C. SARRAIL-EK JOSE MENDIAGUE-RI
IGORRI DAKON LETRAREN ARRAPOSTUA

 

Irakurtu izan dut, Jauna, zure letra;

Hainitz plazer hartu dut, hura idek-eta;

Berehala hedatu izan diot bista;

Itsasoko berriak ez zituen falta,

Kontent niz zirelakotz arribatu entsa.

 

Zure letran dautazu, Casimir [1], galdatzen

Jaun Bautista Yrigoyen [2] zer gizon klase den.

Arrapostuak zuzen daizkitzut emanen,

Berri onik ez baitut sekulan gordetzen,

Gizon hoberik ez da gure artian hemen.

 

Ezagutzen duenak maitatzen du fite;

Guziek hunendako «kariño» badute;

Gizon onestagorik nekez kausi daite;

Holako hainitz balitz, ez litake kalte;

Mundu guziarentzat abantail litake.

 

Jaun hau, hurbildanikan duenak tratatu,

Laudoriorik baizik ez duke kondatu;

Egia erraitia ez baita bekatu,

Hemen guzietarik badu errespetu,

Bere sendimendu onez merezitzen baitu.

 

Orai emaiten dautzaut jaun hunen berria:

Jakintsuna da eta ontsa mintzatuia;

Guzier ekartzen du beti errespetuia;

Jende beharrarentzat bihotz bat noblia;

Inposible da izaitia bertze bat hobia.

 

Nehork ez diro hunen kontra deusik erran;

Beti zuzen dabila bere aferetan;

Guziez maitatua, alde guzietan,

Ttipi, handi, aberats, bai eta pobretan,

Gizon xarmantagorik ez ditake izan.

 

Beti izanen ditu obrak eta famak,

Yrigoyen bezala dabilan gizonak.

Ez ditu abandonatzen sekulan lagunak,

Holakoak balire aberatsak denak,

Ez litazke hoin handi pobriaren penak.

 

Horrat partitzen dela, diote, hemendik;

Hola aditu izan dut, solasak emanik.

Balin bada Hazparnen arrangura denik,

Hunen berriak zuzen eman daizkitzut nik,

Ez zazula pentsatu badela gezurrik!

 

Jose Mendiague

 

        [1] Hazparneko herriko-etxean diren paperetan ikus daiteke Casimir Sarrail eta Marie Cantin senar-emazteak Joanikotenean bizi zirela, ostalerak zirela eta 2 urteko haur bat galdu zutela 1877ko urriaren 2an. Itxuren arabera Casimir Sarrail, Jose Mendiaguen gazte lagunetarik zen, eta herriko berriak heltzen zizkion, bai eta Amerikatakoak eskatzen.

        [2] Yrigoyen anaiak, Eihartetzeko «Indianoak» ezagunak ziren Hazparnen XIX. mende guzian eta Martin Hiribarren idazle jakinak goraipatu zituen bertsutan 1853an argitaratu zuen «Eskaldunac» izeneko bere liburuan. Anaia horietatik bat Juan Bautista Yrigoyen, hain zuzen Aminttoeneko nagusia, eta Justine eta Emile anai-arreben aita zen, bainan 1858ko irailaren 1ean hil zen jaun hori Hazparnen, beraz familia beretik izanez —batere ez dakiguna— hemen aipu den J. B. Yrigoyen hau, Ameriketako askazi zenbait daiteke.

 

 

 


www.susa-literatura.eus