

Bilkura batzu izan ditugu erregetiarrak jinik,

Errepublikanoen kontra mintzatzen: hori dute hoberenik;

Bi hitz bakarrik eiten baituzu gustatzen ez zaiotenik,

Goxo goxoa lotuko zaitzu lepotik, lehen-lehenik.

 

Lehen bilkuran joko hoi einik ez zaiote baliatu,

Ikusiz gaizki eina zutela, jendea baitzen oldartu.

Geroztik hunat, salbaiak gira, oihuka arizan zaizku.

Zer nahi duzu egin dezagun, berer ikasia dugu.

 

Bilkura-egilea heldu zerauku iduriez segitua,

Dudarik gabe beldurra baitu bere barnean sartua,

Hainitz fidago omen baitago hola ingurikatua,

Zuzen mintzatu behar den batek trankilxago du gogoa.

 

Bi bertsu berex nahi'tut eman gure Jaun Errientari,

Guziek ongi errespetatu behar dugun gizonari,

Orai artio bazenez ere jaun hori ez zen ageri,

Bere ohorian kolpatu nahiz lotu dira gezurrari.

 

Konfidantzia otoi har-zazu zure adiskiden baitan,

Gure beharra balinbaduzu otoi beldurrik ez ukan,

Frantsesak dion erran-zuhurra eskuaraz nahi dut erran:

«Ixtilaz baizik ez ditakela nehun zikindua izan».

 

Bihotz barnetik galdegiten dut eman dezaten bakia

Eta gostuan utz dezaten Hazparnen dagon jendia,

Elgarren artian atxik dezagun osoki unionia,

Hala eginez errexkiago salbatuko da Frantzia.

 

Oraiko urrats leial beretan gaitezen oro aplika,

Nahi ez bada Frantzia maitiak laster jo dezan erreka,

Bake onian bizi baigira, zertako makurra xerka,

Guziek oihu egin dezagun: «Biba, Errepublika!».

 

Bernardin Mendiague [1]

 

        [1] Bernardin Mendiague, Jose Mendiaguen iloba zen, Anton-Xiprien Mendiaguen semea. Pilotari ona zen gaztetan bainan gerlan kolpatua izan zen. Gerla ondoan tabako bulegoa atxiki zuen Hazparneko karrikan. Bertsu hauek «L'Action Francaise» mugimendu erregezalea beroenean zen urteetan —1925-26— nonbait han, atera zituen. 1960ko uztailaren 28an, 67 urtetan hil zen Hazparne bere sorterrian Bernardin Mendiague.

 

 

 


www.susa-literatura.eus