LETXEROAK ETA OSTALERAK

 

Amerika hotako esne-saltzaliak,

Libertizionerako parerik gabiak,

Giristinotasuna dira ikasiak:

Bataiatzen dituzte guziek esniak;

Ez dira enpatxatuko haur sortu-berriak.

 

Erreparto egiterat goizetan badoazi

Beren «kardinetarik» [1] einez zenbait jauzi;

Batian hartu eta bertziari utzi,

«Tarroan» ura frango eta esne guti;

Erakiturik ere, ez da joaiten goiti!

 

Omore ona dute goizetik, ardura,

Nork daki zenbat aldiz, trenpatuz zintzurra.

Bortaz borta, oihuka: «Vendo leche pura!»!

Hiruetarikan bat, segurikan ura;

Ez du balio ezartzia berotzera, sura.

 

«Manteca» kendu-eta esnia flakatu,

Ur zorta batekilan berriz emendatu;

Bortz «tarro» eros, eta zazpi-zortzi saldu;

Holako tratulantak ez dezake galdu;

Oi, zer negozioa! Beti irauten balu!

 

Errepartoa ein-eta, zuzen ostatura,

Joko beretik bizi diraden lekura,

Erranez: «Saldu diuk, esniarekin ura,

Aise kenduko die gaineko gordura,

Biziki hobe diaguk «tambo»-ko gazura».

 

Ostalerak eiten du bere baitan irri:

«Urak emanak, urak kenduko daizk hiri»;

Keinu egiten dio bere mutilari:

«Hik ere egin ezok lan bera arnoari!

Moneda beretikan paga dezan sarri».

 

Letxeroak bezala dira ostalerak,

Su-hiltzale hoiekin juntatu beharrak;

Badakite nola ken arnoari indarrak:

Ez izana gatikan edale azkarrak,

Mozkortzekotz behar du barril bat, bakarrak.

 

Etxian badaukate kapital segura,

Hortakotz bizi dira guziak gostura,

Alde guzietarik «canilla»-tik ura,

Martxantak, zangoz goiti jartzen ez badira,

Ez zaie aise joanen arnoa burura.

 

Non nahi galda dadin «caña» edo likurra,

Beldurrik gabe edan ditake gostura;

Ez du zeren galdatu deusetako ura,

Arranjatua dago behar den trenpura,

Ez erretzeko gisan nehori zintzurra.

 

Apetitu biltzera «mostrador» ondora,

Ez dugu alfer pasatzen zonbaitek denbora:

Batek «Bitter»-a, eta bertze batek «Byrrh»-a,

Edanikan ere golpez hamabira,

Sartzian bezain fresko ateratzen gira.

 

Bi negozio dira, biak parekuak,

Batzu ostaler, eta bertziak letxeruak,

Mainuen emaiteko, oi zer medikuak!

Ez ditugu galduko burutik zentzuak,

Atxikitzen gaituzte ur hotzez hantuak!

 

Horietarik zenbait direnian hiltzen,

Deubruiak lepotikan ditu harrapatzen,

Haren aztaparretik Jainkoak ateratzen,

Ez du nahi ifernurat sekulan sar diten,

Beldurrez hango suia, urez hil dezoten.

 

Estimagarri dira holako jendiak,

Zintzurra patar, eta zabalak hertziak,

Ez diote kalte eiten sekula edariak,

Den lekuian ez ditu itoko egarriak,

Lanjer gehiago du hoien zamariak.

 

Jose Mendiague

EUSKAL ERRIA, 1912-XI-10

 

        [1] Beretik ikus: «kardin» = karro; «tarro» = pitxer; «tambo» = esnetei; «canilla» = ttutta; «caña» = garagardo baso; «mostrador» = saltegi mahain.

 

 

 


www.susa-literatura.eus