FIRMA GABEKO
BERTSU BATZUEN ARRAPOSTUA

 

                Airea: «Frantzian zer den gertatu... ».

 

        Frantzian eta Espainian,

        Alegrantzia handian,

Kantuz bertsulariak Euskal Herrian.

        Ni ere lanian

        Orai naiz abian,

Gostuz egon nindaite heien aldian,

        Omore onian,

        Trankil bihotzian,

        Bertsularien artian,

        Gorde gabe, konpainian,

Lagunekilan jarririk mahainian,

Pesta ederragorik ez da munduian.

 

        Hortik atakatzen naute,

        Nor den ez dakit, batere,

Bertsuiak izan ditut firmarik gabe,

        Xerkatzen banaute,

        Ixilik ez nauke,

Zuek ere egizue bertze hoinbertze.

        Ez bada herabe,

        Nor den beha gaude;

        Beti prest da guarda seme,

        Ez Hazparnen izanik ere [1],

Firmaturik igortzen badituzte,

Arrapostu emailia izanen dute.

 

        Firma ez duena ezarri

        Ez da fida bere buruari;

Gordeka dabilanak hala du iduri.

        Ez eman nehori,

        Ez duzunik nahi!

Beti gida zaite zuzen den gauzari,

        Mintzatuz oneski,

        Errespetuz beti,

        Gizonari frente egin klarki!

        Ez gordeka ibili,

Edo ixil! Nehori ez egin gaizki!

Hemen badugu guhaurk makurrik aski.

 

        Hotaz mintzo niz orori,

        Horko eta hemengoeri;

Badakit badela hainitz bertsulari;

        Nahi dena ari,

        Adrezatu niri!

Montevideo-n nago, denen zerbitzari.

        Ni ganat etorri,

        Gostua ekarri,

        Lehenik mahaian jarri!

        Oneski mintza deneri,

Konpainian faltatu gabe nehori,

Euskalduna beha egonen da zuri.

 

        Sobera barna sarturik,

        Hemen nago lotsaturik,

Ez dakit nola jali trantze hotarik:

        Nik ez dut dudarik,

        Ez pentsamendurik,

Badakit badela ni baino hoberik.

        Nahiz Frantziatik

        Edo Espainiatik,

        Nahi duzuen lekutik,

        Errezebituko ditut nik;

Arrapostuiak galdatzen'tut nonbaitik,

Erakuslerik bada, ikastea gatik.

 

        Hok dituztenian ikusten

        -Balinba zaizte gustatzen!-

Ikasi-eta has ditela kantatzen,

        Hasi preparatzen,

        Ordainen paratzen,

Gero ageriko da, nagusi zoin den!

        Nuke desiratzen,

        Fite abia diten,

        Jakitaten erakusten,

        Kontra edo alde mintzatzen,

Gu ere egon gaiten zerbait aditzen.

Hobiak ditazkela ez dut dudatzen.

 

        Aditurik hainitzen famak,

        Zireztela bertsulari onak,

Zuier kantaraztiaz eman daut «ganak».

        Atera ontsa planak,

        Ez tronpatu, Jaunak!

Hemen badira ezagutzen dutenak,

        Hortik hunat jinak,

        Ezagutza finak.

        Ez gaizki har nik erranak,

        Ez dira ofentsatzeko emanak,

Montevideo-n ere badira gizonak:

Nun nahi egiten du semia amak!

 

Jose Mendiague

 

        [1] «Guarde seme» zeukatela bera Hazparnen, bazekien Mendiaguek, asmatzen zukeen ere Petti Irigoin-en izena, «firma gabeko bertsuen egilea»rena zela, bainan aldi honetan ez du bera izendatzen. Dena den arrakasta handia izan zuen kantu honek Hazparne aldean.

 

 

 


www.susa-literatura.eus