JAUN ETCHEGARAY,
MONTEBIDEO-KO «BAKETZALEARI»

 

                Airea: «Gerla handi bat orai zaiku akabatu...»

 

Felizitatzen zaitut, Etchegaray [1] jauna,

Ez daite aski estima egin duzun lana.

Zure obrak baduke sekulako fama,

Zutaz kontentik daude hainitz aita eta ama.

 

Zu ganik atera da ideia handia,

Makurren zuzentzeko, zer pentsamendua!

Jendiak hartzen badu zutan etsenplua,

Lur huntan izanen da behingo bakia.

 

Zure beharra izan da, oraiko aldian,

Jenden ezartzeko behar den bidian.

Makurturik zabiltzan, joan den aspaldian,

Batzuen eta bertzen, guzien kaltian.

 

Aita semiaren kontra, anaia anaiaren,

Errabian zabiltzan, guziak elgarren.

Zure kontseilu onak ez batuzte hartzen,

Gure Jainkoak daki zer gertatuko den.

 

Zenbat aita eta ama, nigarrez urturik,

Beren seme maitiak betikotz galdurik!

Bertze batzu ikaran zauden lotsaturik,

Zuk ezarri dituzu trankilisaturik.

 

Montevideo-n orai bada alegrantzia,

Akabatu delakotz odol ixurtzia.

Zu zirela medio egin da bakia,

Salbatu izan duzu hainitzen bizia.

 

Orai artian ein duzu obra ona hainitz,

Kanpoan eta barnian, tronpatzen ez baniz;

Zure sendimenduko hainitz gizon balitz,

Ez litake lur huntan gerlarikan berriz.

 

Orai alde orotan alegera gira,

Egin duzun obrari guziak begira;

Zure izena dabila batetik bertzera,

«Alabantza» guziak zuretako dira.

 

Jose Mendiague

 

        [1] 1897ko abuztuaren 25an, Montevideoko katedraletik ateratzean Juan Idiarte-Borda presidenta tiroz hil zutelarik, berriz pizter zen xuri-gorrien arteko gerla L. Cuestas president gorri berriaren eta A. Saravia buruzagi xuriaren artean. Beharrik arartekoak agertu ziren eta bereziki Pedro Etchegaray, A. Saraviaren adiskide aberatsa, batzuk «Bakezalea» deituko dutena, Jose Mendiaguek bezala eta bestek «Diplomatico de boina y alpargatas» edo Espartin eta gapeluarekilako enbaxadorea; ez baita itsusi.

 

 

 


www.susa-literatura.eus