JOSE MENDIAGUE-K
PEDRO M. OTAÑO-RI

 

                Airea: «Ume eder bat...»

 

Felizitatzen zaitugu denek bihotzetikan Otaño [1],

Zure parerik ez da agertu Ameriketan oraino:

Fama handiak dituzu bainan obrak hainitz handiago,

Zure izena ez da galduko, mendeak mende direno.

 

Zure burutik ateratu da pentsamendu bat ederra,

Buenos Aires-en ikus dezagun euskaraz egin opera,

Zaharrer hola etorri zaie gazte denbora burura,

Gaztea berriz, non sortua den bihotzez oroituko da.

 

Loriatuak egonak gira zure obraren aurrian,

Holakorikan ez da agertu guretzat orai artian,

Xoraturikan beti begira, pentsamenduaz airian,

Gorputza hemen ginuen, bainan bihotza Euskal Herrian.

 

Zorionean etorri zira Pedro Otaño, gutara,

Ameriketan galdu ez dadien gure aitamen euskara.

Guziek, esku elgarri emanez, egin dezagun indarra,

Ideia ona ekarri duzu; badugu zure beharra.

 

Orai artean ez da agertu holako obra ederrik,

Ameriketan, zu izan zira, egin duzuna, lehenik;

Zure fama ez da zabaltzen «Laurak Bat»-ean [2] bakarrik,

Laudorioak hartu dituzu Zazpi Probintzietarik!

 

Zu bezalako asko presuna jiten bada gure aldera,

Emeki-emeki hurbil gaitezke guziak elgarretara.

Abiatua ziren lanari beti segitzen bazira,

Ameriketan Euskal Herriak laster formatuko dira.

 

Jose Mendiague

Buenos Aires-en. 1900, martxoaren 11an

 

        [1] Pedro Mari Otaño (1857-1910) bertsolari Zizurkildarra, Ameriketara joan zen eta hainitz zahartu gabe han hil, Argentinako Rosario hirian. Guziz ezaguna da haren «Limosnatxo bat», euskal eskalearen kantua, bainan beste bertso ederrik ere ontu zuen; hala nola J. Mendiagueri bidali zizkion hauek edo «ombu» deitu Ameriketako haritzari eskaini zizkionak. Izaitez 1904ean, Buenos-Aires-en berak argitaratu zuen bertso liburu bat: «Alkar». Buenos-Aires-en ere, aurkeztu zuen, lehenago oraino, 1900ean, «Artzai mutila» opera, Jose Mendiaguek honetan goraipatzen duena.

        [2] 1877an Buenos-Aires-en sortua da «Laurak-bat» deitzen den euskal elkarte zaharrenetarik bat. Izen bereko beste elkarte bat sortua zen aintzineko urtean Montevideon, bainan hau aldatu zen 1884ean, «Sociedad euskara, Euskaldun guziak bat» izena hartzen zuela, eta gero ixildu zen bos-pa-sei urteen buruko, nahiz tartean hura iduriko taldea, «Euskaldunak bat» deitua, San Jose hirian sortu zuten, 1887an, Hemen Buenos-Aireseko elkarteaz da mintzo bertsularia.

 

 

 


www.susa-literatura.eus