MERCEDES-ETAKO BERRIAK 1845EAN

 

Mila-zortzi-ehun-eta-berrogoi-eta-bortza,

Buruilaren hamekan, zen, ortzegun goiza;

Jainkoak entzun balu guk egin otoitza,

Ez ginuen izanen dugun zorigaitza.

 

DURAZNO-tik atera ilun nabarrian [1].

Egia erraiteko, kasik ilunian,

Oren on bat bezala emanik bidian,

Gaua kanpoan pasatu, etzanik lurrian.

 

Ez zen uste gabe jin biharamun goiza,

Lau hatzetan ikaran, ezin kenduz hotza,

Bistan da, gisa hartan ez ginela ontsa.

Orduan joan zioten Batista-ri sosa.

 

Ontzako urriak zituen berrogoi-eta-zazpi,

Atorraren barnian, zinturan, ez gaizki;

Abisatuak ziren duda gabe, naski;

Heien denen kentzia oraino ez zen aski!

 

DURAZNO-ko errekan «formaturik» berriz,

Orduan ez zagoen jendia han irriz,

Aitzin gibeletarik «sentinelak» zaldiz,

Bizia gal beldurrez gu ikaran aldiz.

 

BEKELU-ko errekan zen berriz «appela»,

Ordukotz bazakiten dirurik ez zela,

«Pontxoak» emaiteko —«cuidado!» bertzela—

Aitzindarietarik ordena zutela.

 

«Chaleco» eta gerriko, bai eta ere «bota»,

Atorra, «calzoncillo» horiek ez konda,

Aitzindariek hala ordena eman-eta,

Ohointza utzi zuten guziak kendu-eta.

 

Horra zer berri dugun, of MERCEDES-etan,

Nik aditzia dudanaz, orobat bertzetan,

Eman izan gaituzte ondikotz penetan,

Malurus izaiteko, gu, Ameriketan.

 

        [1] Kantu honek oroiterazten digu Uruguay-ko «Gerla Handi»-ko gertakari triste bat. 1843tik 1852 arte, bederatzi urte iraun zuen gerla horretan bazekien alderdi «xuriaren» buruzagiak, Oribe generalak, angles eta frantses gobernuak ez zirela haren alde eta estakuru horrekin, 1845eko aboztuan manatu zuen erresumako frantses eta angles herritarrak oro bil zitzaten bakoitza bere herrian eta denak erakar preso Durazno-ra. Mercedes-ekoak —ehun bat, omen— irailaren 7an bildu ziren, eta Mercedes-etik abiatu —ez Durazno-tik, kantuak dioen bezala— «buruilaren hamekan», ilun nabarrian, gero bidean beren zainek berek oro larrutzen zituztela. Ondoko urtean 1846ko apirilaren 4ean, Benjamin Poucel deitu Marseilles batek ardietsi zuen Oribe-ren ganik Durazno-ko presoen libratzea. Martin Ospitaletche-k eman xehetasunak: ikus, B. Poucel, «Les otages de Durazno», Paris-Marseille, 1854.

 

 

 


www.susa-literatura.eus